Aitor Merino: "Panorama ikusita, hobera egin besterik ez dugu"

Aitor Merino: "Panorama ikusita, hobera egin besterik ez dugu" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aitor-merino-panorama-ikusita-hobera-egin-besterik-ez-dugu/@@download/image/asier_eta_biok__1389194370.jpg
2014/01/10
elkarrizketa
Testua: Maialen Goñi
ETAko militante izandako lagunarekin duten harremanari buruzko filma aurkeztu zuten iaz, Donostiako Zinemaldian, Aitor eta Amaia Merino neba-arreba donostiarrek. ‘Asier ETA biok’ Hilabete honetan estreinatuko da  areto komertzialetan.


Nola bizi izan zenuten Zinemaldiko estreinaldi eguna? Eta zein harrera izan zuen lanak?

Oso urduri ginen, haurrak abenduaren 24an jartzen diren bezalaxe. Orain hiru urte inguru abiatu genuen proiektua bideo kamera eta mikrofonoa eskutan, dirurik gabe, inoren babesik gabe, gure burua adierazteko eta sentimenduak kanporatzeko sekulako beharrarekin. Gerora batu ziren Ekuadorreko Cieatica Films eta Doxa Producciones, Ainhoa Andrakak gidatutako produkzio-etxe gazte eta borrokalaria azken hau. Une horretatik aurrera kristoren ekipoa osatu genuen! Eta lanean jarraitu genuen Donostiako Zinemaldiko alfonbra gorria zapaldu arte. Ez genuen sekula halakorik pentsatuko! Eta harrerari dagokionez, Espainiako prentsan kaleratutako pare bat titular albo batera utzita (ez diegu kasurik egiten), oso ona izan da. Dena den, publikoaren erreakzioa jasotzea eta txaloetatik haratago eztabaida sortzea zen gure helburua, eta lortu dugula uste dugu. Eta noski, Irizar Sariak pastelari ginga jarri dio! Horri esker gure asmo nagusia bete dugu: filmak aretoetan proiektatzeaz arduratzen den enpresa baten atentzioa erakartzea. Eta datozen asteetan Espainiako hainbat puntutan ikusgai izango da lana, behar gehien dagoen lekuetan.

Baina dagoeneko egin dituzue aurrestreinaldiak Madril eta Meridan…
Bai, Madrilgo Irudiaren Jaialdian aurkeztu genuen lehenik, eta oso sentsazio onak izan genituen. Filmaren ostean ezin izan genuen hizketaldirik egin bertan; bai ordea Meridako Argitaragabeko Zine Jaialdian, Extremaduran, eta goizeko ordu txikiak arte sutsuki eztabaidatu genuen, lanak egonezina sortu baitzuen ikusleengan, noski. Gaia lantzeko baliatu dugun ikuspegia bitxia egin zitzaien batzuei, neurri batean deserosoa. Baina mintzaldian errespetua gailendu zen, eta ikusleen jarrera erabat konstruktiboa izan zen, emankorra. Ahaztu ezinezko saioa, egia esan.

Eta Asierrek berak, zer esan dizue lanaren inguruan?
Asierri alderdirik zailena egokitu zaio, dudarik gabe. Diogun miresmenetik egin dugu filma Amaiak eta biok, baina ez da erretratu atsegina. Eta horrek sekulako eskuzabaltasuna erakusten du, iritzi politiko ezberdinak izanagatik ere, Asierrek eta bere familiak erabateko askatasuna eman digutelako hasieratik. Ezberdintasun ideologikoetatik eta filmean azaleratzen diren eta berak konpartitzen ez dituen ikuspuntu batzuetatik aparte, gatazkaz termino erabakitzaileetan hitz egiten dugula baloratu du gehien berak, aurrera egin nahi dugula, eta proiektu politiko ororentzako tartea izango duen bake eszenatoki baterantz joan nahi dugula. Oro har, ekarpen positiboa egin dugula deritzo, Euskal Herrian eta kanpoan gaiaz eztabaidatu dadin.

