2022ko 20 diskorik gustukoenak

2022ko 20 diskorik gustukoenak Onenak hitz potoloa da, hori objektiboki baieztatzeko 2022an argitaratu diren disko guzti-guztiak entzun beharko bainituzke. Horren ordez, urte honetan entzun ahal izan dudanetik nire diskorik gustukoenen zerrenda egin dut. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/2022ko-20-diskorik-gustukoenak/@@download/image/photo-output.JPG
2022/12/20
erreportajea

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Onenak hitz potoloa da, hori objektiboki baieztatzeko 2022an argitaratu diren disko guzti-guztiak entzun beharko bainituzke. Horren ordez, urte honetan entzun ahal izan dudanetik nire diskorik gustukoenen zerrenda egin dut.
2022ko 20 diskorik gustukoenak

20. Lezón & Limousin - Azkorri
Ricardo Lezon eta Jaime Arteche Limousinen proiektu pertsonala da honakoa. McEnroe taldearen barnetik sortu da, euren hitzetan, abestiak sortzearen plazer hutsagatik. Hori bai, ia nahi gabe jaiotako proiektua bada ere, kalitatea soberan du. Lan zaindua da, non instrumentu akustikoak elektronika geruza iradokitzaileekin uztartzen diren. Malenkonia da instrumentu nagusia. Letrei dagokienez, natura da euren musa eta bertatik eratorriak dira mezuak helarazteko metaforak. Oro har, ez da egin ohi dutenetik asko aldetzen, baina berrikuntza bat badakar: lehengoz euskaraz sortutako abesti bat argitaratu baitute Anarik lagundurik. Gauza txikien xarma aldarrikatzen duen lan polita.

19. Orbel - Lur Hezea
Hiru urte itxaron behar izan dugu taldearen lan berri bat entzuteko, baina itxaronaldiak merezi izan du. Disko honetan ere iluntasuna da nagusi. Laukoteak itzalak baliatzen ditu argitasuna eskuratzeko. Intentsitatea eta barnerakoitasuna nagusi diren abestietan euren sentimendurik sakonenak partekatzen dituzte entzulearekin, guztion gozamenerako. 

18. The Weeknd - Dawn FM
Argi dago The Weeknd-ek sekulako abilezia duela abesti eskuragarri eta kontsumo errazekoak argitaratzeko. Horrek ez du esan nahi nahitaez kantu txarrak direnik; nahiago, buruan iltzatuta abestiren bat geratu behar bazait, bereak izatea! Disko hau, aurreko lanean jorratutako 80. hamarkadako soinuaren jarraipena da. Formula errepikatu du inongo lotsarik gabe. Abesti bikainak baldin badaude ere diskoan zehar, beste batzuk oso ahazkorrak dira, azken emaitza maskalduz.

17. Death Cab for Cutie - Asphalt Meadows
Disko bikainak eta erdipurdikoak tartekatzen dituen talde horietako bat da. Azken urteetako lanek hastapenetakoen mailarik sekula eskuratuko ez zirudiela iradokitzen zuten. Azkenik, ordea, sentsibilitatez jositako diskoa osatu dute. Plans lan bikainaren magia hori du abesti sorta berri honek. Tentsioa eta samurtasunaren oreka maisutasunez mantentzea lortu dute. Taldearengan galduta zenuen ilusioa berreskuratuko duzu lehen entzunalditik. 

16. FKA Twigs - CAPRISONGS
Ilunera ohituta gauzka FKA twigs-ek. Orain arte musika sortzea, berarentzat, barruko behazun beltza botatzea zen. Oraingo honetan, ordea, argi izpiak sumatu daitezke melodien artean. “Indartsuenek bakarrik bizirauten dute” dio honda abestiko zati batean. Bere deabruak atzean utzi dituela dirudi. Askatasuna, indarra eta gizatasuna helarazten ditu diskoak. Lan berri bat argitaratu beharraren presioa baztertuz, bere sormena ez du mugatu; eta bere ohiko abesti elektroniko intimoak kantu komertzial poperoenekin uztartu ditu. Mixtape bat balitz bezala aurkeztu du diskoa gainera, gozamena, sufrimendua eta bizitza bera ederki irudikatuz bertan.

15. Ty Segall - Hello, hi
Kaliforniarraren hamalaugarren diskoa izanik, ez nuen pentsatzen zerbait ezberdina eskaini zezakeenik, baina horrek ez du esan nahi gozatu ezin daitekeen diskoa denik. Lan etxekoia da, akorde lasai eta melodia bikainekoa. Eguzkiaren irteera kafe katilukada batekin behatzeko bikaina. Leku seguru batean sentiarazten zaitu lan akustiko honek, munduko zaratatik urrun. Gauza gutxirekin eta esfortzu handirik gabe plazera bilatu litekeela erakutsi digu Segall-ek disko honetan. Ez da gutxi.

