2025eko 30 pelikula onenak
30- ‘How to Make Millions Before Grandma Dies’
‘M’ gaztearen istorioa kontatzen du: egun batean, amonak gaixotasun sendaezin bat duela jakingo du, eta hura zaintzeko streamer gisa duen ibilbide eskasa alde batera uztea erabakiko du. Hori bai, amonak duen milioi askoko ondareari begirik kendu gabe. Tailandiako film hau itxurazko sinpletasuna duten familia-istorio horien adibide garbia da; ondo eginak eta ondo idatziak daudenean, sakonki hunkitzeko gaitasuna dute.
Zahartzaroari egindako omenaldia da, eta, tarteka sentiberatasunetik hurbil badabil ere, maitasuna pertsonaien benetakotasunaren eta inperfekzioaren bidez eraikitzen da. Bi poloen artean dantzan dabil, eta tragikomedia arin modukoa sortzen du: alde batetik, izatearen esentziari eta existentziari datxekien duintasunari buruzko gogoeta dramatikoa; eta bestetik, amonaren herentziarekin lotutako umore-ukituak.
Pat Boonnitipat hasiberriak zuzendua, familia-harremanen konplexutasunari, enpatiaren garrantziari eta baldintzarik gabeko maitasunaren botereari buruzko istorio hunkigarria da.
29- ‘Estrany riu’

Jaume Claret Muxart zinemagile katalanaren opera prima nerabezaroaren, desioaren eta eraldaketaren esplorazio sentsorial eta poetiko liluragarria da. Filma Dídac-en (Jan Monter) inguruan garatzen da, eta Danubio ibaiaren ertzetatik bizikletaz egindako familia-bidaia baten testuinguruan kokatzen da. Hamasei urteko mutil gazte horren bizitza erabat aldatzen da, ibaitik irteten ari den mutil misteriotsu batekin topo egin ondoren.
16 mm-ko zoragarri batean grabatua, pelikulak frantziar errealismo poetikoa gogorarazten duten zati bisualak eskaintzen ditu, paisaiaren xarma eta pertsonaien intimitatea harrapatzen dituen zinematografiaren bidez.
Claret Muxartek zentzumen eta poesiaz betetako zinemaren alde egiten du hasieratik. Nerabezaroari, sexu-esnatzeari eta familia-gatazkei buruzko bere begirada klixeak saihesten ditu, eta ikusleari esan gabekoak irakurtzeko eta filmaren atmosferan murgiltzeko gonbita egiten dio; azalpenezko elkarrizketen gainetik esperientzia sentsorial eta emozionala lehenesten du.
28- ‘Decorado’
Animaziozko filmak Arnold izeneko saguaren istorioa kontatzen du. Bikotekidearekiko harremana gainbehera doa, bere bizitza zentzugabea iruditzen zaio, eta fartsa handi baten erdian bizi dela susmatzen hasiko da.
Premisa horretatik abiatuta, Alberto Vázquezek mundu absurdo eta liluragarri bat marrazten du, non Donald ahatea eta Mickey Mouseren oihartzunak, The Truman Show-ren kartoizko hormak eta The Prisoner telesailaren zientzia fikzioa gurutzatzen diren. Edertasuna eta amesgaiztoa elkarri lotzen zaizkie zinegilearen iragazki pertsonalaren bidez, umore beltzez eta ironia garratzez bustita.
Gizarte-kritika zorrotza eta sarkasmo fin baina errukigabea dira bere armak: krisi existentziala, lan-prekarietatea, osasun mentala, alienazio soziala, korporatibismoa, zaintza eta halako gaiak lantzen ditu, kritikaren geziak norabide guztietara jaurtiz.
Joseba Beristainen soinu-bandako doinuak, aldiz, pintura finak balira bezala irristatzen dira irudien gainetik. Musika modernoaren eta klasikoaren arteko nahasketak irudiei sakontasun emozional eta atmosferikoa ematen die
Helduentzako fabula animatu sendoa da: ez da atsegina, ezta arina ere, baina horixe da bere benetako balioa.
27- ‘Singular’
Alberto Gastesi donostiarrak Gelditasuna ekaitzean film ederra estreinatu eta hiru urte geroago aurkeztu du Singular, bere filmografian pauso nabarmena eta ausarta. Semea hil zenetik hamabi urtera, Dianak eta Martinek lakuko etxe zaharrera itzultzea erabaki dute asteburu baterako. Hildako semearen antza duen gazte misteriotsu bat agertuko da etxean, eta antzinako sekretuak eta susmo berriak azalduko dira.
Zientzia-fikziozko elementuak dituen filmak ezohiko bideetatik eramaten du ikuslea. Tira, ez behintzat askok espero duten bidetik; ez pentsa Blade Runner-en tankerako zerbait ikusiko duzunik. Pertsonaiak ditu oinarri, eta euren keinu, begirada zein traumak dira gure barneko galderei erantzun isilak eskaintzen dizkietenak. Azalpean zientzia-fikzioa dago, baina istorioa hiru pertsonaiaren bidez kontatzen da. Galdera existentzialak agertzen dira, baina beti pertsonaien barrutik jaiotzen direnak. Filmak ez du teknologia soilik azpimarratzen: adimen artifiziala bigarren planoan geratzen da, eta gizatasuna —beldurrak, traumak eta kontraesanak— lehen lerroan kokatzen da.
26- ‘A Complete Unknown’

