2022ko (orain arteko) telesailik onenak

2022ko (orain arteko) telesailik onenak 2022aren erdia igaro den honetan, geldialdi txiki bat egin nahiko nuke, pantaila txikian orain arte ikusitako onena apurka motxilan gorde eta lehen ondorioak xehatzen joateko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/2022ko-orain-arteko-telesailik-onenak/@@download/image/Sin título-1aa.jpg
2022/06/23
erreportajea

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

2022aren erdia igaro den honetan, geldialdi txiki bat egin nahiko nuke, pantaila txikian orain arte ikusitako onena apurka motxilan gorde eta lehen ondorioak xehatzen joateko.
2022ko (orain arteko) telesailik onenak

Lehenengo ondorio argia: Netflixen eduki-eskaintzak gainezka egiten duen arren, geroz eta zailagoa da bertan kalitate goreneko telesailak aurkitzea. Eskaintza interesgarriekin topo egiteko aukera askoz gehiago dibertsifikatu da gainerako plataformetan. Bigarren, Apple tv+-en kalitate gorakada nabarmena.

Honako zerrenda, 2022an estreinatu diren telesail berriekin osatu dut. Ez larritu beraz, Better Call Saul, Euphoria, The Boys edota Stranger Things bezalako izenburuak ikusten ez dituzulako. Horiek urte amaierako zerrendan sartuko ditut.

 

‘Outer Range’

AMAZON

Western generoko elementuak eta X-Files, Dark edota Fringe bezalako telesailen esentziak koktel-ontzi batean sartuko bagenitu, Outer Range-en tankerako zerbait aterako litzateke bertatik. Emaitza nahiko zoroa, baina uste nuena baina askoz ere entretenigarriagoa eta sendoagoa. Argumentua azaltzen saiatuko naiz, irakurtzen duzunean inozokeria zentzugabea irudituko zaizun arren;  Royal Abbott (Josh Brolin) da protagonistetako bat, bere abereak mantentzeko eta Abbottarren  familia arteko harremanak ez apurtzeko borrokan ari den Wyoming-eko rantxeroa, Tillerson familiarekin duten harreman korapilatsua guztia zailduko duen arren. Horraino telesail nahiko ohikoa dirudi, familien artean sortzen diren gatazkak jorratzerako orduan ere oso tradizionala dena. Dirudi esan dut, tartean zientzia fikziozko elementuak sartzen diren arte: Royal Abbott-ek bat-batean bere lurretan zulo erraldoi misteriotsu bat aurkituko du, ezerezetik agertu da eta espazio-denboraren atari moduko bat dirudi.  Premisa zoro horretatik, nortasun handiko telesaila sortu dutela iruditu zait, hasieratik sinetsi behar duzun horietakoa. Aurretik sumatu ezin diren gertaeraz betea, bitxia eta adiktiboa da. Telesailak errealitate konplexu eta bizarro samarra erakusten duen arren, ikusle jakin batzuentzat digeritzeko zaila izan daitekeena, transmititzen dituen sentsazio eta emozioak unibertsalak dira; bakardadea, larritasuna, maitasuna edota beldurra. Agian ez da zeure gustuko telesaila izango, baina urteko ausart eta berritzaileenetakoa denik ezin zaio ukatu; bere bertuteak ukaezinak direlako eta mahaigaineratzen duen misterioa hasieratik harrapatzen duelako.

 

'Showtrial'

Movistar

Ikasle bati, gertatu berri den hilketa bat leporatzen diote. Kasuak iritzi publikoa astintzen du. Ia guztia aurka duen bere abokatuak, neskaren errugabetasuna defendatzeko borrokatuko du. Akusaturiko gaztea, oso harroputza eta nahiko jasanezina izateaz gain, eragin handiko enpresaburu baten alaba da.  Nortasun leherkor horrek pisu handia izango du istorioan.

Behin istorioa zein de argituta miniserie honetan zer topatuko duzun labur azalduko dizut: Celine Buckens-en antzezpen lan bikaina buru dela, katigatzen duen istorio oso entretenigarria eta bizia. Kito, besterik ez. Ez dela nahikoa telesail bat nabarmentzeko? Tira, zergatik ez? Batzuek hori da bilatzen dutena eta honek oso ondo betetzen du funtzio hori.  Eszenaratzeari dagokionez aitortuko dizut ez dela beste munduko ezer, nahiko arrunta da zentzu horretan, eta bisualki ere ez da batere berritzailea. Pantailari itsatsia mantentzeko beste elementu indartsuak baditu ordea, telesail britainiar askok dutena: asko harrapatzen duen istorioa bizia, atal gutxitan hasi eta amaitzen dena, eta eztabaidarako gaiak plazaratzen dituena.  Ondo marraztutako telesaila da, ondo profilatutako pertsonaiekin, -estereotipatu samarrak diren arren - eta bere eginkizuna ezin hobeto betetzen duena: drama judizialaren elementuak dituen thriller oso entretenigarria da. Ikuslea krimenaren garapenean eta pertsonaien izaeran sakontzeko aukera eskaintzen duena, pertsonalki, moralki eta profesionalki. Ez du iruzurrik egiten telesail honek, saltzen duen hori eskaintzen duelako.

