2020ko 40 telesailik onenak

2020ko 40 telesailik onenak "40? erotu egin al da mutil hau?" pentsatzen ariko zara. Telesailen zurrunbiloak aspaldi irentsi ninduen eta uste dut berandu nabilela hortik ihes egiteko beraz, zerrenda hauek erabiltzen ditut lasaigarri moduan. Pentsatu nahi dut zuri ere, akaso, beharbada, agian, baliagarriak izango zaizkizula, estreinaldi tsunami horren barruko proposamenetan ez itotzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/2020ko-40-telesailik-onenak/@@download/image/montajea.jpg
2020/12/17

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

"40? erotu egin al da mutil hau?" pentsatzen ariko zara. Telesailen zurrunbiloak aspaldi irentsi ninduen eta uste dut berandu nabilela hortik ihes egiteko beraz, zerrenda hauek erabiltzen ditut lasaigarri moduan. Pentsatu nahi dut zuri ere, akaso, beharbada, agian, baliagarriak izango zaizkizula, estreinaldi tsunami horren barruko proposamenetan ez itotzeko.
2020ko 40 telesailik onenak

Aitortu behar dizut ikusitako onenen rankingak egitea, txokolatea jatea baino gehiago gustatzen zaidala. Aitorpen hori egin ostean eta urtea amaitzen ari dela aprobetxatuz, zer hoberik, 2020. urte ezohiko honetan ikusitako ehunka telesailen artean onenak iruditu zaizkidanak aipatzea baino. Irizpideak, 2020. urtean estreinatu diren telesail berriak zein jada gurean zeudenen denboraldi berriak, betiere guztiak aurten estreinatuak. Bakoitza aukeratu izanaren arrazoia eta hauek non ikusi ere topatuko dituzu.

 

40- ‘Defending Jacob’

Apple TV +

“Krimen bat ardatz duen thrillerra” irakurtze hutsarekin, ikusteko argudio nahikoa izaten da niretzat, beraz nire objektibotasun maila hasieratik zalantzan jartzea onartzen dizut. Chris Evans-en interpretazio lana apur bat artifiziala iruditu zaidan arren –ez zait aktore hau gehiegi gustatzen egia esan- eta gidoian hutsune txikiak dituela uste dudan arren, oso gustura ikusi dudan telesaila izan da, hasieratik harrapatu nauena.  Andy Barber fiskala -Chris Evans bera- eta bere familia dira kontakizunaren protagonistak. 14 urteko semearen institutuko gazte bat hilik azaltzen da basoaren erdian. Ikerketa burutzea fiskal honi egokitzen zaio baina, susmagarri nagusia bere semea -Jacob, horregatik izenburua- dela ohartzean beste norabide dramatikoago bat hartuko du telesailak. Fiskal lana egin beharrean, Andyk, semea defendatzea du helburu nagusia.

 

39- ‘Hondar Ahoak’

Eitb / Txintxua Films

Ze poza urteko onenen zerrenda batean euskarazko telesail bat sartzeko aukera izatea. Itzulinguruka ibili gabe esango dut: inoiz egin den euskal telesailik onena da.  Euskal kostaldeko herrixka batean girotua –Ondarroan kasu honetan- , itsasontzi baten patroiaren desagerpena ikertzea helburu duen polizia-inspektore baten etorrerarekin batera hasiko da istorioa. Protagonista nagusiak Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoy dira. Lehenak polizia-inspektorearen rola gorpuztuko du eta, bigarrenak aldiz, bere laguntzailearena. Broadchurch telesaileko Hardy eta Miller izan zitezkeen, Bron/Broen-eko Saga Norén eta Martin Rohde, eta bereziki The Killing-eko Linden eta Holder, baina Nerea inspektorea eta bere laguntzailea dira eta zeinen onak gainera!

Zinemaren lurrina oso gutxitan usaindu dut euskal pantaila txikiaren eremuan, eta 'Hondar Ahoak' zinema da. Euskaldunok behar eta merezi genuen kalitatezko fikzioa iritsi da. Istorio nagusia Ondarroan girotzen da eta Ipar Europako eta Ipar Amerikako nobela beltzetan eta telesailetan sarritan ikusi izan dugun moduan, kokalekuak berak berebiziko garrantzia izango du hemen ere. Ondarroa beste pertsonai bat gehiago izango baita, eta aitzakia horrekin bertako mikrokosmos txiki horren erradiografia egiteko baliagarria izango zaigu. Trama nagusia piztuko duen metxa, kokalekua eta pertsonaiak mahai gainean jarrita guztia egina zegoela pentsatuko duzu. Oker zabiltza, hasi baino ez baikara egin. Miniserie hau osatzen duten gainerako elementu guztiak ere azken zirrikituraino zainduak baitaude. Hasi Javi Agirre maisuaren argazkilaritza lan txundigarriarekin, Alazne Ameztoy-en ezinbesteko zuzeneko soinuarekin, Aitor Etxebarriaren soinu banda hipnotikoarekin, Zaloa Ziluagaren arte zuzendaritza zainduarekin eta jakina bigarren unitatean aritu den Asier Altunaren zuzendaritza lanarekin ere. Ezin ahaztu gainerako aktore-zerrenda nagusia noski.