60ko hamarkadan eta New York-en girotua, Bob Dylan-en igoera azkarrari buruzko istorioa azaltzen duen filma da. 19 urteko folk abeslari ia ezezagun izatetik, apurka aretoak betetzea lortu eta zerrenda guztietako gailurrera iritsi bitarteko aldia erakusten du. Narrazioaren itxiera Newport Folk Festival jaialdian gertatzen da, inflexio-puntu garrantzitsua izan baitzen bere ibilbidean.
Bere karreran Peter Seegerren laguntza izan zuen eta pertsonaia horrek presentzia nabarmena du filmean; horren rola Edward Norton aktoreak bikainki jokatzen du. Joan Baez (Monica Barbaro ) edota Woody Guthrie (Scoot McNairy ) musikari ezagunak ere ageri dira. Filmak ohiko biopic tradizionalen bideari jarraitzen dio, apenas hartu duen arrisku formalik Mangoldek, baina ezin hobeto funtzionatzen du, gozamen hutsa da; musikazaleentzat bereziki karamelu bat da filma.
Dylan sakonki ezagutzen ez duten ikusleek, beharbada, informazioa falta den sentsazioa izango dute: filmaren hasieran berari buruz oso gutxi jakin arren, oso testuinguru jakinean sartzen gaitu zuzenean. Baina izenburuak dioen bezala, A Complete Unknown, alegia “guztiz ezezaguna” da.
Lan sendo eta hunkigarria da, eta generoa iraultzen ez duen arren, sentiberatasunez jasotzen du bere burua definitu nahi izan duen artistaren esentzia.
25- ‘Gaua’

Sorgin ehiza betean, Kattalin (Yune Nogueiras), senarrarengandik ihesi, bere baserritik aterako da gauaren erdian. Ihesean dabilela hiru emakumerekin topo egingo du. Hauek, arropa garbitu bitartean, beldurrezko ipuinak eta herriko kondairak partekatzen dituzte. R.Eggersek zuzendutako The Witch filmean agertzen den akelarrea bezalaxe, Gaua-k ere misterioaren, iluntasunaren eta askapenaren mugak zeharkatzen ditu; bi lanek, bakoitzak bere erara, emakumearen indarra goratzen dute. Eggersen irudien oihartzuna sumatzen da Gaua pelikulan: katartikoa, erraietakoa eta izuaren edertasunez blaitua, energia arkaiko eta boteretsu baten dirdirarekin. Errementari-ren munstroen iruditeria eta iluntasuna bereganatu du, Irati-k zuen emozioa, maitasun-keinuak eta emakumezko pertsonaia sendoak gehitu dizkio, eta guztiari epikotasunaren dosi txiki batzuk erantsi dizkio. Urkijoren filmografian beste mugarri sendo bat da, bere lanik biribilena.
24- ‘All Shall Be Well’

Patra Au eta Maggie Li Lin protagonista dituen drama txinatarra da. Angie eta Pat, 60 urte inguruko bi emakume, hiru hamarkadaz bizi izan dira elkarrekin. Urrutiegi begiratu gabe ere, antzeko gaia jorratzen duen lan hunkigarria aurki dezakegu Euskal Herrian: 80 egunean. Hala ere, Ray Yeungen filmaren bereizgarri nagusia testuingurua da: kontaketari karga emozional eta politiko askoz ziztatzaileagoa ematen dion ingurune legal eta soziala. Pat bat-batean hil da, eta Angiek erronka legal eta familiarrak gainditu behar ditu, Hong Kongen ez baita oraindik legez aitortzen haien arteko harremana. Izan ere, Hong Kongen oraindik sexu bereko pertsonen arteko ezkontza ez dago onartua.
23- ‘Begyndelser’

Ane eta Thomas senar-emazteek aspaldi hartu zuten banantzeko erabakia, baina bi alabei kontatzeko une egokia noiz iritsiko zain daude; bitartean, ohiko bizimoduarekin jarraitzen dute. Halako batean, garuneko koagulu batek Aneren gorputzaren erdia paralizatzen du, eta ezbehar horren ondorioz, guztia atzeratzea erabakitzen dute, Anek zainketa bereziak behar dituelako.
Istorioak osagarri guztiak zituen drama negar-eragile manipulatzaile bat izateko, baina zorionez ez da halakorik gertatzen: Jeanette Nordahl zinemagile daniarrak abiapuntu horretatik familia-drama sotil eta errealista bat eraiki du, neurriz eta zuhurtziaz harilkatua. Narratiba patxadatsua, baina hunkigarria du oinarri: familia-loturak eta emozioen ñabardurak sentiberatasunez erretratatzen ditu, sentimentalismo merkeak eta klixe narratiboak une oro saihestuz.
Trine Dyrholm eta David Dencik aktoreek jokatzen dute bi protagonisten rolak, eta antzezpen lan zoragarria egiten dute, bereziki Dyrholm-ek.
22- ‘28 Years Later’

Suminaren birusa piztu zenetik hogeita zortzi urte geroago girotutako pelikula honek familia bati jarraitzen dio: Jamie (Aaron Taylor–Johnson), Isla (Jodie Comer) eta haien semea Spike (Alfie Williams). Uharte isolatu bateko komunitate batean bizi dira. Jarraipen honek aurrekoen intentsitate dramatikoa eta iluntasun tematikoa gainditzen ditu. Lehenengo filmaren kode bisual eta narratibo askori berriro heltzen dio, baina Boylek ikuspegi, tonu eta forma are erradikalagoak txertatu dizkio, onerako zein txarrerako.
Aurrekoek ez zuten folk horror kutsua du, eta horrek geruza narratibo oso interesgarria gehitzen dio. Gidoiaren idazketan Alex Garlanden esku aparta nabaria da. Erabaki narratibo guztiek ez dute eraginkortasun berarekin funtzionatzen, eta atal teknikoak ez ditu beti nahi dituen emaitzak lortzen, baina 2025ean estreinatutako beldurrezko zinemaren batez bestekoaren oso gainetik dagoen filma da.
21- ‘A House of Dynamite’

