'Mozorrotruk' mozorroen azoka izango da Donostiako Tabakaleran

'Mozorrotruk' mozorroen azoka izango da Donostiako Tabakaleran Bigarren eskuko azoka honetan berrerabiltzeko mozorroak izango dira eta baita josteko tailerra ere. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mozorrotruk-mozorroen-azoka-asteburuan-donostiako-tabakaleran/@@download/image/20250227_Mozorrotruk 2025.2.JPG
2026/02/13

Testua: Maitane Legarreta

Bigarren eskuko azoka honetan berrerabiltzeko mozorroak izango dira eta baita josteko tailerra ere.
'Mozorrotruk' mozorroen azoka izango da Donostiako Tabakaleran

Tabakalerak, Emaus Gizarte Fundazioak eta Impact Hub Donostiak antolatzen dute Mozorrotruk ekimena, inauteri sortzaileagoak, inklusiboagoak eta ahalik eta ingurumen-inpaktu txikienekoak izateko asmoz. Bigarren edizioa da aurtengoa eta aurreko asteburuan hasi zutenari jarraipena emango diote gaur eta bihar.

Bertaratzen direnek proposamen original eta jasangarriak sortzeko bigarren eskuko azoka topatuko dute: mozorro osoak, jantzi solteak, osagarriak eta erretalak. Mozorroak jasotzeko gunea ere izango da, dohaintzak edo mozorro-trukeak egin nahi dituztenentzat.

Tabakalerako lehen soilairuan, Infopuntuaren aurrean izango da azoka. Gaur 17:30etik 19:30era izango da zabalik, eta bihar, berriz, 11:30etik 13:30era.

Gainera, josteko eta upcycling-a egiteko tailer irekia eta doakoa eskainiko dute, konponketak egin edo mozorroak eraldatu behar dituztenentzat. Josteko profesional bat izango da gidari, eta parte-hartzaileek josteko makinak, tresnak eta lan egiteko hainbat material izango dituzte erabilgarri. Ez da beharrezkoa izango izena ematea, eta ezta aldez aurretik josteari buruzko ezagutzarik izatea ere. Tailerra bihar izango da, 11:30etik 13:30era.

Mozorrotruk azoka amaitutakoan, saldu ez diren mozorroak Emaus Gizarte Fundazioaren dendetara eramango dituzte, eta han eskuragarri izango dira, berrerabiltzeko.