 

38- ‘Vamos Juan’

Amazon & HBO & Movistar

Vamos JuanVota Juan-en jarraipena- zoragarri da eta kito. Vergüenza telesailaren umore deserosoa maite baduzu –hala izatea espero dut!- , Veep telesailarekin barre egiten baduzu eta House of Cards-en bertsio espainiarra ikusteko gogoz bazabiltza, baina Kevin Spacey-ren pertsonaia, Javier Camara-k maisuki gorpuzten duen protagonista trakets, gezurti, oportunista eta baldar batengandik ordezkatuz, hau da zure telesaila. Zeinen ongi pasatzen dudan ekoizpen honekin eta ze gustura eta erraz ikusten den. Negatibotasunak guztia inbaditzen duen garaiotan, derrigorrezkoa izan beharko luke horrelako proposamenak ikustea. Espainiar politikarien kaskarkeria islatzen duen umorezko ezinbesteko telesaila.

37- ‘Mira lo que has hecho’

Movistar+

Guraso izateak bizitzan dakarren erabateko aldaketari aurre egin behar dion bikote baten gaineko erradiografia berritzailea eta ausarta iruditu zait, ohikoa ez den ikuspegi batetik eraikia. Berto eta Sandraren bizitza kontatzen duen telesail dibertigarria eta une batzuetan baita dramatikoa ere, bi generoen arteko joko ezin orekatuagoan sostengatzen dena. Lorik gabeko gauak eta argibide-libururik gabeko “lana”. Bizitzaren errusiar mendiari fikzioaren bidez erritmoa jarriz, telesailak erakusten duen umore zorrotza eta gustu oneko drama apartak iruditzen zaizkit baina, ekoizpenaren arrakastarik handiena bizitza bera bezain erreala dela da. Hirugarren eta azken denboraldia maisuki itxi duen opari pozoitua iruditu zait, momenturik onenean agurtzen delako.  Aparta.

36-‘The Good Lord Bird’

Movistar +

Une batzuetan apur bat desorekatua, baina oso ongi idatzia, The Good Lord Bird telesailak gustuko ditudan hainbat elementu biltzen ditu. Zuzendari, gidoilari eta aktore protagonista adibidez Ethan Hawke ezaguna, John Brown abolizionista gorpuztuz. Pertsonaia histrioniko, iskanbilatsu eta apur bat mesianikoa osatzea lortu du. Istorioa Onion izengoitiko esklaboaren begietatik garatzen da; Brownen familiako kide izatera igaro da mutila.

Desorekatua aipatu dut, une batzuetan pertsonaia nagusia bera bezala, telesaila, tonu aldetik bere onetik ateratzen delako apur bat, nahiz eta horrek entretenimendu maila igoarazten duen. Baliteke bestalde, nire aurreiritzien erruz hasieratik ezarritako harresi bat izatea; western gisa eraikitako gidoia topatzea espero nuelako, baina atalak igaro ahala, fikzio historiko eta umorearen bideak ere jorratzen dituela ohartu naiz. Une horretatik aurrera, serioski begiratzeari utzi diodan unean ziurrenik, lehen mailako entretenimendua topatu dut. Ni bezala hasieratik txip hori gainetik kentzen baduzu, ezinezkoa izango zaizu telesail honekin aspertzea.

 

 

35-‘Heksejakt’

Filmin

Nordikoa izateaz gain -bereziki gustuko ditut bertako ekoizpenak-, telesail hontara gerturatzearen beste arrazoia, sortzaileen artean arreta piztu dizkidaten izenak topatu ditudala izan da; Anna Bache-Wiig eta Siv Rajendram Eliassen (Utøya 22. Juli filmaren gidoilariak) eta Stian Kristiansen eta Eva Sørhaug (Heimebane ,Okkupert telesailak). Ida Waage abokatu protagonistari, lan egiten duen abokatu-langelan, 450.000 euroko faktura sinatzeko agindu diote baina ez ditu eskatzaileak ezagutzen. Ekintza soil batek herrialde osoko elite ekonomiko eta politikoak kolokan jar ditzakeen galdegiten du ekoizpen norvegiar honek, eta arretaz erreparatu die informazio hori argitara eramaten duten pertsonek jasan beharreko albo kalteei ere. Ekintza soil eta txiki batek nazio mailako eskandalua eragin al dezake? 45 minutuko 8 ataletan zehar, ustelkeria eta etika profesional eza osagarri gisa dituen thriller dramatiko intentsu bat ikusteko aukera izango duzue. Gutizia eta norberekoikeria gailentzen diren gizarte batean, zintzo jokatzeak, errepresaliak ekar litzakeena.

