2023ko 3 filmik onenak

2023ko 3 filmik onenak Pantaila handian 2023an ikusitako filmik nabarmenenak aukeratzerako ordua iritsi da. Telesailen zerrendan 50 aukeratu ditudan arren, filmen kasuan gehien gustatu zaizkidan hiruei protagonismo osoa eskaini nahi izan diet. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/2023ko-filmik-onenak/@@download/image/Sin título-1.jpg
2023/12/28

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Pantaila handian 2023an ikusitako filmik nabarmenenak aukeratzerako ordua iritsi da. Telesailen zerrendan 50 aukeratu ditudan arren, filmen kasuan gehien gustatu zaizkidan hiruei protagonismo osoa eskaini nahi izan diet.
2023ko 3 filmik onenak

20ko zerrenda nuen prest, baina pentsatu dut "behingoagatik bada ere, laburra izango naiz,  eta soilik hiru izenburutan zentratuko naiz". Ariketa oso zaila izan da, film apartak utzi baititut kanpoan baina tira, horrela egitea erabaki dut.

Sarritan galdetu izan didate zeren arabera erabakitzen dudan film bat ona den ala ez. Hiru irizpide nagusi izaten ditut kontuan: sormen alorra; argazkia, musika, gidoia, antzezpena…alegia sorkuntza teknikoarekin lotura duen guztia nola landu den. Alderdi intelektuala bigarren;  zabaldu nahi den mezua, diskurtsoa edo kritika zein den.  Eta azkenik emozionala, garrantzitsuena niretzat; zirrara, beldurra, dibertsioa edo dena delakoa eragiten didan ala ez. Azken honi hertsiki lotua pertsonaia motak, hauen garapena eta batez ere hauekiko enpatia sentitzen dudan ala ez.  Alegia pertsonaia horien sentimendu, pentsamendu eta esperientziak ulertu, partekatu eta ulertzen ditudan. 2023an, osagarri horiek guztiak  -edota behintzat horiek hobekien orekatu dituztenak-,  honako filmeetan topatu ditut.

 

 

3- ‘20.000 especies de abejas ‘

Estibaliz Urresola Solaguren

8 urteko Aitor/Coco/Lucia da filmeko protagonista. Inguruko guztiek Aitor esaten diote, baina berak ez du izen hori maite, ezta Coco deitzea ere, Lucia baizik. Krisi profesional eta sentimental batean murgilduta dagoen Amak (Ane/ Patricia López Arnaiz), hiru seme-alabekin batera, Ipar Euskal Herrian dagoen amonaren etxera (Itziar Lazkano) egun batzuk pasatzera joatea erabakitzen du. Izeba Lourdes (Ane Gabarain) ere bertan bizi da, erlezaina da  eta mendian duen baserri txiki batean bizi da.  Erleekin lotzearen ideia zoragarria iruditu zait. Hasteko filmaren mezu nagusiarekin zolitasunez lotzen duelako.  Erlauntzak eta haien gizarte-funtzionamendua metafora ona direlako; 20.000 erle mota desberdin dauden modura, pertsona izateko, emakume izateko modu asko baitaude. Eta bestetik pertsonaiek zenbat geruza dituzten, nola lotuak dauden eta zein zehaztasunez osatuak dauden erakusten duelako. Lourdes (Ane Gabarain) erlezaina da, Ane (Patricia López Arnaiz) eskultorea da eta erlauntzetatik ateratzen du eskulturak egiteko argizaria.  Luciak duen genero-disforia, bere gorputzari buruz duen pertzepzioagatik eta biluztasunari dion beldurragatik, agerian geratzen da hasieratik.   Dilema horrekin batera, Anek ordu luzez egiten du lan aitaren argizari-tailerrean; horretarako, suaren beroaren gainean urtzen diren gorputz-adarrak, enborrak zein aurpegiak manipulatzen ditu, nahi bezala moldatzen ditu gorputzak.  Luciaren gorputz-pertzepzioaren eta argizariaren xaflakortasunaren arteko analogia bikaina da; Luciak itxura fisikoa hain modu erraz, natural eta berehalakoan aldatzea nahiko lukeelako. 

