2022ko 35 (+10) telesailik onenak

2022ko 35 (+10) telesailik onenak Aspaldi aitortu nizun ikusitako onenen zerrendak egitea, txokolatea jatea baino gehiago gustatzen zaidala eta urtea amaitzen ari dela aprobetxatuz, zer hoberik, 2022. urtean ikusitako ehunka telesailen artean -onenak iruditu zaizkidanak aipatzea baino. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/2022ko-30-10-telesailik-onenak/@@download/image/X63WTSTFSJHVTO4ZLFZNYEK2MQ.jpg
2022/12/23
erreportajea

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Aspaldi aitortu nizun ikusitako onenen zerrendak egitea, txokolatea jatea baino gehiago gustatzen zaidala eta urtea amaitzen ari dela aprobetxatuz, zer hoberik, 2022. urtean ikusitako ehunka telesailen artean -onenak iruditu zaizkidanak aipatzea baino.
2022ko 35 (+10) telesailik onenak

Pantaila txikian orain arte ikusitako onena apurka motxilan gordetzen joan naiz, ondorioak xehatzen joateko;  lehenengoa argia: Netflixen eduki-eskaintzak gainezka egiten duen arren, geroz eta zailagoa da bertan kalitate goreneko telesailak aurkitzea. Eskaintza interesgarriekin topo egiteko aukera askoz gehiago dibertsifikatu da gainerako plataformetan. Bigarren, Apple tv+-en kalitate gorakada nabarmena urte hasieran, baina amaieran indar apur bat galdu duela.

Zerrendarekin hasi aurretik beste kontu garrantzitsua; EUSKARAZ ikusteko aukera eskaintzen dutenak izenburuaren azpian adierazi dut. Ikaragarri gustatuko litzaidake gehiago jarri izana baina, ikusiko duzuen moduan tamalez oso-oso gutxi dira. Dena den lerro hauek aprobetxatu nahi ditut, zerrendan aukeratu ez ditudan arren, euskaraz topatu ditzakezuen telesailak ere aipatzeko. Hementxe duzue zerrenda eskaintza osoarekin. Gogoratu, plataforma digitaletan euskaraz dagoen eskaintza jakiteko: zernonikusi.eus webgunea duzuela.

Zerrenda horietatik at, ez ahaztu euskal-encodings.eus webguneko lagunek eskaintzen duten edukia ere hortxe daukazuela, eta bertan euskarazko (azpititulatua zein bikoiztua) proposamenak anitzak direla.

Zerrendara itzuliz, 35 (+10) jarri dut izenburuan: 35 telesail berri onenak alde batetik, -alegia aurten estreinatu direnak- , eta denboraldi berriekin itzuli diren 10 onenak. 45 guztira!

TELESAIL BERRI ONENAK:

35- 'Showtrial'

Movistar

Ikasle bati, gertatu berri den hilketa bat leporatzen diote. Kasuak iritzi publikoa astintzen du. Ia guztia aurka duen bere abokatuak, neskaren errugabetasuna defendatzeko borrokatuko du. Akusaturiko gaztea, oso harroputza eta nahiko jasanezina izateaz gain, eragin handiko enpresaburu baten alaba da.  Nortasun leherkor horrek pisu handia izango du istorioan. Behin istorioa zein de argituta miniserie honetan zer topatuko duzun labur azalduko dizut: Celine Buckens-en antzepen lan bikaina buru dela, katigatzen duen istorio oso entretenigarria eta bizia. Kito, besterik ez. Ez dela nahikoa telesail bat nabarmentzeko? Tira, zergatik ez? Batzuek hori da bilatzen dutena eta honek oso ondo betetzen du funtzio hori.  Eszenaratzeari dagokionez aitortuko dizut ez dela beste munduko ezer, nahiko arrunta da zentzu horretan, eta bisualki ere ez da batere berritzailea. Pantailari itsatsia mantentzeko beste elementu indartsuak baditu ordea, telesail britainiar askok dutena: asko harrapatzen duen istorioa bizia, atal gutxitan hasi eta amaitzen dena, eta eztabaidarako gaiak plazaratzen dituena.  Ondo marraztutako telesaila da, ondo profilatutako pertsonaiekin, -estereotipatu samarrak diren arren - eta bere eginkizuna ezin hobeto betetzen duena: drama judizialaren elementuak dituen thriller oso entretenigarria da. Ikuslea krimenaren garapenean eta pertsonaien izaeran sakontzeko aukera eskaintzen duena, pertsonalki, moralki eta profesionalki. Ez du iruzurrik egiten telesail honek, saltzen duen hori eskaintzen duelako.

34- ‘Chloe’

Amazon

The Tinder Swindler dokumentalaren tankerako istorio ilun eta korapilatsua, baina Hitchcock-en garunetik sortua dirudien gidoi misteriotsu baten babesa duena; misterioz beteriko instagram garaiko thriller psikologikoa. Alice Seabright, Sex Education telesaileko gidoilari eta zuzendarietako batek, BBC katearentzat sorturiko serie-labur honek lehen segundotik harrapatuko zaitu. Sare sozialekin, eta bereziki bertan jarraitzen duen Chloe Fairbourne izeneko emakume batekin, itsutua bizi den Becky Green da kontakizun honen protagonista nagusia. Dementzia goiztiarra duen bere ama zaintzen duen bitartean, Becky-ik inbidiaz jarraitzen du Chloeren bizitza, bere errealitatea, mundu horretatik oso urrun kokatzen baita.  Chloek ametsezko bizitza erakusten du sareetan; bikotea, etxe erraldoia eta lagun talde arrakastatsuez inguratua bizi da. Chloe bat-batean hiltzen denean, Beckyk nortasun faltsua erabiliz, Chloeren gertuko lagunen bizitza inbidiagarrietan sartzea erabakiko du, benetan  zer gertatu zitzaion jakiteko. 

Zaila da oso, hasiera batean behintzat, Becky Green protagonistarekin enpatia sentitzea; bere helburu zehatza zein den ez dugu ulertzen, burutzen dituen ekintzak zalantzagarriak dira oso eta faltsukeriz jokatzen du uneoro. Hasierak Netflixeko You gogorarazi didan arren, atalak igaro ahala, eta Becky-k Chloe-rekin duen konexioa apurka argitzen hasten denean, Chloe telesailak geruza gehiago dituela iruditzen zait, sakontasun gehiago, pertsonaiak interesgarriagoak dira,  eta beste norabide indartsuagoa hartzen du. Sei atalak bata bestearen atzetik irentsiko dituzu.

 

33- ‘Outer Range’

Amazon

Western generoko elementuak eta X-Files, Dark edota Fringe bezalako telesailen esentziak koktel-ontzi batean sartuko bagenitu, Outer Range-en tankerako zerbait aterako litzateke bertatik. Emaitza nahiko zoroa, baina uste nuena baina askoz ere entretenigarriagoa eta sendoagoa. Argumentua azaltzen saiatuko naiz, irakurtzen duzunean inozokeria zentzugabea irudituko zaizun arren;  Royal Abbott (Josh Brolin) da protagonistetako bat, bere abereak mantentzeko eta Abbottarren  familia arteko harremanak ez apurtzeko borrokan ari den Wyoming-eko rantxeroa, Tillerson familiarekin duten harreman korapilatsua guztia zailduko duen arren. Horraino telesail nahiko ohikoa dirudi, familien artean sortzen diren gatazkak jorratzerako orduan ere oso tradizionala dena. Dirudi esan dut, tartean zientzia fikziozko elementuak sartzen diren arte: Royal Abbott-ek bat-batean bere lurretan zulo erraldoi misteriotsu bat aurkituko du, ezerezetik agertu da eta espazio-denboraren atari moduko bat dirudi.  Premisa zoro horretatik, nortasun handiko telesaila sortu dutela iruditu zait, hasieratik sinetsi behar duzun horietakoa. Aurretik sumatu ezin diren gertaeraz betea, bitxia eta adiktiboa da. Telesailak errealitate konplexu eta bizarro samarra erakusten duen arren, ikusle jakin batzuetntzat digeritzeko zaila izan daitekeena, transmititzen dituen sentsazio eta emozioak unibertsalak dira; bakardadea, larritasuna, maitasuna edota beldurra. Agian ez da zeure gustuko telesaila izango, baina urteko ausart eta berritzaileenetakoa denik ezin zaio ukatu; bere bertuteak ukaezinak direlako eta mahaigaineratzen duen misterioa hasieratik harrapatzen duelako.

 

32- 'Heartstopper'

Netflix

Uste dut telesail hau txalotu beharrekoa dela hain modu irekian, baikorrean eta normalizatuan, bi mutil nerabeen maitasun istorioa jorratzen duelako. Telesailaren asmoak argi eta garbi geratzen dira lehen ataletik, bi neraberen arteko harremana aztertzen duen kontakizun erromantikoa aurkituko baituzu hemen.  Naturaltasunez kontatzen du nerabezaro bete-betean dauden bi mutilen arteko maitemintze-prozesua. Eta egia esan, prozesu horretan sor daitezkeen gorabehera ia guztiak azaltzen dira; tximeletak sabelean, urduritasunak, ilusioa, etsipena, zerbait berria sentitzearen ziurgabetasuna, arbuiatua izateko beldurra... 30 minutuko 8 kapituluetan, telesailak badaki maitasunaren eta adiskidetasunaren etapa guztiak jorratzen, eta erritmo ezin hobean eramaten ditu gainera, oso orekatua eta aproposa dena, protagonistekin egingo dugun bidaia hori sinesgarria izan dadin.  Pertsonaia nagusi guztiak ezin hobeto eraikita daude eta hori da serie honen euskarririk sendoenetako bat. Besaulkira itsatsita mantentzeko ahalmen nahikoa duten atalak diren arren, benetako indarra aktoreen zein pertsonaien aukeraketan datza. Aktore guztiek antzezten dituzten pertsonaien funtsa eta esentzia dute, guztiz sinesgarriak dira. Deigarria egin zaidan beste euskarria jariatzen duen tonu baikor eta argitsua da, pertsonaien tragediak ez baitira agerian geratzen eta horiek ez dira beren nortasunak edo gatazkak garatzeko ezinbestekoak, Euphoria telesailean argi eta garbi gertatzen den bezala adibidez.