Jatorri ezezaguneko misil bat AEBtara bidean doala, erlojupeko lasterketa bati egin beharko dio aurre Etxe Zuriak: erantzulea identifikatu eta erantzun egokia topatu, beranduegi izan baino lehen. Lehen begiratuan, mehatxu nuklearrei buruzko ohiko zinema yankia iradoki lezake premisak, baina zuzendaria errotik urruntzen da klixe horietatik. Bere ikuspegiak suspense lehor eta zorrotzaren bidea hartzen du: akzioa keinuetan bilduta dago, moralki ezinezkoak diren erabakietan eta tentsioz beteriko elkarrizketetan, non etenaldi eta begirada bakoitzak edozein eztandak adina eragin dezakeen. Oso zinegile gutxik dute Bigelowen trebezia tentsioa hain ongi josteko.
Bigelow, Noah Oppenheim gidoilariarekin elkartu da, eta zehaztasun teknikoa eta tentsio emozionala uztartzen dituen narratiba sortu du. Egitura narratiboak ezin hobeto funtzionatzen du. Hiru segmentu ezberdinetan banatzen da, bakoitza hemezortzi minutuko iraupenarekin eta ikuspegi desberdin batetik aurkeztuta: Etxe Zuria, Alaskan dagoen postu militar bat, eta aginte gune estrategiko bat. Ikuspegi horiek krisialdia modu desberdinetatik esperimentatzeko, aukera ematen dute, murgiltze sakona ahalbidetzen du eta suspensea etengabe handitu.
Muntaketa azkarrak eta plano itxien erabilerak berehalakotasun-sentsazioa areagotzen dute; argiztapen leunak eta soinu-diseinu minimalistak, berriz, filmaren tonu ilun eta errealista indartzen dute.
20- ‘Vermiglio’

Lehen fotogramatik bertatik harrigarria da filmak askatzen duen sakontasun emozionala eta pertsonaien benetakotasuna, baita Maura Delperok ingurune alpinoaren edertasuna eta isolamendua jasotzeko duen gaitasuna ere. 1944an, Alpeetako Vermiglio herri urrunean girotzen da istorioa, eta Graziadei familia du ardatz. Pietro desertore siziliarraren etorrerak eta honek Cesareren alaba zaharrenarekin, Luciarekin, duen harremanak familiaren dinamika astintzen duten hainbat gertaera eragiten dituzte, eta komunitatearen azpiko tentsioak agerian utzi.
Ia mugimendurik ez duen kamerak Italiako Alpeen edertasuna eta bakardadea harrapatzen ditu, eta narrazioak, presarik gabe baina etenik gabe, aurrera egiten du protagonista ugariren egunerokotasunaren bidez. Istorioa antzezten duten aktore profesionalen eta herritarren arteko nahasketak benetakotasun berezia eransten dio filmari; haien naturaltasunak errealismoaren sentsazioa areagotzen du.
19- ‘Kneecap’

Izenburuari erreferentzia egiten dion Kneecap Ipar Irlandako hip-hop hirukotea da; Mo Chara, Moglai Bap eta DJ Provai izen artistikoak dituzte. Rich Peppiatt zinemagileak zuzendutako komedia dramatiko horrek Belfasteko hirukote musikalaren ibilbidea azaltzen du. Taldea, ikuspegi probokatzailea erabiliz, Irlandako jatorrizko hizkuntzaren defentsa sutsua egiteagatik da ezaguna.
Pelikularen ezaugarri nagusiak tonu lotsagabea, erritmo bizia eta protagonisten izaerarekin bat doan estilo bisual kementsua dira. Argumentuak umore garratza eta gazteen kulturako elementuak nahasten ditu, drogen, musikaren eta Ipar Irlandako hizkuntza gatazkaren erreferentziak barne. Gai politiko eta kulturalak jorratzen dira, baina ikuspegi satirikoa erabiliz. Bere tonu lotsagabeaz harago, filmak gai sakonak jorratzen ditu, hala nola hizkuntza gutxituaren zaintza, identitate kulturala eta zapalkuntza politikoaren aurreko erresistentzia. Kneecap film itxura duen askatasun oihu moduko bat dela esango nuke, irlandar nortasun kulturalaren aldeko ospakizun bat. Lan ausarta eta probokatzailea da, komedia eta kritika soziala orekatzen dituena, baina bere funts errebeldea galdu gabe.
18- ‘Sing Sing’

Sing Sing izeneko espetxean girotzen den filma; mundu mailan segurtasun goreneko espetxe ezagunenetakoa da eta bereziki Estatu Batuetako kultura herrikoian espetxe baldintza latzak eta segurtasun neurri zorrotzak izateagatik ospetsua da. Narrazioaren erdigunean bertako preso talde bat kokatuko da: arte dramatikoen tailer batean parte hartzen dute eta beren antzezlan propioa egitea erabakiko dute. Antzerkiaren bidez, gizon horiek munduaz duten ikuspegia eraldatzea lortzen dute, eta borrokatzeko arrazoi bat aurkitu. Artearen –kasu honetan antzerkiaren– botere askatzailea eta sendatzailea agerian uzten duen filma da. Adierazpen artistiko horren bidez, besteekin konektatzeko modu berri bat aurkituko dute. Lantegi barruan ematen duten pauso bakoitzarekin, arteak bizitzak eraldatzeko eta ezkutuko emozioak askatzeko ahalmena duela deskubrituko dute. Presondegiko errealitate latzaren aurrean ihesbide modukoa bihurtuko da
17- ‘Flow’
Munduak hondamendi moduko bat jasan du eta uraren maila gero eta gehiago ari da igotzen. Testuinguru horretan, ahal duen bezala bizirauten duen katu beltz txiki bat ageri da. Bera izango da film letoniar eder horren protagonista, baita bidean topatuko dituen beste animalia batzuk ere; gizakiak desagertu egin dira.
Flow filmak, elkarrizketarik gabe eta narratiba bisual txundigarria erabiliz, biziraupen eta autoaurkikuntza bidaia batean murgilduko du ikuslea; hitzik gabe kontatutako istorioak indarrez transmititzen ditu emozio eta mezu unibertsalak. Musika, soinu-efektuak eta, batez ere, irudiak dira narratibaren bide nagusiak.
Animazio inguratzailea eta giro onirikoa ditu filmak, eta bakardadeari, bizikidetzari eta erresilientziari buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu. Espezieen arteko bizikidetzaz, elkartasunaz edota egokitzapenaz dihardu. Odisea bisual eta emozional zoragarria osatu du Gints Zilbalodis-ek.
16- ‘Maspalomas’

