2021EKO 10 DISKORIK ONENAK

2021EKO 10 DISKORIK ONENAK Ez naiz ni onenak eta txarrenak zein diren esatearen aldekoa. Musikak guztia du subjektibotik, eta guztiok ditugu esperientzia, zein emozio jakin batzuk disko edo abesti jakin batzuei lotuak. Lotura horiek ariman tatuatuak gelditzen dira, eta behin hori gertatzen denean berdin du norbaitek disko hori ona edo txarra bezala deskribatzen badu. Bada hemen doaz 2021 honetan gehien entzun ditudan diskoen zerrenda, baita niri helarazi dizkidaten sentimenduak adierazteko saiakera hutsalak ere. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/2021eko-10-diskorik-onena/@@download/image/IMG_5214.JPG
2021/12/21

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Ez naiz ni onenak eta txarrenak zein diren esatearen aldekoa. Musikak guztia du subjektibotik, eta guztiok ditugu esperientzia, zein emozio jakin batzuk disko edo abesti jakin batzuei lotuak. Lotura horiek ariman tatuatuak gelditzen dira, eta behin hori gertatzen denean berdin du norbaitek disko hori ona edo txarra bezala deskribatzen badu. Bada hemen doaz 2021 honetan gehien entzun ditudan diskoen zerrenda, baita niri helarazi dizkidaten sentimenduak adierazteko saiakera hutsalak ere.
2021EKO 10 DISKORIK ONENAK

10. Halsey - If I can’t have love, I want power

Pertsonala politikoa dela dioen leloa disko bihurtu du Halsey-ek bere laugarren lanean. Indibiduo baten zokorik pribatu eta intimoenetara gonbita da. Aurreko diskoetan gai sentikorrak ukitzeko arazorik ez zuela frogatu izan du, baina oraingoan gizakiaren konplexutasunaren erdiraino joan da. Soinu berriak ere probatu ditu, proposamena are eta interesgarriagoa bilakatuz. Horretarako ekoizle lanetan Trent Reznor eta Atticus Ross bikainen laguntza izan du. Zenbait abestitan, ezinbestean, Nine Inch Nails-en estiloa gogoraraziz. Barne bidaia hunkigarria da disko hau, beste behin erakutsiz, artea dela horretarako garraiorik egokiena. 

9. Verde Prato - Kondaira Eder Hura

Ana Arsuagaren bakarkako proiektua da Verde Prato. Ahotsa ia protagonista bakar bilakatuz euskal folkloreko kantu herrikoiak biltzen ditu elektronika eta minimalismoarekin uztartuz. Lehen momentutik hipnotizatuta uzten zaituen lana da, entzuteko erraza ez bada ere entzuleak berehala hautematen baitu zerbait bereziaren aurrean dagoela. Kondaria eder hura diskoak hirira joateko herria uzten duen mutil baten istorioa kontatzen du hitz xume baino indartsuekin. Abesti bakoitzak pertsonaia ezberdinek martxa horri buruz duten ikuspuntu ezberdina kontatzen du. Tradizioa eguneratuz osatutako sentsibilitatez betetako lan ezohikoa. 

8. Wolf Alice - Blue Weekend

Erritmo irmoak melodia dantzagarriekin ederki uztartzen dakitela berretsi dute lan berriarekin Londreseko taldeak. Zikina garbiarekin nahastuz, eta maiz, ahotsa bera bigarren plano batean utziz, entzulea hankaz-gora uzten dakite modu positiboan. Jarrera kontua da beharbada, askotan musikak bezain besteko pisua izaten baitu. Portaera erabat punkia, baina aldi berean garaikidea helarazten dute. Diskoan gogo-aldarte ezberdinak nahasteko duten abilezia agerian geratzen da eta horrek egiten du laukote hau horren berezi. Gainera, abestiak lehertu aurretik euren denbora hartzen dute, entzuleari, ezinbestean, bidaiaz helmugaz bezain beste gozatzera behartuz.

7. Turnstile – Glow on

Lehen abestitik jada ukabilkada bat da. Erraietatik zuzenean, apaindura gehiegirik gabe sortzen den musika atsegin baduzu hau harribitxia da. Gitarra zikinekin hardcore klasikoaren moldeak apurtu dituzte, hain zurruna dirudien musika estiloari haize freskoa ekarriz, eta beharbada, baita ohikoa ez den publikoa ere. Erraz entzuten den diskoa da, itzuliguruka ibili gabe zuzenean konektatzen baitute entzularen emozioekin.

