Ainara LeGardon: "Akatsak aukera berriak dira"

Ainara LeGardon: "Akatsak aukera berriak dira" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ainara-legardon-akatsak-aukera-berriak-dira/@@download/image/ainara_legardon_1372855221.jpg
2013/07/08
elkarrizketa
Testua: Igone Fdez. Mariezkurrena, Argazkiak: Galder Izagirre
Bartzelona, Tarragona eta Sevillako eszenatokietan ibili da ekainaren azken hondarretan. Uztaileko lehen ostiralean, gure orrialdeetara ekarri dugu.


Akaso antzekotasunak beste neska musikari batzuen arten bilatu nahian, Patti Smith edo PJ Harvey bezalakoekin alderatu izan dute, nahiz eta berak hurbilago sentitu Pearl Jam, Nirvana, Sonic Youth, Queens of the Stone Age eta Neil Young, adibidez.

Ainara LeGardonek (Bilbo, 1976) bi hamarkada baino gehiago daramatza honetan, Onion taldearekin hasieran eta bakarlari gisa 2003az geroztik, eta, hain justu, oroitzapen maiteenen artean gordea du urte hartan Chris Eckman ekoizlearekin batera In the mirror lehen diskoa grabatu zuenekoa. Honezkero beste hiru lan luzek daramate bere sinadura, eta Europan nahiz Amerikan barrena milaka kilometro egindakoa da. Estudioan, agertoki gainean zein karteletan, izen handien alboan ikusi du berea –Joe Skyward, Shannon Wright, Thalia Zedek, Tara Jane O´Neil, Dayna Kurtz–, eta Estatu Batuetan editatutako bilduma batean parte hartu duen artista ez amerikar bakanetakoa da.

Musika egitea kasik hil ala biziko sentitzen duen horietakoa, konposatzea eta interpretatzea "terapia emozionala" dela dio, musikak bere arima elikatzen duela eta, zinez, brownie eta kanela-azenariozko magdalena zale amorratu honen unean uneko aldartea neurtzeko termometro baliagarriak dira bere kantak, beti ingelesezkoak. Euskal Herritik "nahi baino lehenago" alde egin zuen Salamancan Kimika ikasteko, handik Madrilera mugitu zen musikaren aldeko apostua sendotzera eta, hamalau urteren ostean, iazko udan bueltatu zen hona. Basaurin bizi da orain, eta bertako kafetegi batean batu gara.

Zer ekarri duzu Madrildik hainbeste urte eta gero?
Izugarrizko estresa, eta bizimoduz aldatzeko gogo bizia. Madrilen nagusi den etsai-giroak kasik uneoro erne ibiltzera behartzen zaitu, eta horrek sortzen duen higadura fisiko eta emozionala faktura pasatzen ari zait orain. Hiri horrek aspaldi utzi zion konposatzeko eta nire proiektuak ganoraz, zegokien denbora eta mimoa eskainita, garatzeko leku aproposa izateari. Sosegua galtzen duzunean, azkenerako, osotasuna, sendotasuna eta adorea ere joaten dira. Orain lasaiago bizi naiz, kolektibo baten parte sentiarazten nauen ingurune atsegin batean; hori oso garrantzitsua da.

Nola aurkitu duzu jaioterria? –Bilboko Errekalde auzoan hazi zen–.
Ba, begira, oraintxe bertan Larraskitu da, musika esperimentalari eta inprobisazioari dagokionez, Euskal Herri osoko gune aktiboenetakoa, eta horrek are bereziagoa bilakatu du itzulera. Ni hazi nintzen lekuan garatzen ari diren egileekin nire musika konpartitu ahal izatea hunkigarria da.

Eta ezer utzi al duzu Madrilen?
Lagun on batzuk; asko sumatzen dut haien falta. Maite ditudan horien artean daude maDam kolektibokoak, eta bereziki Alvaro Barriuso, nire bidelaguna Archipiel proiektuan. Onartu behar dut hiri handi hartan pasatu nituen azken bi urteek zentzurik eduki bazuten haiekin batera aurrera eramandako lan jarraituari esker izan zela. Madrilek asko lapurtzen dizu, baina egia da elkargune bat ere badela eta, lantzean behin, beste leku edo testuinguru batean ezagutuko ez zenuen norbaitekin egiten duzu topo bertan.

