22. Korrika: 2022ko udaberrian, Amurriotik Donostiara

22. Korrika: 2022ko udaberrian, Amurriotik Donostiara 2022ko martxoaren 31tik apirilaren 10era egingo dute Korrika 'Hitzekin' lelopean. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omenduko dituzte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/22-korrika-2022ko-udaberrian-amurriotik-donostiara/@@download/image/af2ef6a0e2c9c528b09655df79f3b312_XL.jpg
2021/11/18

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

2022ko martxoaren 31tik apirilaren 10era egingo dute Korrika 'Hitzekin' lelopean. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omenduko dituzte.

AEK-k antolatutako 22. Korrikak aurten zeharkatu behar zuen Euskal Herria euskararen aldeko aldarria eginez, baina osasun egoerak datorren urtera atzeratu behar izatea eragin zuen. Antolatzaileek jakinarazi dute, ordea, noiz itzuliko den Korrika: 2022ko martxoaren 31tik apirilaren 10era. Euskal Herri osoan barrena ibiliko da euskararen aldeko lasterketa erraldoia, Amurrio abiapuntu eta Donostia helmuga hartuta. 11 eguneko iraupena izango du, beraz, eta, ohiko moduan, Donostian izango den amaierako ekitaldian 2.500 kilometroz eskuz esku ibilitako lekuko barruko mezua irakurriko da .

Alizia Iribarren AEKren koordinatzaile nagusiaren hitzetan, "egun, oraindik, Korrikak jaiotzetik izan dituen bi helburuek oso bizirik diraute: euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea". Izan ere, pandemiak euskararen egoeran ere izan du eragina Iribarrenen ustez: "AEKn jakitun gara pandemiak errotik ezabatu duela euskara plazatik zein askoren bizitzatik eta, beraz, oso garrantzitsua iruditzen zaigu Korrikak dakarren euskararen aldeko uholdea berreskuratzea". Ekarpen ekonomikoa ere beharrezkoa dutela gogorarazi nahi izan du: "Administrazioari dagokionez, euskaltegiei bideratutako baliabideak oraindik ez dira nahikoa, eta ezinbestekoa da Euskal Herri osoak nahitaezkoa duen helduen euskalduntzea bizkortzea eta inbertsioak areagotzea". Hortaz, 22. Korrikak jasoko duen dirua Euskal Herri osoko bere euskaltegiei laguntzeko baliatuko du AEK-k.

Hogeita bigarren edizioaren leloa Hitzekin izango da, "euskara hitzetik ekintzetara eramateko unea delako". Hala nabarmendu du Aitziber Balantzategi AEKren Artezkaritza Kontseiluaren lehendakariak eta Korrika Batzordeko kideak: "Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Ekiteko ordua da: euskara hitzetik ekintzara eramateko unea". "Aldekotasunik konpromisora" jo behar dela adierazi du Balantzategik, "eta konpromisotik erakunde orok urrats sendoagoak egin ditzan eragitera, jendartearen nahiei eta beharrei erantzuteko". 

Pirritx, Porrotx eta Marimotots omenduak
Edizio honetako omenduak zein izango diren ere jakinarazi dute: Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak. "Beren 34 urteko ibilbidean adierazi duten konpromisoagatik eta ekinagatik, eta orainaldiari eta etorkizunari begira dauden eragileak direlako" aukeratu dituzte. Euskararen transmisioan egindako lana ere aintzat hartu nahi izan dute: "Azken batean, haiek transmisioa goitik behera (guraso-ume) eta behetik gora (ume-guraso) landu dute, eta zuzeneko eragina izan dute ume eta guraso askok euskararen hautua egin dezaten. Haiek, haien hitzekin, euskarari ekin zioten, eta eutsi egin diote". 

Laguntzeko hainbat modu
Korrikaren inguruko xehetasun gehiago plazaratuko dituzte datozen hilabeteotan, hala nola abestia, haren bideoklipa eta ibilbide osoa. Korrika Batzordeak ere jarriko dituzte martxan aurrerago, herriz herriko antolaketaz eta girotze ekintzez arduratzeko. Bien bitartean, ordea, bada 22.Korrikan aletxoa jartzeko modurik. Korrika laguntzailea izateko aukera dago eta, 12 euroren truke, hainbat sariren zozketan parte hartu eta deskontuak eskura daitezke. Horretaz gain, Korrikaren materiala ere jarri dute salgai online dendan, eta bertan hogeita bigarren edizioko petoa ere eros daiteke dagoeneko.