Maspalomas inguruan bertan gertatzen den epilogo luze, apurtzaile, ikusgarri, esplizitu, koloretsu eta harrigarri batek irekitzen du filma. Bisualki txundigarria da; 35mm-tan grabaturiko irudiek ehundura eta kontraste itzela jariatzen dute. Bertan ezagutuko dugu Vicente (Jose Ramon Sorioz) protagonista; 76 urteko gizonezko homosexuala da eta gustuko bizimodua darama Maspalomasen. Ikuspegi ia antropologikoz, Javi Agirrek maisuki ehizatzen du kamerarekin Vicentek arnasten eta bizitzen duen guztia.
Filmaren izenburua letra horiz pantailan agertzen denean, pelikularen alderdi bisualak eta narratiboak haustura basati bat jasango dute. Ekintza nagusiak, protagonistaren buruko isuri baten ondorioz Donostiako zahar-egoitza batean sartzen dutenean hasiko dira; bertan bere orientazio sexuala ezkutatzea erabakiko du. Soroizek egiten duen lana ikaragarria da; aho bete hortz utzi nau.
Orduan pelikula erabat aldatuko da, eta festa koloretsu, aske eta bizi horietatik, kolore gris, ilun eta tristeetara igaroko gara; protagonistaren bizitza berriaren eta bere aldartearekin guztiz bat datorren haustura da. Hala ere, zahar egoitza horren irudikapena eta pertsonaien lanketa sentsazionalismo eta topiko guztietatik oso urrun daude.
Hortik aurrera, Maspalomas konfinamendu psikologikoen, fisikoen eta identitate ezabatuen inguruko hausnarketa sotila bihurtzen da. Arregik eta Goenagak, hasieratik ikuspuntu bakarraren aldeko hautua egin dute: une oro protagonistaren ikuspuntutik azaldua dago guztia.
Urtez urte, pelikulaz pelikula, sortzaile euskaldun hauek beren burua eta lana hobetzen joan dira. Geroz eta zailagoa da euren filmografiako film onena zein den aukeratzea, baina zalantzarik ez dago Maspalomas biribilen artean dagoela.
15- ‘Sinners’

Gangsterrak, banpiroak eta bluesa: horiexek dira Sinners filmaren hiru osagai nagusiak. Frankizien mundua atzean utzita, Ryan Coogler zinemagileak aurtengo ustekaberik handienetako bat ekarri digu —agian film honetatik gutxi espero zelako—.
930eko hamarkadan girotuta dago filma. Beren bizitza problematikoa atzean utzi nahian, bi anaia biki (Michael B. Jordan) jaioterrira itzuliko dira, Mississippira, zerotik hasteko asmoz. Blues musikako emanaldiak eskaintzen dituen gaueko klub bat irekitzea dute helburu, baina berehala mehatxu bati aurre egin beharko diote. Kontakizuna sinbolismoz eta gizarte kritikaz betetako narratiban murgilduko da ordutik aurrera.
Filmak banpiroen mitoa metafora gisa erabiltzen du kultura jabetzeaz, arrazakeriaz, tradizioaz, sinesmenez eta bereziki pertsonaiek musikarekiko duten funtsezko loturaz mintzatzeko. Gai horiei indarra emateko Cooglerek maisuki uztartzen ditu hegoaldeko drama historikoa, folk horror-a, musikala eta bestelako generoak.
14- ‘Blue Moon’

Richard Linklater-en lan berriak, Blue Moon-ek, Lorenz Hart kanta-idazlearen azken urteetan murgiltzen gaitu, AEBetako antzerki musikaleko figura distiratsu, baina tragikoa. Hart eta Richard Rodgers musikagilea bi hamarkada luzez aritu ziren elkarlanean, eta antzerki musikalaren historian arrastoa utzi zuen bikotea osatu zuten. Baina, egun batean, elkarlana eten egin zen: Harten osasun-arazoek eta adikzioek guztia zaildu zuten.
Blue Moon filma Oklahoma! musikal arrakastatsuaren —Hartek ez zuen parte hartu— estreinaldiaren ondorengo orduetan girotzen da. Istorioa ia denbora errealean kontatua dago, eta New Yorkeko Sardi’s tabernan gertatzen da ia osorik. Bertan, Hartek bere autoestimu hautsiari aurre egin beharko dio: bertan dauden guztiekin solasean arituko da, eta ikuslea hizketaldi eta hausnarketa guztien lekuko bihurtuko da. Gau horretan, Hartek nolabaiteko belarrondoko emozionala jasango du: munduak, lehen gurtzen zuenak, jada hura gabe jarraitu duela sentitzen baitu.
Ethan Hawke da, funtsean, filmaren arima. Ironiaren, umorearen eta minaren arteko nahasketa fin batekin bizitzen du pertsonaia; lan harrigarria egiten du. Ikuslea guztiz sartzen da Harten munduan.
13- ‘Black Dog’