Nerabeen esperientziak bizitzen ari diren nerabeak besterik ez dira. Egia da hainbat eszenatan bullying-a ageri dela, edota LGTBIQ+ kolektibo orokorraren aurkako irainak, baina ez da traman benetako protagonismoa edo indarra duen zerbait. Serie osoa, eta muinean dauden azpitrama guztiak,  harreman osasuntsuen eta balioen inguruan eraikia dago, eta errealitate bat izan beharko lukeena irudikatzen dute: kolektibo horretako pertsonak pertsonak baino ez direla. Pertsonalki telesail ilunak gustuko ditut, alegia barne-gatazka zailak eta korapilatsuak dituzten pertsonaiez osaturikoak -aipatu dudan Euphoria esaterako-  baina zenbat eskertzen den noizean behin argitasun baikor bat leihotik sartzea eta haize freskoa arnastea.

31 - Under the Banner of Heaven

Disney +

Mormoi izenez ezagutzen direnak, ofizialki Azken Egunetako Santuen Jesukristoren Eliza deituak, kristautasunaren aldaera bat dira, eta bertako kideek kristautasunaren jatorrizko ideiaren gaurkotzea hartzen dute beren sinesmen eta erritutzat. Ez larritu, ez naiz hasiko mormoien jatorria azaltzen, sarrera labur hori, gomendatzera natorren telesailarekin lotura duelako soilik aipatu dut.  Andrew Garfield protagonista duen thriller honek, eta benetako kasu batean oinarritzen dena,  eliza mormoia tartean dagoen hilketa kasu konplexu bati heltzen baitio. Garfieldek, Jeb Pyre detektibea gorpuztuko du -mormoia bera ere- , 1984an Lafferty familian gertatu zen krimen basatia ikertzeko ardura duena. Kasu honetan, ikerketaren erdigunean, erruduna nor den baino, zergatik egin duen galdera kokatzen dute.  True Detective-en esentzia duen telesail hau  -distantziak salbu jakina- ausardiaz murgiltzen da gai korapilatsu honetan eta aitortuko dizut barrenak nahasi dizkidala.

 

30- ‘The Responder’

Movistar

“Martin Freeman,  miniserie ingelesa eta drama poliziakoa”. Hori irakurtzea nahikoa izan dut proposamen honen erraietan bi aldiz pentsatu gabe murgiltzeko. Telesaila Tony Schumacher polizia ohi eta idazlearen benetako esperientzietan oinarrituta dago eta tramaren ekintza nagusia, protagonistaren aste beteko gaueko txandetan zentratzen da, gero eta tentsio handiagoz bizi duena. Horrek bizitza aldatuko dio, bai berari eta baita lankide berriari ere.  Barrutik birrinduta egon arren, legearen agente gisa duen erantzukizuna azkeneraino bete behar duen gizon baten bidaia iluna erakusten duen gidoi sinplea baina sendoa osatu du Schumacherrek, tartean, morala, maitasuna edota galera bezalako gai unibertsalak jorratzen dituen bitartean. Osasun mentala funtsezkoa da pertsonaiaren garapenean eta baita telesailean ere noski. Gainerako pertsonaia guztiek ezagutzen dute protagonista sufritzen  ari den oinazea, eta komisariako kideek osasun mentalari buruzko aurreiritzi klasikoak proiektatzen dituzte une oro. Batzuek adeitasunez tratatzen dute, beste batzuek aldiz mesfidantzaz. Ez da telesail biribila inondik inora ere, hasiera batean azaltzen diren gai sakon horiek apur bat azaletik jorratzen dituelako, baina eraginkorra da oso, entretenigarria, eta osasun mentalari eta moraltasunari buruzko hausnarketa esanguratsua eta urragarria.

29- ‘Archive 81’

Netflix

Adi beldurzaleok: suspensea, fenomeno paranormalak eta thriller psikologikoa. Zer gehiago behar duzue? Zenbat gozatu dudan mundu propioa eraiki duen nortasun handiko beldurrezko proposamen honekin. Formatu honetan grabatua ez dagoen arren, Found footage (“aurkitutako metrajea” deritzona, The Blair Witch Project filmak modan jarri zuena) azpigeneroa eta honek eskaintzen dituen erremintak ezinhobeto zukutzen dituen telesaila iruditu zait, eta beldurrezko zinemaren topiko eta erreferentzia ugari maisuki artikulatzen dituena.  Enpresari boteretsu batek bideoak zaharberritzen aditua den Dan Turner protagonistari 90eko hamarkadan New Yorkeko Visser eraikinean izandako sute batetik erreskatatutako zintak zaharberritzeko eskatu dio. Horretarako basoan isolaturik dagoen eraikin batean lan egin beharko du, zinten egoera hain delikatua izanik, ezin direlako bertatik atera. Hortik aurrera, gidoiak berak, ezin hobeto aktibatzen ditu generoaren baliabideak, eta, horrekin batera, Dina Shihabi eta Mamoudou Athie protagonisten interpretazio nabarmenak. Gertakariaren berreraikuntzan sartu ahala, seriea gero eta klaustrofobiko eta nahasiago bihurtzen da. Une batean, ikusleak ez daki protagonista burua galtzen ari den, joko makabro batek menderatzen duen bere bizitza, edota ikusten ari den zinten bidez iraganera sarbidea duen.

28- ‘Julia’

HBO Max

"Comfort TV" telesailak, onak ala txarrak izateaz harago, ondo, eroso, seguru, sentiarazten gaituztenak dira. Estreinaldiak albo batera utzi eta, errealitateaz deskonekatzeko, behin eta berriro ikusten dugun telesail atsegin hori. Hori da Julia telesailean topatuko duzuna: zeure toki zoriontsu berria. Ez da bizitza aldatuko dizun telesaila, baina bai uneoro irribarre batekin ikusiko duzuna.  Julia Child-en bizitza oinarritutako telesaila da, eta zehazki berak sortu zuen 'The French Chef' sukaldaritza saioan, aitzindaria izan zena.  Telesaila, geure burua berrasmatzeko ahalmenaren aldarrikapen zoragarria iruditu zait, dugun adinetik harago gure potentzialtasuna balioztatzeko beharrari buruzkoa eta gure berezitasunak gure bertute handienak izan daitezkeela ulertzekoarena. Nabarmentzekoa, nola ez, Sarah Lancashire (Happy Valley) aktorearen lan itzela, eta baita bere bikotekidea gorpuzten duen David Hyde Pierce (Frasier), tandem zoragarria egiten dute biek.

 

27- ‘Pam & Tommy’

Disney +

Pamela Anderson eta Tommy Lee-ren arteko harremanaren istorioa kontatzen duen ekoizpena. 1995ean ordu gutxi batzuez elkar ezagutu ondoren ezkondu zirenean hasi zen erromantze gorabeheratsua ardatz hartuz, eta bereziki, sexu harremanak mantentzen zituzten bideoa argitara atera zenean sortu zen mundu mailako eskandalua. 90eko hamarkadako errusiar mendi nostalgikoa  den miniseriea da, satira kutsua duena, atsekabez eta egia deserosoz betea, eta bereziki gure gizarteak publikoki emakumeez nola abusatzen duen moduari buruz hausnartzen duena. Robert Siegel sortzaileak istorioa kontatzeko modua erabat originala eraiki du eta kapitulu bakoitzean kateatzen diren eszenaratze-ideiek aberastasunez hornitzen dute kontakizuna. Oso dibertigarria eta entretenigarria izatearekin batera, pentsarazteko moduko egoerak ere mahaigaineratu ditu. Laurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean, pornoaren industria bere gorenean zegoen eta VHSaren garapenak irauli egin zuen ikus-entzunezko merkatua. Aipaturiko bideo horrek, egoera horiekin uzartzean koktel esplosibo bat eragin zuen,  bereziki Pamela Anderson-ek sufrituko zuena. Telesailaren tonua, umore lotsagabearen eta dramaren artean nabigatzen duen arren, une garrantzitsuetan seriotasunez heltzen dio gaiari; iritzi publikoan horrelako bideo intimoak filtratzeak pertsonengan eragin dezakeen kaltea nabarmentzeko, bi figuren deseraikuntza nahiko inteligentea eginez eta haien itxaropenak, ametsak eta anbizioak — pertsonalak eta profesionalak — gauetik goizera nola desagertzen diren erakutsiz.  Ospearen aldakortasunaren, Estatu Batuetan nagusi den puritanismoaren eta Interneten arriskuen erretratu satiriko eta dramatiko paregabea iruditu zait.

 

26- 'Oussekine'

Disney +

Benetako gertaeratan oinarritzen zen 2019ko When They See Us telesail bikainean ikusten zena, zoritxarrez, euskaldunok oso gertukoa sentitu genuen kontakizuna izan zen, Altsasuko gazteek bizi duten bidegabekeriarekin zuzeneko lotura egin baikenuen. Inpotentzia, bidegabekeria, amorrua. Aurten estreinatu den Oussekine miniserie frantziarrarekin ere antzeko zerbait sentitu dut, baina kasu honetan Iñigo Cabacas-en izena datorkit burura. 2012ko apirilaren 9an hil zuten Iñigo Cabacas gaztea, Ertzaintzaren gomazko pilota batek buruan jo eta lau egunez koman egon ondoren. Nazioartean ere polizia-basakeriaren erruz hil diren milaka eta milaka kasu aipatu daitezke, azken urteotako ezagunena 2020ko George Floyd-ena agian.  Aipatu eta gomendatu nahi dudan telesailera itzuliz, eta gertaera hartatik 35 urte igaro direnean, izen bat eta istorio bat guztion memorian gordeta dago: Malik Oussekinerena. 1986ko abenduaren 5etik 6rako gauean, Parisen, ikasleen protesta-mugimendu baten erdian, 22 urteko Malik Oussekine, poliziak emandako jipoiaren ondorioz hil zen. Honakoa, bere familiaren borrokari buruzko lau ataleko miniserie da. Malik Oussekineren izena gizarte frantsesean oraindik ezaguna da, indarkeria polizialaren aurkako borrokaren ikur bihurtu zelako. Historian zehar hainbeste biktima utzi dituen polizia basakeriaren eta xenofobiaren arteko harreman lazgarri eta, zoritxarrez, hedatua erakusten duen telesaila da. Bereziki Oussekine familian zentratzen bada ere, miniserieak politikaren eta poliziaren ikuspegitik ere erakusten du kasua, eta bereziki azpimarratzen du erantzukizunak saihesteko eta hilketa justifikatzeko edozein aitzakia bilatzeko egin zituzten ahalegin gutxiesgarriak. Psikopata hotz eta kalkulatzaileak bailiran, froga zein ñabardura bakoitza aldez aurretik moldatu edo ezabatu baitzuten. Frantziako Estatuaren trikimailu nazkagarriak egia ezkutatzeko agerian geratzen dira.  Istorio hunkigarri eta gogorra da honakoa, baina klixe eta diskurtso moralizatzaileetatik aldentzen dena, isiltasunei pisu handia emanez. Estetika zainduari esker, garaiko esentzia eta urte horietako ustelkeria-giroa ezinhobeto iristen da pantailaren bitartez. Baina deigarria iruditu zait, estetika hori serieak helarazi nahi digun mezuaren mende dagoela uneoro eta hori ariketa miresgarria iruditu zait. 1986ko abenduaren 6ean, Malik ez zen hil, HIL EGIN ZUTEN.