 

'Heartstopper'

Netflix

Uste dut telesail hau txalotu beharrekoa dela hain modu irekian, baikorrean eta normalizatuan, bi mutil nerabeen maitasun istorioa jorratzen duelako. Telesailaren asmoak argi eta garbi geratzen dira lehen ataletik, bi neraberen arteko harremana aztertzen duen kontakizun erromantikoa aurkituko baituzu hemen.  Naturaltasunez kontatzen du nerabezaro bete-betean dauden bi mutilen arteko maitemintze-prozesua. Eta egia esan, prozesu horretan sor daitezkeen gorabehera ia guztiak azaltzen dira; tximeletak sabelean, urduritasunak, ilusioa, etsipena, zerbait berria sentitzearen ziurgabetasuna, arbuiatua izateko beldurra... 30 minutuko 8 kapituluetan, telesailak badaki maitasunaren eta adiskidetasunaren etapa guztiak jorratzen, eta erritmo ezin hobean eramaten ditu gainera, oso orekatua eta aproposa dena, protagonistekin egingo dugun bidaia hori sinesgarria izan dadin.  Pertsonaia nagusi guztiak ezin hobeto eraikita daude eta hori da serie honen euskarririk sendoenetako bat. Besaulkira itsatsita mantentzeko ahalmen nahikoa duten atalak diren arren, benetako indarra aktoreen zein pertsonaien aukeraketan datza. Aktore guztiek antzezten dituzten pertsonaien funtsa eta esentzia dute, guztiz sinesgarriak dira. Deigarria egin zaidan beste euskarria jariatzen duen tonu baikor eta argitsua da, pertsonaien tragediak ez baitira agerian geratzen eta horiek ez dira beren nortasunak edo gatazkak garatzeko ezinbestekoak, Euphoria telesailean argi eta garbi gertatzen den bezala adibidez.

Nerabeen esperientziak bizitzen ari diren nerabeak besterik ez dira. Egia da hainbat eszenatan bullying-a ageri dela, edota LGTBIQ+ kolektibo orokorraren aurkako irainak, baina ez da traman benetako protagonismoa edo indarra duen zerbait. Serie osoa, eta muinean dauden azpitrama guztiak,  harreman osasuntsuen eta balioen inguruan eraikia dago, eta errealitate bat izan beharko lukeena irudikatzen dute: kolektibo horretako pertsonak pertsonak baino ez direla. Pertsonalki telesail ilunak gustuko ditut, alegia barne-gatazka zailak eta korapilatsuak dituzten pertsonaiez osaturikoak -aipatu dudan Euphoria esaterako-  baina zenbat eskertzen den noizean behin argitasun baikor bat leihotik sartzea eta haize freskoa arnastea.

 

‘The Responder’

Movistar

“Martin Freeman,  miniserie ingelesa eta drama poliziakoa”. Hori irakurtzea nahikoa izan dut proposamen honen erraietan bi aldiz pentsatu gabe murgiltzeko. Telesaila Tony Schumacher polizia ohi eta idazlearen benetako esperientzietan oinarrituta dago eta tramaren ekintza nagusia, protagonistaren aste beteko gaueko txandetan zentratzen da, gero eta tentsio handiagoz bizi duena. Horrek bizitza aldatuko dio, bai berari eta baita lankide berriari ere.  Barrutik birrinduta egon arren, legearen agente gisa duen erantzukizuna azkeneraino bete behar duen gizon baten bidaia iluna erakusten duen gidoi sinplea baina sendoa osatu du Schumacherrek, tartean, morala, maitasuna edota galera bezalako gai unibertsalak jorratzen dituen bitartean. Osasun mentala funtsezkoa da pertsonaiaren garapenean eta baita telesailean ere noski. Gainerako pertsonaia guztiek ezagutzen dute protagonista sufritzen  ari den oinazea, eta komisariako kideek osasun mentalari buruzko aurreiritzi klasikoak proiektatzen dituzte une oro. Batzuek adeitasunez tratatzen dute, beste batzuek aldiz mesfidantzaz. Ez da telesail biribila inondik inora ere, hasiera batean azaltzen diren gai sakon horiek apur bat azaletik jorratzen dituelako, baina eraginkorra da oso, entretenigarria, eta osasun mentalari eta moraltasunari buruzko hausnarketa esanguratsua eta urragarria.

 

‘Archive 81’

NETFLIX

Adi beldurzaleok: suspensea, fenomeno paranormalak eta thriller psikologikoa. Zer gehiago behar duzue? Zenbat gozatu dudan mundu propioa eraiki duen nortasun handiko beldurrezko proposamen honekin. Formatu honetan grabatua ez dagoen arren, Found footage (“aurkitutako metrajea” deritzona, The Blair Witch Project filmak modan jarri zuena) azpigeneroa eta honek eskaintzen dituen erremintak ezinhobeto zukutzen dituen telesaila iruditu zait, eta beldurrezko zinemaren topiko eta erreferentzia ugari maisuki artikulatzen dituena.  Enpresari boteretsu batek bideoak zaharberritzen aditua den Dan Turner protagonistari 90eko hamarkadan New Yorkeko Visser eraikinean izandako sute batetik erreskatatutako zintak zaharberritzeko eskatu dio. Horretarako basoan isolaturik dagoen eraikin batean lan egin beharko du, zinten egoera hain delikatua izanik, ezin direlako bertatik atera. Hortik aurrera, gidoiak berak, ezin hobeto aktibatzen ditu generoaren baliabideak, eta, horrekin batera, Dina Shihabi eta Mamoudou Athie protagonisten interpretazio nabarmenak. Gertakariaren berreraikuntzan sartu ahala, seriea gero eta klaustrofobiko eta nahasiago bihurtzen da. Une batean, ikusleak ez daki protagonista burua galtzen ari den, joko makabro batek menderatzen duen bere bizitza, edota ikusten ari den zinten bidez iraganera sarbidea duen.