 

34-‘Parlement’

Filmin

Europako Parlamentuak zertarako balio duen ez badakizu, hauxe da zure telesaila. “Euroeszeptikoentzat satira desegokia” dio telesailaren leloak. Samy Frantziako parlamentari laguntzaile gaztea da kontakizunaren protagonista nagusia, eta ahalik eta unerik txarrenean hasiko da lanean: Brexit-aren erreferenduma egin eta aste gutxira. Europako Parlamentua izaki erraldoi, nahasi eta burokratiko moduan aurkezten du telesailak hasieratik. Europako herritar askok ez du(gu)(te) ondo ulertzen erkidegoko erakundeen funtzionamendua, eta horrek instintiboki enpatia sentiarazten digu Sammy protagonistarengandik. Telesailak hobekien funtzionatzen duenenean, satiraren berezko esentzia horretan guztiz murgiltzen denean da eta ageri diren pertsonaien erradiografia umorearen bidez azaleratzen duenean. Legebiltzarkideak ezgai edo pertsona makiaveliko gisa islatzen dituenean adibidez, aparta iruditu zait.

 

33- ‘Tehran’

Apple TV +

Apple Tv+ plataformak ekoiztu duen ingelesez besteko lehen telesaila da, Fauda –ren lantaldeak osatua eta Mossadeko agente bat da protagonista nagusia. Teheranen ekingo dio lehen misioari, hacker lanetan, erreaktore nuklear bat suntsitu nahian eta horretarako espioitza thrillerren elementu klasikoak baliatuko ditu sortzaileak.

Homeland-en ukitu nabarmenak dituen telesail oso entretenigarria eta txukuna iruditu zait. Telesailaren berritasuna dena den, ez da hainbeste forma edota itxura -Iparramerikako edo Europako ekoizpenetan ikusitakotik asko edaten baitu-, edukia baizik. Israel eta Iranen arteko gatazkaren erretratuan datza, beste telesail batzuetan gutxi edo batere esploratu ez den eremua.  Egia da atal batzuk apur bat luzeak iruditu zaizkidala, baina osotasunean merezi du ekoizpen honek eskaintzen digun ikuspuntu desberdin honetara gerturatzea.

32-‘The New Pope’

HBO

2016a, Paolo Sorrentino zinegile italiarrak, pantaila txikira salto egiten zuen beste zuzendari ezagun baten lekuko bilakatu zen urtea bezala gogoratua izango da. HBO, Sky Italia eta Canal+ en arteko ekoizpen honek, 40 urte eskas dituela,  Leny Belardo (Jude Law) AEBtako PIOXIII lehen aita santu izendatu berri duten istorioa kontatuko digu. Lehen bi atalak gainera, Veneziako zinema jaialdian aireratu zituzten, txalo zaparrada ugari jasoz. Hasierako minutuetan,  Leny Belardo, bere lehen diskurtsoa emateko prestatzen ari dela ikusiko dugu. Urduri sumatzen zaio, inork ez baititu Aita Santu berriaren printzipio eta balioak ezagutzen. Vaticanoko balkoian kokatzen den unean, imintzio eta keinuak eginez askatasunaren aldeko diskurtsoa jaurtitzen hasiko da, ia Tom Cruisek Magnolia filmean jaurtitzen duenaren pare. Sexu bereko erlazioen aldekoa dela esanez, abortua, sexu librea eta masturbazio zerbait positiboa direla esanez… bat-batean, irudia moztu eta Jude Law berriro ohean ikusten dugun unea ohartzen gara, guztia amets bat besterik ez dela. Amets bat agian, baina telesailaren nondik norakoa zein izango den eta batez ere zein aita santu mota aurkeztu diguten jakiteko balio izango du. Hortik aurrera,  Erromako kuriaren guda politiko moduko bat hasiko du. Badakit gaiak nagitasun ikaragarria sortzen duela eta agian ez zarela gerturatu ere egingo. Baina amorerik ematen ez duen aita santu, mendekari eta haserrekorra ikusteko aukera hori oso interesgarria iruditu zait.  Bere haurtzaroan gertaturikoaren aurka eta hainbat momentutan jainkoan sinesten ez duela esanez. Sorrentinok hain berezkoa duen estetika zoragarri horretaz baliatuz eta hizkuntza zinematografiko oso aberatsa erabiliz, urteko ezinbesteko batean bilakatu da zalantzarik gabe. Osagarri hauekin guztiekin zuzentasun ezaren bankete bat ikusteko aukera izango duzuelarik. The New Pope izeneko bigarren zati honetan ere osagarri horiek topatuko dituzue.

31- ‘The Third Day’

HBO

Telesail bitxia eta ezohikoa, bai tramagatik eta baita planteatzen duen egituragatik ere. Bi zatitan banatzen da, lehen hiru atalak Uda eta azken hirurak Negua izenekoak. Bi zati horiek lotzeko gainera, Facebook Live bidez zuzenean Udazkena atala ere eman zuten, hamabi orduz etenik gabe eta antzerki formatuan.   Proiektuaren hasierako helburua, ikusleak errodaje horren barruan murgiltzea zen, fisikoki istorioan bertan, baina pandemiak ezarritako mugak direla eta streaming bidezko beste aukera hori sortu zuten.