 

25- ‘Shining Girls’

Apple Tv +

Serieko hiltzaileei buruzko ikerketa-telesail asko daude. Baita zientzia-fikziozko edo fantasiazkoak ere, non denboraren eta pertzepzioaren kontzeptuarekin jolasten duten. Bi gai eta generoak hemen bezala uztartzen dituztenik ordea gutxi ezagutzen ditut; Zodiac eta Dark-en arteko zerbait irudika ezazu, eta emaitza Shining Girls izan liteke. Kirby Mazrachi da protagonista (Elizabeth Moss). Chicagoko egunkari bateko artxibozaina , kazetari bihurtzeko ametsa bertan behera uzten duena, orain urte batzuk, ezezagun batengandik jasan zuen eraso basati baten ondorioz, ondorio psikologiko larriak utzi dizkiolako. Kirbyk jakiten duenean duela gutxiko hilketa bat bere erasoarekin lotura posible bat duela,  Dan Velazquez (Wagner Moura) kazetariarekin bat egingo du erasotzailea aurkitzeko. Krimenen mundu iluna gustuko baduzu baina zerbait desberdina ikusteko gogoz bazabiltza telesail hau aukeratu.

24- ‘Tokyo Vice’

HBO Max

Michael Mann, 90eko hamarkada, Yakuzak eta kazetari infiltratu bat; osagarri horiekin bi aldiz pentsatu gabe murgildu naiz HBO-ren telesail honetan. Michael Mann zuzendari gutxietsia dela iruditu izan zait beti, eta kontuan izanik Miami Vice, Heat, Ali, The Insider, The Last of the Mohicans edota Collateral bezalako film bikainak zuzendu dituela, ez zaiola merezitako aitortza egin. Michael Mann zuzendari erraldoia da eta kito. Barruan nuen arantzatxoa atera ostean zentratu gaitezen Tokyo Vice telesailean. Atal pilotu bikainak Mannek berak zuzendu du, eta datu zehatz hau nahita aipatzen dut iruditzen zaidalako aldea dagoela lehen atala eta gainerakoen artean. Zuzendaritza lanari dagokionez paregabea iruditu zait, erritmoari dagokionez eta batez ere narratiboki zer esanik ez, hasierako kapitulua zoragarria da. Zoritxarrez, Mannek ez ditu gainerako atalak zuzendu eta hori telesailaren kalterako izan da, ez delako lehen atal hori bezain biribila. Honek ez du esan nahi telesail txarra denik, guztiz kontrakoa, asko gustatu baitzait, baina zoritxarrez askoz hobea izan zitekeen. 

Benetako gertaeretan oinarritua, Tokion girotzen da  90eko hamarkadaren amaieran. Azterketa eta elkarrizketa zorrotz batzuk gainditu ostean, Jake Adelstein kazetari estatubatuar gaztea, Tokioko egunkari garrantzitsuenarentzat hasiko da lanean. Hiriko detektibe beterano baten begiradapean, Jake Yakuzaren mundu iluna ikertzen hasiko da. Hortik aurrera zer gertatuko den zuk deskubritu beharko duzu. Asko gozatu dudan telesaila izan da, entretenigarria iruditu zait, baina apur bat irregularra eta gorabeheratsua.

23- ‘The English’

Disney +

Hugo Blick-en (The Honourable Woman, The Shadow Line)  gidoia eta zuzendaritza lana, Emily Blunt protagonista eta western generoa oinarri hartuz mendeku istorio bat jorratzen duen telesaila. Osagarri horiekin ezinezkoa iruditu zitzaidan proposamen honi uko egitea. 1890. urtean, mendebalde basatian girotutako drama zirraragarri honen protagonista Cornelia Locke dugu, Estatu Batuetara iritsi berri den emakume ingeles aberatsa.  Semearen heriotzaren erantzulea bilatzeko asmoz mendeku bila joan da bertara, eta bidaian, Eli Whipp (Chaske Spencer) ezagutuko du. Mendeku- eta maitasun- istorio basatia eta, zergatik ez esan baita dotorea ere. Aktoreen lanarekin batera,  bisualki duen indarra iruditu zait telesailaren bertuterik handiena, aparta iruditu zait bi alor horietan. Bestetik, kutsu nahiko klasikoa duen arren, narrazioaren egitura, hasiera batean behintzat, jarraitzeko zaila iruditu zait, baina apurka ohitu egingo zara.

22- ‘The Old Man’

FX/ Disney +

Oso ondo idatzia, zuzendua eta antzeztua dagoen telesaila.  Jeff Bridges eta John Lithgow protagonista dituen ekoizpena zela irakurri nuenean bi aldiz pentsatu gabe murgildu nintzen bertan. Gizartetik kanpo bizi den CIAko agente ohi bat -Jeff Bridges /Dan Chase-, nortasun berri baten aterkipean ezkutatua, 30 urte geroago bat-batean topatu egingo dute. Hortik aurrera ihesaldi etengabean murgilduko da. Jeff Bridgesek, pantaila txikira jauzi egiten duen lehen aldi honekin frogatzen du, akziozko generoak ez duela zertan adinik izan behar.

Akziozko thriller purua da honakoa, egiturari dagokionez kutsu klasikoa duena, eta espioitza zertzeladak dituena. Klasikoa diot, genero horrek eskaintzen dituen erreminta klasiko guztietan eusten delako. Baina bada bereziki gustatu zaidan alor bat, eta telesailean garrantzia berezia duena: adina.  Protagonistak 72 urte ditu, - bai nabaria da, duen  gaitasun fisikoa eta mentala ez dela ohikoa-, baina bere adinari dagozkion hainbat arazoei ere aurre egin beharko dio -hezurreko arazoak, oroimen arazoak eta abar- . Denboraren iragate hori, gidoiean bikainki txertatua dago, eta garrantzitsua da oso pertsonaien garapenean. Dan Chaseren bitartez istorioaren ardatz narratibo nagusietako bat mahaigaineratzen da: iragana, eta horri aurre egiteko dion gaitasuna (ala gaitasun eza). Egiari zor, gidoia ez da oso berritzailea, baina ezinhobeto landua dago eta ez ditu hari solteak uzten.  Zuzendaritza lana oso fina eta zehatza da. Ohikoa baino narrazio-tempo motelagoa erabiltzen du, eta zuzendariak bere denbora hartzen du istorioa garatzeko. Baina ezin esan telesail geldoa denik; motela dirudien tentsio narratiboa etengabea baita, eta oso ongi filmaturiko akzio-egoera frenetikoak tartekatzen dituelako etengabe.   Lehen bi atalak magistralak diren arren, ondorengoak ere nabarmenak dira oso. Jon Watts-en zuzendaritza lana guztiz zinematografikoa da; isiltasunak inbaditzen duen jazarpen sekuentzia oso zehatzak erabiliz, elkarrizketarik erabili gabe, kamerak dena kontatzen baitu.

21- ‘Las de la última fila’

Netflix

Daniel Sanchez Arevalo zinegileak sortu eta zuzendutako lehen telesail honetan, hogeita hamar urte inguru dituzten bost emakumeen istorioa ikusteko aukera izango duzu. Txikitatik lagun minak, eta urtero, salbuespenik gabe, elkarrekin astebeteko oporraldia antolatzen dute. Aurten, bidaiaren inguruabarrak bereziak eta desberdinak dira, horietako bati minbizia diagnostikatu baitiote. Bidaia berezi honetan joko bat proposatuko dute: lagun bakoitzak modu anonimoan papertxo batean bere desiorik handiena idatzi beharko du, kutxa batean sartu eta egunero bat bete beharko dute guztiek. Baliteke teknikoki telesail nahiko arrunta izatea, zinematografikoki nahiko sinplea iruditu baizait, baina maila emozionalean bikaina da; oso ongi eraikitako pertsonaiak, eta horri lotua,  bakoitzaren eremua pribatuan oso modu naturalean sartzen  gaituzten interpretazio bikainak eta oso sinesgarriak.  Ahizpatasuna, laguntasuna, sexualitatea, drogak edota harreman traumatikoak, hunkiberatasunarekin maila justuarekin landuak daude, eta kapituluek aurrera egin ahala telesailak tonu dramatikoagoa duen arren,  ez du umorearen indarra inongo momentutan albo batera uzten. Adiskidetasunari egindako omenaldia freskoa eta oso atsegina iruditu zait.

 

20- ‘Anne’

Filmin

Lau atalez osaturiko miniserie gogorra eta dramatikoa, oso. Benetako gertaera batean oinarritua, Liverpoolen girotzen da, 1989. urtean eta Hillsborougheko tragedia bezala ezagutzen den gertaera azaltzen du. Urte hartako maiatzaren 15ean futbolaren historian egon den hondamendi handienetakoa jazo zen. Ingalaterrako Kopako finalerdietako partida Nottingham Forest eta Liverpoolen artean jokatzen ari zen bitartean, jende- olde baten ondorioz Hillsborough- eko zelaian 96 pertsona hesiaren aurka zapaldu eta hil egin ziren. Telesaila gertaera hori helduleku gisa erabiltzen duen arren,  izenburuari erreferentzia egiten dion Anne Williams-en -bertan hil zen gazteetako baten ama-  pertsonan zentratzen da. Ama gorpuztuz, Maxine Peake-en antzezpen lana ikusgarria iruditu zait, sufrimendu horrek guztiak pantaila zeharkatzea lortzen baitu gure bihotza birrindu arte.  Egia ezagutzeko eta justizia egiteko borroka nekaezin horren testigu bilakatuko zara lehen segundotik.