‘Julia’

HBOMax

"Comfort TV" telesailak, onak ala txarrak izateaz harago, ondo, eroso, seguru, sentiarazten gaituztenak dira. Estreinaldiak albo batera utzi eta, errealitateaz deskonekatzeko, behin eta berriro ikusten dugun telesail atsegin hori. Hori da Julia telesailean topatuko duzuna: zeure toki zoriontsu berria. Ez da bizitza aldatuko dizun telesaila, baina bai uneoro irribarre batekin ikusiko duzuna.  Julia Child-en bizitza oinarritutako telesaila da, eta zehazki berak sortu zuen 'The French Chef' sukaldaritza saioan, aitzindaria izan zena.  Telesaila, geure burua berrasmatzeko ahalmenaren aldarrikapen zoragarria iruditu zait, dugun adinetik harago gure potentzialtasuna balioztatzeko beharrari buruzkoa eta gure berezitasunak gure bertute handienak izan daitezkeela ulertzekoarena. Nabarmentzekoa, nola ez, Sarah Lancashire (Happy Valley) aktorearen lan itzela, eta baita bere bikotekidea gorpuzten duen David Hyde Pierce (Frasier), tandem zoragarria egiten dute biek.

 

‘Chloe’

AMAZON

The Tinder Swindler dokumentalaren tankerako istorio ilun eta korapilatsua, baina Hitchcock-en garunetik sortua dirudien gidoi misteriotsu baten babesa duena; misterioz beteriko Instagram garaiko thriller psikologikoa. Alice Seabright, Sex Education telesaileko gidoilari eta zuzendarietako batek, BBC katearentzat sorturiko serie-labur honek lehen segundotik harrapatuko zaitu. Sare sozialekin, eta bereziki bertan jarraitzen duen Chloe Fairbourne izeneko emakume batekin, itsutua bizi den Becky Green da kontakizun honen protagonista nagusia. Dementzia goiztiarra duen bere ama zaintzen duen bitartean, Becky-ik inbidiaz jarraitzen du Chloeren bizitza, bere errealitatea, mundu horretatik oso urrun kokatzen baita.  Chloek ametsezko bizitza erakusten du sareetan; bikotea, etxe erraldoia eta lagun talde arrakastatsuez inguratua bizi da. Chloe bat-batean hiltzen denean, Beckyk nortasun faltsua erabiliz, Chloeren gertuko lagunen bizitza inbidiagarrietan sartzea erabakiko du, benetan  zer gertatu zitzaion jakiteko. 

Zaila da oso, hasiera batean behintzat, Becky Green protagonistarekin enpatizatzea; bere helburu zehatza zein den ez dugu ulertzen, burutzen dituen ekintzak zalantzagarriak dira oso eta faltsukeriz jokatzen du uneoro. Hasierak Netflixeko You gogorarazi didan arren, atalak igaro ahala, eta Becky-k Chloe-rekin duen konexioa apurka argitzen hasten denean, Chloe telesailak geruza gehiago dituela iruditzen zait, sakontasun gehiago, pertsonaiak interesgarriagoak dira,  eta beste norabide indartsuagoa hartzen du. Sei atalak bata bestearen atzetik irentsiko dituzu.

 

‘Pam & Tommy’

DISNEY

Pamela Anderson eta Tommy Lee-ren arteko harremanaren istorioa kontatzen duen ekoizpena. 1995ean ordu gutxi batzuez elkar ezagutu ondoren ezkondu zirenean hasi zen erromantze gorabeheratsua ardatz hartuz, eta bereziki, sexu harremanak mantentzen zituzten bideoa argitara atera zenean sortu zen mundu mailako eskandalua. 90eko hamarkadako errusiar mendi nostalgikoa  den miniseriea da, satira kutsua duena, atsekabez eta egia deserosoz betea, eta bereziki gure gizarteak publikoki emakumeez nola abusatzen duen moduari buruz hausnartzen duena. Robert Siegel sortzaileak istorioa kontatzeko modua erabat originala eraiki du eta kapitulu bakoitzean kateatzen diren eszenaratze-ideiek aberastasunez hornitzen dute kontakizuna. Oso dibertigarria eta entretenigarria izatearekin batera, pentsarazteko moduko egoerak ere mahaigaineratu ditu. Laurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean, pornoaren industria bere gorenean zegoen eta VHSaren garapenak irauli egin zuen ikus-entzunezko merkatua. Aipaturiko bideo horrek, egoera horiekin uztartzean koktel esplosibo bat eragin zuen,  bereziki Pamela Anderson-ek sufrituko zuena. Telesailaren tonua, umore lotsagabearen eta dramaren artean nabigatzen duen arren, une garrantzitsuetan seriotasunez heltzen dio gaiari; iritzi publikoan horrelako bideo intimoak filtratzeak pertsonengan eragin dezakeen kaltea nabarmentzeko, bi figuren deseraikuntza nahiko inteligentea eginez eta haien itxaropenak, ametsak eta anbizioak — pertsonalak eta profesionalak — gauetik goizera nola desagertzen diren erakutsiz.  Ospearen aldakortasunaren, Estatu Batuetan nagusi den puritanismoaren eta Interneten arriskuen erretratu satiriko eta dramatiko paregabea iruditu zait.

