2022ko udazkenean izango da Euskaraldia

Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboaren hirugarren edizioa 2022ko udazkenean izango da, azaroaren 18tik abenduaren 2ra. Horretarako, laster jarriko dituzte martxan herrietako batzordeak eta era guztietako entitateak. Belarriprest eta ahobizi rolak hartu ahal izango dituzte herritarrek Euskaraldian, eta jarraipena emango zaie bigarren edizioan entitateetan martxan jarritako ariguneei, horiek finkatuz eta pandemiaren eraginez 2020an heldu ezin izan zen entitateetara zabalduz. Era berean, ohitura eta portaera berriak proposatuko dizkiete partaideei, "landu nahi dituzten hizkuntza-portaerak errazago eta jantziago burutzeko".
Hirugarren ediziorako leloa Euskaraldia: hitzez ekiteko garaia izango da. Harreman sozialak hilabeteetan mugatuta egon direnez, "hizkuntza ohituren aldaketan jauzi berri bat emateko hitza eta ekintza uztartzeko beharra" azpimarratu nahi izan dute leloaren bidez. "Kalea berreskuratzea beharrezkoa da euskararentzat eta euskaldunontzat. Azken urte eta erdi honetan gizarteak jasan duen kolpeari buelta eman behar diogu eta datorren urtean horretarako tresnak izango ditugu. Inoiz baino beharrezkoago da hitzez, ekinez, kalea irabaztea", adierazi du Arrate Illaro koordinatzaileak.
Iaz izandako bigarren edizioan, 179.780 pertsonak hartu zuten parte, %77k ahobizi rolean eta %23k belarriprest rolean. 2022a euskararentzat eta euskaltzaleontzat urte berezia izango da, beraz, udaberrian Korrikaren 22.edizioa izango baita eta udazkenean Euskaraldiaren hirugarrena.