Adrian Elustondo, Kauta: “Disko honek garena islatzen du”

Adrian Elustondo, Kauta: “Disko honek garena islatzen du” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/adrian-elustondo-kauta-disko-honek-garena-islatzen-du/@@download/image/92p49kauta03ona_1363202141.jpg
2009/01/02
elkarrizketa
Adrian Elustondo, Kauta: “Disko honek garena islatzen du”
Kautaren "Isladak" disko salduenetakoa izan zen Durangoko azokan. Ez da harritzekoa, ez baitu ezer faltan: doinu potenteak, erritmo biziak… Adrian baxujolearekin solastu gara.

Diskoa prestatzeko prozesua ahaztezina bezain gogorra izan dela esan duzue. Eta emaitza?
Positiboa, bai esperientzia bezala eta, baita, emaitzari dagokionez ere. Pentsa, 2007ko urrian edo ekin genion diskoa prestatzeari. Hilabeteak eman genituen abestiak prestatzen. Aurreko lanetan, agian, errazago konposatu genituen. Baina zerbait berria egiteko gogoa genuen, ez genuen formularik errepikatu nahi. Prozesu horri esker, hainbat beldur uxatu ditugu.

Zeri beldurra?
Bigarren diskoa entzunda, segituan konturatuko zara konponketa gutxi dagoela, soinu eta efektu aldetik gordin samarra dela. Laukote izatetik hirukoterako jauziaren eragina, nonbait. Beldur pixka bat sentitu genuen egoera berri horren aurrean eta, agian, horren ondorio da aipatutako ukitu gordina. Oraingoan, ordea, sanplerrak, pianoa… sartu ditugu. Horrek ez du esan nahi gorabeherarik izan ez dugunik. Prozesu honetan ere denetariko uneak bizi izan ditugu, pertsona eta talde bezala. Baina beldurrik gabe aritu gara eta, emaitza ikusita, nabari da. Merezi zuen, dudarik gabe.

Ispiluen unibertsoan izeneko kantuan, benetako isla bakoitzaren pausuetatik sortzen dela diozue. Kautak, inoren isla sumatzen du?

Ez dakit eraginik gabeko musikaririk ba ote den, ezetz esango nuke. Guri ere, beti esaten digute halakorena edo beste halakorena nabari zaigula… Jakina! Musika asko entzuten dugu, iturri askotatik edaten dugu, eta ez da aurrez kontrola daitekeen zerbait, beharrik ere ez, gainera. Adibidez, betidanik jarraitu ditugu hemengo taldeak. 26 urte ditugu eta euskal taldeak izan dira gure lehen erreferentea: Berri Txarraken lehen diskoa 15 urte genituela ezagutu genuen, Su Ta Gar ordurako ezagunak ziren, Lisabo, Dut, Eraso, Zea Mays… Hemendik kanpora, berriz, Tool, Foo Fighters, Nirvana, Jimmy Eat World… beste mordo bat. Ateratzen zaiguna egiten dugu uneoro eta, bistan da, beti nabarituko da norbaiten edo zerbaiten eragina.

Hitzei ukitu poetikoa nabari zaie. Etikaren kordan kantan, adibidez, hainbat egoera salatu dituzue, dotore, sinplekerietan erori gabe. Hitzak egiteko orduan zein irizpide jarraitzen duzue? Nabari da garrantzia handia dutela…

Musika konposatzen dugu aurrena, hori da gure abestien prozesu naturala. Mikelek jaten du burua gehien, eta etxetik ekartzen ditu gauzak. Ondoren, gai bat edo beste landuko dugu, doinuak iradokitzen digunaren arabera. Errealismoa eta Etikaren korda abestiek, adibidez, badute salaketa kutsua. Gero, hor dituzu Islada eta Nostalgia, barnerakoiagoak. Irizpide hori jarraitzen dugu. Aurreko lanean, justu, abesti batean kontrakoa egin genuen, Sarriren olerki bat musikatu genuenean. Baina ez da ohikoena.

Ez gara abestia: erritmo eroak, erotzeko moduko hitz jokoak eta giza erokeriaren kronika modukoa. Erotu gara edo ez gara?

Gu abesti honetan bai, baina tira. Erabakiak hartu behar dituztenak dira benetan burutik daudenak, ez dakit zer pentsatzen duten, hori da kezkagarria. Egia da abestiak nahikoa zati aldrebesak dituela, estruktura aldetik eta, baina asko gustatu zaigu nola geratu den.

Guri ere bai…

Eskerrik asko, pozten nau hori entzuteak… kar, kar.

Diskoko kredituek diote Jomes izan duzuela kolaboratzaile, baina ez bakarra. A zer luxua Bap!! taldeko gitarrajolea aldamenean eduki izana…

Zer esan Jomes handiaz? Disko guztietan kolaboratu du gurekin, lehen maketa ere berarekin grabatu genuen. Eta honetan ere lagundu digu: disko aurreko maketa bere estudioan landu genuen, hainbat aholku eman zizkigun eta, diskoan, besteak beste, sintetizadoreak sartu zituen. Tipo handia da, ez tamaina aldetik bakarrik. Hainbat instrumentu menderatzen ditu, betidanik lagundu gaitu eta esker oneko hitzak besterik ez ditugu berarentzat. Baina izan dugu beste kolaboratzaile bat ere, oso berezia: Karmelo Mendizabal, Gorka, bateriajolearen aita.

Semearen rock taldean parte hartzen duen aita… ez dira horrelako asko egongo!

Halaxe da, kar-kar. Karmelo musika irakaslea da, Kamen izeneko musika eskola dauka Zarautzen. Estudiora etorri zen batean, pianoa jotzen aritu zen eta bere ekarpena bi abestitan sartzea erabaki genuen. Aita batek semearen taldean parte hartzea ez da ohikoa, baina horrela suertatu da, eta zorteko garela esango nuke.

Diskoa alde batera utzita, nola dago taldea une hauetan?

Pixkanaka, bagoaz aurrera, eta ez da gutxi. Ez dakit, gero eta hobe ezagutzen dugu elkar, eta konplizitate horren emaitza da uneoro bilatzen duguna, zuzenekoetan lortzen dugun xarma berezi hori. Ondorioz, gero eta gusturago aritzen gara oholtza gainean. Bide batez, egiten duguna jendeak atsegin badu, primeran. Taldea sasoi betean mantendu eta azken prozesua bukatu izanak merezi zuela erakusten du. Seinalerik onena da hori. Hala uste dugu guk.

Bi hitzetan, GAZTEZULOko irakurleak konbentzitu itzazu diskoa entzuteko.

Bi hitzetan bakarrik?… kar, kar.

Tira, lautan. Baina zu zarelako, eh!

Bakarrik esan, gure sentimenduak biluztu ditugula disko honetan, gure nahiak eta desioak jaso dituela eta gu garena dela. Handinahirik gabe. Eta norbaitek uste badu entzuteak merezi duela, horrek poztuko asko gaitu.