Agur idatzi eta irakurtzeari?

Agur idatzi eta irakurtzeari? Diagonalean irakurtzen duzunetakoa bazara eta bukaerara iristen ez zarenetako bazara artikuluaren ideia nagusia aurreratuko dizut: bi-hiru belaunalditan irakurketa eta idazketa tresna bezala desagertuko egingo da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/agur-idatzi-eta-irakurtzeari/@@download/image/1*EpAouv0mqGC282ZP32W7ew.png
2019/10/21

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Diagonalean irakurtzen duzunetakoa bazara eta bukaerara iristen ez zarenetako bazara artikuluaren ideia nagusia aurreratuko dizut: bi-hiru belaunalditan irakurketa eta idazketa tresna bezala desagertuko egingo da.
Agur idatzi eta irakurtzeari?

Galera hau anekdotikoa izango da ziurrenik, azken finean, milaka urte gutxi batzuk bakarrik dira idazten eta irakurtzen hasi ginela. Egiaz, matematikekin gertatzen den bezala, giza garuna funtzionalki analfabetoa da, hau da, ez dago garunean gune berezirik irakurtzeko edo idazteko, gaitasun sentsorial eta kognitiboekin gertatzen den bezala. Irakurri eta idatzi egiten dugu garunaren lehengo urtetako plastikotasuna aprobetxatzen dugulako eta gure garuneko guneak jarduera horietara bideratzen ditugu. Beraz, eskuratzen duguna gaitasun bat da, ez berezkoa.

Gizakiak hitz egin zezan arnasguneen transformazio fisiko bat beharrezkoa izan zen. Ugaztunen laringea eztarriaren goialdean eduki ohi dute, gizakiak berriz, beherago du ahots kordei soinu ezberdinak sortzeko aukera emanez. Hori eskuratzeagatik ordea faktura bat ordaindu behar izan dugu: jan edo edaten dugunean epiglotisak ez du trakea guztiz isten itotzeko arriskua handituz. Dena den, hizketa gure komunikazio modura gehitu zen. Horretarako ordea, gure oroimenerako gaitasuna narriatu behar izan genituen hitz egitearen mesedetan; mintzatzea bizirauteko gogoratzea baino garrantzitsuagoa bilakatu baitzen momenturen batean.

Uste da homo habilisak, lehen hominidoak, hizkuntza arkaiko bat erabili zuela bere berdinei tresna bat nola sortu komunikatzeko. Beharrezkoa zen ideiak partekatzea. Behin mintzaira bermatuta denbora kontua izan zen bi helburu hauek betetzea: Ezagutzaren kontserbazioa eta difusioa.

Idazkeraren lehen erreferentziak Mesopotamian aurkitu ziren 5.000 urte atzera. Ordutik orain dela gutxira arte, irakurri eta idaztea boteretsuen kontua zen. XV. mendean inprentaren asmakuntzarekin batera ordea, irakurketaren praktika zabalduz joan zen eta azkenik, XX. mendean hezkuntza politika ausartak martxan jarri ziren analfabetismoarekin amaitzeko. Egun, lehen mundutik analfabetismoa errotik erauzita dago.

Irakurtzea eta idaztea, auto bat gidatu edo arrautza bat frijitzea bezala, adierazpen kulturalak dira, ez genetikoak. Eskuratzen diren funtzioak dira eta praktikaren bidez finkatzen dira garunean. Beraz, gure garunak gaitasunak izan baditu, baina inork erakutsi ezean, pertsona batek ez du mintzatzen, idazten edo irakurtzen ikasiko.

Egungo ordea, gizarte digitalak informatzeko eta komunikatzeko tresnak eskura jarri dizkigu. Milaka irtenbide aplikazio itxuran. Aplikazioa zenbat eta errazagoa izan erabiltzeko askoz ere hobe. Zer zentzu dauka Googlera jotzeak informazio bila, eta horretarako tekleatu eta irakurri beharrak? Hobe zuzenean Siriri galdetu: Siri, bihar euria egingo al du?

Eskuz idatzitako idazkera desagertzen ari da irizpide hauek ez dituelako betetzen. Komunikazio modu berrien aurrean ez da azkarragoa, ez da sinpleagoa eta energia asko eskatzen digu. Finlandian adibidez, idazketa klaseak gutxitu eta zenbait lekuetatik ezabatu egin dira mekanografiari lekua utziz. Dirudienez eskuz idazten ikastea ez da erabilgarria, haurrek etorkizunean ez baitute erabiliko.

Berdina gertatuko al da irakurketarekin ere? Gogoratu eskuz idazterakoan bezala, irakurketak ere etengabeko praktika behar duela gaitasuna egunean mantentzeko. Zoritxarrez, azken urteetako datuek kontrakoa adierazten dute.

Irakurtzea eta idaztea elkarrekin doazen bi jarduera dira, batak kodifikatu egiten du, besteak deskodifikatu. Baten hondorapena bestearena ere bada. Egungo idatzitako edukiak inoiz baino azalekoagoak dira, laburragoak, friboloagoak. Irakurleak hauek ulertzeko egin beharreko ahalegina mugatua da, eta beraz, ez du praktikan jartzen irakurketarako gaitasuna.

Ez engainatu mugikorrean “irakurtzen” duten horiekin. Iristen zaizkien mezuak gatzgabeak eta lakonikoak dira. Subjektu, aditz eta predikatuetako esaldi sinpleak. Berehalakotasunaren kultura da. Berdinak diren milaka mezuren bonbardaketa.

Egungo garaiak Ray Bradbury-ren Fahrenheit 451 nobelaren bertsio eguneratua dirudi. Harrigarria da autoreak 1953an hau idatzi izana: Jendea geroz eta okerrago adierazten da, apenas erabiltzen ditu hitzak komunikatzeko. Bizitza berehalakoa da, plazerak dominatzen du guztia. Zertarako ikasi botoiak zapaltzetik aparte zerbait gehiago?

Hala ere, ezinezkoa da korronte honi aurre egitea irakurtzeko arrazoiak ideia erromantikoetan erortzen direnean. Ez du balio esateak beti horrela egin izan dela. Dorre altuagoak erori dira. Irakurketaren alternatiba ahozkotasuna da. Belarritik sartzen den mezua, begietatik beharrean. Azkarra, sinplea, ekonomikoa.

Egun irakurtzea entzutea da. Dena da hizkuntza hitz egina, ideiaren bokalizaziora itzultzen ari gara, ipuinak irakurtzen zizkiguten haurtzarora. Audioliburua hazten ari den joera da, ederki egokitzen baitira egungo gehiegi estimulatutako gizartera. Eta beharbada aurrerako mezua ez da belarrietatik ere iritsiko. Estimulazio elektriko batek zuzenean garunean jarriko digu ideia. Ez da zientzia fikzioa, Facebook, zenbait unibertsitaterekin elkarlanean, hori garaitu nahian dabil.

Fahrenheit 451 liburuan Guy Montag suhiltzaileak liburuak erretzen ditu: “Beharrezkoa ez den ideia oro denbora galtze bat da”, esaten diote. Egun batez Montagek kasualitatez liburu bat irekitzen du eta esaldi hau azaltzen zaio: Denbora ilunabarraren argitan lokartu da. Esaldi horren ondoren ez du liburu gehiagorik erreko. Hitz batek milaka irudi gogora ekarri ditzakeela deskubritu berri du.