Emakumeei buruzko istorioa den arren  eta hauek duten rolei buruzkoa, Ama eta alabak osatzen dute filmaren bizkarrezurra. Sofia Otero (Alaba) eta Patricia Lopez Arnaiz (Ane) ahozabalik uzteko moduko antzezpen lana egiten dute eta pertsonaiek behar dituzten ñabarduraz hornitzen dituzte. Krisi sentimental eta profesionalean murgildutako ama alde batean, eta bere identitatearen bila dabilen alaba batena bestean.  Ispilu joko polita osatu du Urresolak bi pertsonaia hauekin;  Luciak zenbat eta askatasun handiagoa lortu, eta sentimenduak adierazteko erraztasun gehiago topatu, alderantzizko prozesua topatzen dugu Aneren pertsonaian:  estresak, denbora faltak edota egunerokotasunaren arazoek sortzen duten inertzia ezkor horren erruz, gero eta gehiago urruntzen baita bere buruarengandik. Formalki ere nabari da intentzio hori.  Luciari kamerarekin egiten zaion jarraipena adibidez, pertsonaiarengandik oso hurbilago dago beti, eta helduen mundua nahiko at geratzen da beti; amarekin, berriz, alderantziz gertatzen da. Filmean agertzen diren gizonezko pertsonaiak ere, Gorka senarraren pertsonaia salbu, planotik eta fokutik kanpo geratzen dira gehienetan.

Hizkuntzaren erabilera ere aipatu nahiko nuke. Hasiera batean,  pertsonaien hizkuntza hautua arraroa iruditu zitzaidan arren -Ipar Euskal Herrian bizi den Hegoaldeko familia euskalduna dira, eta ia denak euskaraz dakite; zergatik hitz egiten dute gaztelaniaz beraien artean?- baina minutuek aurrera egin ahala beste erabilera interesgarri bat antzeman dut. Gaztelania, euskara eta frantsesa entzuten dira filmean, baina euskara noiz eta nola erabili den azpimarratu nahiko nuke.   Euskara, protagonistari, genero markik gabe adierazteko eta hitz egiteko baliagarria zaion tresna baita. Adibidez, “ Ella es muy guapa” gazteleraz aipatzen da filmean;  hor genero marka femeninoa nabarmen antzeman daiteke. Euskaraz  aldiz “ Bera oso ederra da”, genero-markaren arrastorik ez. Oso ondo irudikatzen da hori Lourdes-ekin duen (Ane Gabarain) erlazioa aztertzen badugu.

Filma zoragarria iruditu zait, baina ez zait guztiz biribila iruditu. Filmaren diskurtsoa indartzeko elkarrizketa ugari dauden arren -gehienak bikainak noski-, indargunerik handienak nire ustez isiltasunak iristen direnean antzematen direlako, gutxien hitz egiten denean alegia. Zentzu horretan filmaren amaierako zatia iruditu zait indartsuena, batzuetan esplikatiboegiak iruditu zaizkidan hizketaldiak albo batera uzten direnean eta  keinuei, isiltasunei, begiradei tartea eskaintzen zaienean, irudiari azken finean.  Adibidez: Protagonista bere lagun berriarekin jolasten ari da erreka bazterrean, eta  bere burua neska gisa aurkezten du. Bainujantziak trukatzen dituzte, arropa hori “neskarena” ala “mutilarena” den epaitu gabe,  galderarik edota aurpegi arrarorik gabe. Genitalak ez dira arazoa, ezta arropa ere.  Une horretan kamerak plano orokor eta finko batetik bi pertsonaiak atzetik enkoadratzen ditu. Isiltasunean, biak maila berean. Une horrek sekulako indarra du, eta ez da apenas hitzik behar izan horretarako.

"Izena duen guztia bada" dio Irati filmaren leloak, '20.000 especies de abejas ' filmean "izenik ez duena ez da existitzen" aipatzen dio izebak Luciari. Polita lotura ezta? “Baina gauez amets egiten dut. Bihar goizean mundua hobea izango dela”. Lourdes iriondo-ren Gaua abestiak itxiera ezin hobea ematen dio Esti Urresolaren harribitxi sotil delikatu eta zoragarri honi.