19- ‘Five Days at Memorial’ 

Apple tv +

Ameriketako Estatu Batuek azken hamarkadetan pairatu duten natur hondamendirik handienetarikoa izan zen ''Katrina'' urakana. Miniserie honek, New Orleanseko ospitale batean izan zituen ondorioak aztertzen ditu. Egun horietan sortu ziren dilema etiko, politiko edota arrazagatiko gatazkak salatzen ditu, ahazten zaila den amesgaizto errealista eta gordina erakutsiz. Serieak bi zati nabarmen ditu;  lehena, hasierako 5 atalak, oso ahaltsuak iruditu zaizkit, paregabeak. Atal bakoitzean egun horietako batean zentratzeak eta benetako artxibo irudiekin tartekatzeak, errealismo maila oso altua eskaintzen baitio kontakizunari. Aktore guztien lana ere nabarmentzeko modukoa.  Azken txanpan ordea indar apur bat galtzen duela iruditu zait, jada ikusi dugun guztiaren ondoren, ikerketan zentratzeak eta nabarmenegia iruditu zaidan salaketan oinarritzeak, lausotu egiten baitu guztia. Azken hilabeteotan ikusitako proposamenik gizatiar eta mingarrienetako bat iruditu zait. Dramaren elementuekin josita dagoen arren, funtsean, beldurrezko istorioa dirudiena.

18- ‘The Staircase’

HBO Max

True Crime dokumentalen zaleak garenontzat, Jean-Xavier de Lestrade-ren The Staircase (2004) klasiko bat da zalantza izpirik gabe, generoaren barruan maisulana.  2001eko abenduan, poliziak Michael Peterson idazlearen deia jaso zuen. Bere emaztea konorterik gabe zegoela zioen Ipar Carolinako bere etxean, eskaileretatik behera erori omen zelako. Minutu batzuk geroago berriro hots egin zien, emakumea jada hilda zegoela esanez. Antonio Campos-ek sortutako fikziozko telesail honek, kasu hori ardatz hartuz gertatu zena azaltzen saiatzen da. Horretarako lehen mailako aktore zerrenda erabili du: Colin Firth, Toni Collette Juliette Binoche edota Michael Stuhlbarg besteak beste. Telesaila bikoteen eta familien sekretuei eta gezurrei buruzko azterketa psikologiko sakon eta liluragarria iruditu zait. Fikzioaren elementuez baliatuz, ezinhobeto pantailaratu du Camposek istorio hau, interpretazio lanez harago, muntaia eta egitura narratiboan indar handia jarriz.

 

17- ‘El Encargado’

Star+

Suspensezko generoren zertzalada batzuk dituen arren, telesail dibertigarria eta ikuserraza da. Buenos Aires hirian girotua, klase altuko eraikin batean lan egiten duen Eliseo atezainaren istorioa azaltzen du. Eliseo atsegina da, adeitsua. Baina istorio honetako heroia, gaizkilea ere bada aldi berean.  Bertako jabe eta maizterren sekretu guztiak biltzen dituelako, bakoitzaren bizitza pribatuan murgilduz,  informazio horrekin zalantzagarriak diren akordioak egiteko. Atezaina da, baina baita zelataria eta espioia ere. Tartean gatazka nagusi bat azalduko da, eta lanik ez geratzeko helburuz, duen “botere” horrekin egoera iraultzen saiatuko da. Hasiera zirraragarria du, oso erraz katigatuko zaitu telesailak, atalak igaro ahala gainera,  umore beltza eta ironia helduleku gisa erabiliz,  etengabeko ezusteak biziko dituzu. Guillermo Francella-k lan paregabea egiten du Eliseo gorpuzten eta eraikin horretako mikrokosmos berezi hori muinetik ezagutzeko aukera emango dizu. Gidoi aldetik sinesgaitzak diren une txiki batzuk antzeman ditudan arren, biziki gomendatzen dudan telesaila da, Binge Watching egiteko paregabea.

 

16-‘We Own This City’

HBO Max

David Simon kazetari gisa hasi zen lanean 80-90eko hamarkadetan The Baltimore Sun egunkarian, eta, horri esker, Homicide: A Year on the Killing Streets eta The Corner eleberriak idatzi zituen. Erreportari gisa emandako urteei esker,  liburu horiek errealismo zehatzez erretratatzen zuten poliziaren eta hiriko klase marjinalen bizitza. Hiriko erradiografia horien indarraren ondorioz, biek egokitzapenak izan zituzten telebistan, baina bere maisulanik garrantzitsuena 2002. urtean iritsi zen, The Wire telesaila sortu zuenean. Geroztik Generation Kill, Treme, Show Me a Hero, The Deuce, The Plot Against America eta aurten estreinatu den We Own This City . Su motelean kontatzen diren istorioak, kontzientzia politikoa eta soziala dutenak, sistemari kritika zorrotza eginez eta bereziki, pertsonaiekiko maitasuna dira Simonen ekoizpenen nortasun ikurrak. Hau guztia azalduta goazen berriena aztertzera, We Own This City . Hasteko telesaila non girotzen den ezinbesteko elementuan bihurtzen da hemen ere,  The Wire-en moduan, “bere hirira” itzuli baita, Baltimore-era alegia. Hiria, drogak hainbat esparrutan uzten ari den ondorio suntsitzaileengatik ezaguna, eszenatoki egokiena da Simonen ezinegonak plazaratzeko.  Baltimoreko poliziaren armak arakatzeko indar bereziaren erorketaren inguruko erretratua da honakoa; konfiskatutako drogak birsaltzea, estortsioa, basakeria eta beste delitu batzuk leporatuta, Justin Fenton kazetariak bere liburuan kontatzen duen bezala.  Hau, bereziki, Wayne Jenkinsen istorioaren bidez ikusten dugu, Jon Bernthalek maisuki antzeztua, unitate horretako liderra, orainetik iraganera jauzi eginez -hasieran apur bat nahasgarria iruditu zaidana- .  Begirada iluna erabiltzen du,  ustelkerian oinarritutako sisteman bizi garela salatuz, non zintzotasuna salbuespena den.

Simonen telesail gehienetan bezala, ikusle gisa esijentzia maila nahiko altua eskatzen duela ohartarazi nahi dizut.  Akziozko eszena ikusgarri eta koreografikoak bilatzen dituztenei eta etengabeko inpaktu eta efektu kolpeetara ohituta daudenentzat bereziki. Pazientzia apur bat eskatzen du, bere denbora hartzen baitu pertsonaiak eta gertaera zehatzak aurkezteko, baina esfortzu txiki horrek merezi du, telesaila aparta baita.

 

15-‘As We See It’

Amazon

Mundua, espektro autistaren bidez begiratzen duen telesail berezia eta hunkigarria,  autistaren nahasmendua duten hiru pisukideren istorioa azaltzen baitu, gizartean lekua hartzen eta beren burua gainditzen saiatzen diren bitartean. Espektro autistaren errealitatea fikziora ekartzerakoan, Jason Katimsek, telesailaren sortzaileak, argi izan zuen hasieratik pertsonaiak sortzerako orduan neurodibertsitate hori zuten aktoreek gorpuztu behar zituztela, eta horrek sekulako errealismo eta samurtasun dosiak txertatzen dizkio kontakizunari, ia dokumental bat ikusten ariko bagina bezala sentituz. 30 minutuko zortzi atalek, hunkiberatasunez eta umorez erakusten dituzte gazte hauen bizitzak,  lorpen handi zein unerik zailenak aurrez aurre jarriaz. Errealitate zaplazteko gazi-gozo bat sentituko duzue, eta enpatia ariketa egiteko ere baliagarria izango zaizue, pertsona hauek bizitzen dituzten hainbat egoeren bitartez bikain ulertuko baituzue egunez-egun bizi duten errealitatea.

14- ‘Bad Sisters’ 

Apple tv +

Big Little Lies telesailaren erako istorioak atsegin badituzu eta umore beltza gustuko baduzu adi proposamen honi. Belgikako Clan telesailaren moldaketa da, Bad Sisters serieak bost ahizpa aurkezten dizkigu. Bibi, Becka, Eva eta Ursula, Grace-engatik oso kezkatuak daude, bere senar misogino, nartzisista eta ia psikopataren erruz triste eta burumakur bizi benaren sentsazioa baitute. Soluzio gisa, Hitchcock-en filmetako elementuak dituen plana prestatzea erabakiko dute. Elkarri lotuak dauden bi denbora-tartetan kontatuta, batean zuzenean senarrekin zer gertatu den erakusten digu, besteak plan hori nola buru eta gauzatzen duten. Seriearen oinarri nagusia, elkarrizketa garratz eta tramaren garapen oso entretenigarriaz gain, aktoreen lana da zalantza izpirik gabe.  Horien artean Sharon Horgan-en izena topatzea, -Catastrophe telesailaren gidoilaria eta protagonista, besteak beste- argudio garrantzitsua izan da niretzat, eta ez dit hutsik egin. Iluna zein dibertigarria, azidoa zein gozoa, makabroa zein atsegina, eta batez ere entretenigarria oso.

13- 'Black Bird'

Apple tv+

Mindhunter edota True Detective-en erako proposamenak gustuko badituzue adi orain honi. Telesaila osatzen duten osagarriekin hasiko naiz: Gidoilaria Dennis Lehane;  bere eleberriak sarritan egokitu dituzte eta arrakasta handiko filmak izan dira - Mystic River , Gone Baby Gone , The Drop  edota Shutter Island besteak beste-. Soinu banda: Mogwai talde eskoziarrak konposatua. Aktore zerrendan izen ezagunak: Taron Egerton, Greg Kinnear eta erne, Ray Liotta, hil aurretik egin zuen azkenetariko lana.  Generoa: thrillerra eta kartzelako drama. Zer gehiago behar duzue? Premisarekin jarraituko dut, zentzugabea dirudien arren, benetako gertaeretan oinarritzen den telesaila baita  honakoa. Jimmy Keene (Taron Egerton) droga-trafikatzaileari 10 urteko kartzela zigorra ezarri diote; kartzelan sartu eta hilabete gutxira ordea bi aukera proposatuko dizkiote: lehena, dagoen tokian jarraitu eta 10 urteak oso-osorik betetzea. Bigarrena, aske utziko dute baldin eta segurtasun goreneko espetxe batean sartu eta Larry Hall ustezko serieko hiltzailearen lagun egiten bada. Zertarako? Hainbat hilketen aitortza lortzeaz gain, neska batzuen gorpuak non lurperatu dituen jakiteko.   Generoaren ezaugarri den polizia- ikerketa ere topatuko duzu jakina, baina  thriller horietako bat da zeinetan Dehanek zehaztasun milimetrikoz idatzitako elkarrizketetan oinarritzen den. Seriearen zimenduak Jimmy eta Larryr-ren arteko elkarrizketetan ezartzen dira -hemen Mindhunter telesail bikainarekin gogoratzea sahiestezina da- eta bien arteko harremana katuaren eta saguaren arteko jokoan bilakatu den arren, bietako batek bakarrik daki jolasten ari direla.

