27zapata: “Kontraesanez betetako ezkertiarrak gara”

27zapata: “Kontraesanez betetako ezkertiarrak gara” Imanol Epelde 27zapata da sarean. Baina zein da 27zapata? Instagramek dio autokritika umoretsua egiten diola egunEROkotasunari. Ironiatik asko dute bere bakarrizketek. Zuzenean kamerari so deseroso sentiarazten du ikusle oro, azaltzen dituen egoeretan, onerako zein txarrerako, identifikatuegi sentiarazten baitu. Bideoek umoretik bezain beste dute hausnarketatik. Honetaz eta beste zenbait kontuz hitz egin nahi izan dugu berarekin. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/27zapata-201ckontraesanez-betetako-ezkertiarrak-gara201d/@@download/image/EFyEsb-X0AY1kdU.jpg
2019/10/17

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Imanol Epelde 27zapata da sarean. Baina zein da 27zapata? Instagramek dio autokritika umoretsua egiten diola egunEROkotasunari. Ironiatik asko dute bere bakarrizketek. Zuzenean kamerari so deseroso sentiarazten du ikusle oro, azaltzen dituen egoeretan, onerako zein txarrerako, identifikatuegi sentiarazten baitu. Bideoek umoretik bezain beste dute hausnarketatik. Honetaz eta beste zenbait kontuz hitz egin nahi izan dugu berarekin.
27zapata: “Kontraesanez betetako ezkertiarrak gara”

Zer dela eta hasi zinen sarean bideoak eskegitzen?
Garbi dago, gaur egun, kontsumitzen diren edukiak gero eta ikus-entzunezkoagoak direla. Irudipena nuen blogean sortzen ari nintzena bideoan eginez gero, hedapen handiagoa izango nuela. Bloga izatetik vloga izatera pasatu behar nuen.

Hasieratik garbi izan al zenuen nahi zenuen tonua?
Badakit vlogarekin orain eta blogarekin orain arte zer egin nahi dudan: gure buruaren etengabeko autokritika umoretsua. Horretan ari naiz.

Denok identifikatuak sentitzen garen egoerak planteatzen dituzu, ikuslea deseroso sentiarazteraino, hori al da zure helburua?
Nire helburua autokritika egitea da bai, nire buruarengandik hasita beti. Kontraesanez betetako ezkertiarrak gara. Eskuina beti eskuinerago dagoela pentsatzen dugunak. Aurrera egiteko ez dago gure kontraesanak aitortu eta gure buruez barre egitea baino aterabide hoberik.

Nola prestatzen dituzu bakarrizketak?
Ahalik eta gehien irakurri, ikusi eta bizitzen saiatzen naiz. Ahalik eta kontzientzia handienarekin. Eta saiatzen naiz dena ematen. Daukadan eta dakidan onena. Ez da zerbait denbora pasatzeko egiten dudana. Zoriontsu, oso zoriontsu naiz sortzen.

Zerk inspiratzen zaitu gehien?
Bizi dudanak. Irakaslea naiz eta hezkuntzak asko arduratzen nau. Aita ere banaiz eta ordu asko pasatzen ditut parkean. Euskara maite dut eta horri buruz ere sortzen dut. Bizi dudanak eta nauenak inspiratzen nau gehien.

Egunerokotasun politikoaz zer esango zenuke?
Hedabideetan bihurtu da txutxu-mutxu iturri bat gehiago. Hor dabiltza alderdiak sareak nork azkarrago eta erakargarriago joko. Dena bihurtu da marka, baita ideiak ere. Nazka ematen du dena hain distiratsua eta hain dekadentea izateak. Arazo ekologikoari, adibidez, aterabiderik ateratzeko ezgai, dena da botere kontua. Goian bazaude, zorionekoa zu. Erabili ahal izango duzu justizia, indarkeria eta gezurra edozertarako. Behean egonda, portatu zaitez zintzo, espetxean amaitu nahi ez baduzu.

Jendeak euskaraz umorea kontsumitzen al du?
Irudipena dut umorezko produkzio handirik ez dagoela. Ez bada ETBko umore plastikoa. Eskerrak Zakilixutek abuztuan ere ez duen oporrik hartzen.

Oro har jendeak euskaraz kontsumitzen al du?
Ez, jendeak ez du ostiarik kontsumitzen euskaraz. Hala diote egiten diren ikerketek ere. Horren errua askotarikoa da. Sortzen dena oso ona dela esango nuke: gure antzerkiak, literaturak eta musikak ez du, esaterako, gainerako hizkuntzen inbidiarik. ETBn ere gauza on asko dago, aldizkari hau (Gaztezulo) ere ikaragarri ona iruditzen zait. Instituzioek askoz gehiago egin dezakete. Ados. Baina euskaldunok ere bai. Nola liteke milioi erdi bat euskaldun egotea euskaraz jakin eta ezer ere kontsumitzen ez dutenak euskaraz?

Etorkizunera begira nola ikusten duzu 27zapata proiektua?
Vlogean zentratu nahi nuke. Nire ardatza hori izatea. Hor publikatzea dena, eta gero, hortik zabaltzea. Baina beldur naiz dena ez ote den sare sozialetara egokitzen ari. Sare sozialak noski, dira Instagram, Facebook eta Twitter. Eta haien doinura ari gara denok dantzan eta arriskutsua da hori oso. Hortik aurrera garaian garaikora egokitzen asmatzen segi nahiko nuke, niri gustatzen zaidanetik eta euskaratik.