67. Donostiako Zinemaldirako proposamenak!

67. Donostiako Zinemaldirako proposamenak! Azkenik iritsi da zinemazaleok elkartzeko aitzakia paregabea izaten den Donostiako Zinemaldia. 67. edizioa izango den honetan, errenka luzeetan urtero topatzen ditugun ilara-lagun horiekin berriro elkartzeko unea iritsi da. Kafea bidelagun banaezina alboan hartu eta goizaldeko 1:00etan film txinatar bat ikustetik atera ostean, hurrengo goizean 8:00etan ilaran berriro jarri eta drama errumaniar bat ikusteko gogoa pizten duen jaialdi bakarra izango da ziurrenik. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/67-donostiako-zinemaldian-ez-galtzeko-proposamenak/@@download/image/GAZTEZULOZinemaldia.jpg
2019/09/11

Testua: Gaizka Izagirre@Gaizka_Izagirre

Azkenik iritsi da zinemazaleok elkartzeko aitzakia paregabea izaten den Donostiako Zinemaldia. 67. edizioa izango den honetan, errenka luzeetan urtero topatzen ditugun ilara-lagun horiekin berriro elkartzeko unea iritsi da. Kafea bidelagun banaezina alboan hartu eta goizaldeko 1:00etan film txinatar bat ikustetik atera ostean, hurrengo goizean 8:00etan ilaran berriro jarri eta drama errumaniar bat ikusteko gogoa pizten duen jaialdi bakarra izango da ziurrenik.
67. Donostiako Zinemaldirako proposamenak!

Gomendioetan sartu aurretik, abenturarako animo gutxirekin bazaudete, urteroko ohar berbera emango dizuet: kontuz Sail Ofizialarekin. Mundu mailan ekoitzi diren eta estreinatu ez diren film luzeen aukeraketa den hau, benetako loteria bat izan baitaiteke. Polita da bertan murgiltzea, baina baditu bere arriskuak...Ez duzula arriskatzeko batere gogorik? ‘Perlak’ sailean murgiltzea gomendatzen dizut orduan, Espainian estreinatu ez diren urteko film luze eta nabarmenenen aukeraketa izaten baita. Sail honetako filmek, kritikaren txaloak eta sariak jaso dituzte nazioarteko beste zinemaldi batzuetan. Ideia bat egiteko, azken urteetan sail honetan ikusi ahal izan ditugu: Inglorious Basterds, Gravity, Children of men, Prisoners, Argo, Three Billboards, Little miss sunshine eta Babel besteak beste. Egiari zor, film guzti hauen ibilbide komertziala askoz luzeagoa izaten dela ere esan behar dizut (sarritan iritsi dira Oscar sarietara ), eta ziur, zinema aretoetan ikusteko aukera gehiago izango duzula. Nire gomendio garrantzitsuena beraz: Arriskatu eta gozatu ahalik eta gehien!

Tira, gomendio hori beste baterako gorde nahi baduzu eta segurola familiako kide bazara, hemen duzue nire aurtengo aukeraketa. Filmei txori-bista egin eta ikusteko modukoak iruditzen zaizkidan  filmak gomendatuko dizkizut. Izan ere, Zinemaldiaren berezko xarma hori, bi ahoko ezpata bat izan daiteke: ezezagunak diren film eta ekoizpenetan murgiltzean, ezusteko maisulanak aurkitu ditzakezu, baina baita film nekagarri eta aspergarriak ere.

ARRISKUA GUSTUKO BADUZU (baina ez gehiegi)

 

'La Trinchera Infinita'

Sail Ofiziala

Ez da oharkabean pasatu azken edizioetan, eta aurten ere ziur zeresana emango duela Moriartikoen lan berriak. 36ko gerran dago girotuta: hura piztu zenean, errepresalien beldur etxean ezkutatu eta 33 urtetik gora itxialdian eman zuen bikotearen istorioa kontatzen du. Belen Cuesta eta Antonio de la Torre aktoreak dira protagonistak.