Txinako iparraldeko Gobi basamortuaren inguruan, Lang izeneko preso ohia bere hirira itzuli da. Hiria guztiz hondatuta dago, apenas geratzen den jenderik bertan, eta milaka kale-txakurrek inbaditu dute guztia. Horien guztien artean, bada txakur beltz bat —ustez amorrua duena—, eta hura harrapatzen duenari sari mamitsua eskainiko zaio. Langek, ordea, txakurra babestu eta harekin ihes egingo du. Bien arteko lotura da filmaren bihotza, eta lotura horretatik abiatuz, une ilunenetan ere konpainia eta indarra aurkitu daitezkeela erakusten digu filmak. Eddie Peng aktoreak jokatzen du protagonistaren rola; isila, lehorra eta hitzik gabeko pertsonaia da, baina begirada bakoitzak milaka hitz gordetzen ditu.
Basamortuaren erdian hautsez betetako herri horretan, istorioa 2008ko Pekingo Olinpiar Jokoak baino lehentxeago girotua dago, eta eguzki eklipse baten ondoren. Bi gertakari horiek narrazioaren ardatz dira, elkarren kontrako sinbolo gisa dantzan. Filmak hiri bat nola desegiten den erakusten du, eta abandonatutako txakurrek hondatutako paisaia nola menperatzen duten. Istorioa errealismo soilean oinarritzen da, baina badu kutsu distopiko bat ere, elementu fantastikorik gabea.
12- ‘Bring Her Back’

Talk to Me (2022) filmaren ostean, Philippou anaiak zinta are ilunago eta emozionalki suntsitzaileagoarekin itzuli dira. Filma dueluaren zokorik ilunenetan kokatzen da, elkartzen diren hiru pertsonaia aurkezteko: Piper eta Andy neba-arrebak alde batetik, eta hildako alaba bueltan ekartzeko edozer egiteko prest dagoen emakumea bestetik.
Galerak ilundutako familia-drama gisa hasten da filma, baina berehala beldurrezko kontakizun bortitza eta aztoragarria bihurtzen da, atmosfera itogarri batean barrena. Hasierako isiluneak eta zauri emozionalak, laster, irudi gordin eta aztoragarri bihurtzen dira. Sortzaileek estilo bisual sendoa erabili dute: enkoadraketa itxiak, argiztapen zapaltzailea eta soinuaren erabilera kezkagarria.
Beldur psikologiko garaikidearen iturrietatik edaten du filmak: Midsommar-en sinbolismo iluna, The Wailing-en heriotzaren tratamendu erritualista, eta baita Antichrist-en oihartzunak ere. Hala ere, erreferentziak erreferentzia, Philippou anaiek euren filmari identitate propioa ematea lortu dute, gorputza izugarrikeria fisiko eta sinbolikoaren lurralde bihurturik.
Kohesio narratiboan gorabeherak izan arren, eta hari-mutur batzuk solte geratu, filmak eragin sentsorial eta emozional oso indartsua du. Barrenak nahasi eta astintzen dituen beldurrezko zinema gustuko dutenentzat, 2025eko ezinbesteko izenburua da.
11- ‘The Voice of Hind Rajab’

Istorioak benetako gertaera latz bat kontatzen du. Gazan bizi den izua eta beldurra sei urteko neskato baten larrialdi-deiaren bidez erakusten dira. 2024ko urtarrilaren 29a, Gaza. Ilargi Erdi Gorriko boluntarioek larrialdi-dei bat jasotzen dute: Hind Rajab izeneko sei urteko neska bat auto batean harrapatuta dago erreskatatua izateko erregutzen. Gertaera guztia larrialdi-zerbitzuko langileen ikuspegitik azaltzen da. Telefonoaren bestalde entzuten den audioa, neskatoarena, benetakoa da. Telefonoaren alde batean errealitate fikzionatua; bestean, errealitate gordina.
Espazio hori tentsio ikaragarri baten eszenatoki bihurtzen da: itxaronaldiak, protokoloak, atzerapenak eta beldurra etengabe erretratatzen dira. Ilargi Erdi Gorriko langileak aktoreek hezurmamitzen dituzte, eta lan oso sinesgarria eta sakona egiten dute, erraietakoa.
Era berean, filmak agerian uzten du protokoloak, arau militarrak, distantziak eta baimenak armak bezain oztopo hilgarriak bihur daitezkeela eta bizitza salbatzeko ahaleginak sarritan eragozten dituztela.
Baliteke ikuspuntu zinematografiko hutsetik aztertuz gero, filma perfektua ez izatea, baina azaltzen duena hain da mingarria, eta hain beharrezkoa, ezen, egiazki, nahiko zentzugabea den alderdi formalak aztertzea.
Zoritxarrez, Hind Rajab asko daude oraindik; berea, bizitzeko eta amets egiteko eskubidea duen Palestinako herriaren ahots lazgarria da.
10- ‘Sentimental Value’

Joachim Trierrek metanarrazioa erabiltzen du Nora-ren (Renate Reinsve) istorioa kontatzeko; ama galdu ondoren, Gustav aitarekin, gainbeheran dagoen zuzendaria, dituen gatazkak kudeatu behar dituen aktorea da. Gustavek bere harremana eta ibilbidea sendotu nahian, hurrengo filmeko protagonista izatea eskainiko dio, baina Norak ezezkoa emango dio.
Renate Reinsvek antzezpen lan neurritsua eta sakona eskaintzen du, bere pertsonaiaren barne-borroka modu fin eta sinesgarrian harrapatuz- Stellan Skarsgård-ek, Gustav-en azalean, harrokeria eta zaurgarritasuna modu naturalean nahasten ditu, artearen bidez erredentzioa bilatzen duen gizon konplexua irudikatuz.
Kontakizuna, batez ere, familiaren etxean garatzen da, non horma eta gela bakoitzak oroitzapen zaharrak eta zauri emozional ez-osasuntsuak gordetzen dituen. Etxea, bere presentzian eta isiltasunean, protagonisten emozioak eta barne-gatazkak islatzen dituen beste pertsonaia bihurtzen da, eta istorioaren korapiloak modu bisual eta sentikorrean nabarmentzen laguntzen du.
Filmaren tonua neurritsua eta oso sotila da; elkarrizketak zainduak eta zehatz-mehatz landuak daude, eta pertsonaien zauriak eta minak ez dira hitzetan agertzen, isiltasunetan baizik. Eszenaratzea milimetroraino zaindua dago, argi, kolore eta espazioaren erabilerarekin.
Baina perfekzio horren barruan jaiotzen da filmaren alderdirik ahulena: emozionala. Ez pertsonaiek bizitako eta sufritutako minak, baizik eta ikuslearen bihotzera heltzen ez direnak. Guztia oso hotz, oso urrun, sentitzen da.
Gorabeherak hor daude, baina Sentimental Value oso lan interesgarria da, familia-harremanei, ondare artistikoari eta erredentzio bilaketari buruzko hausnarketa delikatua eta iradokitzailea eskaintzen duelako.
9- ‘Ainda estou aquí’