14. Merina Gris - Zerua Orain
Amets hautsi eta desengainuei kantatzen die taldeak sintetizagailuek sortutako musika geruza ezberdinen artetik. Beat elektronikoak eta melodia zorrotzak nahikoa izan dituzte euskal eszenara freskotasuna ekartzeko. 90. hamarkadakoen negar eta damuak bildu dituzte pop ilun eta dantzagarrian. 

13. Birds In Row - Gris Klein
Hirugarren lan honetan frantziarrek scremoaren mugak gainditu dituzte, rock alternatibora eta post-punkera hurbilduz. Desesperazioa helarazten duen lana bada ere, argi utzi nahi du maitasuna dela irtenbide bakarra. Horregatik, azken oihuan esaldi hau entzun liteke: “Mundua gaixoegi badago, hiltzen ikusiko dugu kolore sezesio batean, eskutik helduta”. Bitartean, heldu disko honi, merezi du eta!

12. Brutus - Unison Life
Disko biribila da hau. Pasioa eta edertasuna borborka ditu, euren arteko kimika nabaria da. Soinu hedakorra da, infinituraino doala dirudiena. Zerbait unibertsala eta aldi berean oso partikularraren aurrean gaudenaren sentsazioa ezingo duzu alboratu diskoak irauten duen bitartean. Hitzak soberan daude abestiak horren garbi mintzatzen direnean.


11. Nils Frahm - Music For Animals
Hiru ordu eta sei minutuko diskoa da honako hau. Luzea bada ere, merezi du pazientzia apur bat eskaintzea, batez ere ambient estiloaren zalea bazara. Sintetizadorea eta pianoa erabiliz pasarte hipnotiko zoragarriak osatu ditu, beste behin alemaniarrak. Esan liteke disko hau bere lanik luzeena dela, baina baita onena ere. Guztia azkar kontsumitu eta botatzen dugun honetan, sekulakoa da hau. Behin eta berriz beregana itzultzen zaren lana da, zure lagun min bilakatzen den horietakoa. 

10. Benizze - Benizze
Mountak taldea desagertu ostean Beñat Goitiaren bakarkako proiektu musikal berria da Bennize. Elektronikaren aldeko apustu garbia egin du, euskal sustraiak ahaztu gabe. Bi elementu hauek dance eta trap estiloekin ere uztartzen ditu zenbait momentutan, koktel bitxi bezain zaporetsua osatuz. Ruper Ordorika eta J Martina bezalako laguntzaile bikainak izan ditu gainera, bere abestiei, jada dutena baino, nortasun gehiago eransteko. 

9. Peru Galbete - Beiratu
Musikari laguntzen dion tresna moduan ulertu ohi dugu irudia. Galbeteren unibertso zabal bezain oparoan, ordea, protagonismo bertsua dute. Ahotsa, inprobisazioa eta imajinak uztartuz lan artisau ederrak oparitu dizkigu. Azkeneko hau ez da salbuespena. Bizitzari begietara begiratu —edo beiratu— dio lan eder honetan. Beiratu objektu bati beira itxura ematea ere bada,  ordea. Hitz joko honek ederki laburbiltzen du diskoa: Mundu hauskor hau ulertu ahal izateko begiratzeko modu bat. Musikak duen sendamen ahalmena ere agerian uzten du lan honek, barrutik kanpora begiratzeko modu zaurgarri bezain indartsuak dira bertako abestiak.

8. Pomme - consolation
Modu ezti bezain zaurgarrian sentitu ohi ditugun gabezia emozionalak izendatzen ditu Claire Pommet-ek. Oraingo honetan, zenbait abestitan, baita ingelesez ere. Hizkuntzak hizkuntza, ezinezkoa da helarazten dituen emozioekin identifikatua ez sentitzea. Oro har, maitasunaz, heriotzaz eta egunerokotasunean aurki daitezkeen egoerei buruz hitz egiten du, guztia erromantizismo kutsu eder batekin. Intimitate epela sortzen duen musika dotorea da, neguko hotzetik berotzeko zoragarria.

7. Bill Callahan - Reality
Callahan-en ahots mardula eta letra ironiko bikainak bueltan dira. Mundu itsusi honetan beharrezkoak diren lan horietako bat da hau, kasik sendatzeko ahalmena duena. Ez du ezer berririk eskaintzen, bere nortasunez betetako ahotsean hausnarketa ezin interesgarriagoak eskaini dizkigu, beste behin, abesti biluzietan. Batzuetan, ordea, ez da askoz gehiagorik behar. 