Orain hara itzuliko zara disko berria grabatzera. Zer duzu buruan?
Paco Jimenezek –ekoizlea– eta biok  hilabeteak daramatzagu diskoa osatuko duten kantak analizatzen eta errepasatzen. Ia denak We once wished (2011) atera zenetik ditut konposatuta eta, beraz, nahikoa denbora eduki dut letrak nahi adina berrikusteko, egitura ezberdinak probatzeko eta baita abestiren batekin aspertu eta zerrendatik ateratzeko ere! Hector Bardisa –bateria– eta Ruben Martinezekin –baxua– batera grabatzea da ideia; Hannot Mintegia –gitarra– ahal duenean batuko zaigu, agenda betea darabil eta.


Noizko edukiko dugu?

Epeei dagokionean ez diot nire buruari inongo presiorik ezarri nahi, hortaz, ezin dut datarik aurreratu. Diskoak behar duen astia hartuko du, berak markatuko dizkigu denborak prozesuak aurrera egin ahala. Hori da ni neu neure nagusi izatearen abantaila –2003 urteaz geroztik Winslow Lab diskoetxea du martxan–, nahiz eta oraingoan ere Aloud Music-ekin elkarlanean editatuko dudan: gauzak patxadaz egin ditzaket. Bestalde, baditut zenbait konpromiso hartuta beste proiektu batzuekin, eta hauek lasaitasunez bukatu nahi ditut.

Sonatua izan zen ‘Forgive me if I don´t come to sleep tonight’ (2009) hartatik ‘We once wished’ (2011) diskora emandako salto nabarmena: tristeziaz eta oinazez blai zegoen disko batetik, bizipoza zerion lana osatzera pasatu zinen. Halako beste norabide aldaketaren bat dator?

Dudarik gabe, erabateko biraketa izan zen hura. Bizkarreko lesio larri baten ondorioz urtebete etxean sartuta eta jo ezinik pasatu ostean, begi aurrean jartzen zitzaidan edozein abenturari zukua atera eta bizitzeko gogoa berreskuratu nuen. Anestesia emozionaletik atera eta nire existentziaren segundu bakoitza gozatu nahi nuen intentsitate osoz, nolabait, galdutako denbora berreskuratzeko. Ez dut uste posible denik horrelako aldaketa bat berriro gertatzea, baina bai bizitzaz gozatzeko borondate hori berrestea, indarra eta diztira ez galtzea.

Zure burua harritu al duzu konposatzen?
Ez gehiegi. Sistema orain arteko berbera izan da, nahiz eta detaile batzuk aldatu diren disko berri honetan. Kanta gehienak errepidean konposatu nituen, bidaietan zehar. Batzuetan ez nuen gitarra edo beste instrumenturik eramaten gainean edo eskura, eta beraz, papera eta arkatza izan ziren tresna bakarra; halaxe jaso nituen auto batean, autobus batean, hegazkinean, trenean, gasolindegi batean edo bidegurutze batean sortutako letrak eta melodiak. Ideia original haien eta nire memoriak berreraikita abestiek hartu duten behin betiko formaren artean amildegi bat dago, horretaz ziur naiz, baina hain justu horixe da prozesu honen alde interesgarria eta aurreko lanetatik bereizten duena.

Erregistro eta areto ezberdinetan ikusi zaitugu, askotariko lagunekin. Zer da? Aspertzeari beldurra?
Aspertu? Ez dakit zer den hori! Eboluzionatzeko modu bat da, ikasteko nahia, abestiak kontzertuz kontzertu mutatzen duten izaki bizidunak izan daitezen.

Ainara LeGardon da zure apustu nagusia, baina beste abentura paralelo batzuk ere badituzu martxan –Archipiel, maDam, La Criatura–, gehienak, gainera, inprobisaziotik eta esperimentaziotik hurbil daude.
Bai; eta egiten didaten ekarpen nagusia hausnarketa da, musikari beste perspektiba batetik begiratzeko bidea zabaltzen didate, eta erakusten didate akatsa, bere horretan, ez dela existitzen, aukera berri bezala ulertu behar dugula, aprobetxatu beharreko zerbaiterako leiho gisa. Askatasuna, arriskua, abentura eta tentsio kreatiboa ematen dizkidate, nire mugak egunero birdefinitzeko adorea. Pentsatzen dut, bestalde, hori bera dela ikusle eta entzuleei egiten diedan ekarpena.

Hainbeste kontu paralelo... ez al da dinamika eskizofreniko samarra?
Dena dago lotuta eta nahastuta, eta alor batean ikasitakoa beste batera transmititzen da, eta praktikan jarri. Pentsatu ohi da ikerketa eta garapena alor esperimetal eta inprobisatuari bakarrik dagozkiola, eta ondoren rock munduan aplikatzen dela. Baina informazio fluxua beste noranzkoan ere mugitzen da.