2 – ‘The Zone of Interest’

Jonathan Glazer

Ez da kasualitatea lehen postuetan aukeratu ditudan lehen bi filmetan Sandra Hüller-en izena agertzea. Toni Erdmann zoragarrian erakutsi zuen antzezteko duen talentua eta 2023a sekulako urtea izan da beretzat.  Jonathan Glazer zuzendaria aurretik ezagutzen genuenok -Under the Skin ikaragarria iruditzen zait-  bagenekien The Zone of Interest ez zela ohiko film bat izango. Ez behintzat narratiboki edota formalki. 1940 eta 1945 urte bitarte girotzen da eta familia baten egunerokoa erakusten digu. Lanera doazen unea, etxeko lorategian daudenean, lakuan bainatzen, gosaltzen… Ohikoa eta arrunta, baina garrantzitsuena aipatzea falta zait: aita Rudolf Höss komandantea nazia da, eta familia hori Auschwitz-eko kontzentrazio eta sarraski-esparruari itsatsia bizi da. Itsatsia diodanean literalki diot. Izan ere lorategiko harresietako bat adibidez, Auschwitzeko gunea bereizten duen horma da, edota etxeko atetik irten eta parean topatzen duten lehen gauza “Arbeit macht frei”  (lanak askeago egingo zaitu) kartel beldurgarria da.  Normaltasun beldurgarri horren baitan, familia horren egunerokoa erakusten du film honek. Osagarri horiek irakurri ostean ez pentsa Schindler's List edota The Pianist erako film bat ikusiko duzunik, inondik inora ere. Osagaiak beldurgarriak izanik ere, irudien bidez ez baita ezer erakusten. Kamera ez da inongo momentutan esparruaren barruan sartuko, ez dira irudi gordinak erakusten. Familia horren eguneroko soil eta aspergarrian zentratzen da Glazer.

Baina film honetan garrantzitsuena ez da ikusten dugun hori, justu kontrakoa baizik, eremutik kanpo dagoen guztiak hartzen du garrantzia, enkoadraketan ez dagoena. Planoen konposaketa eta egituraketa aztertuz gainera, ohartuko zara plano gehienak Big Brother erako bideozaintzako sistema batetik ateratakoak diruditela. Plano-aldaketak pertsonaien mugimenduaren ondorioz gertatzen dira, eta, bitartean, kamera panoramika oso geldoekin eta travellingekin mugitzen doa.  Familiaren egunerokotasuna perfekzio ia itogarriz filmatuta dago, eta irudien atzealdean dagoenarekin sekulako kontrastea sortzen du.  Izua eta beldurra soinuaren -lan aparta egin da alor honetan- edota geure irudimenaren bidez soilik iristen zaigu. Brutala iruditu zait.

1- ‘Anatomie d'une chute’

Justine Triet

Sandra, idazle alemaniarra, Samuel senarrarekin eta erdi-itsua den Daniel semearekin bizi da Alpe frantsesen erdian dagoen txalet batean. Egun batean Daniel txakurrarekin paseatzera irten eta itzultzen denean aita hilik topatzen du, etxeko atarian, justu balkoiaren azpian. Zer gertatu da? Istripua, suizidioa edo hilketa? Hasierako planteamendu horretatik abiatuta, Trietek hainbat ardatz lantzen ditu: hala nola bikotearen iraganeko pasarteak, aparatu burokratiko judizialaren ikerketa eta antolaketa eta auzitegietako prozesu luzea. Hasieran film sinplea dirudien arren, zuzendariak, geruzak gehitzen ditu etengabe eta gidoiaren eraikuntza bikaina iruditu zait. Drama-mota hauetan ohikoak izaten diren kodeak guztiz irauli ditu Trietek, lan aparta osatu du.  Filmaren ordu eta erdi inguru epaiketan oinarritzen den arren, eta gertatuko ezbehar hori tramaren ardatza izan, zuzendariak bikotearen anatomia milimetriko bat gauzatzeko erabiltzen duen aitzakia besterik ez da. Pelikularen helburua ez da gertatutakoaren egia bilatzea, eta misteriozko thriller bat egitea, bikote baten harreman eta sekretuak disekzionatzea baizik. Ikerketari edota polizia lanari ez zaio apenas tarterik ematen. Justiziaren hoztasunaren aurrean jartzeak dakarren oinaze moralari buruz ere hausnartzen du.  Sandra Hüllerre-ek egiten duen lana ere itzela da. Bere pertsonaiak, eta antzezpen-lanak oro har, dituen ñabardurak zoragarriak iruditu zaizkit.

Egia da, modu akademiko samarrean filmatua dagoela, zentzu horretan perfektua da, hamarrekoa;  baina egia da ,bestalde, perfekzio horrek, hoztasun sentsazio apur bat sorrarazten duela, eta tankera honetako filmak ikustea ohitua ez bazaude, une batzuetan narratiboki ikusteko zail samarra irudituko zaizula. Film bikaina da, sendoa, oso neurtua, azken zirrikituraino landua dagoena eta ñabardura asko dituen amaiera batera darama. Eta hor datza nire uste film honen handitasuna.  Urteko pelikula.