4 gurpildun gazteak

4 gurpildun gazteak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/4-gurpildun-gazteak/@@download/image/43p19-1_1368093135.jpg
2004/07/02
erreportajea
Ainhoa Irazu
4 gurpildun gazteak
Gero eta gazte gehiago ibiltzen da autoan, eta errepideak betetzen ari zaizkigu. Autoa izatea askoren ametsa da. Are gehiago, dirudienez, gaur egun, autoa ezinbestekoa da.

Europako Batasunean auto kopuruak gora egin du azken hamarkadetan, eta Eurostaten ikerketa baten arabera, joerak bere horretan jarraituko du. 1987an 115 milioi auto zeuden Europan, eta aurreikusitakoaren arabera, sei urte barru 167 milioi izango dira (503 auto 1.000 biztanleko). Euskal Herrian ere errepideak gero eta beteago daude. Nafarroan, adibidez, aurtengo apirilean, 1.389 auto matrikulatu ziren, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 5.126.

Gidarien artean, gero eta gazte gehiago dago. Garai batean gazte gutxik zuten autoa, eta haietako askok gurasoek utzitakoa erabili ohi zuten. Hantxe ibiltzen zen koadrila osoa. Gaur egun, ordea, ibilgailu bat baino gehiago izaten da koadrila askotan, sos batzuk aurreztu orduko askok erosi ohi duten lehendabiziko gauza autoa izaten delako.  

"Autoa ezinbestekotzat jotzen da gaur egun, eta gero eta gazte gehiagok dute autoa", dio Juan Ignacio Viezma RAC-eko (Hego Euskal Herriko automobil klub-a) kideak. Gauza bera esan digute saltzaileek. "Garai batean baino erosle gazte gehiago dago: 27 urtetik gorako gazteak izan ohi dira; lana dute eta, maileguei esker, duela hamarkada batzuk baino errazago dute ibilgailua erostea", dio Oscar Garcia Eurolan enpresako kideak.

Autoa besteengandik bereizteko

Zerk bultzatzen gaitu autoa erostera? Eurostat-en azken txostenek joera argia igarri dute: 35 urtetik beherakoak kontsumista hutsak gara. Hori gutxi balitz bezala, etxea duten gazteek —oso gutxi— txiki samarra dute eta lantokitik urrun. Hortxe, beraz, kontuan hartu beharreko beste arrazoi bat.

Hala ere, ezin ahaztu beste faktore batzuk: autoak ustez ematen duen askatasuna, ikur bereizgarri bat izan nahia…
"Pentsamoldea aldatu egin da, eta gaur egun autoa ezinbestekoa da: boterea ematen du eta ikur bereizgarria da. Beraz, gazteek autoa izan nahi dute. Gainera, gaur egungo gazteek garai batekoek baino diru gehiago dute. Bestalde, erosleen erdia gurasoekin etorri ohi da: guraso asko gazteen gutizia ordaintzeko prest dago", dio Iñigo Artola Iruñeko Torregrosa saltokiko salmenta buruak. 

Batez beste, 12.000 euro

Oro har, gazteek auto txikiak erosi ohi dituzte, bigarren eskukoak. Dendan erosiz gero, batez beste, gazteek 12.000 euro ordaintzen dute autoaren truke.   Nahiz eta erosle asko mutilak izan, gero eta neska gehiagok erosten du autoa: "neskak gero eta jantziago daude auto kontuetan", esan digu Artolak.   

Aipagarria da, bestalde, helduek erosten dituzten ibilgailuekin alderatuta, gazteenak ez direla hain seguruak izaten: "zenbat eta gehiago ordaindu, orduan eta auto seguruagoa. Gazteek auto merkeenak erosten dituzte, salbuespenak salbuespen", dio Artolak.

Kontuak kontu, ibilgailua izatea gutako askoren ametsa da: asteburuetan batetik bestera ibiltzeko, neska edo mutil laguna eramateko, lanera joateko…

Adi asteburuetan

Hala eta guztiz ere, ez omen gara gidari iaioenak. Audi auto ekoizleak egindako inkestaren arabera, gidari arriskutsuenak eskarmentu gutxi duten 18 eta 30 urte bitarteko gazteak dira, mutilak batik bat.

Era berean, Eusko Jarlaritzaren 2002ko ikerketa baten arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako istripuetan nahastutako pertsonen %20 gazteak dira. Oro har, urrian eta abenduan izaten da ezbehar gehien. Dena dela, hildako gehien ekainean eta uztailean izan ohi da. Beste datu esanguratsu bat: gazteak nahastatutako istripu gehienak ostegun, ostiral eta larunbatetan izan ohi dira, 21.00etatik 06.00etara. Eta zeintzuk dira ezbeharren eragile nagusiak?
Gehiegizko abiadura eta alkohola. Bestalde, gidarietako askok ez dute segurtasun uhala eramaten.  Autoan ibili ohi zara? Argi ibili, badaezpada ere.

Eta motorrekin zer?


Autoez hitz egin dugu orain arte. Dena den, motorrek ere merezi dute tarte bat. Izan ere, gazte askok motorra dute. Kontua da etorkizunean motorra izatea zailagoa izan litekeela Hego Euskal Herriko gaztetxoentzat. Gaur egun, 14 urterekin eskura daiteke motorra gidatzeko baimena. Hala ere, motor istripuak ugaritzen ari direnez, adina 16 urtera igotzea aztertzen ari dira. Neurriak alarma gorria piztu du saltzaileen artean, Hego Euskal Herrian saltzen diren tamaina txikiko motorren erosleen %40 14 eta 16 urte bitarteko gaztetxoak direlako. Ipar Euskal Herrian, bestalde, 18 urte izan behar dira motorra gidatzeko baimena lortzeko. 

Puntukako gida baimena


Batez beste 18 eta 22 urte bitartean atera ohi dute gazteek gidatzeko karneta. Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin  puntukako gidatzeko baimena dago indarrean 1992tik, "gidatzeko modu baketsuagoa" sustatzeko, eta Hego Euskal Herrian sistema hori ezartzea aztertzen ari dira. Zer da puntukako gidatzeko baimena? Sistema horren arabera, gidatzeko baimena duen orok 12 puntu ditu eta, errepidean arau-urratze bat eginez gero, puntuok kentzen joango zaizkio gidariari. Puntu guztiak galduz gero, sei hilabete itxaron beharko dute gidariek berriro ere gidatzeko baimena ateratzeko.
Duela bi urteko datuen arabera, Frantzian puntuak kentzeko egindako txostenen %80 gizonen kontrakoak izan ziren. Bestalde, 26-35 eta 36-50 adin artekoei kendu zitzaien puntu gehien. Hona hemen bestalde, arau-urratze arruntenak: abiadura handiegiz gidatzea, segurtasun uhala ez erabiltzea eta alkoholemia tasa gainditzea.