Edozein kasutan, esango zenuke badagoela LeGardon ukitu bat egiten duzun guztian?

Bai noski, ezinbestean. Zaila da hitzekin adieraztea, baina pentsatu nahi dut iluntasunari diztira ematearen antzeko zerbait dela, berezko duen belztasuna ukatu gabe. Orain dela urte batzuk, Yago Garciak zera idatzi zuen Mondosonoron: "Ainarak leku ilun eta sakon batera eraman zaitzake, eta irribarrea aterako dizu bitartean". Nire zigilua horixe izatea nahiko nuke, izugarri ederra iruditzen zait. Horren alde jarraituko dut lanean.

[2003 urtean Winslow Lab diskoetxea abiarazi zuenetik, kaleratu dituen disko guztiak autoekoiztu ditu. Horretaz gain, asoziazionismoaren nahiz Do It Yourself (DIY) filosofiaren –zuk zeuk egin– inguruko ikastaroak gidatzen ditu, eta halako mintegi eta mahai-inguruetan hartzen du parte.]

Zigilu huts baino gehiago, kontzertuak eta jaialdiak antolatzeko aitzakia ere izan da Winslow Lab, ezta?
Ba bai. Diskoak editatzeko azpiegitura modura jaio zen, baina urte hauetan zehar lagunekin eta miresten ditudan taldeekin gozatzeko modua ere izan da: Rivulets, Lisabö, MobyDick, Anari, Mursego... Haien anfitrioia izan nintzen Madrilen, eta atsegin handiz gainera!

Eta, LeGardon andereñoaren eskoletan, zeintzuk dira irakasgaiak?

LeGardon andereñoa poz-pozik jartzen da ikusten duenean ikasleek irribarre egiten dutela aukera berriren bat deskubritzen dutenean. Begiak zabal-zabalik geratzen zaizkie beren proiektua ahalik eta modu koherenteenean garatzeko pistaren bat jasotzen duten bakoitzean. Nire historia musikala kontatzen diet, zergatik eta nola heldu nintzen autoekoizpenaren bidera, asmo bat interferentziarik gabe azken bururaino eramatearen abantailak aurkezten dizkiet, baina baita honek galdatzen duen lana eta esfortzua ere. Jabetza intelektualaz eta egile eskubideez aritzen gara, nola funtzionatzen duten kudeaketa entitateek, lizentzia askeak... Azken batean, erabakiak euren kabuz hartu ahal izateko behar duten informazioa ematen diet, determinazio horiek beren musikari ibilbideetan eta, beraz, bizitzetan izango duten ondorioez kontziente izan daitezen.

Zeintzuk dira ikasturte amaierako helburuak?
Ba, ez dugu zalantza guztiak argitzea bilatzen. Justu kontrakoa: duda gehiago sortu nahi dugu, gogoeta sustatu, eta erabakitze kontzienteak ahalbidetu. Horretaz aparte, promoziora eta hedapenera bideratzen dugun denbora optimizatzeko tresnen berri konpartitzen dugu, egunerokoa modu eraginkorragoan kudeatu ahal izateko.

Txuleta batean kabituko litzatekeen dekalogoa pasako diguzu? Zuri funtzionatu dizuna...
1. Gehien estimulatzen zaituen eta komeni zaizun norabidean landu zure bidea. Ez zara oztopoez libratuko, baina behintzat zeure bidaiaz gozatuko duzu.
2. Egin ezazu definitzen zaituen printzipio adierazpen bat, eta honi leialtasuna gorde. Izan zaitez
koherente zurekiko eta zure musikarekiko, denen gustuko izatearekin obsesionatu gabe, horixe baita besteen erreakzioa eragingo duena: batzuk sumindu egingo dituzu, baina beste batzuentzat inspiragarria izango zara. Sun Ra-k zera zioen: "Planeta lo dago, eta beren buruarekin desleial diren musikarien errua da".
3. Epe laburrean lortzen ahal diren helburuetan kontzentratu. Apurka, arrakasta txiki horiek iritsiko dira, eta frustrazioa saihestuko duzu.
4. Ekin behin eta berriz, konstantziaz, sendotasunez. Izan zaitez diziplinatua, ordenatua, eraginkorra eta oso ausarta. Eman guztia gustatzen zaizun horren alde, eta ekidin ezinegona eta zabarkeria.
5. Onartu zure akatsak, eta ikasi hauetatik; aukera gisa ulertu.
6. Oparitu mesedeak eta izan zaitez eskuzabala inguratzen zaituen jendearekin. Behar duzunean, ez eduki laguntza eskatzeko beldurrik, eta izan zaitez esker onekoa jasotzen duzunean.
7. Gutxiago gehiago da. Gera daitezela zu gehiago ezagutzeko gogoz.
8. Saiatu gauzak jakintzat edo ulertutzat ez ematen. Helarazi zure ideiak eta erabakiak, eta kontsultatu besteenak.
9. Kontuan hartu DIY siglek beste esanahi bat ere eduki dezaketela: Decide It Yourself –zuk zeuk erabaki–. Inteligenteena zera da, jakitea zein diren beste pertsonengan delegatu beharreko egitekoak, eta bidearen zein puntutan egin hori. Noiz eta nola egin erabakitzea zure esku dago.
10. Ez eduki beldurrik edo lotsarik "ez" esateari. Errespetatu zure burua eta gorde zure duintasuna oso-osorik.