12- ‘1899’

Netflix

Baran bo Odar, Dark telesailaren sortzailearen lan berria dela esaten badizut, alarma -positibo zein negatibo- guztiak piztu dira zure barnean, ezta? Badakizulako telesail originala, entretenigarria eta oso konplikatua izango dela, baina batez ere ikusle gisa buru-hausgarri erraldoi batean murgilduko zaituela.  Ez dakizu ikusi duzuna jenialtasun hutsa den ala adarra jotze erraldoia. Batzuk gorrotatuko duzuena akaso, baina beste askok maitatu. Ni zalantzarik gabe bigarrengoen multzoan kokatzen naiz, ikaragarri gozatzen baitut sortzaile alemaniarrak eraikitzen dituen ikus-entzunezko puzzle hauen barruan jokatzen. Hasieratik bere arauak onartzen badituzu, eta zuzenean murgiltzen bazara, bidaiaz gozatuko duzula zin dagizut.  1899. urtean girotua, Europatik New York hirira doan itsasontzi bat kokatzen da tramaren erdigunean. Itsasontzi horretan jatorri, klase-maila eta mota guztietako pertsonak daude. Ozeanoren erdian daudela, hilabeteak desagerturik daraman beste itsasontzi baten seinalea jasotzen dute. Hortik aurrera eta Black Mirror, Lost, Titanic eta Dark telesailen hainbat elementu uztartuz gero, 1899 seriearen antzeko zerbait aterako litzateke. Asko gustatzen zait Baran bo Odarrek alderdi enigmatikoa eta emozionala uztartzeko duen abilezia. Atmosferikoa, misteriotsua eta oso adiktiboa. Beti ere, eta lehen esan dudan moduan, sortzailearen arauak onartzeko prest bazaude, bestela telesail hau agian ez da zuretzat.

Portzierto, ohar oso garrantzitsua: ezinbestekoa telesaila jatorrizko hizkuntza ikustea, hizkuntzarekin lotuak dauden eta gidoian txertaturik dauden ñabarduna ugari ulertu ahal izateko. Bost hizkuntzatik gora hitz egiten dira bertan, beraz pentsa.

11-‘Slow Horses’

Apple tv+

Atal bakoitza Strange Game (Joko Arraroa)  izeneko abestiarekin hasi eta amaitzen da, Mick Jaggerrek telesailerako bereziki konposatu eta historiaren espirituarekin bat egiten duen sintonia itsaskorra. Espirituarekin eta jakina gerora ikusi dugun tonuarekin eta giroarekin bat egiten lagunduko diguna.  Slough House -Zingiraren etxea- Londresko kale ilunenetan ezkutatuta dagoen bulego baten izena da.  Ezkutatuta, MI5ekoa delako (barne segurtasunaz arduratzen den Erresuma Batuko inteligentzia zerbitzua), eta zingira ezizena, bertako langileak, aurreko misioetan porrot egin zuten agenteak direlako, lehen mailako eginkizunetatik baztertuak izan diren agenteak, egoera prekarioan ari direnak.  Talde horren burua Jackson Lamb dugu, itxura kaskarrekoa, zikina, jasanezina, alkoholikoa, manipulatzailea, baina baita gupidagabea eta oso eraginkorra ere, Gary Oldmanek maisuki gorpuzten duena. Talde supremazista batek gazte pakistandar bat bahitzen duen unean hankaz gora jarriko du Zingira eta noski Britainia Handiko inteligentzia zerbitzua.  Hortik aurrera, akziozko espioitza thrillerren osagarriak erabiliz eta ironia zein umore beltz pintzelkadak, katu eta saguaren jokoan murgiltzen gaituen telesail adiktibo batean murgilduko zara. 

Ezin da alde batera utzi Slow Horsesek inteligentzia agentzia britainiarrari jaurtitzen dion dardo zehatza eta pozoiduna, eskuin muturreko taldeekin dituen lotura zuzenak edo zeharkakoak eta beren helburuak lortzeko nola erabiltzen dituzten erakutsiz.

10-‘Somebody Somewhere’

HBO Max

Bizitzari aurre egiteko (ia) ilusio gehienak galdu dituen 40 urtetik gorako emakume baten begietatik (Sam), bakardadeari, etsipenari eta frustrazioari buruzko erretratu zoragarria marrazten duen telesaila da honakoa, guztia pertsonaien irribarre ahaltsuekin bustia. Pertsonaia horiek, bizitzak ez dituela merezi duten moduan tratatu sentitzen dute, eta telesaila maisuki mugitzen da komedia eta dramaren artean, ikusleari etengabeko irribarreak zein malkoak ateraz.  Maite duzun pertsona bat galdu ostean bizitza berreraikitzea ez da batere erraza. Are gutxiago atzean utzi nahi izan duzun leku berean egitea eta iraganeko oroitzapen mingotsek bonbardatzen zaituzten bitartean. Istorioaren erdigunean Sam kokatzen da (Bridget Everett), ahizpa hil ondoren, hilabeteak galduta daramatzan emakumea; bizi den herrixkan etorkizunik ez duela uste du, ez da eroso sentitzen bere familian eta ez du gainditzen galeragatiko dolua. Baina lanean Joel eta bere lagun taldea ezagutzen dituenean, ikuspegi ezkor hori aldatzen hasiko da.  Zergatik ikusi beharko zenuke proposamen hau? Hasteko Bridget Everett-en interpretazio lana zoragarria iruditu zaidalako, hunkigarria eta dibertigarria aldi berean. Iraupen laburra duten zortzi  ataletan, homofobia,  alkoholismoa, depresioa, gutxiengoentzako gune seguruak sortzearen garrantzia, Estatu Batuetan hiri handietatik deskonektatuta bizitzeak eragiten duena, erlijioak gizartean duen eragina, iragana onartu eta bizirik irauteko beharra, edota espero ez zenuen adiskidetasun-harremana sortzea zeinen zoragarria izan daitekeen mahaigaineratzen du. Foku mediatiko eta marketin kanpaina guztietatik at geratu den ekoizpen txiki hau harribitxia iruditu zait.

9- ‘Irma vep’

HBO Max

Ohartarazi nahi dizut hau ez dela publiko guztientzako telesaila. Ez eszena odoltsuak edo basatiak dituelako, bereziki zinemazalea ez bazara, gaia eta edukia beharbada ez delako oso erakargarriegia izango zuretzat. Zazpigarren artearekiko dudan pasio neurrigabea kontuan izanik, niri harribitxia iruditu zait.  Olivier Assayas zuzendariak, bere filmografiako titulu garrantzitsuenetakoa (Irma Vep , 1996) 2022ra ekarri eta telesail bihurtu du. 25 urte geroago, Louis Feuillade-ren Les Vampires filmari omenaldia egiten dion premisa horri heldu dio berriro: Mira (Alicia Vikander) da protagonista nagusia. Zinemaren munduko aktore oso ezaguna da, mundu mailako izarra,  - Alicia Vikander baita ere, baina kasu honetan Mira pertsonaiaz ari naiz-, baina une konplikatua bizitzen ari da; desengainaturik dago, bai bere karreragatik, baita duela gutxi bikote erlazio bat hautsi duelako ere. Telesailaren lehen minutuetan Frantziara iritsi dela ikusten dugu,  Irma Vep gorpuzteko iritsi da, Frantziako zinema klasikoaren Les Vampires egokitzapenean parte hartzeko. 2022ko lan honetan, gaurkotasunera egokitzen jakin du eta jatorrizko lanean zeuden zinemarekiko kritika horiez gain, feminismoari eta ikus-entzunezkoen genero-ikuspegiari buruzko hausnarketak ere topatu daitezke. Remake-a baino gehiago Irma Vep telesaila metafikzioa dela esango nuke. Zinemari egindako omenaldia da, eta, aldi berean, proiektu artistiko bat egiteko prozesuan parte hartzen duten pertsonen bizipenei buruzko hausnarketa biribila.

8- ‘The Rehearsal’

HBO Max

Ia ezinezkoa zait izenburu honi buruzko kritika egitea. Iazko How to with John Wilson zoragarriaren moduan, proposamen sailkaezina baita honakoa. Esperimentu bitxi batean parte hartzera gonbidatzen gaituen obra zoro hau irentsi ostean, aitortuko dizut ez dakidala zer demontre ikusi dudan.  Bertan, fikzioaren eta errealitatearen arteko mugak lausotu egiten baitira. Ez al duzu inoiz pentsatu, bizi behar duzun egoera zail baten aurrean, egoera hori aurretik entseatu ahal izateko aukera izatea? Hori da Nathan Fielder-ek esperimentu honekin sortu duena; pertsona jakin batzuk beren beldur handienei zuzenean aurre egitera bultzatzen die. Nola?  Aurretik idatzitako gidoi baten bidez, non egoera desberdinentzat irtenbide desberdinak planteatzen dizkien, eguneroko bizitzan zamatsuak bihur daitezkeen egoerei aurre egiteko. Dokumental faltsuaren estiloan filmatua, doku-reality-aren kontzeptua beste maila batera eramaten du. Ez duzu ezer ulertu ezta? Onena, zuzenean Fielder-en erokeria honetan murgiltzea izango duzu, niri behintzat oso berritzailea eta harrigarria iruditu zait.

7- 'Monster: The Jeffrey Dahmer Story'

Netflix/ EUSKARAZ Azpititulatua

Milwaukeeko munstroaren istorioa azaltzen duen telesail iluna eta deserosoa. AEB-tan, 1978-1991 artean, Jeffrey Dahmer izeneko serieko hiltzaile honek burutu zituen hilketa beldurgarriak ardatz dituena Ryan Murphyk orain arte egin duen guztia kontuan izan beharko banu eta balorazio orokor bat egin, gehiegi gustuko ez dudan zuzendaria dela aitortu behar dizuet. Sortzaile oso interesgarria iruditzen zait, gai interesgarri plazaratzen dituena,  lan oso onak egin dituena, baina ekoizpen guztiei zerbait falta zaienaren sentsazioarekin amaitu ditut beti. Ondo daude bai, baina ez dira guztiz biribirak nire ustez. Zorionez, Monster: The Jeffrey Dahmer Story estreinatzearekin batera nire iritzia guztiz irauli da, honakoa, Ryan Murphy-k sorturiko proposamenik biribilenetarikoa iruditzen baitzait.