Hori horrela, Jude Law protagonista duen thriller psikologiko deserosoa, hipnotikoa eta zorrotza gauzatu dutela iruditzen zait. Ikusle guztiek agian jasango edota ulertuko ez dutena, baina niri pertsonalki oso erakargarria iruditu zaidana. Maite dut ikuslea axolagabe uzten ez duten ekoizpenetan murgiltzea, eta honek soberan bete du helburu hori behintzat. Emaiozue aukera bat.

30- ‘The Plot Against America’

HBO

David Simon-ek -The Wire edota Treme-n sortzaileak besteak beste- Philip Rothen eleberri profetikoa egokitu du, demagogo arrazista baten eskuetan geratu den Estatu Batuei buruzko erradiografia oso pertsonala eraikitzeko. Istorioa 40ko hamarkadaren hasieran garatzen den arren -Bigarren Mundu Gerra betean zegoenean- egia esan, bere ideiak eta premisak oso garaikideak iruditu zaizkit eta jarrera politiko argia dute. Eleberri profetikoa nahita aipatu dut, “Heroi nazionalaren” zatia kenduz gero, Donald Trumpi buruz hitz egin genezakeelako adibidez. Simonen telesail guztietan bezala, hemen ere  justizia sozialerako premiazko deia hori islatu nahi izan du; ikusleek paralelismo horiez ohartzea nahi du eta orainaldia iraganaren bertsio honen bidez ikustea interesatzen zaio. Telesailak sei atal baino ez ditu, ordubetekoak, eta nahiko motel hasten dela ohartarazten dizuet, baina pertsonaiak eta euren barne gatazkak ezin hobeto garatzen ditu lehen zati osoan, gerora etorri den guztiak zentzua, garrantzia eta logika izan dezan. Ez da Simonen telesailik onena inondik inora, baina gauza oso interesgarri ugari jorratzen ditu eta beti da plazera idazkera fineko sortzaile honen obraz gozatzea.

29- ‘Sh'at Neila’

HBO

Yom Kipurreko gerra barrutik kontatua da telesail israeldar honetan topatuko duzuna, kutsu beliko nabaria duen kontakizuna beraz. 1973ko Arabiar Israeldar Gerra edo Arabiar-Israeldar Laugarren Gerra deiturikoa, Israelen eta Egipto nahiz Siria buru zituen arabiar nazioen koalizioaren arteko guda izan zen, urriaren 6tik 26ra burutua. Ramadaneko Gerra edo Urriko Gerra izena ere eman izan zaio. Israel eta herrialde arabiarren artean konfrontazio armatu handia izan zen eta azkeneko guda honek inflexio puntu handi bat suposatu zuen gatazkaren historian.

Telesail motz hau soldadu gazteen lau istorio paralelotan oinarritzen da bereziki, eta hori izango da abiapuntua gatazka hori jorratzeko. Sekuentzia belikoak oso ongi errodatuak dauden ekoizpen bizia da, ekintzaren erdigunera inpaktu eta adrenalinaz eramango zaituena. Ekialde Ertaineko harremanak betiko aldatu eta Israel bezalako herrialde baten gerra-jarrera sendotu zuen gatazka beliko baten ikuspegi garaikideago eta kritikoago batera hurbilduko zaituena nire ustez.

Israeldarrek istorio hau aukeratu dute nazioarteko merkatura jauzi egiteko. Urteetan zehar, bere telesailen remakeak egin dira beste herrialde batzuetan, Homeland edota False Flag kasu, eta, honekin, jatorrizkoa bera, bere mugetatik kanpo saltzea nahi zuten. Horregatik, bertako telesail batean inoiz egin den inbertsiorik handiena egin dute eta maila goreneko sormen-taldearekin garatu dute proiektua.

28- ‘Quiz’

Movistar & fubo.tv

Stephen Frears zuzendari entzutetsuaren telesail berria.  Charles Ingram britainiarraren istorioa kontatzen du Quiz telesailak. Iskanbila handia sortu zuen Who Wants to Be a Millionaire saio ezagunean ( 'Nork izan nahi du milioiduna?') milioi bat libera irabazteko tranpak egiten harrapatu baitzuten. Dibertigarria, entretenigarria, zorrotza eta hausnarketarako gonbita luzatzen duen miniserie paregabea iruditu zait. Plazer hutsa iruditzen zait benetako kasuetan arakatzen duten ekoizpen zainduak ikustea, ikusle bezala zalantzan jartzeko eta emozioen eta pertzepzio-joeren garrantzia mahai gainean kokatzeko. Succession telesail zoragarrian ikusitako Matthew Macfadyen aktorea da pertsonaia gorpuztearen arduraduna, eta hemen ere txalotzeko moduko interpretazioa eskaintzen duela iruditu zait. 

27-‘Ted Lasso’

Apple TV +

Galtzaileei buruzko telesail kaskarra espero nuen eta oso positiboki harritu nauela aitortu behar dizut. Ikusteko erraza eta oso atsegina den ekoizpen honetan Ted Lasso izeneko Futbol Amerikar entrenatzaile baten istorioa ikusteko aukera izango duzu. Ingalaterrako futbol talde batean zortea probatzea erabakiko duen arren, bere eskarmentu ezak, errezeloa eta mespretxua piztuko ditu jokalarien eta zaleen artean.