Musika "disidentea" behar dugula irakurri dizut webgunean: "Musika merkantilizatu, ontziratu eta desinfektatu dute. Orain, inoiz baino gehiago, merkantzia hutsa da, kontsumigarri bilakatu da, agortzen den zerbait, iraungitze data duena". Zerk eragin du gaitz hau?
Utzikeriak, alperkeriak eta konformismoak. La Criatura-ren manifestutik ateratako hitzak dira; ohiko biografia baten ordez webgunean halako aldarrikapen bat argitaratzea interesgarria iruditu zitzaigun.

Zein izan daiteke sendagaia?
Edozein direlarik ere zure gustuak edo musikarekiko jarrera, altxa eta jarri martxan! Iratzarri, mugitu eta aktibatu. Kontzertuetara joatea izan daiteke horretarako modu bat, edo, besterik gabe, betiko zabalpena egitea ere bada ekarpena: ahoz ahokoa.

Kontatu didate zure etxeak museo itxura duela, eskuz egindako instrumentuz beteak dituzula paretak. Gutxik dakite luthierra zarenik.
Tira, luthier hitza handi geratzen zait! Besterik gabe, instrumentuen erraietan eskuak sartu eta txapuzatxoak egitea gustatzen zait. Orain dela sei edo zazpi urte, Paco Jimenezekin batera, konponketaren bat edo beste behar zuten gitarrak erosten hasi nintzen, erreparazio teknikak ikasteko modua izan zen, akuritzat instrumentu iradokitzaileak hartuta. Horrela hasi nintzen ulertzen zergatik daukan gitarra bakoitzak soinu berezia, bere-berea. Garai hartan hasi nintzen, baita ere, afinazio eta kalibre ezberdineko sokekin probak egiten, eta gitarra pila bat erabiltzen hauek eskaintzen zuten erantzunaren arabera.

Jarraitzen duzu horretan?
Paco entziklopedia hutsa da, luthiergintza oinarriak irakatsi zizkidan eta, apurka, nire esku utzi zituen orduan geneukan tailerrera heltzen ziren enkarguak; baina orain nahiko baztertuta daukat kontu hau, denbora faltagatik eta lokal egokirik ez daukadalako. Dena dela, benetan gustatuko litzaidake etorkizunean instrumentu tailerra biziberritzea, baina erabateko dedikazioa eskatzen du. Momentuz, gehien maite ditudan gitarretako batzuk ongi zainduko dituen norbaiten esku utzi ditut; Rafak –Willis Drummond– dauka nik behar bezala mimatu ezin dudan bitxi horietako bat...

Aizu, musikaria ez bazina...
Uste dut okin bikaina izango nintzatekeela, nahiz eta eguzkia irten aurretik jaikitzea ez daramadan batere ondo.

Ainararen kuttunak


Liburu bat: Things the grandchildren should know (Mark Oliver Everett, 2007).
Film bat: The indian runner (Sean Penn, 1991).
Abesti bat: Even if love (Bonnie Prince Billy, Master and everyone, 2003).
Kolore bat: Beltza.
Miresten duzu: Ama.
Zoriontsu zara... agertokian nagoela denbora-espazio zulo batean erortzen naizenean.
Ez duzu sekula ahaztuko... behar izan dudanean lagundu nauten adiskideak.
Kontzertu perfekturako osagaiak: azazkal motzak, aire girotua itzalita, pila berriak pedaletan, eta gertatzen utzi...