 

‘The Staircase’

HBOMax

True Crime dokumentalen zaleak garenontzat, Jean-Xavier de Lestrade-ren The Staircase (2004) klasiko bat da zalantza izpirik gabe, generoaren barruan maisulana.  2001eko abenduan, poliziak Michael Peterson idazlearen deia jaso zuen. Bere emaztea konorterik gabe zegoela zioen Ipar Carolinako bere etxean, eskaileretatik behera erori omen zelako. Minutu batzuk geroago berriro hots egin zien, emakumea jada hilda zegoela esanez. Antonio Campos-ek sortutako fikziozko telesail honek, kasu hori ardatz hartuz gertatu zena azaltzen saiatzen da. Horretarako lehen mailako aktore zerrenda erabili du: Colin Firth, Toni Collette Juliette Binoche edota Michael Stuhlbarg besteak beste. Telesaila bikoteen eta familien sekretuei eta gezurrei buruzko azterketa psikologiko sakon eta liluragarria iruditu zait. Fikzioaren elementuez baliatuz, ezin hobeto pantailaratu du Camposek istorio hau, interpretazio lanez harago, muntaia eta egitura narratiboan indar handia jarriz.

‘Anne’

FILMIN

Lau atalez osaturiko telesail-motz gogorra eta dramatikoa, oso. Benetako gertaera batean oinarritua, Liverpoolen girotzen da, 1989. urtean eta Hillsborougheko tragedia bezala ezagutzen den gertaera azaltzen du. Urte hartako maiatzaren 15ean futbolaren historian egon den hondamendi handienetakoa jazo zen. Ingalaterrako Kopako finalerdietako partida Nottingham Forest eta Liverpoolen artean jokatzen ari zen bitartean, jende- olde baten ondorioz Hillsborough- eko zelaian 96 pertsona hesiaren aurka zapaldu eta hil egin ziren. Telesaila gertaera hori helduleku gisa erabiltzen duen arren,  izenburuari erreferentzia egiten dion Anne Williams-en -bertan hil zen gazteetako baten ama-  pertsonan zentratzen da. Ama gorpuztuz, Maxine Peake-en antzezpen lana ikusgarria iruditu zait, sufrimendu horrek guztiak pantaila zeharkatzea lortzen baitu gure bihotza birrindu arte.  Egia ezagutzeko eta justizia egiteko borroka nekaezin horren testigu bilakatuko zara lehen segundotik.

 

'Oussekine'

DISNEY +

Benetako gertaeratan oinarritzen zen 2019ko When They See Us telesail bikainean ikusten zena, zoritxarrez, euskaldunok oso gertukoa sentitu genuen kontakizuna izan zen, Altsasuko gazteek bizi duten bidegabekeriarekin zuzeneko lotura egin baikenuen. Inpotentzia, bidegabekeria, amorrua. Aurten estreinatu den Oussekine miniserie frantziarrarekin ere antzeko zerbait sentitu dut, baina kasu honetan Iñigo Cabacas-en izena datorkit burura. 2012ko apirilaren 9an hil zuten Iñigo Cabacas gaztea, Ertzaintzaren gomazko pilota batek buruan jo eta lau egunez koman egon ondoren. Nazioartean ere polizia-basakeriaren erruz hil diren milaka eta milaka kasu aipatu daitezke, azken urteotako ezagunena 2020ko George Floyd-ena agian.  Aipatu eta gomendatu nahi dudan telesailera itzuliz, eta gertaera hartatik 35 urte igaro direnean, izen bat eta istorio bat guztion memorian gordeta dago: Malik Oussekinerena. 1986ko abenduaren 5etik 6rako gauean, Parisen, ikasleen protesta-mugimendu baten erdian, 22 urteko Malik Oussekine, poliziak emandako jipoiaren ondorioz hil zen. Honakoa, bere familiaren borrokari buruzko lau ataleko miniserie da. Malik Oussekineren izena gizarte frantsesean oraindik ezaguna da, indarkeria polizialaren aurkako borrokaren ikur bihurtu zelako. Historian zehar hainbeste biktima utzi dituen polizia basakeriaren eta xenofobiaren arteko harreman lazgarri eta, zoritxarrez, hedatua erakusten duen telesaila da. Bereziki Oussekine familian zentratzen bada ere, serieak politikaren eta poliziaren ikuspegitik ere erakusten du kasua, eta bereziki azpimarratzen du erantzukizunak saihesteko eta hilketa justifikatzeko edozein aitzakia bilatzeko egin zituzten ahalegin gutxiesgarriak. Psikopata hotz eta kalkulatzaileak bailiran, froga zein ñabardura bakoitza aldez aurretik moldatu edo ezabatu baitzuten. Frantziako Estatuaren trikimailu nazkagarriak egia ezkutatzeko agerian geratzen dira.  Istorio hunkigarri eta gogorra da honakoa, baina klixe eta diskurtso moralizatzaileetatik aldentzen dena, isiltasunei pisu handia emanez. Estetika zainduari esker, garaiko esentzia eta urte horietako ustelkeria-giroa ezin hobeto iristen da pantailaren bitartez. Baina deigarria iruditu zait, estetika hori serieak helarazi nahi digun mezuaren mende dagoela uneoro eta hori ariketa miresgarria iruditu zait. 1986ko abenduaren 6ean, Malik ez zen hil, HIL EGIN ZUTEN. 