Jason Sudeikisek aurtengo gizonezko pertsonaiarik baikorrena, atseginena eta zintzoena gorpuztu duela iruditzen zait, baina garrantzitsuena, hau ez dela batere nekagarria. Argi dago futbolzaleek bereziki gozatuko duzuen ekoizpena dela, baina baita gainerakoak ere, asmo onen botereari buruzko komedia arina delako, eta futbola hori pantailaratzeko aitzakia baino ez. Feel-good movie azpigeneroaren baitan igerian dabilen ekoizpen hau, opari txiki bat iruditu zait, negatibotasunak guztia inbaditzen duen garaiotan bereziki gozatuko duzuena.

Komediaren barruan drama zantzu batzuk ere tartekatzen dituen arren, oso era orekatuan erabiltzen ditu, komedia estatubatuarraren eta britainiarraren arteko gurutzaketa ezin hobea lortuz.

 

26- ‘Little Fires Everywhere’

Amazon

Big Little Lies, 'The Affair edota Bloodline bezalako telesailak gustuko badituzu, hau da aukeratu behar duzun hurrengoa. Mendekotasun-sortzailea eta oso entretenigarria. Ohio inguruko auzo batean kokatzen da trama nagusia, eta istorioaren erdigunean bi emakume: Elena (Reese Witherspoon), arauak zorrotz jarraitzen dituen tokiko kazetaria eta Mia (Kerry Washington) alabarekin batera auzora iritsi berri den emakume misteriotsua. Azalduko ez ditudan hainbat gorabeherak tarteko, bi emakumeek talka egingo dute, haien seme-alabak lagun egiten diren bitartean. Begi bistara denak perfektua dirudienean, sarritan sumatzen duzu badela azpian beste zerbait. Istorio honek ere sinplea eta argia dirudi, baina pertsonaien begiradek, keinuek eta isiluneek ezkutuko sekretu eta orbainak deskubritzera  eramango zaituzte, geraezina izango den lehergailua eztandarazi arte.

25- ‘Stateless’ 

Netflix

Lau ezezagunen bizitzak Australiako basamortuan dagoen immigranteak atxilotzeko zentro batean gurutzatzen dira: sekta arriskutsu batetik ihes egin duen hegazkin konpainia bateko azafata bat; ihesean dabilen errefuxiatu afganiar bat eta bere familia, etorkizunik gabeko lan batetik aldendu nahi duen aita gazte bat eta eskandalu nazional bat ezkutatzeko denbora amaitzen ari zaion burokrata bat. Zentro horien kontraesanenetan zentratzen da telesaila eta hainbat ikuspegi erabili prozesu burokratikoen eta bidegabekerien erretratua ere egiten du. Mingarria eta gogorra iruditu zait une askotan.  Cate Blanchet aktorearen ideia batetik abiatuta garatu da telesail honen gidoia; akats burokratiko baten ondorioz etorkinak atxilotzeko zentro batean sartu zen australiar baten benetako istorioan oinarrituta, ekaitz politiko handia eragin zuena.

 

24-‘ZeroZeroZero’

Amazon

 

Narkotrafikoaren gaineko telesailek normalean ikuspegi nahiko itxia eskaintzeaz gain,  arazoaren fokua toki jakin batean soilik kokatzen dute. Ekoizpen italiar honek prismatikoak urrunago ipini eta drogaren negozioari buruzko erradiografia aparta egitea lortu du. Horretarako hiru fase erakusten dizkigu telesailak: salmenta (Mexikon), erosketa (Italian) eta banaketa (AEBtatik ateratzen den itsasontzi bat). Maisuki jokatzen du ikuspuntu desberdinek eskaintzen dutenarekin eta gurutzatzen diren istorioen mamia erabiliz, gidoi oso eraginkorra osatzea lortu dute. Mexikon, AEB-tan, Marokon, Senegalen eta Italian errodatu den telesail iluna, bizia eta xurgatzailea.  Amazonen mundu-mailako Narcos-a bezala definituko nuke.

 

23-‘Des’

Rakuten.tv

Ezaguna dugu David Tennant aktore handia, baina telesail honetan gorpuzten duen rola, orain arte egin dituenetatik zeharo aldentzen da: Dennis Nilsen Erresuma Batuko serieko hiltzailea, "Hiltzaile atsegina" bezala ezaguna.  Telesail laburra oso, horregatik oso konkretua eta sintetikoa da. Hiltzailea bere etxean atxilotzen dutenean hasten da, polizia-galdeketekin jarraituz eta ondorengo epaiketaren bidez garatzen den arte. Argi izan beraz ez duzula true crime erako zerbait ikusiko, pertsonaiaren elkarrizketan eta ezaugarrietan oinarritzen delako, eta baita elkarrizketatzaile zalantzagarri eta zehaztugabeetan ere. David Tennant ikaragarri.