Brasilgo diktadura militarrari buruzko pelikula bat baino askoz gehiago da; oinaze isilaren, erresistentziaren eta familia-memorien erretratu intimoa da. Marcelo Rubens Paivaren memorietan oinarrituta dagoen film itzela sortu du Walter Salles zinegile brasildarrak. Narrazioak idazlearen gurasoengan jarriko du fokua: Rubens eta Eunice Paiva. Brasil, 1971, Brasilgo erregimen militarrak Rubens Paiva ezkerreko diputatua atxilotu ondoren, Eunice Paivak -emazteak- borroka politikoan sartu behar izan zuen.
Amaren ikuspegitik, minaren eta erresistentziaren gaiari sentikortasun sakonarekin heltzen dio zinegileak; sufrimendua modu esplizituan erakustea saihesten duen arren, inpaktu emozional oso boteretsua da. Diktadura etengabeko presentzia bezala sentitzen da, nahiz eta oso gutxitan agertzen den esplizituki. Benetako izua isiluneetan azaltzen da, absentzietan, errepresioak utzitako hutsunean. Sallesek narratiba intimoaren aldeko hautua egiten du, sentsazionalismoa guztiz saihestuz.
Fernanda Torresen interpretazioa da, zalantzarik gabe, filmaren zutabe nagusietako bat. Mina, erresilientzia eta justiziaren alde etengabe borrokatzen den amaren determinazioa transmititzeko duen gaitasuna harrigarria da.
8- ‘Un simple accident’
Filmak izenburuari erreferentzia egiten dion istripu “sinple” batekin hasten du bidea: familia batek istripu txiki bat izan du, autoa matxuratu zaie eta kanpoaldeko tailer mekaniko batera jotzera behartuta daude. Han, mekanikariak uste du gidaria ezagutzen duela: iraganeko figura ilun eta mingarri bat, tortura eta espetxealdiaren oroitzapenekin lotua.
Une horretatik aurrera, kontakizunak road-movie moral baten forma hartzen du; bidaiak ez du soilik errepidea zeharkatzen, baizik eta mendekuaren nahia, oroitzapen garratzak, susmoa, trauma kolektiboa, errepresioaren aztarnak eta memoriaren zama azaleratzen ditu, bai fisikoki, bai psikologikoki.
Panahik genero desberdinekin jolas egiten du hasieratik bertatik: drama sozialaren oinarriak ageri dira, baina thrillerraren tentsioa ere sumatzen da tarteka. Hala ere, deigarriena erabilitako umorea da: umore beltzaren, absurdotasunaren eta ironiaren zipriztinak txertatzen ditu une erabakigarrietan.
Ñabardura horien bidez, gidoiaren erdigunean Irango erregimenaren aurkako salaketa argia agertzen da: torturatzaileak, preso politiko ohiak, espetxea eta horiekin lotutako oroitzapen mingarriak. Filmak erakusten du indarkeria instituzionalak zauri sakonak, fisikoak eta psikikoak uzten dituela. Era berean, agerian uzten du gizartea nola bizi den beldurraren eta isiltasunaren artean.
7- ‘The President's Cake’

Komedia eta drama nahasten ditu, naturalismoaren zuztarretatik abiatu eta fabularen lurraldean barna ibiltzen da. Sinpletasunaren mozorroa darabil, baina azaldu nahi duena sinplea izatetik urrun dago. Zenbait unetan Kiarostamiren oihartzunak -distantziak salbu- entzuten dira.
Lamia izeneko bederatzi urteko neska baten begiradatik kontatuta dago eta Saddam Husseinen urtebetetze egunaren aurreko bi egunetan girotzen da, 1990eko Iraken. Merkatuetan apenas aurki daiteke janaririk, eta gosea nagusi da herrialde osoan. Eskolan antolatutako zozketa batean, Lamiari tarta bat eramatea egokitzen zaio, baina ez du ez osagairik, ezta dirurik ere. Hala ere, tarta derrigorrez eraman behar du, bestela ondorio latzei aurre egin beharko die.
Narrazioaren ardatza osagaien bilketa izango da; baina bilaketa hori, funtsean, aitzakia besterik ez da herriaren miseriak agerian uzteko. Lamiak biziko dituen gorabeherak eta oztopoek markatuko dute kontakizunaren erritmoa eta tonu aldakorra. Kamera Lamiaren ikuspuntuan kokatuko da hasieratik eta ikuslea, kale estuetan, errepide hautsietan eta teilatuetan barna, haren bidelagun bihurtzen da. Gazteak era askotako gertaerak bizitzen dituen bitartean -tartean Saeed izeneko beste haur bat ere batuko zaio- herrialdearen egoeraren lekuko bihurtzen gara.
6- ‘Sirat’