 

‘Tokyo Vice’

HBOMax

Michael Mann, 90eko hamarkada, Yakuzak eta kazetari infiltratu bat; osagarri horiekin bi aldiz pentsatu gabe murgildu naiz HBO-ren telesail honetan. Michael Mann zuzendari gutxietsia dela iruditu izan zait beti, eta kontuan izanik Miami Vice, Heat, Ali, The Insider, The Last of the Mohicans edota Collateral bezalako film bikainak zuzendu dituela, ez zaiola merezitako aitortza egin. Michael Mann zuzendari erraldoia da eta kito. Barruan nuen arantzatxoa atera ostean zentratu gaitezen Tokyo Vice telesailean. Atal pilotu bikainak Mannek berak zuzendu du, eta datu zehatz hau nahita aipatzen dut iruditzen zaidalako aldea dagoela lehen atala eta gainerakoen artean. Zuzendaritza lanari dagokionez paregabea iruditu zait, erritmoari dagokionez eta batez ere narratiboki zer esanik ez, hasierako kapitulua zoragarria da. Zoritxarrez, Mannek ez ditu gainerako atalak zuzendu eta hori telesailaren kalterako izan da, ez delako lehen atal hori bezain biribila. Honek ez du esan nahi telesail txarra denik, guztiz kontrakoa, asko gustatu baitzait, baina zoritxarrez askoz hobea izan zitekeen. 

Benetako gertaeretan oinarritua, Tokion girotzen da  90eko hamarkadaren amaieran. Azterketa eta elkarrizketa zorrotz batzuk gainditu ostean, Jake Adelstein kazetari estatubatuar gaztea, Tokioko egunkari garrantzitsuenarentzat hasiko da lanean. Hiriko detektibe beterano baten begiradapean, Jake Yakuzaren mundu iluna ikertzen hasiko da. Hortik aurrera zer gertatuko den zuk deskubritu beharko duzu. Asko gozatu dudan telesaila izan da, entretenigarria iruditu zait, baina apur bat irregularra eta gorabeheratsua.

 

 

‘Shining Girls’

APPLE TV

Serieko hiltzaileei buruzko ikerketa-telesail asko daude. Baita zientzia-fikziozko edo fantasiazkoak ere, non denboraren eta pertzepzioaren kontzeptuarekin jolasten duten. Bi gai eta generoak hemen bezala uztartzen dituztenik ordea gutxi ezagutzen ditut; Zodiac eta Dark-en arteko zerbait irudika ezazu, eta emaitza Shining Girls izan liteke. Kirby Mazrachi da protagonista (Elizabeth Moss). Chicagoko egunkari bateko artxibozaina , kazetari bihurtzeko ametsa bertan behera uzten duena, orain urte batzuk, ezezagun batengandik jasan zuen eraso basati baten ondorioz, ondorio psikologiko larriak utzi dizkiolako. Kirbyk jakiten duenean duela gutxiko hilketa bat bere erasoarekin lotura posible bat duela,  Dan Velazquez (Wagner Moura) kazetariarekin bat egingo du erasotzailea aurkitzeko. Krimenen mundu iluna gustuko baduzu baina zerbait desberdina ikusteko gogoz bazabiltza telesail hau aukeratu.

 

'As We See It’

AMAZON

Mundua, espektro autistaren bidez begiratzen duen telesail berezia eta hunkigarria,  autistaren nahasmendua duten hiru pisukideren istorioa azaltzen baitu, gizartean lekua hartzen eta beren burua gainditzen saiatzen diren bitartean. Espektro autistaren errealitatea fikziora ekartzerakoan, Jason Katimsek, telesailaren sortzaileak, argi izan zuen hasieratik pertsonaiak sortzerako orduan neurodibertsitate hori zuten aktoreek gorpuztu behar zituztela, eta horrek sekulako errealismo eta samurtasun dosiak txertatzen dizkio kontakizunari, ia dokumental bat ikusten ariko bagina bezala sentituz. 30 minutuko zortzi atalek, hunkiberatasunez eta umorez erakusten dituzte gazte hauen bizitzak,  lorpen handi zein unerik zailenak aurrez aurre jarriaz. Errealitate zaplazteko gazi-gozo bat sentituko duzue, eta enpatia ariketa egiteko ere baliagarria izango zaizue, pertsona hauek bizitzen dituzten hainbat egoeren bitartez bikainki ulertuko baituzue egunez-egun bizi duten errealitatea.