22-‘Ráđherann’

AMC Networks Internacional

Trapped telesail gomendagarrian erakutsi zigun jada Ólafur Darri Ólafsson aktore bikainak zer nolako maila duen, eta ekoizpen paregabe honetan ere hala frogatu du. Benedikt Ríkhardsson Islandiako lehen ministroa gorpuzten du kasu honetan, bere osasun mentalaren okertzeak gobernuaren egonkortasuna eta bere ingurukoen bizitzak mehatxuan jarriko dituen politikaria. Islandiako mekanismo politiko guztiak ezagutzeko aukera ematen digun telesaila da, baina  batere konbentzionala ez den lehen ministro baten ikuspuntutik. Pertsonaiaren garapena era oso interesgarrian azaldua dago, niri pertsonalki gehien gustatu zaidan alorra.

Islandiako Rúv katean estreinatu zenean bere irekiera atalean %41,1eko ratinga eta %94,4ko sharea ikaragarriak lortu zituen.

 

21- ‘Tales from the Loop’ 

Amazon

Hainbat gorabehera esplikaezinengandik astinduak izan ondoren, herrixka bateko bizitzari eta bertako biztanleen gaineko gogoeta originala eta geldoa da. Patxadaz gozatzeko telesail berezia. Gorrotatu ala maitatuko duzuna. Ez dizut gomendatzen egun gutxitan irenstea, apurka dastatzea baizik. Argazki zuzendaritza txundigarria, plano hipnotikoak, The Leftovers telesailaren Max Ritcher gogorarazten duen Philip Glassen soinu banda liluragarria, kontzeptualki ezin interesgarriagoa iruditu zaidan narratiba eta guztiz ulertu baino, sentitu beharko dituzun atal biribilak. Zientzia fikzioaren erremintak erabiliz, gizakien arteko loturez hausnartzen duen harribitxia.

 

20- ‘The Mandalorian’

Disney +

Heldu da Star Wars saga mitikoaren lehen telesaila eta nola gainera. Inperioaren gainbeheraren osteko garaian giroturik, Lehen Ordenaren agerpenaren aurreko gertakariei erreparatuko die. Mando da istorioko protagonista, Errepublika Berriaren autoritatetik urrun, galaxiaren mugaldean lan egiten duen saripeko ehiztari bakartia.

Western ukituak dituen ekoizpen paregabea da, frankizia erraldoi honen barruan azken urteetan egin den onena. 80ko hamarkadan maitemindu gintuzten abenturazko film horien kutsua ere badu.  Jon Favreauk, George Lucasek hasitako unibertsoari lotutako abentura berri honen sortzaileak, film klasikoetatik hobekien funtzionatzen zuenaz jabetu da eta bi aldiz biderkatu du. Onena, gainera, ez zarela Star Wars-en filmen zaletua edota aditua izan behar. Gehitu irabiaturi Baby Yoda pertsonaia, jakina. Berde koloreko eta belarri erraldoidun Yoda txikiak ziur urtuko duela zure bihotz gogorra. Jakin haur bitxi hau ez dela sagako Yoda, arraza bereko beste izaki bat baizik. Disney frankiziak bete-betean asmatu du pertsonaia hunkigarri eta xelebre honekin.

 

19- ‘The Queen's Gambit’

Netflix

Ez dut xakea batere gustuko. Tira, jokatzen ere ez dakidala aitortzen hasi beharko nuke lehenik agian. Aitortza horren ostean beste bat: telesail hau oso entretenigarria, dinamikoa, zaindua eta oso txukuna iruditu zaidala. Xakearen unibertsora hurreratu gaituen The Queen's Gambit telesail laburra, Netflixeko urteko fenomenoan bilakatu da zalantza izpirik gabe, eta batez ere xakezaleak ez garenontzat pizgarri polita izan da.

Anya Taylor-Joy-ek maisuki antzezten du Beth Harmon pertsonaia nagusia, txiki-txikitatik xakerako dohain ikaragarria duen umezurtza. Erdi-ezkutuan jolasten hasiko da, gizonak nagusi diren mundu batean nabarmentzeko intentzioz. Bere alderdi ludikoaz gain, ekoizpenak, protagonistak lasaigarriekiko duen mendekotasuna ere jorratzen du, hainbat ataletan ikusgai dugun umezurztegian ematen  zizkiotena. Horrez gain, kalte emozionalak eta alkoholarekin arazoak ere garatzen joango da. Sekulako abilezia duen neska gazte bati buruzko istorio bat baino gehiago, txikitatik sistemak huts egin dion pertsona baten gaineko istorio sakona iruditu zait. Alkoholarekiko eta “zoriontasunaren” pilula berde horiekiko mendekotasun horrengatik kaltetua izan ostean,  abiatu beharko duen heldutasun-bidaia delikatu eta zirraragarria.

Koktel horrekin guztiarekin, xakeari, jokalariaren bakardadeari eta, azken batean, zelatatzen gaituzten deabru pertsonalen aurkako borrokari begirada aparta osatzea lortu dute sortzaileek.