6. María Arnal i Marcel Bagés - Clamor

Berriz ere tradizioa eta modernitatea uztartuz maisulan bat eskaini digu bikoteak. Zirrararen intentsitatea goren-gorenean mantentzen dute lan osoan zehar, egoera zailen aurrean gizakiak bere burua berrasmatzeko duen ahalmena agerian utziz. Beste behin, agerian uzten dute iragana eta etorkizuna ez direla antonimoak, eta bien beharra dugula aurrera egiteko: iraganarena egindakoaz ikasteko eta etorkizunarena hobeagoak izateko saiakerak burutzeko, gizarte kapitalistari kritika zorrotza eginez. Istorio pertsonalenak dira unibertsalenak. 

5. C. Tangana - El Madrileño

Anton Alvarez-ek urteetan lortu duen arrakastaren emaitza da hau, orain nahi duena egiteko pribilegioa eskuratu baitu. Trap doinuak bigarren plano bartean utziz espainiar musika tradizionala da nagusi espero gabeko kolaboratzailez betetako diskoan. Belaunaldi zahar eta berrien arteko zubi lanak egin nahi izan ditu trap estiloko abesti garaikideak flamenko eta runba estiloekin uztartuz. Honela modan ez zegoena, berriz ere modan jartzea lortu du madrildarrak; jada ez baitzaio lehen postua interesatzen, eta hain zuzen horregatik merezi du bere diskorik zintzoenarekin lortzen ari den arrakasta.

4. Abereh - Joan-Etorrian

Erik Berganza askok, baxua eskuan, Estricalla taldean ikusia izango duzue. Bere bakarkako proiektuan, ordea, dezibelioak jaitsi eta gitarra akustikoarekin sentimendu barnerakoiagoak asaldatzen ditu entzulearengan. 2017an, Zaunka datoz arin diskoa argitaratu zuen, eta honako hau bere bigarren lana da. Oraingoan, gitarra akustikoaz gain, instrumentazio gehiago entzun daitezke, nahiz eta abestiek sortzaileak ohikoa duen biluztasun malenkoniatsua mantentzen duten. Munduak bizkarra ematen dizun egunetarako babesleku bilakatzen den lan horietako bat oparitu digu Balmasedakoak.

3. Deafheaven - Infinite granite

Soinu gogorrekin identifikatzen dugun taldea bada ere, disko honetan shoegaze doinu pausatuagoak aurkituko ditugu ia-ia dream pop ukitukoak. Black metala eta dream popa uztartze esperimenturako ez zait Deafheaven baino talde hoberik bururatzen. Lan ederra sortu dute, delikatua eta dentsoa aldi berean. Atmosfera limurtzaile bezain zapaltzaileak aurkituko ditu entzuleak bertan, baina batez ere kalitatea entzun ahal izango du.

2. Emma Ruth Rundle - Engine of Hell

Folk ilunaren zalea bazara emakume honen izena ezaguna egingo zaizu. Musika terapia moduan erabiliz, bere ezinegonak jaurti ditu. Horretarako nahikoak izan ditu gitarra akustiko bat, pianoa eta bere ahots sentikorra. Ia mina ematera iristen diren melodiak aurkitu daitezke bertan, baina aldi berean, hunkitzen dutenak. Sekula ez da gizakiaren sufrimendua horren modu gordinean musikatu. Badirudi Ruth Rundle, une batzuetan, hautsi egingo dela. Honela biluztea ez da batere erraza, diskoa bera entzutea erraza ez den bezala. Ederra da ordea bere minimalismoan; gordina eta tristea, norbere barruko mamuak kanporatzeko ezin hobea.

1. Kerobia - Hilak

Kerobia taldearen itzulerak zale asko poztu ditu, nahiz eta talde bat oso kutuna duzunean, disko berri baten albisteak beldur apur bat ematen duen. Hilak lana entzun eta beharala uxatzen dira beldur horiek, ordea. %100 Kerobia soinua du, eta beste behin, talde nafarrak euren espazio propioa sortu dute, literalki, pertsonaia berri gehiago batuz bere unibertso partikularrera. Euren estiloa eta urteetan zehar musikari bezala lortutako esperientziak ederki islatzen jakin dute disko honetan, euren lanik orekatuena eskainiz.