 

‘We Own This City’

HBOMax

David Simon kazetari gisa hasi zen lanean 80-90eko hamarkadetan The Baltimore Sun egunkarian, eta, horri esker, Homicide: A Year on the Killing Streets eta The Corner eleberriak idatzi zituen. Erreportari gisa emandako urteei esker,  liburu horiek errealismo zehatzez erretratatzen zuten poliziaren eta hiriko klase marjinalen bizitza. Hiriko erradiografia horien indarraren ondorioz, biek egokitzapenak izan zituzten telebistan, baina bere maisulanik garrantzitsuena 2002. urtean iritsi zen, The Wire telesaila sortu zuenean. Geroztik Generation Kill, Treme, Show Me a Hero, The Deuce, The Plot Against America eta aurten estreinatu den We Own This City . Su motelean kontatzen diren istorioak, kontzientzia politikoa eta soziala dutenak, sistemari kritika zorrotza eginez eta bereziki, pertsonaiekiko maitasuna dira Simonen ekoizpenen nortasun ikurrak. Hau guztia azalduta goazen berriena aztertzera, We Own This City .

Hasteko telesaila non girotzen den ezinbesteko elementuan bihurtzen da hemen ere,  The Wire-en moduan, “bere hirira” itzuli baita, Baltimore-era alegia. Hiria, drogak hainbat esparrutan uzten ari den ondorio suntsitzaileengatik ezaguna, eszenatoki egokiena da Simonen ezinegonak plazaratzeko.  Baltimoreko poliziaren armak arakatzeko indar bereziaren erorketaren inguruko erretratua da honakoa; konfiskatutako drogak birsaltzea, estortsioa, basakeria eta beste delitu batzuk leporatuta, Justin Fenton kazetariak bere liburuan kontatzen duen bezala.  Hau, bereziki, Wayne Jenkinsen istorioaren bidez ikusten dugu, Jon Bernthalek maisuki antzeztua, unitate horretako liderra, orainetik iraganera jauzi eginez -hasieran apur bat nahasgarria iruditu zaidana- .  Begirada iluna erabiltzen du,  ustelkerian oinarritutako sisteman bizi garela salatuz, non zintzotasuna salbuespena den.

Simonen telesail gehienetan bezala, ikusle gisa esijentzia maila nahiko altua eskatzen duela ohartarazi nahi dizut.  Akziozko eszena ikusgarri eta koreografikoak bilatzen dituztenei eta etengabeko inpaktu eta efektu kolpeetara ohituta daudenentzat bereziki. Pazientzia apur bat eskatzen du, bere denbora hartzen baitu pertsonaiak eta gertaera zehatzak aurkezteko, baina esfortzu txiki horrek merezi du, telesaila aparta baita.

 

‘In My Skin’

Filmin

Kayleigh Llewellyn-ek sortutako komedia dramatiko beltza da, familiako bizitza disfuntzionala isilpean gorde nahi duen nerabe baten bizitza gogorra azaltzen duena.  Bethan da protagonista, bere bizitza familiarra lagunei zein irakasleei  ezkutatzen dien neska galesa. Guztiei gauza bera esaten die; aita funtzionarioa dela eta amak giza baliabideen departamentuko enpresa batean lan egiten duela. Baina Bethanen errealitatea oso bestelakoa da,  familia-egoera jasanezina baita oso. Telesail gazi-gozoa da, coming-of-age generoaz baliatuz komedia eta dramaren artean mugitzen baita uneoro,  eta ikusleari familia-egoera guztiz lazgarria helaraztea lortzen du. Gidoi mailan bikaina iruditu zait, eta ikus-entzunezko lengoaiari dagokionez ere nabarmentzen dena; une jakin batzuetan laugarrsen horma hausten du protagonistak, eta bere pentsamenduen off ahotsarekin batera oso ondo erabiltzen den baliabidea da, telesailari ñabardurak eta sakontasuna ematen dizkiona.

 

‘Somebody Somewhere’

HBOMAX

 

Bizitzari aurre egiteko (ia) ilusio gehienak galdu dituen 40 urtetik gorako emakume baten begietatik (Sam), bakardadeari, etsipenari eta frustrazioari buruzko erretratu zoragarria marrazten duen telesaila da honakoa, guztia pertsonaien irribarre ahaltsuekin bustia. Pertsonaia horiek, bizitzak ez dituela merezi duten moduan tratatu sentitzen dute, eta telesaila maisuki mugitzen da komedia eta dramaren artean, ikusleari etengabeko irribarreak zein malkoak ateraz.  Maite duzun pertsona bat galdu ostean bizitza berreraikitzea ez da batere erraza. Are gutxiago atzean utzi nahi izan duzun leku berean egitea eta iraganeko oroitzapen mingotsek bonbardatzen zaituzten bitartean. Istorioaren erdigunean Sam kokatzen da (Bridget Everett), ahizpa hil ondoren, hilabeteak galduta daramatzan emakumea; bizi den herrixkan etorkizunik ez duela uste du, ez da eroso sentitzen bere familian eta ez du gainditzen galeragatiko dolua. Baina lanean Joel eta bere lagun taldea ezagutzen dituenean, ikuspegi ezkor hori aldatzen hasiko da.  Zergatik ikusi beharko zenuke proposamen hau? Hasteko Bridget Everett-en interpretazio lana zoragarria iruditu zaidalako, hunkigarria eta dibertigarria aldi berean. Iraupen laburra duten zortzi  ataletan, homofobia,  alkoholismoa, depresioa, gutxiengoentzako gune seguruak sortzearen garrantzia, Estatu Batuetan hiri handietatik deskonektatuta bizitzeak eragiten duena, erlijioak gizartean duen eragina, iragana onartu eta bizirik irauteko beharra, edota espero ez zenuen adiskidetasun-harremana sortzea zeinen zoragarria izan daitekeen erakusten du. Foku mediatiko eta marketin kanpaina guztietatik at geratu den ekoizpen txiki hau harribitxia iruditu zait.