6. Hermanos Gutierrez - El Bueno y El Malo
Suitzar-ekuadortar bikoteak lan berria argitaratu duela jakin eta berehala dakit, entzun aurretik, kalitatez borborka egongo dela. Fede itsua dut beraiengan, eta oraingo honetan ere ez didate hutsik egin. Diskoko lehen kantutik, euren gitarra lehor eta lakarrekin, desertura garamatzate. Hurrena Hermosa Drive kantua da. Abesti lasaia, erritmo aldaketa bikainekin. Oro har, oso disko orekatua da, melankolia eta tristura argitasunez islatzen dituena, entzulearen emozioak azaleratuz. Azpimarratzekoa da Tres Hermanos abestia ere, The Black Keys taldeko Dan Auerbach-ek kolaboratzen baitu bertan, sekula sortu duten piezarik dantzagarriena oparituz. Diskoak bikote hau maisu bihurtzen duen osagai guztiak ditu, irudimena abian jarri eta gure istorio propioa eraikitzeko tresna guztiak eskainiz abesti bakoitzean.  

5. November Ultra - bedroom walls 
November Ultra izenaren atzean sentsibilitate eta samurtasun bereziko sortzailea ezkutatzen da. Radiohead eta Sufjan Stevens-en bertsioak egiten hasi zenean, askok berehala hauteman zuten bere talentua. Orain, bere lehenengo lan luzea aurkeztu berri du; zuzenean bere logelatik entzuleon erraietara. Pastel-koloreko mundu leuna sortu du, utopia oasi eder bat. Hausnarketak ere xaloak dira, baina bere sinpletasunean zintzoak ere bai. Ez da guztia, ordea, hasiera batean dirudiena bezain begi bistakoa. Izan ere, diskoko pasarte batzuetan, esperimentazioari bidea irekitzen dio eta bertan gaztelaniaz abesten du, flamenko erritmoetara hurbiltzeraino iritsiz. Hauskorra dela dakienaren indarra borborka. Merezi du.

4. Ghau - nora(ez)eroso
Joerei jaramonik egin gabe, Gartxot Unsain, estilo ezberdinetako (hardcorea, rocka, popa…) hainbat talde eta proiektutan gozatu ahal izan dugu. Donostiarraren proiektu guztiek, ordea, badute zerbait errepikatzen dena: zintzotasuna. Bere lehenengo bakarkako proiektu honek ezin ezberdina izan horretan. Ghau, Gartxot hau, barren-barreneraino sartuko zaizu, zaurgarri sentitzeari beldurrik ez diozunetakoa bazara bederen. Testurez ornitutako funky-pop melodia eta galderez betetako letra bikainen bitartez norberaren defentsa-murru guztiak erausten ditu, bihotzetik bihotzetara doazen kantuekin.

3. Tove lo - Dirt Femme
Tove Lo 2010. urtean egin zen ezaguna Habits singleagatik. Ordutik ibilbide oparoa izan du, eta hau, jada, bere bosgarren diskoa da. Alta, oraindik ere, suediarraren popa freskoa da, iluna eta menpekotasuna sortzen duenetakoa. Sintetizadoreak nortasun handiz erabiliz No One Dies From Love eta antzeko harribitxiak eraikitzen ditu. Abesti arinak dirudite lehen entzunaldian, baina  erritmo bizi horien atzean sekulako iluntasuna hautematen da. Letrei dagokienez, 34 urteko emakume baten bizitzan sakontzen du. Orokorrean, lan biribila da, kantuak oso ongi eraikiak eta ekoiztuak baitaude. Diskoak gorputza mugitzeko gogoa pizten du, negar egitekoa, txortan egitekoa… nork dio abesti tristeekin ezin dela dantzatu eta ongi pasa?

2. Amaia Miranda - Cuando se nos mueren los amores
Gitarra akustiko soil bat lagun, Amaia Mirandak emoziorik sakonenekin hornitzen ditu abestiak. Bilboko gitarra-jole honek pieza instrumentaletara ohitua bagauzka ere, lehenengo lan luzean, kantuan entzun ahal izan dugu; batez ere gaztelaniaz, baina Agur esan kantuan euskararekin ere animatu da. Hizkuntzak hizkuntza, abesti guztiek sentsibilitate izugarri dute, baretasun hipnotiko bat helaraziz. Inongo ahots izugarririk gabe, ia xuxurlaka, bere barne mundu oparoa zintzotasunez aurkezten digu eta baita letretan umore ukituz ere (entzun Tocas el mundo). Disko biluzi bezain baikorra oparitu digu Mirandak, argi printza ugari iragazten uzte duen aterpe itzaltsua. 

1. Olaia Inziarte - Lehengo Lepotikan Burua
Aspaldi ez nuela sentitzen abesti bat entzutean horrenbesterainoko hotzikararik. Zure mina abestia hunkigarria da, sinplea, baina zintzoa. Disko guztiak ere ildo hori jarraitzen du, zintzotasuna eta pasioa nabarmentzen dira abesti bakoitzean. Estilo ugari entzun daitezke diskoan, eta hasiera batean, horrek bere aurka jokatuko duela badirudi ere, nafarraren lana hazi egiten da entzunaldi bakoitzean. Hain disko pertsonala denez, ezinezkoa da entzulea axolagabe uztea, bestela bihotza beharrean harria duzu bularrean, ez dago beste esplikaziorik. Berriki argitaratu bada ere, nire bihotzean jada lehen postua eskuratu du.