Biziki zaila da hain sentsoriala eta fisikoa den obra bati buruzko kritika idazterakoan hitz egokiak aurkitzea. Sirât filma dardarka uzten duen esperientzia da; usaindu, sentitu eta ukitu daitekeen proposamen bat.
Gizon batek eta bere semeak Marokoko mendietan galdutako rave batera iritsiko dira, desagertutako alaba eta arrebaren bila. Etsiak jota, ravero talde bat jarraitzea erabakiko dute, basamortuan ospatuko den azken festa baten bila, desagertutako neska bertan aurkitzea espero baitute.
Filmaren egitura bi atal nabarmenetan banatuta dago. Lehenengoa magistrala da: pultsu sendoz aurkezten ditu pertsonaiak, gatazka modu organiko eta sotilean ezartzen du, eta giro itogarri bezain iradokitzailean murgiltzen gaitu. Eta orduan, filma erdibitzen duen zerbait gertatzen da. Hortik aurrera hasten da bigarrena: bisualki bortitza, narratiboki liluragarria, basamortuaren basakeriaz elikatua. Baina hor zalantzak agertzen hasten dira; zati hau gehiegi luzatzen da eta une batzuetan efektistegia da.
Argazki-zuzendaritzaren eta soinu-diseinuaren arteko dantza hipnotikoa da. Super 16 mm-ko irudiek paisaiaren idortasuna eta emozio sakonak poetikoki harrapatu dituzte. Soinuaren eta musikaren erabilerak, berriz, hitzak isilarazten ditu: bibrazioz eta zarataz eraikitako mundu harrigarria sortu dute.
5- ‘O Agente Secreto’

Kleber Mendonça Filho zinegilearen obraren berri duenak badaki inoiz ez duela ohiko filmik aurkituko; nortasun propioz eta ausardiaz egindako proposamenak ehuntzen ditu. O Agente Secreto filmean, 1977an, Brasilgo diktadura militarraren itzalpean girotutako thriller politiko bat aurkezten digu, sakonera historiko eta emozional handiarekin.
Filmak Marceloren istorioa kontatzen du, Wagner Mourak antzeztuta. Marcelo São Paulotik Recifera itzultzen da, inauterietan betean, bere semearekin berriro topo egiteko eta iragan konplexu batetik ihes egiteko asmoz; laster konturatzen da gertutik jarraitzen diotela. Hiria ezinbesteko eszenatoki bihurtzen da, itxurazko askatasunaren eta estatuaren kontrolaren arteko tentsioa azpimarratuz.
Zenbait eszena ironiaz beteta agertzen dira, egoeraren zentzugabekeria kezkagarri zein komiko bihurtuz. Eguneroko uneak groteskoak edo esajeratuak bilakatzen dira, diktaduraren eta paranoia sozialaren irrazionaltasuna azpimarratuz. Inauteriaren eta tentsio politikoaren arteko kontrasteak, gainera, umore beltz moduko bat sortzen du; ez da tentsioa arintzen duen umorea, kritika eta atmosfera zapaltzailea indartzen dituena baizik.
Estetikoki, filma bere atmosfera zapaltzaile eta sentsorialagatik nabarmentzen da. 70eko hamarkadako Recife-ren berreraikuntza zorrotza eta xehea da, eta hiria, eszenatoki gisa, istorioaren tentsioa eta emozioak modu sakonean transmititzeko ezinbesteko elementua bihurtzen da.
Aktoreen lana, bereziki Wagner Mourarena, oso nabarmena da; Mourak emozio eta tentsio etengabearen nahasketa bikaina eskaintzen du.
Filma ez da espioi bati buruzko istorio soil bat; errepresiopean dagoen herrialde baten erretratua konplexu eta poetikoa da, non memoriaren, paranoiaren eta erresistentziaren arteko mugak lausotzen diren.
4- ‘Los domingos’

Blanca Soroak ikastetxe erlijioso batean ikasten ari den 17 urteko Ainara gorpuzten du. Gero eta lotura handiagoa sentitzen du Jainkoarekiko, eta halako batean etxean esaten du klausurako moja izan nahi duela. Albisteak ustekabean harrapatzen ditu bai Iñaki aita (Miguel Garces), bai, bereziki, Maite izeba (Patricia Lopez Arnaiz). Biak saiatzen dira erabaki horri aurre egiten: bata nolabaiteko onarpenetik, bestea, berriz, arrazoiaren bidez ilobari erantzunez. Aktore guztien lana bikaina da, baina bereziki Arnaizen interpretazioa nabarmentzen da.
Ruiz de Azuak intimitatez beteriko kontakizuna fintasun handiz filmatzen du. Elkarrizketek, isiltasunek eta begiradek, tentsio, maitasun eta frustrazio geruzak ezkutatzen dituzte. Ez dago ez oihurik eta ezta diskurtsorik ere: keinu txikien bidez esaten da dena. Kamerak pertsonaiei epaitu gabe begiratzen die, inbaditu gabe entzuten ditu eta manipulaziorik gabe argitzen du euren barrena.
Filmak ez du irizpen argirik ematen. Bokazioa ez du modu esplizituan, ez ontzat ez txartzat, aurkezten; ikuslea, erdibideko eremu deseroso, baina aberats batean kokatzen du. Ainararen erabakia ez da epaitzen, eta filmak ikuspuntu ugari eskaintzen ditu. Aniztasun horrek aukera paregabea ematen dio ikusleari bere jarrera eraikitzeko eta ikusten duena zalantzan jartzeko.
Lan boteretsua, sotila eta konplexua da. Ez da film “erraza”: ez du erantzun zuzenik edo lasterbiderik eskaintzen, baina, hain zuzen ere, horrek bihurtzen du esperientzia sendo eta baliotsua.
3- ‘Weapons’