 

'This Is Going to Hurt’

Movistar

Odola, mina eta malkoak. Iruzkin hau hasteko aukeratu ditudan hitzak kontuan izanda, telesail beliko bati buruz ari naizela dirudien arren, ospitale publiko bateko obstetrizia eta ginekologia sailean mediku gisa lan egiten duen gure protagonistaren bizipenei buruz ari naiz. Hain estresagarria da serieak transmititzen duen egunerokoa, ezen umore oso beltza duen komedia izateaz harago, thriller frenetiko bat dirudiela.

Telesail honen istorioa Adam Kay gidoilariak lehen pertsonan bizi izan zituen esperientziak bezain erreala da. Brightonen jaiotako gidoilari honek,  telesailaren izen bereko liburuan idatzi baitzituen, umorez, ospitale batean lanean aritu zeneko bizipen guztiak. BBC-ren ekoizpena izatea kalitate berme bat dela argi dago, baina are gehiago aktore protagonista Ben Whishaw denean.  Adam gorpuzten du, bere bizitza infernu iraunkorra dirudien mediku egoiliarra. Ospitale bateko erditze eta ginekologia hegalean egiten du lan, eta burdinazko eskuarekin gobernatzen du zuzendari oso zorrotz batek. Protagonistaren une emozional bortitzenetan, laugarren hormaren haustura batekin tartekatzen da, alegia, pertsonaiak zuzenean ikusleari hitz egiten dio -House of Cards, Fleabag eta beste hainbatetan ikusi dugun bezala-, modu honetan sortzen den konplizitatea, istorioaren euskarrietako batean bilakatzen delarik.  Ahaztu House, Greys Anatomy eta tankerako mediku-telesail konbentzionalak. Oso gutxitan ikusi eta bizitako sekuentzia estresagarriak, gogorrak, dramatikoak eta noski baita zoriontsuak pantailaratu baitituzte Lucy Forbes eta Tom Kingsley sortzaileek, guztia gainera, umore (oso) beltzez bustia. Egoera horiei ezinezko ordutegiak dituzten lanaldi amaigabeak gehitzen badizkiegu, loa edota nekearen erruz harturiko erabaki txarrak, une surrealistez beteriko uneak biziaraziko dizkigute. Lan mota honetan gertatzen dena kontatzeaz gain, arrazakeria, lan prekarietatea eta gizarte britainiarrean gai polemiko gehiago ere salatzen ditu; erditzea normaltasunez garatzen ez denean sortzen diren albo-kalteak adibidez.

 

‘Slow Horses’

Apple tv+

Atal bakoitza Strange Game (Joko Arraroa)  izeneko abestiarekin hasi eta amaitzen da, Mick Jaggerrek telesailerako bereziki konposatu eta historiaren espirituarekin bat egiten duen sintonia itsaskorra. Espirituarekin eta jakina gerora ikusi dugun tonuarekin eta giroarekin bat egiten lagunduko diguna.  Slough House -Zingiraren etxea- Londresko kale ilunenetan ezkutatuta dagoen bulego baten izena da.  Ezkutatuta, MI5ekoa delako (barne segurtasunaz arduratzen den Erresuma Batuko inteligentzia zerbitzua), eta zingira ezizena, bertako langileak, aurreko misioetan porrot egin zuten agenteak direlako, lehen mailako eginkizunetatik baztertuak izan diren agenteak, egoera prekarioan ari direnak.  Talde horren burua Jackson Lamb dugu, itxura kaskarrekoa, zikina, jasanezina, alkoholikoa, manipulatzailea, baina baita gupidagabea eta oso eraginkorra ere, Gary Oldmanek maisuki gorpuzten duena. Talde supremazista batek gazte pakistandar bat bahitzen duen unean hankaz gora jarriko du Zingira eta noski Britainia Handiko inteligentzia zerbitzua.  Hortik aurrera, akziozko espioitza thrillerren osagarriak erabiliz eta ironia zein umore beltz pintzelkadak, katu eta saguaren jokoan murgiltzen gaituen telesail adiktibo batean barneratuko zara. 

Ezin da alde batera utzi Slow Horsesek inteligentzia agentzia britainiarrari jaurtitzen dion dardo zehatza eta pozoiduna, eskuin muturreko taldeekin dituen lotura zuzenak edo zeharkakoak eta beren helburuak lortzeko nola erabiltzen dituzten erakutsiz.

 

 ‘Station Eleven

HBOMAX

Artea da guztiz kolapsatu den mundu baten euskarri nagusia, eta kultura, pandemia batean bizirauteko ezinbesteko elementua. Hori da telesail berezi, poetiko eta eder honek utzitako mezu garrantzitsuetako bat. Bi denbora-tarte erabiliz – pandemia iristen den unea eta 25 urte geroago– mundu postapokaliptiko baten ikuspegi berritzailea aurkezten digun ekoizpena da, zeinetan honelako narratibetan ohikoa izaten den kontrara, indarkeria ez den planetaz jabetu. Tartean pertsona-sorta paregabea eraiki du Patrick Somerville sortzaileak. Hauen garapena zoragarria iruditu zait, behar den denbora hartzen baitu hauek ezagutu eta ulertu ditzagun. Une batzuetan, The Leftovers gogorarazi dit, eta hori asko esatea da.