Gaizkia pertsonaien bidez erretratatzea lan liluragarria iruditu izan zait beti. Ikusle modura, benetan existitu den (ala ez den) pertsonaia ilun eta beldurgarri baten garapenaren testigu izatea itzela iruditzen zait, baina baita arriskutsua eta oso zaila ere. 10 ataletan horrelako munstro batekin enpatia sentituz gero, eremu oso ilunetan sartzeko aukera egongo litzateke zuzendarien aldetik eta moralki zalantzagarria izango litzateke trataera hori. Aldiz lehen segundotik pertsonaia hori nazkagarria eta jasanezina egiten bazaigu, ez genituzke 2 atal ere iraungo telesaila ikusten. Ryan Murphy-ren abileziarik handiena justu erdibidean kokatu izana da; hau da, pertsona mespretxagarri, ilun eta oso krudela dela uneoro erakusten duen arren, bere gizatasunaren zertzelada txiki batzuk ere erakusten dizkigu -aitarekin duen erlazioa, garai hartan homosexuala izateak zer suposatzen zuen, bizi izan zuen bakardakea…- , eta bien arteko konbinaketari esker sortzen den enpatia (oso-oso) txikiaz lagunduta guztiz eramangarria egiten du telesail osoa.

Nabarmentzeko beste alderdia biktimei eman dien ahotsan datza. Era honetako true-crime askotan normalean hiltzailean zentratzen dira soilik eta honek burutzen dituen krimenetan morboa eragitea, biktimen izen-abizenak bazterrean utziz. Serie honetan biktima horietako batzuetan zentratzen da guztiz, eta beraien familia, bizilagun eta lagunen bidez beraien testigantzen lekuko bilakatzen gara. Hiltzailearen eta biktimen erradiografia txundigarri honen artean gainera, kritika nahiko zuzen eta garbia tartekatzen da: ikerketa polizial hutsal eta  tamalgarriaren gainean uneoro usain daitekeen homofobia eta arrazismoaren kiratsa.

6- ‘Station Eleven

HBO Max

Artea da guztiz kolapsatu den mundu baten euskarri nagusia, eta kultura, pandemia batean bizirauteko ezinbesteko elementua. Hori da telesail berezi, poetiko eta eder honek utzitako mezu garrantzitsuetako bat. Bi denbora-tarte erabiliz – pandemia iristen den unea eta 25 urte geroago– mundu postapokaliptiko baten ikuspegi berritzailea aurkezten digun ekoizpena da, zeinetan honelako narratibetan ohikoa izaten den kontrara, indarkeria ez den planetaz jabetu. Tartean pertsona-sorta paregabea eraiki du Patrick Somerville sortzaileak. Hauen garapena zoragarria iruditu zait, behar den denbora hartzen baitu hauek ezagutu eta ulertu ditzagun. Une batzuetan, The Leftovers gogorarazi dit, eta hori asko esatea da.

5-‘This Is Going to Hurt’

Movistar

Odola, mina eta malkoak. Iruzkin hau hasteko aukeratu ditudan hitzak kontuan izanda, telesail beliko bati buruz ari naizela dirudien arren, ospitale publiko bateko obstetrizia eta ginekologia sailean mediku gisa lan egiten duen gure protagonistaren bizipenei buruz ari naiz. Hain estresagarria da serieak transmititzen duen egunerokoa, ezen umore oso beltza duen komedia izateaz harago, thriller frenetiko bat dirudiela.

Telesail honen istorioa Adam Kay gidoilariak lehen pertsonan bizi izan zituen esperientziak bezain erreala da. Brightonen jaiotako gidoilari honek,  telesailaren izen bereko liburuan idatzi baitzituen, umorez, ospitale batean lanean aritu zeneko bizipen guztiak. BBC-ren ekoizpena izatea kalitate berme bat dela argi dago, baina are gehiago aktore protagonista Ben Whishaw denean.  Adam gorpuzten du, bere bizitza infernu iraunkorra dirudien mediku egoiliarra. Ospitale bateko erditze eta ginekologia hegalean egiten du lan, eta burdinazko eskuarekin gobernatzen du zuzendari oso zorrotz batek. Protagonistaren une emozional bortitzenetan, laugarren hormaren haustura batekin tartekatzen da, alegia, pertsonaiak zuzenean ikusleari hitz egiten dio -House of Cards, Fleabag eta beste hainbatetan ikusi dugun bezala-, modu honetan sortzen den konplizitatea, istorioaren euskarrietako batean bilakatzen delarik.  Ahaztu House, Greys Anatomy eta tankerako mediku-telesail konbentzionalak. Oso gutxitan ikusi eta bizitako sekuentzia estresagarriak, gogorrak, dramatikoak eta noski baita zoriontsuak pantailaratu baitituzte Lucy Forbes eta Tom Kingsley sortzaileek, guztia gainera, umore (oso) beltzez bustia. Egoera horiei ezinezko ordutegiak dituzten lanaldi amaigabeak gehitzen badizkiegu, loa edota nekearen erruz harturiko erabaki txarrak, une surrealistez beteriko uneak biziaraziko dizkigute. Lan mota honetan gertatzen dena kontatzeaz gain, arrazakeria, lan prekarietatea eta gizarte britainiarrean gai polemiko gehiago ere salatzen ditu; erditzea normaltasunez garatzen ez denean sortzen diren albo-kalteak adibidez.

 

4- ‘Pachinko’

Apple Tv+

Pachinkoren historiak XX. mendean zehar mugitzen gaitu Koreak Japoniaren inbasioan bizi izan zuen errealitatearen zati bat ezagutarazteko. Sunjaren begietatik egiten du bidaia hori, 1920ko hamarkadan hasi eta 1989ra arte. Testuingurua hain zabala izanda ere, tonua nahiko intimista da. Debekatutako maitasun batekin hasten den istorio epiko eta intimoa kontatzen du, Korearen, Japoniaren eta Estatu Batuen artean bidaiatzen duen kontakizuna bihurtu arte; gerra eta bakea, maitasun eta galera… era guztietako osagarriak topatuko dituzu telesail honetan.

Hau guztia oso interesgarria izanik ere -are gehiago gertaera historiko horien inguruan dugun ezjakintasuna kontuan hartuta-, gaia ez da telesail honen bertuterik handiena; urteko telesail onenetarikoan bihurtzearen arrazoi nagusia, kontatzeko modua da, historia hori, intimoa eta orokorra aldi berean, nola pantailaratu duten alegia. Testuinguru horretaz baliatuz, belaunaldi oso baten erretratua egiten du, beren seme-alabak eta bilobak aurrera ateratzeko sufritu eta ahal zuten guztia egin zuten emakume korearrena.  Melodramarako joera duen garaiko drama bat bezala definituko nuke. Familia baten exodoaren eta identitatearen erretratua da, batez ere arbasoen kultura menderatu, mespretxatu, galdu eta erbesteratu denean. Muntaia lan paregabeaz baliatuz, paraleloan kokatzen ditu gertaera guztiak, denboran etengabeko jauziak eginez. Hauek, nahasgarriak izan beharrean, ezinbesteko bihurtzen dira osotasuna hobeto ulertzeko, iraganaren eta orainaren arteko oihartzunak etengabe entzuten baititugu, eta batak bestearekiko duen eraginaz kontziente gara uneoro. Atalak igaro ahala, solte geratzen diren hariak lotzen ditugu eta narrazioa sendoari esker une emozionalak eta estetikoak biderkatu egiten dira. Ezinbestekoa.

3- ‘The Bear’

FX/ Disney +

Goi-sukaldaritzaren alorrean eta munduko jatetxerik onenean lanean ari den chef gazte batek (Jeremy Allen White-ek maisuki gorpuzten duen Carmen “Carmy” Berzatto), bere karrera eta anbizioak bazterrean utzi beharko ditu,  Michael anaiak bere buruaz beste egin ostean, Chicagora itzuli beharko duelako, bere familiaren jatetxe txikia aurrera eramateko:  The Original Beef of Chicagoland, auzoko sandwich-jatetxe xume bat.

Lehen atala kaotikoa da oso. Zorabiagarria, nahasia eta zergatik ez esan baita nekagarria ere. Guztia erlojuaren kontra gertatzen da, sukalde batean gertatzen diren oztopo txiki eta handien arteko borroka amaigabean. Kamera ia zorabioa eragin arte etengabe mugitzen da, plano ugari bata bestearen jarraian, mozketa ugari, musika etengabeko sartu-irtenean, protagonistak azkar eta ia ulertu gabe hitz egiten… hori guztia gainera, sukalde txiki eta ziztrin batean kontzentratua. Baina nahasmen horren guztiaren arrazoia nabaria da:  ikusleari, lehen kolpean,  jatetxe bateko sukaldean bizi daitekeenaren sentsazioa transmititzea.

Nortasun ikaragarria duen eszenaratzea erabiliz,  auzoko sukaldaritzaren aldeko aldarrikapen bikaina iruditu zait telesaila, eta argumentuak pertsonaiaren barne-mundua sukaldaritzaren bidez nola berregiten duen erakusten digu.  Estresaren menpe lan egiten dugunean denok barruan daramagun “hartza” (The Bear izenburuari erreferentzia) kaiolatik askatzen saiatuko da Carmy protagonista. Jatetxe baten barruan gerta daitezkeen gorabeherak fisikoki eta mentalki kontrolatzeaz gain, anaiaren suizidioak dakarren kudeaketa emozionala ere presente egongo da uneoro.   Era honetako negozio baten alde argitsu zein ilunak erakusteko ahalegin hori, erreminta zinematografikoen bidez ere gauzatzea lortu dute .