Zach Creggerrek beldurra, umore beltza eta ausardia narratiboa maisuki uztartu ditu, eta ikuslea etengabeko zirrararen eta harriduraren ertzean mantentzen du hala.
Klase bateko ikasle guztiak —irakaslea eta ikasle bat izan ezik— gau berean eta ordu berean, goizeko 02:17an, desagertu egin dira. Gertaera lazgarri eta misteriotsu horrek komunitate txiki baten oinarriak astinduko ditu, eta herritarren artean zabalduko diren zurrumurru, beldur eta sentimenduen eraginez tentsioa gero eta handiagoa izango da.
Premisa horrekin, thriller klasiko bat izan zitekeen Weapons, baina Creggerrek bestelako bide bat hautatu du: ikuslea entretenigarri bezain aztoragarria den errusiar mendi narratibo batean sartzen du, non suspensea, satira soziala eta beldur psikologikoa eskutik doazen.
Zuzendariak pertsonaia ugariren ikuspegitik ehuntzen du gertatutakoaren ikerketa. Narrazioaren egitura korala eta zatitua da. Istorioak sei pertsonaia nagusiren inguruan orbitatzen du, bakoitzak bere obsesio, beldur eta erruak ekarriz. Puzzle narratiboak mekanismo zehatz baten modura funtzionatzen du: elementu guztiak konektatzen dira, nahiz eta batzuetan hari solte batzuk edo inora ez daramaten pistak agertzen diren. Gidoia apurtzailea eta ausarta da, baina baita tranpati samarra ere batzuetan, ikuslea nahita nahas dadin pentsatua.
Atmosfera itogarria, egitura narratibo ausarta eta beldur psikologikoaren eta umorearen maneiu fin eta zehatzez jositako harribitxi bat.
2- ‘Eddington’

Ari Aster-en lan berrian, Joaquin Phoenixek, Emma Stonek eta Pedro Pascalek sheriff asmatiko xelebre baten, emazte aztoratu baten eta alkate obsesibo baten papera egiten dute, hurrenez hurren.
Argumentua 2020an garatzen da, Mexiko Berriko fikziozko herri batean. Han, Joe Cross (Phoenix) sheriffaren eta Ted Garcia (Pascal) alkatearen arteko tentsioak erakusten dira, pandemiaren eta politikaren itzalak areagotutako tentsioetan harrapatuta. Eztabaida isilak laster su bihurtzen dira eta herri osoa zatitzen duen gatazka pizten da.
Asterrek COVID-19aren aroari ematen dion erantzun satirikoa, zorrotza, eta gupidagabea da. Garai hartako zauri kolektiboak azaleratzen ditu modu ziztatzaile eta beldurgarriki zehatz batean: musukoen erabilera, negazionismoa, arrazakeria, urruntze sozialerako neurriak, George Floyden hilketaren ondorengo bat-bateko adierazpenak eta halako gaiak jorratzen ditu. Marko politikoaren bidez polarizazioaren zentzugabekeria azaleratzen du, ideologiak pertsonen zauri sakonak esploratu edo manipulatzeko erabil daitezkeela erakutsiz.
Horretarako, eta garai hartako disonantzia kulturala birsortzeko asmoz, eszenaratzeak ukitu surrealistak eta sinbolikoak ditu. Filmak western modernoaren estetika hartzen du, baina thrillerraren eta komedia ilunaren kodeekin jolastuz.
Konspirazio digitalen, indarkeria sinbolikoaren eta giza hausturen irudikapen bortitz eta esajeratuaren bidez, Asterrek gure zatiketa sozial eta emozional propioaren aurrean jartzen gaitu, ispilu baten moduan, eta gure beldurrak eta zauriak agerian utzi.
1- ‘One Battle After Another’

Batzuetan, zinema garaikidearen mugak astintzen dituen obra bat jaiotzen da. Paul Thomas Andersonen lan berriena esaterako: akzioa satirarekin uztartu du, thrillerra komedia beltzarekin, eta drama familiarra salaketa politikoarekin. Azken urteotako filmik konplexu eta esanguratsuenetako bat sortu du: maisulan eztabaidaezina.
Iragana arakatu eta arreta Perfidian (Teyana Taylor) pertsonaian jarri ondoren, istorioa orainaldira mugitzen da, Bob Fergusoni (Leonardo DiCaprio) jarraiki. Ekintzaile ohia da eta bere iraganeko mamuen aurrean berriro jartzen da Lockjaw koronelaren itzulerarekin (Sean Penn). DiCapriok interpretazio neurritsua eta zaurgarria eskaintzen du, The Big Lebowski-ko “Dude” baten utzikeriarekin nahastuz. Sean Pennek azken urteotako gaizkilerik gogoangarrietako bat sortu du.
One Battle After Another ikuskizun bisual eta narratibo ikusgarria da. Andersonek enkoadraketaren eta erritmo narratiboaren nagusitasun magistrala erakusten du. Jonny Greenwooden musikak, disonantzia kezkagarriak eta lirismo xarmagarriko pasarteak tartekatuz, sakontasuna eta intentsitate berezia ematen dio kontakizunari.
Filmak faxismoaz, autoritarismoaz eta arrazismoaz hitz egiten du, baina ez modu lineal edo dimentsiobakarrean; Anderson-ek aitatasuna, memoria, belaunaldien arteko arrakala eta borroka soziala ere aipatzen ditu. Filma ez da pertsonaien arteko borroka soil baten kontakizuna; herrialde baten metafora gisa funtzionatzen du, bere ideal traizionatuen eta autoritarismoaren itzal etengabearen artean borrokan dabilen nazio baten irudia marraztuz.
Zuzendaritzak, argazkigintzak, musikak, muntaiak eta antzezpenak harmonia perfektuan lan egiten dute. Ziurrenik hilabeteak, agian urteak, igaro beharko dira tamaina bereko esperientzia zinematografiko bat berriz ikusteko.