 

18- ‘The Great’

Rakuten.tv

Katalina II.a Errusiakoa -edo Katalina Nagusia- boterera nola igo zen azaltzen duen telesail berezia eta asko harritu nauena. Sarrera hori irakurri ostean ez pentsa kontakizun historiko aspergarri eta astun bat ikusiko duzunik, guztiz kontrakoa, primeran pasako baituzu telesail dibertigarri hau ikusten. Benetako istorioa distortsionatzeko lizentzia hartzen baitu hasieratik, asko eskertu dudan umore-sen berezi eta dibertigarri baten mesedetan. Katalina Errusiakoaren igoerari islatzen du baina ukitu satiriko eta pop-modernoa erabiliz. Elkarrizketa eta egoera lizunez josia, tonu lotsagabea eta eszenaratze manierista dira kontakizun honen gakoak, umorearen azpian boterearen atzaparrak ezkutatzen diren bitartean.

17- ‘Small Axe’

Movistar (urtarriletik aurrera)

Steve McQueen zuzendari entzutetsuaren proiektua. 60, 70 eta 80ko hamarkadetan komunitate beltzak Londresen jasandako arrazakeria erasoak ardatz hartuz, bost atalez osaturiko antologia bat da, atal bakoitzean gertaera konkretu bat azaltzen duena: 1. Mangrove 2. Lovers Rock 3. Red, White and Blue 4. Alex Wheatle eta 5. Education.  Lehen bi atalak Canneseko Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu ziren film gisa.

McQueenen ekoizpen honetan jendeak zapalduta mantentzen dituzten indar instituzionalak arbuiatzen ditu eta horregatik hain zuzen izenburu hori. Small Axe ("aizkora txikia") Bob Marleyren esaldi batetik hartu baitu izena: "Zu zuhaitz handia bazara, gu aizkora txikia gara, zu mozteko prest". Urte amaierako sorpresa horietako bat.

 

16- ‘Ozark’

Netflix

Egiari zor: kosta egin zitzaidan telesail honen atzaparretan erortzea, baina hirugarren saiakeran lortu nuen, eta geroztik, oso gustura ikusten dudan ekoizpen batean bilakatu da, ezinbesteko horietako bat niretzat.  Iluna, tentsioz beterikoa eta hotza, denboraldiz denboraldi hobetzen joan dena eta aktore guztien interpretazio lana ezinbesteko euskarri bilakatu dena. Telesailaren lehen minutuetan Marty Byrde finantza aholkularia aurkezten digute. Familiarekin bizi da, bizitza nahiko arruntean. Egun batetik bestera Ozarkera joango dira bizitzera. Haren emazteak eta seme-alabek, ordea, ez dakite Byrderen sekretua: Mexikoko droga talde baten dirua zuritzeaz arduratzen dela. Hortik aurrera Byrde-n ustezko protagonismo hori zabaldu egingo da eta pertsonaia guztiek hartuko dute pisua ekoizpen paregabe honetan. Trama nagusiaren barruan, su motelean kozinaturiko azpitrama desberdinak irekitzen joango dira, bigarren mailako pertsonaia zoragarriak jokoan sartuz eta guztiekin armi-arma sare korapilatsua osatuz.

 

15- ‘Ulven Kommer’

Movistar + (2021ean)

Zeinen beharrezkoak diren 'Ulven Kommer' bezalako telesailak. Egiarekin dugun harremanari buruzko gogoeta sakona sortzen duen drama gordina. Istorioaren metxa, 14 urteko Holly-k klaseko idazlan batean etxeko indarkeria gertakari baten zantzuak islatzen dituenean piztuko da. Zuzendaritzaren eszenaratze zorrotzak eta ikuspegi intimistak giro triste eta kezkagarri bat eraikitzen laguntzen dute, non zalantza eta galderak beti presente dauden.

 

14- ‘The Boys’

Amazon

Zeinen ongi pasatzen dudan telesail hau ikusten; gozamen hutsa iruditzen zait, ganberroa, entretenigarria eta basatia, superheroien munduko satira gupidapea eta zorrotza. Superheroiak ospearen eraginpean jarrera zalantzagarriak hartzen dituzten mundu batean girotua dago, beren buruak ustelkeria bidean jarri eta oraindik eta ospetsuago bilakatzeko helburuz gizateria arriskuan jarriko dute. Baina umore beltz eta entretenimendu horren muinean gainera, idoloak behar dituen gizarte bati buruzko etsipenezko begirada ikaragarria ere eskaintzen du. Ikuspegi ezkor eta amoral horretan datza The boys-en indarra nire ustez; Marvel eta DC faktoriekin erraz identifika daitezkeen superheroiak, hezur-haragizko pertsonen antagonista bihurtzen dituena, ustelkerian oinarritutako status quo horri mozorroa kentzeko borrokan ari diren benetako heroiak.

Proposamen ezin hobea iruditzen zait superheroien generoa gorroto dutenentzat, beren jarrera berresten lagunduko dielako.

 

13-‘After Life’

Netflix

Zenbat gustuko dudan Ricky Gervais eta zeinen trebea den drama eta umorearen arteko marra horren gainean ikuslearen sentimenduak astintzen. After Life telesailean, tonu malenkoniatsua erabiliz, protagonistak, emaztea hil ondoren jasaten duen min emozional guztia nola pairatzen duen kontatzen digu.