"Nola azaldu nire lagunei ETAko kide batekin nuen adiskidetasuna? Nola ulertarazi zerk bultzatu zuen erabaki hori hartzera, niri ere ulertzea kostatzen zitzaidanean?" Galdera horiei erantzun nahian abiatu zenuten filma. Helburua bete al duzue?
Tira, badirudi lehen galdera geure burua justifikatzeko darabilgula, eta guk ez dugu inolaz ere Asierrekin dugun harremana justifikatu nahi izan. ETAko militante baten adiskidea izateak Madrilen gaitzespena eragiten du, jakina, eta horren aurka gutxi dago egiteko. Horregatik, Asier eta nire bizipenez hitz egin dugu, batzen gaituen harremanaz. Baina noski, badira erantzunik gabe geratu diren hainbat galdera, are gehiago, badira erantzunak beharrean galdera berriak sortu dizkiguten galderak, eta pelikulan zehar beste hainbat galdera airean geratu dira, erantzunak ikusleek eurek bilatu ditzaten. Edo ez. Zenbaitetan komenigarriagoa da dudarekin geratzea erantzun merkeak jasotzea baino. Larritasuna eragiten du, baina zuzenena da. Eta Extremadurako ikusleek sentsazio hori izan zuten, urte hauetan guztietan gertatu denaren inguruan ideiarik ere ez dutela, baina gatazkak konponbiderik gabe jarraitzen duela.

Zuk, hain zuzen, gatazkari buruz hitz egiteko beharra zenuen. Uste duzu auzi honen inguruan gutxiegi solasten dela etxeetan, koadriletan, lagun-artean?
Madrilen, esaterako, ez da topikoetatik haratago doan ezertxo ere esaten, oso nekagarria da. Nire hurbileneko lagunekin izan ezik, galderak egin eta entzuteko benetako interesa duten horiekin izan ezik, benetan zaila da gaiaz aritzea. Herritarren gehiengoak hedabideek zabaldutakoa ezagutzen du, eta ez du ezertxo ere zalantzan jartzen. Zuri-beltza baino ez dute ikusten, txarrak eta onak soilik bereizten dituzte, ñabardurak albo batera utzita, eta hori boterearen lorpena da, immobilismoa maite duen boterearena. Eta egoera horren aurrean dugun frustrazio sentimendua izan da, hain zuzen, lan hau egitera eraman gaituena.

Filma osatzeko 'crowfunding' kanpaina jarri zenuten abian, eta beharrezko laguntza jaso zenuten. Jendarteak halako lan bat eskatzen zuela uste duzu? Beharra zegoela?
Laguntza handia jaso dugu, nire iritziz, guk sentitzen dugun frustrazio bera sentitzen duelako jendarteak. Entzunak izateko beharra dugu. Noski, Asier ETA biok baino lehen gai honi buzuzko beste hainbat film ekoitzi dituzte, baina Euskal Herritik kanpo apenas izan dute oihartzunik. Eta lastima da, aniztasunak gustua dakarrelako, eta kontatzeko istorio andana daudelako. Espero dut gurea gatazka lantzen duen pelikula bat gehiago izango dela, eta honen ostean beste hainbat etorriko direla, egoeraren normalkuntza lortzera eramango gaituztenak.

Amaia Ekuadorrera joan zen orain 20 urte, eta bertan garatu du bere jarduera profesionala. Eta hain zuzen, Ekuadorreko Gobernutik ere diru laguntzaren bat jaso duzue. Zergatik jo zenuten hara, hemengo instituzioetan halako lan bat finantzatzeko laguntzak jasotzea, krisi ekonomikoa albo batera utzita, zailagoa edo ezinezkoa delako?
Esanguratsua da bai Kultura Ministeriotik laguntzarik jaso ez izana… baina tira, ez da horrenbesterako. Beste hainbat proiektu interesgarrik ere ez dute laguntzarik jaso, eta ez arrazoi politikoak tarteko. Gainera, gure kasuan, nahi genuen pelikula nahi genuen eran egiteko askatasuna eman digu horrek.

Uste duzu Madrilera lekualdatutako euskalduna izateak, aktorea, hango giroan murgilduta dagoena… ateak zabaldu dizkizula Euskal Herritik kanpokoak diren eta film honekiko erreparoak izango dituzten ikusle horiengana iristeko?
Garrantzitsua izan da, bai, Madrilen urte luzez bizitzea. Eta gauza bera gertatzen da Amaiarekin eta taldeko gainerako kideekin: atzerrian bizi garen euskaldunak gara, eta horrek ikuspuntu ezberdina ematen digu. Filma egiterako orduan oso kontuan izan dugu euskaldunak ez direnen sentsibilitatea, bereziki haiei zuzendutako lana delako.

Era batean, artearen alorretik gatazka armatuari irtenbide bat emateko asmoa duen ekarpentxoa egin duzuela esan liteke. Nola ikusten duzu auzia?

Uneotan alderdietako batek soilik eman ditu urrats garrantzitsuak; eta PP agintean dela oso zaila da epe laburrean optimista izatea. Baina konbentzituta nago gutxien espero dugunean helduko direla aldaketak. Egia esan, panorama ikusita, hobera egin beste aukerarik ez dugu, herri honen zati handi batek hala eskatzen baitu.