Erabiltzen duen estiloak, hasieran aipatu dudan moduan, une batzuetan nekatu egin diezazueke (lehenengo bi atalekin bereziki pazientzia izan), baina guztiz bat dator kontatu nahi den horrekin eta niri txunditu egin nau.  Edukiari dagokionez nabaria baita transmititu nahi duten talka hori, baina forman ere maisuki gauzatu duten alorra da, klasikoaren eta modernoaren arteko bat-egitea irudikatzen baitute hasieratik.  Horretarako, aipaturiko eszenaratze basatiaz gain, bisualki ere elkarren artean talka egiten duten elementu ugari topatu daitezke; jolas-makina zaharrunoak ikusten ditugu edota 90eko hamarkadako zinema kartel zimurtuak eta bat-batean goi-sukaldaritzako plater baten lehen planoen segida; Michelin izarreko jatetxeko zuritasun eta txukuntasun horretatik, sukalde trakets honen lehen plano zikinetara igarotzen gara…Sukalde honetan astebete lanean igaro duzunaren sentsazioarekin amaituko duzu.

2- ‘Esterno notte’

Filmin

Azkenak lehenak izango dira ez baina ia-ia, telesail italiar hau abenduaren 20an estreinatu delako, eta zuzenean urteko bigarren postura iritsi delako. Marco Bellocchio zuzendaria telesailen mundura egin du jauzi, Aldo Moro-ren kasua jorratzeko, Italiar politika betiko aldatu zuen bahiketa politikoa. 1978ko Italian girotua dago seriea, eta herrialdearen azken urteotako gertakari garrantzitsuenetako bat azaltzen du; Brigada Gorriek (1969an sortutako Italiako talde armatu komunista) Moro bahitu zutenekoa. Mendebaldeko herrialde baten historian lehen aldiz, alderdi komunista batek babesten duen gobernua boterera iristear dago. Eta Kristau- Demokraziarekiko aliantza historiko bati esker egingo du hori. Aldo Moro, presidentea, akordioaren aldekoa da. Inbestidura-egunean, ordea, Moro bahituko dute. Gertaera erabakigarria izan zen hori herrialdeko bizitza politiko eta sozialean. 2003an Bellocchio berak Buongiorno, notte filmean kasu bera aztertu zuen arren, orain, ia hogei urte geroago, istorioaren azterketa sakonagoa eta zehatzagoa eskaini digu. Telesail honi esker, Bellocchio narratzaile bikaina dela frogatu du berriro ere, eta eszenaratzeko zehaztasuna alde batera utzi gabe, 70eko hamarkadako Italiako buru-hausgarri politiko korapilatsua xehatzeko abilezia harrigarria izan du. Kontakizunean kronologiak garrantzia berezia duen arren, egitura orokorra pertsonaietatik abiatuta egoteak indar berezia ematen dio.  Atal bakoitza gatazkaren barruko ikuspuntu bati buruzkoa da eta hainbat pertsonaiatan oinarritzen du. Pantaila txikira jauzi egin duen arren, Bellocchiok berresten du zinea egiten jarraitzen duela eta berea, nolanahi ere, sei orduko film bikain bat dela. Bikaina.

1- ‘Severance’

Apple TV+

Aurten gehien harritu nauen proposamena eta guztietatik biribilena eta originalena zalantza izpirik gabe. Black Mirror eta The Office telesailen elementuak koktel-ontzi batean sartuko bagenitu, Severance tankerako zerbait aterako litzateke.  Lehena gaiarengatik eta zabaldu nahi den gizarte kritikarengatik. Bizitzeko lan egin ala lan egiteko bizi? Bigarrena aldiz agerikoena, ofizina batean girotzen delako, enpresa batean, eta umore dosi txikiak badituelako – The Office askoz ere dibertigarriagoa da jakina, honakoa ez delako umorezko telesaila, gehiago baitu thriller psikologikotik-. Mark Scout-ek lantalde bat zuzentzen du Lumon Industries deituriko enpresan. Bertako langileek prozedura kirurgiko baten eraginpean daude –printzipioz bolondreski egindakoa- non beraien oroitzapenak, lan-eremua eta bizitza pertsonaletik guztiz bereiztea eragiten duen. Alegia, lanean daude bitartean ez dutela bizitza pertsonaleko ezer oroitzen, ezertxo ere ez; ez dakite non bizi diren, familiarik duten ala ez edota zoriontsu ala triste bizi diren esaterako. Laneko ateak gurutzatu eta bizitza pertsonalera bueltatzen direnean aldiz alderantzizkoa gertatzen da. Badakite fisikoki non egiten dute lan jakina, beraiek hala nahi dutelako baitoaz bertara, baina ez dakite ze lan mota egiten duten, zeintzuk diren lankideak, lana gorroto duten ala ez eta abar. Lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka makabro eta harrigarri honetan kokatzen den esperimentu ausart hau zalantzan jartzen hasten den unean ordea,  Mark misterioz beteriko espiral batean murgilduko da. Gai eta istorio original honi, gainera, Ben Stillerek maisuki zuzentzen dituen lehen mailako aktore zerrenda gehitu behar zaio: Adam Scott, Patricia Arquette, Dichen Lachman, John Turturro eta Christopher Walken besteak beste.  Estetiko ere txundigarria iruditu zait. Erakargarritasun nagusietako bat Stillerrek mikromundu bat sortzea lortu duela da. Departamentu bakoitza ekosistema propioa da, eta bertan barne-iraultzak, liskarrak eta ustekabeko adiskidetasunak ere gertatzen dira. Guztia da hain aseptikoa, hain txukuna,  hain garbia, hain zuria, baina era berean jariatzen duen lurrina hain dago faltsukeriaz betea eta hain da artifiziala, ikusle gisa oso deseroso sentiarazten zaituela, aztoragarria izateraino. Lagunartean eta familian eztabaidak piztuko dituen harribitxia.

Denboraldi berriekin itzuli direnak:

10- ‘House of the Dragon’ (Ex aequo)

HBO Max

Game of Thrones -hau euskal-encodings.eus-en euskaraz topatu dezakezue-  oso gustura ikusten nuen telesaila zen, eta une ikaragarriak zituela uste dut, pantaila txikiaren historiarako betiko geratuko diren une ahaztezinak. Zalantza izpirik gabe mugarri izan da zentzu askotan, baina ez nuke kokatuko historiako onenen zerrenda batean inondik inora ere, ahuleziak nahiko agerian geratu direlako denboraldiz denboraldi. Aurten, HBOk House of the Dragon estreinatu du; Daenerys Targaryen-en istorioaren aurretik girotua, 172 urte zehazki eta errege baten ondorengotza arriskuan dagoen unean, Viserys Targarien-en erregealdiaren bederatzigarren urtean. Lehen ataletan gehiegi konbentzitzen ez ninduen arren, atalez atal nortasun propioa eraiki duela iruditzen zait, eta oso telesail txukuna egin dutela.  Logikoa den moduan, tonuan, giropenean, estiloan, soinu bandan, estetikan, pertsonaia motetan eta diseinu ekoizpenenean oro har jatorrizko telesailaren esentzia oso-osoa topatu daitekeen arren, gidoiari eta pertsonaien arku dramatikoari dagokionez, gertuago dago Succession bezalako telesail batetik Game of Thrones-etik baino.  Aurrekoa baino askoz ere “zehatzagoa” ere bada, pertsonaia gutxiago, kokaleku gutxiago eta tramak orokorrean asko murriztu dira.  Ileordeak eta aktore aldaketa sinestezin horiek albo batera utzita, oso gutxi espero nuelako izan daiteke agian, baina onerako harritu nau.

10- 'Ozark' (Ex aequo)

Netflix

Egiari zor: kosta egin zitzaidan telesail honen atzaparretan erortzea, baina hirugarren saiakeran lortu nuen, eta geroztik, oso gustura ikusi dudan ekoizpenean bilakatu da, ezinbesteko horietako bat niretzat.  Iluna, tentsioz beterikoa eta hotza, denboraldiz denboraldi hobetzen joan dena eta aktore guztien interpretazio lana ezinbesteko euskarri bilakatu dena. Telesailaren lehen minutuetan Marty Byrde finantza aholkularia aurkezten digute. Familiarekin bizi da, bizitza nahiko arruntean. Egun batetik bestera Ozarkera joango dira bizitzera. Haren emazteak eta seme-alabek, ordea, ez dakite Byrderen sekretua: Mexikoko droga talde baten dirua zuritzeaz arduratzen dela. Hortik aurrera Byrde-n ustezko protagonismo hori zabaldu egingo da eta pertsonaia guztiek hartuko dute pisua ekoizpen paregabe honetan. Trama nagusiaren barruan, su motelean kozinaturiko azpitrama desberdinak irekitzen joango dira, bigarren mailako pertsonaia zoragarriak jokoan sartuz eta guztiekin armiarma sare korapilatsua osatuz.

10- 'Undone' (Ex aequo)

Amazon

Ez du parekorik harribitxi honek. Rotoskopia teknikarekin egina, hau da, irudien gainean eraikitako marrazkiekin. Neska gazte baten istorioa kontatzen da, istripu baten ondorioz denbora ohikoa ez den moduan hautematen hasiko dena. Trama ia perfekzioraino harilkatua dago, eta pertsonaiek hain elkarrizketa errealistak eta zintzoak dituzte, animazioa izan arren, bizitza bera baino burutsuagoak diruditela.  Ikusle gisa, lehenengo atalean animazioa zergatik aukeratu duten zalantzan jartzen badugu ere, behin aitaren irudia sartzen denean guztiz justifikatuta geratzen da. Ekoizpenari giro propioa emateaz gain, nortasun handiko agertoki eta efektu bisual oso zehatzetan mugitzeko aukera ematen duelako.  Depresioa eta gaixotasun mentalaren gaia mahaigaineratzen duen bitartean, Drama intimoa, thriller psikologikoa eta naturaz gaindiko elementuak dituen telesail aparta.

9- 'Hacks'

HBO Max

Ibilbidearen amaieran dagoen Stand-Up komediagile arrakastatsu bati, bakarrizketak berritzeko idazle gazte baten laguntza inposatzen diotenean eztanda egingo du. Zahartzen ari diren edota hasten ari diren emakumeei entretenimenduaren industriak egiten dienaren erretratu gordina da, oso burutsua, umorea erabiliz kritika zorrotza egiten baitu. Jean Smart eta Hannah Einbinder tandem zoragarria osatu dute atalez atal hobetzen doan telesail hau gauzatzeko.

