Dolua egiten ari denari esan behar ez zaiona
Hitzek eragin handia izan dezakete gugan, onerako zein txarrerako. Eta zer esanik ez, dolu prozesuan murgilduta bagaude. Sarritan, dolua egiten ari den pertsonaren inguruan gaudenok, entzun ohi ditugun ohiko esaldiak botatzen ditugu, sufritzen ari den pertsona horren esperientzia baliogabetzen duela konturatu gabe.
Esaldi horien bitartez, lagundu beharrean, presioa eta erruduntasun sentsazioa gehitzen diogu, eta mina sentitzea ez dela zuzena sentiarazten diogu. Baina mina sentitzea doluaren parte da eta ez da zuzendu beharreko ezer. Galera bat izandakoan, ohikoa da dolu prozesuan egotea eta bakoitzak bere erritmoan bizi du.
Kontua ez da bestea ondo egoteko esaldiak bilatzea, baizik eta haren ondoan egotea, min horretan bakarrik senti ez dadin.
Asmo onez esan arren, lagungarriak ez diren zenbait esaldiren berri eman du sarean Stephanie Raynor psikologoak. Hona hemen horietako zenbait:
- "Indartsua izan behar duzu".
Mina ezkutatzera behartzen dugu, nahiz eta berez sentitzen duguna sentitzea bera den osasuntsuena. - "Denborak dena sendatzen du".
Denborak berak, bere kabuz, ez du ezer sendatzen. Denbora horretan egiten dugunak lagunduko digu izatez. - "Pasatu da, orain aurrera egin behar duzu".
Galerari garrantzia kentzen dio eta prozesua ukatzen du. - "Guztia zerbaitegatik gertatzen da".
Mina dagoen tokian zergatia edo zentzua topatzea ez da behar duena. - "Ez negarrik egin. Berak ez zintuzke triste ikusi nahi".
Mina adieraztea debekatzen zaio dolua egiten ari denari eta gainera errudun sentiarazten zaio. - "Behintzat seme-alabak/familia/bikotekidea dituzu".
Inork ez du ordezkatzen galdutakoa. - "Denboratxo bat igaro da eta hobeto egon beharko zenuke".
Dolu prozesu bakoitza ezberdina da eta ez dago eperik. Bakoitzak bere erritmoak eta bizipenak ditu.
Hala adierazi du psikologo estatubatuarrak: "Dolu prozesuan ez dira ohiko esaldiak behar. Ondoan egotea, entzutea eta mina errespetatzea behar da". Benetan laguntzen duena pertsona horrek sentitzen duena balioestea, arretaz entzutea, ez alderatzea, eta bakoitzaren denbora eta prozesua errespetatzea da.