'mientras dure la guerra'

Sail Ofiziala

Alejandro Amenabar zinegile ezagunaren lan berria ere 36ko udan kokatzen da, herriaren egoera gatazkatsua konpontzen lagunduko duelakoan, Miguel Unamuno idazle ezaguna altxamendu militarraren alde publikoki agertzen den unean.

'Patrick'

Sail Ofiziala

Portugalen dramagile eta antzezle gisa ibilbide luze eta arrakastatsua egin ondoren Gonçalo Waddington estreinakoz aritu da formatu luzean zuzendari. 1999ko udaberrian Portugal erdialdean bahitutako zortzi urteko gazte bat, 12 urte geroago agertuko da Parisko espetxe batean. Desagerpenak sekretu lazgarri bat eta pertsonaia misteriotsu horren konplexutasun guztiak ezkutatzen ditu.

'The Other Lamb'

Sail Ofiziala

Erlijio alternatibo baten jarraitzaile sutsua den nerabea izango da film honen ardatza. Zuzendaria, Malgorzata Szumowska, Berlingo Epaimahaiaren Sari Nagusia jaso zuen iaz Twarz/Mug filmari esker.

'Zeroville'

Sail Ofiziala

The Disaster Artist filmarekin Urrezko Maskorra irabazi ondoren, bueltan da James Franco aktore eta zuzendaria. Steve Ericksonen eleberri homonimoan oinarritutako filma izango dena, 60ko hamarkada bukaerako Hollywood aldakorrean girotuta egongo da.

Segurola familiako kidea bazara

'The Climb'

Perlak

Bi gizonen arteko harreman gatazkatsua erakutsiko du, eta lagunen artean dauden (edo falta diren) mugei buruzko gogoeta interesgarria egingo du, zuzendaria bera, Kyle Marvin eta Gayle Rankin aktoreak buru.

'Beanpole'

Perlak

Tesnota / Closeness filmarekin debuta egin ondoren, Cannesko Un Certain Regard saileko zuzendari onenaren saria eskuratu zuen Kantemir Balagov errusiar zuzendari gazteak. 1945, II. Mundu Gerrak Leningrad ingurua suntsituta utzi du, bai eraikinak, bai biztanleen bizitzak. Bi emakume gazte, Iya eta Masha, hondamendi horretan beren bizitzak berregiten saiatuko dira.

'Di jiu tian chang'

Perlak

Txinan 80ko hamarkadatik hona izandako aldaketa sozial eta ekonomiko handietara egokitu beharko diren bi bikoteen istorioa kontatzen duen filma. Berlineko zinema-jaialdian, Yong Mei eta Wang Jingchun protagonistek, aktore onenen Zilarrezko Hartza lortu zuten.

'Ema'

Perlak

Pablo Larraín zinemagile txiletarraren berrienak, Emma reggaeton-dantzaria izango du protagonista. Gertaera traumatiko batek familiarekin eta bikotekidearekin duen harremana errotik aldatzera eramango du. Venezian lehiatuko ostean helduko da Donostiara, eta arteari, desioari eta familia modernoari buruzko erretratu subertsibo bat azalduko digu.

'Parasite'

Perlak

Ezinbestekoen artean sartu behar duzuen beste izenburua, Bong Joon-ho zuzendari korearraren azken lan hau da. Urrezko Palmorria eskuratu du Canneseko azken zinema-jaialdian eta bertan klase borroka eta familia loturak oinarri dituen komedia gordina erakusten du, zinema beltzaren zertzeladak dituena.

'Light of My Life'

Perlak

The Road eta Children of Men filmen arteko uztartze moduko bat egingo bagenu ziurrenik pelikula hau jaioko litzateke. Casey Affleck zuzendari gisa ez ezik, aktore modura ere aritu da Elisabeth Moss eta Anna Pniowskyrekin batera lan honetan. Alaba gehiegi babestuko duen aita baten inguruko kontakizuna da.

'O que arde'

Perlak

Oliver Laxe (1982) Parisen jaiotako zinemagile galiziarrak lan berezi hau aurkeztuko du. Sute bat eragiteagatik espetxe-zigorra bete ondoren, herrixka galdu batera itzuliko den gizona du protagonista.