8- 'Stranger Things'

Netflix

Lehen denboraldiari esker batik bat, sare sozialak sutan jartzea lortu zuen telesaila. 80ko hamarkadako erreferentzia entsalada hau ikusteko, orduko luzeko maratoiak eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte azken urteotan. Zein izan da baina,  Duffer anaiek zanpatzea lortu duten tekla magiko hori?  Telesailaren posterra ikuste hutsarekin -Drew Struzan marrazkilariari omenaldi nabarmena-, gure Delorean partikularrean 80ko hamarkadara bidaia egiteko aukera eskaini digutela. Sentsazioen berpizketa etengabea, eszenaratze perfektu batez lagunduta, karakterizazio eta interpretazio bikain batzuei esker eta ezin hobeto tartekaturiko beldur dosi txikiak erabiliaz.  Umorea, zientzia fikzioa, suspensea, maitasuna  eta akzioa modu hain orekatuan uztartzea ez baita batere erraza. Laugarren denboraldia txukuna iruditu zait, oso.

7- 'The Boys'

Amazon

Zeinen ongi pasatzen dudan telesail hau ikusten; gozamen hutsa iruditzen zait, ganberroa, entretenigarria eta basatia, superheroien munduko satira gupidapea eta zorrotza.  Superheroiak ospearen eraginpean jarrera zalantzagarriak hartzen dituzten mundu batean girotua dago, beren buruak ustelkeria bidean jarri eta oraindik eta ospetsuago bilakatzeko helburuz gizateria arriskuan jarriko dute. Baina umore beltz eta entretenimendu horren muinean gainera, idoloak behar dituen gizarte bati buruzko etsipenezko begirada ikaragarria ere eskaintzen du. Ikuspegi ezkor eta amoral horretan datza The boys-en indarra nire ustez; Marvel eta DC faktoriekin erraz identifika daitezkeen superheroiak, hezur-haragizko pertsonen antagonista bihurtzen dituena, ustelkerian oinarritutako status quo horri mozorroa kentzeko borrokan ari diren benetako heroiak. Proposamen ezin hobea iruditzen zait superheroien generoa gorroto dutenentzat, beren jarrera berresten lagunduko dielako.

6- 'Borgen: Riget, magten og æren'

Netflix

Ia 10 urte geroago telesail nordikoen iraultza eragin zuen telesailetako bat itzuli da aurten., Birgitte Nyborg ikono mailara igoarazi duena. Boterea, ustelkeria, zintzotasuna, familia, gizartea eta kazetaritza uztartzen dituen hausnarketarik biribilena eta zorrotzena iruditzen zaidan telesaila da; eta, batez ere, entretenigarriena. Danimarkako lehen ministro izateko Birgitte Nyborg politikariak egunero egin behar duen lana eta sakrifizioa erakusten dizkigu telesail honek. Baita helburu horrek bere bizitza pertsonalean izango duen eragina ere. Nyborg ez da ohiko politikaria, ordea. Lehen ministro izateko bidean da, baina bere osotasuna mantenduz, idealak errespetatuz eta herriaren interesen alde borrokatuz.

Itzulera honetan istorio berri bat erakutsiko digute,  eta gatazka berri bati aurre egin beharko dio protagonistak; zoragarria iruditu zait, zer nolako gaurkotasuna eman dioten gidoiari, egun kezkagarriak diren hainbat gai plazaratuz.
 Gidoi bikaina eta dotorea, tonu didaktiko eta sakona duena. Aktore guztiak ere, nabarmentzekoak, baina, batez ere, protagonistarena egiten duen Sidse Babett Knudsen azpimarratuko nuke. Bere pertsonaia gutako edonoren pare jartzeko duen gaitasunak bere familiaren eremu pribatuan sartzeko aukera ematen digu. Politikariekiko dugun irudi hotz eta eskuraezin hori guztiz apurtu eta pertsona arrunt baten mailan jartzen du. Noski, politikaren lehen lerroan kokatzeak hainbat momentutan eskuetatik alde egingo dion garapen pertsonal eta profesionalera eramango du. Orokorrean, emakumearen irudia eta eginkizunak oso modu interesgarrian aurkezten ditu telesailak, topikoak eraitsiz eta estereotipoetara jo gabe.  Erritmo biziko trama du, eta sastatzeko moduko elkarrizketa zorrotz eta burutsuak. Beldurrak eta nagitasuna gainetik kendu eta emaiozue aukera bat, ez zarete damutuko eta.

5- ‘For All Mankind’

Apple Tv+

Gerra hotza ilargian. Horrela laburbilduko nuke telesail honen mamia: sagar hozkatuaren plataformak egin duen telesailik onenenetarikoa. Istorioa errealitate alternatibo batean hasten da garatzen, non sobietarrek ilargira iristeko lasterketa amerikarrei irabazten dioten. Ukronia batean kokatzen gaituela esan daiteke, beraz. Gertaera zehatz hori salbu, 70eko hamarkadako unibertsoa gurearen bera da, baina hortik aurrera tximeleta efektua bailitzan dibergitzen hasiko da, gertaera jakin horrek ondorengo hamarkadaka guztiak betiko aldatuko dituen arte. Arrazaren araberako bereizketa, emakumearen gutxiespena, homosexualen jazarpena eta gerra hotzaren paranoia ere erakusten ditu telesailak. Aitzakiaren bat jarri beharko banio, ikuspegi “amerikarregia” duela esango nuke. Hasierako premisa hori, denboraldiz denboraldi garatzen joan da, eta aldaketa nabarmenak antzemango dituzu aurten estreinatu den 3. denboraldian.

4-‘In My Skin’

Filmin

Kayleigh Llewellyn-ek sortutako komedia dramatiko beltza da, familiako bizitza disfuntzionala isilpean gorde nahi duen nerabe baten bizitza gogorra azaltzen duena.  Bethan da protagonista, bere bizitza familiarra lagunei zein irakasleei  ezkutatzen dien neska galesa. Guztiei gauza bera esaten die; aita funtzionarioa dela eta amak giza baliabideen departamentuko enpresa batean lan egiten duela. Baina Bethanen errealitatea oso bestelakoa da,  familia-egoera jasanezina baita oso. Telesail gazi-gozoa da, coming-of-age generoaz baliatuz komedia eta dramaren artean mugitzen baita uneoro,  eta ikusleari familia-egoera guztiz lazgarria helaraztea lortzen du. Gidoi mailan bikaina iruditu zait, eta ikus-entzunezko lengoaiari dagokionez ere nabarmentzen dena; une jakin batzuetan laugarrsen horma hausten du protagonistak, eta bere pentsamenduen off ahotsarekin batera oso ondo erabiltzen den baliabidea da, telesailari ñabardurak eta sakontasuna ematen dizkiona.

3- 'The White Lotus'

HBO Max

Inortxok ere ez –ezta Hbo berak ere- espero ez zuen telesail arrakastatsua eta bigarren denboraldia distiratsuarekin baieztatu du bikaina dela. Iraun dituen zazpi asteetan sare sozialak ekoizpen honi buruzko txio, aipamen eta memez josi dira, bertan azaltzen diren pertsonaiak ia ikono bilakatu arte. Succession zoragarriarekin gertatzen den moduan, pertsonaia jasanezinak eta gorrotagarriak, baina era berean maitagarriak. Umore beltzak gainezka egiten duen gidoi biribila eta elkarrizketa ironiko eta zorrotzez hornituriko trama oso entretenigarria. Aste betez, Sizilian kokatzen den hotel batean erlaxatzeko intentzioz ari diren pertsona jakin batzuen oporrak erretratatzen dituen telesaila da. Atalak igaro ahala ordea, guztia korapilatzen eta iluntzen joango da azken traka apoteosiko batera iritsi arte. Osagarri horiekin guztiekin, modu satirikoan jorratzen ditu gizarte-klaseen arteko, desberdintasuna, bikote harreman gatazkatsuak eta horren erruz izaten dituzten identitate-krisiak.  Ikusi. Ez zara damutuko, gozamen hutsa da.

2- 'Euphoria'

HBO Max

Euphoria telesaila hitz gutxitan aurkeztu beharko banu: bigarren (mailako) hezkuntzako ikasle talde baten egunerokoa erakusten duen ekoizpena dela esango nuke; drogak, sexua, nortasuna, traumak, sare sozialak, maitasuna eta laguntasunaren bidetik nabigatzen duten bitartean. Guzti hori gainera, era oso gordin, esplizitu, harrigarri, gogor, ilun eta deserosoan aurkeztua. Zirikatzaile da, ausarta, iluna eta batez ere oso deserosoa. Z belaunaldiaren, –90eko hamarkadaren erditik edo 2000. urte hasieratik gaur arte jaiotako pertsonek osatzen duten belaunaldia– zentsurarik gabeko erretratu oso gordina, gaixotasun ohikoena antsietatea dela erakusten duena, izango duten etorkizunaren ziurgabetasuna, gaixotasun horren eragileetako bat delarik eta teknologia berriak, erabat ondoratzeko balio duen putzu sakon bat. Ez dakit gustuko izango duzun ala ez, baina ziur gutxitan ikusi duzula antzekorik. Txundigarria iruditzen zait.

1-'Better Call Saul'

Netflix/ Movistar

Letra larriz idatzitako maisulana eta telesailen historiako onenen multzoan kokatzen dudana. Oso telesail gutxik jokatzen baitute Better Call Saul-en liga berean. Breaking Bad maisulanaren spin off-a oraindik ikusi ez baduzu ez dakit zertan ari zaren, Saul Goodman abokatu xelebrea oinarri duen harribitxia galtzen ari baitzara. Telesail originalari erreferentziaz eta loturaz josia, drama eta umore beltzaren nahasketa perfektua osatzea lortu du Vince Gilliigan sortzaileak, beti ere gidoi bikain baten babespean. Ekoizpen honen bikaintasun maila ia lotsagabekoa iruditzen zait, bere gidoitik hasi eta metafora bisualetara pasaz, argazki zuzendaritza zaindutik jarraituz, beti pazientzian eta zehaztasunean oinarritutako muntaia ia perfektu horretara iritsi arte. Aipamen berezia noski, pertsonaiei oro har, eta protagonistari bereziki, Bob Odenkirk-ek Walter White-en mailara igoarazi duen pertsonaia eraikitzea lortuko duela uste baitut. Ezin ahaztu jakina, atalez atal pisua eta indarra irabazten joan den Kim Wexler. Azken urteetako emakumezko pertsonaien artean, garapen interesgarri eta mamitsuenetarikoa eskaintzen ari dena: Better Call Kim.

Ez nuke esango derrigorrezkoa denik, baina bai garrantzitsua, lehenago Breaking Bad ikusi izana, telesail honen atzealde eta zentzu guztia hobeto ulertzeko, pertsonaiekiko enpatia maila altuagoa izateko eta oro har askoz ere gehiago gozatu ahal izateko. Berriro diot: MAISULANA!