 

‘Pachinko’

APPLE TV+

Apple TV+-en aurtengo beste harribitxia. Pachinkoren historiak XX. mendean zehar mugitzen gaitu Koreak Japoniaren inbasioan bizi izan zuen errealitatearen zati bat ezagutarazteko. Sunjaren begietatik egiten du bidaia hori, 1920ko hamarkadan hasi eta 1989ra arte. Testuingurua hain zabala izanda ere, tonua nahiko intimista da. Debekatutako maitasun batekin hasten den istorio epiko eta intimoa kontatzen du, Korearen, Japoniaren eta Estatu Batuen artean bidaiatzen duen kontakizuna bihurtu arte; gerra eta bakea, maitasun eta galera… era guztietako osagarriak topatuko dituzu telesail honetan.

Hau guztia oso interesgarria izanik ere -are gehiago gertaera historiko horien inguruan dugun ezjakintasuna kontuan hartuta-, gaia ez da telesail honen bertuterik handiena; urteko telesail onenetarikoan bihurtzearen arrazoi nagusia, kontatzeko modua da, historia hori, intimoa eta orokorra aldi berean, nola pantailaratu duten alegia. Testuinguru horretaz baliatuz, belaunaldi oso baten erretratua egiten du, beren seme-alabak eta bilobak aurrera ateratzeko sufritu eta ahal zuten guztia egin zuten emakume korearrena.  Melodramarako joera duen garaiko drama bat bezala definituko nuke. Familia baten exodoaren eta identitatearen erretratua da, batez ere arbasoen kultura menderatu, mespretxatu, galdu eta erbesteratu denean. Muntaia lan paregabeaz baliatuz, paraleloan kokatzen ditu gertaera guztiak, denboran etengabeko jauziak eginez. Hauek, nahasgarriak izan beharrean, ezinbesteko bihurtzen dira osotasuna hobeto ulertzeko, iraganaren eta orainaren arteko oihartzunak etengabe entzuten baititugu, eta batak bestearekiko duen eraginaz kontziente gara uneoro. Atalak igaro ahala, solte geratzen diren hariak lotzen ditugu eta narrazioa sendoari esker une emozionalak eta estetikoak biderkatu egiten dira. Ezinbestekoa.

 

 'Severance’

APPLE TV+

Urte hasiera honetan gehien harritu nauen proposamena eta guztietatik biribilena eta originalena zalantza izpirik gabe. Black Mirror eta The Office telesailen elementuak koktel-ontzi batean sartuko bagenitu, Severance tankerako zerbait aterako litzateke.  Lehena gaiarengatik eta zabaldu nahi den gizarte kritikarengatik. Bizitzeko lan egin ala lan egiteko bizi? Bigarrena aldiz agerikoena, ofizina batean girotzen delako, enpresa batean, eta umore dosi txikiak badituelako – The Office askoz ere dibertigarriagoa da jakina, honakoa ez delako umorezko telesaila, gehiago baitu thriller psikologikotik-. Mark Scout-ek lantalde bat zuzentzen du Lumon Industries deituriko enpresan. Bertako langileek prozedura kirurgiko baten eraginpean daude –printzipioz bolondreski egindakoa- non beraien oroitzapenak, lan-eremua eta bizitza pertsonaletik guztiz bereiztea eragiten duen. Alegia, lanean daude bitartean ez dutela bizitza pertsonaleko ezer oroitzen, ezertxo ere ez; ez dakite non bizi diren, familiarik duten ala ez edota zoriontsu ala triste bizi diren esaterako. Laneko ateak gurutzatu eta bizitza pertsonalera bueltatzen direnean aldiz alderantzizkoa gertatzen da. Badakite fisikoki non egiten dute lan jakina, beraiek hala nahi dutelako baitoaz bertara, baina ez dakite ze lan mota egiten duten, zeintzuk diren lankideak, lana gorroto duten ala ez eta abar. Lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka makabro eta harrigarri honetan kokatzen den esperimentu ausart hau zalantzan jartzen hasten den unean ordea,  Mark misterioz beteriko espiral batean murgilduko da. Gai eta istorio original honi, gainera, Ben Stillerek maisuki zuzentzen dituen lehen mailako aktore zerrenda gehitu behar zaio: Adam Scott, Patricia Arquette, Dichen Lachman, John Turturro eta Christopher Walken besteak beste.  Estetiko ere txundigarria iruditu zait. Erakargarritasun nagusietako bat Stillerrek mikromundu bat sortzea lortu duela da. Departamentu bakoitza ekosistema propioa da, eta bertan barne-iraultzak, liskarrak eta ustekabeko adiskidetasunak ere gertatzen dira. Guztia da hain aseptikoa, hain txukuna,  hain garbia, hain zuria, baina era berean jariatzen duen lurrina hain dago faltsukeriaz betea eta hain da artifiziala, ikusle gisa oso deseroso sentiarazten zaituela, aztoragarria izateraino. Lagunartean eta familian eztabaidak piztuko dituen harribitxia.