'The Laundromat'

Perlak

Oso onak, onak edo kaxkarrak izan daitezke, baina Steven Soderbergh-en filmak beti iruditzen zaizkit derrigorrez ikusi beharrekoak. Aseguru-iruzur bat ikertzeko asmoz, Panama hirira joango den alargunaren pasadizoak kontatuko ditu filmak, Panamako Paperen kasuaren inguruko trama osatuz. Aktoreen artean Meryl Streep, Gary Oldman eta Sharon Stone agerid dira besteak beste.

'The Lighthouse'

Perlak

Adi, urteko onenen zerrenda askotan agertzen hasia den ekoizpen bitxi honekin. Robert Pattison eta Willem Dafoe protagonista dituen Robert Eggersen -bere aurreko lana The Witch zoragarria- XIX. mendean girotutako zuri-beltzezko lana. Ingalaterra Berriko kostaldeko uharte urrun batean isolatuta dauden bi farozainen istorioa kontatuko duena.

DOKUMENTALAK MAITE BADITUZU

'zubiak'

Made in Spain

Jon Sistiaga kazetariak eta Alfonso Cortés-Cavanillas errealizadoreak Euskal Herrian zubiak berregiteko beharrari buruz zuzendu duten dokumentala. Juan Mari Jauregi ETAren biktimaren istorioa ardatz duen lan honek, haren bizitzako bi pertsona garrantzitsuenek bilduko ditu: haren alarguna eta bizia kendu zion pertsona.

'Varados'

Zinemira

Helena Taberna zinemagilearen azken dokumentalak, Atenaseko eraikin okupatuetan eta errefuxiatu eremuetan bizirauten duten pertsonen egunerokoa islatuko du. Zaporeak Erakundearen ekimenez heldu zen proiektua zuzendariaren eskuetara.

"GORA EUSKAL ZINEMA" ETENGABE OIHUKATZEN BADUZU

'agur etxebeste'

Euskal Zinemaren gala

Hamalau urte beranduago Asier Altuna eta Telmo Esnalek Aupa Etxebesteren jarraipena estreinatuko dute. Oraingoan ere Patrizioren eta Maria Luisaren abenturak dira filmaren ardatza, baina pasatu diren urteek ere eragina izango dute istorioaren garapenean.

'Muga Deitzen Da Pausoa'

Zinemira

Maider Oleagak Elbira Zipitriari buruz egindako dokumentala baino, esperimentu pertsonal bat dela esango nuke, saiakera filmatu bat, bilaketa prozesu baten destilazioa moduko bat.

'Urpean, lurra'

Zabaltegi Tabakalera

592 metroz goiti film laburrarekin Zinemaldian parte hartu ondoren, Maddi Barber nafarra berriz itzuliko da sailera film ertain honekin, non berriz ere arretaz begiratuko dion Itoizko presari

proposamen desberdinak ikusteko gogoz bazabiltza

'blue bloy'

Zabaltegi Tabakalera

Alemaniako hiriburuan lan egiten duten zazpi sexu-langileen gaineko erretratua aurkeztuko digute film sailkaezin honetan.

'El fiscal, la Presidenta y el Espía'

Zabaltegi Tabakalera

 Justin Websterrek Muerte en León eta El fin de ETA dokumentalen egileak, Nisman kasuaren ikerketari buruzko lan hau estreinatuko du.

'Hatsukoi, First Love'

Zabaltegi Tabakalera

Takashi Miike zine zuzendari japoniar ezaguna bueltan da. Istorio honetan, boxeolari bat, prostituta bat, polizia ustel bat eta yakuza bat elkartuko ditu bere filmografian ezagunak diren beste pertsonaia batzuekin batera.

'Ghost Town Anthology'

Zabaltegi Tabakalera

Gertakari bitxi batzuk bizi dituen Quebeceko herrixka batera hurbilduko da Denis Côté zine zuzendari kanadarra. 215 biztanle dituen herri isolatu horretan, auto-istripuz hilko den Simon Dube ondorioak ekarriko dizkie bertako biztanleei.