AINHOA SÁNCHEZ: “Pilotuak eta biok dantza bikote bat osatzen dugu, gure arteko konfiantzak erabatekoa izan behar du”

AINHOA SÁNCHEZ: “Pilotuak eta biok dantza bikote bat osatzen dugu, gure arteko konfiantzak erabatekoa izan behar du” Duela bost urte ingeniaritza enpresa baten marketin departamenduan ziharduen Ainhoa Sánchez (Bilbo, 1976). Baina orain balletean aritzen da, lurrazaletik 600 metrora, hegazkin gainean. Euskal Herriko lehenengo wingwalkerra da, bakarra. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ainhoa-sanchez-201cpilotuak-eta-biok-dantza-bikote-bat-osatzen-dugu-gure-arteko-konfiantzak-erabatekoa-izan-behar-du201d/@@download/image/AINHOA_SANCHEZ_IMG_2028.jpg
2017/06/12
elkarrizketa

Testua: Igone Mariezkurrena / Argazkiak: Thor Castro

Duela bost urte ingeniaritza enpresa baten marketin departamenduan ziharduen Ainhoa Sánchez (Bilbo, 1976). Baina orain balletean aritzen da, lurrazaletik 600 metrora, hegazkin gainean. Euskal Herriko lehenengo wingwalkerra da, bakarra.
AINHOA SÁNCHEZ: “Pilotuak eta biok  dantza bikote bat  osatzen dugu,  gure arteko  konfiantzak  erabatekoa izan  behar du”

Zergatik maite duzu wingwalkinga?
Beste esperientzia guztiekiko ezberdina delako, bakarra; paregabe sentiarazten nauelako, aske eta zoriontsu, txori. Han ez dut inor izaten alboan ezer partekatzeko… Bakardade hori halako ingurune batean… zoragarria da, baina ezin dut azaldu, sentitu beharreko zerbait da.


Zoragarria… nahiz eta segurtasun kable batek eta mosketoi batek bakarrik lotzen zaituzten bizitzara?
Tira… kanpotik begiratuta diozuna irudi dezake, baina errealitatea ezberdina da. Segurtasun protokolo zorrotza jarraitzen dugu, ekipo handia dugu atzean, prestaketa… Esan dezagun, magoen antzera, magia egiten dugula: zerbait ikusarazi eta sinestarazten diogu publikoari, baina benetan beste zerbait gertatzen da. Ni %100ean seguru aritzen naiz han goian, ez dizut gehiago kontatuko –irribarre bihurriz–.


Harrigarriena da bertigoa duzula!
Bai. Bitxia, ezta? Kontua da hegazkin gainean nabilenean ez dudala horrelakorik sentitzen. Balkoi batera ateratzen naizenean edo amildegi batera hurbiltzen banaiz, ordea, bai. Jende askori gertatzen zaio: ez da gauza bera gainazaletik 10 metrora edo 600-era egotea. Hain altu gaudenean lurrazalaren erreferentzia galtzen dugu eta bertigoa desagertu egiten da. Pilotu askok dute bertigoa!

 

Azaldu zer gertatzen den ingeniaritza enpresa baten marketin departamentuko langile batek dena utzi eta wingwalkinga bezalako diziplina ezezagun eta eszentriko bat praktikatzen hasteko.
Egia esateko, duela urte gutxira arte, uste nuen bizitzan egingo nukeen azkeneko gauza izango zela hau… –barrez–. Eta ez da egun batetik besterako aldaketa izan. 2012an, kasualitatez, erakustaldi baten bideoa ikusi nuen YouTuben. Ederra iruditu zitzaidan, oso estetikoa; nire pasioak uztartzen zituen gainera: dantza, zirkua, hegazkin klasikoak… Urte hartan, enpresako egutegia wingwalking argazkiekin osatu nuen, eta neure buruari esan nion kosta ahala kosta hura probatu behar nuela. Horrela hasi nintzen bilatzen, dokumentatzen, hurbiltzen, jendea kontaktatzen… eta begira!


Elkarrizketa osorik irakurri nahi baduzu, kioskoetan aurkituko duzu ekaineko GAZTEZULO; laster, edizio digitalean!

HEGALDI AITZINDARIAK

 

I. Mundu Gerra osteko garaira, 20ko eta 30eko hamarkadetako Estatu Batuetara jo behar dugu hegazkin gaineko jarduera honen jatorriaren bila. Guda ondoko gabezia hartan, pilotu aritutako askok ez zuten hegan egiten jarraitzea beste irtenbide hobeagorik topatu. Premiak sormena zorrozten du eta halaxe hasi ziren soldadu ohi hauek aire-akrobazia ikuskizunak eskaintzen. Baina abilezia hau ez zuten propio garatu, garaian gauza ohikoa baitzen pilotuek konponketak airean egin behar izatea. Omer Locker texastarra izan zen aitzindaria, 1918an bere Curtiss Jennytik atera baitzen hegaletan arazo bat konpontzeko, gero kabinara onik itzuli eta lur hartzeko. Abiazioa jaioberria zen artean, eta hain justu erregulazio falta horrek ahalbidetu zuen Aireko Zirku gisa batailatu zuten hura muga gabe zabaltzea. Hiriz hiri mugitzen ziren ikuskizun haiek sekulako jakin-mina eragin zuten hasieran, Hollywoodek ere fitxatu zituen espezialista gisa, baina beste gauza askorekin bezala, honekin ere berehala aspertu zen jendea. Ariketa zailagoak, garaiagoak eta abiadura handiagokoak nork eskainiko lehia piztu zen orduan, eta publikoa eszitazio maila gorenera eraman nahi horretatik sortu zen, hain zuzen, akrobata batek kabina kanpoan hegan egitearen ideia; hegazkin batetik bestera saltoka aritzen ziren, edota fuselajeari eutsitako trapezio batetik zintzilik… Tamalez, hastapen haietan teknologia zein teknika nahiko eskasak ziren, istripuak kasik egunerokoak, eta akrobata nahiz pilotu askok galdu zuten bizia segurtasun faltagatik. Urteek aurrera egin dute, baina gaur egun soilik zortzi herrialdetan egin daitezke wingwalking erakustaldiak: Ameriketako Estatu Batuak, Erresuma Batua, Frantzia, Suedia, Alemania, Herbehereak, Brasil eta Kanada.