Gervais ezagutzen duzuenok, pentsa dezakezue bere ezaugarri diren iruzkin polemiko eta probokatzaileak jaurtitzeko erabiltzen duen beste ekoizpen bat izan daitekeela, baina ez. Doluaren esplorazio malenkoniatsu eta existentzial bikaina baita, bizitzarekin adiskidetzeko bidaia berezi bat. Asko hunkitu nauen telesaila da, asko gainera. Atal bakoitzak sentsazio berezi batekin utziko zaitu, eguneroko keinu eta xehetasun txikien aldeko aldarria eginaz. Umorea eta dramaren artean jolas egitea atsegin duela aipatu dizuet hasieran, baina telesail honetan une komikoek barrea eragingo dizuen arren, eztarrian korapilo bat jartzen zaizun unean askatzea kostako zaizula ohartarazten dizut. Drama baita ekoizpen honen zigilu nagusia.

 

12- ‘Efterforskningen’

Movistar +

Borgen filmeko gidoilari baten eta bertako bi aktoreren (Pilou Asbaek eta Søren Malling) miniseriea. Benetako kasu batean oinarritua. Copenhage, 2017ko abuztua. Poliziak Kim Wall izeneko kazetari suediar baten desagerpenaren salaketa jaso du. Berari buruz dakigun azken gauza bertako jabea elkarrizketatzeko asmoz, itsaspeko batean igo zela. Handik ordu gutxira, itsaspekoa hondoratuta aurkitzen dute eta kapitaina erreskatatzea lortu. Ez dago ordea kazetariaren arrastorik, ezta froga erabakigarririk ere, eta adierazpenak oso kontraesankorrak dira. Hortik aurrera kasu misteriotsu horren ikerketaren xehetasunetan murgiltzeko aukera ematen du telesailak.

Ez pentsa ordea, akziozko thriller frenetiko bat ikusiko duzunik. Ikuspuntua edota sortzaileen intentzioa ez baita “errudunaren bila” formula erabiltzea, polizia-ikerketa neketsu eta korapilatsuan zentratzea baizik. Kasu sendo bat eraikitzeko frogak behar dituen fiskalaren, erantzun bila dabiltzan gurasoen eta titularren gose diren komunikabide presiopean aurrera egiten ari den ikerketa. 2020ko telesail nordikorik onenetarikoa zalantzarik gabe.

 

11- ‘L'effondrement’

Filmin

2019ko telesaila den arren, 2020ko udako fenomenoan bilakatu den ekoizpena da eta horregatik erabaki dut zerrendan sartzea. Filmin plataforman txertatu izanak eman dion bultzada nabarmena izan da, baina batik bat, erakusten dituen irudiak, pandemia egoeran gaudenetik oso gertukoak eta ez hain arrotzak sentituko dituzulako. Zortzi atal, bakoitza sekuentzia plano bakar batean filmatuta. Hasieran ezagutzen ez dugun gertaera konkretu batek, gizartearen erabateko kolapsoa eragin du. Zortzi gertaera independente dira, kolapsoa eragin duen gertaeratik egun desberdinetan kokatuak. Bakoitza, denbora errealean filmatutako emozioen errusiar mendi bat da, non abentura, akzioa, drama, eta larritasuna, lehen pertsonan eta ekintzaren barnean egongo bagina bezala biziko dituzun, ia bideo-joko batean egongo bazina bezala.

Aho zabalik utziko zaituen telesail larrigarria eta frenetikoa. Aparta. Teknikoki, azken urteetan ikusi dudan proposamenik berritzaileenetarikoa. Lehen minutuan lepotik heldu eta azken segundoraino askatzen ez zaituen ekoizpen zorabiagarria. Guillaume Desjardins, Jérémy Bernard eta Bastien Ughetto, Les Parasites izeneko taldea osatzen duten hiru errealizadoreen lanari ez zaio meriturik falta, baina arrakastaren behin betiko bultzada bizi dugun pandemia bera izan da: 2019an filmatutako atalek,  2020an gertatutakoarekin hain modu nabarmenean hitz egiten dute, ezen ikustearen funtsezko zatia izaten amaitzen duten. Errealitateak telesailari lagundu badio, jariatzen duen errealismoak bere arrakasta errematatzea lortu du. Kolapsoa beldurra transmititzen duen istorioa da, erakusten duen gizartearen desintegrazioa guztiz sinesgarria delako.

 

 10 -‘Veneno’

A3 player

Zoragarria iruditu zait Javi-ek burutu duten lana, emozionalki oso boteretsua eta bihotzaren hondoraino sartu zaidana. Cristina Ortizen bizitza kontatzen dute, La Veneno bezala ezagunagoa,  Espainiako transexual ezagun eta ikonikoenetako bat izan zena. Denboran zehar egindako bidaia txundigarria iruditu zait, telebistaren atzealdeetatik hasi eta Kristinaren bizitza osoko ibilbideraino, guztia maisutasun eta maitasun ikaragarriz kontatua. Lehenengo bi atalek argi eta garbi ezartzen dute zer ikusiko dugu kontakizun osoan zehar, bai edukian baita forman ere. Lehenengoan bere aurkezpen boteretsua erakutsi ondoren, bigarrenak Joselitoren haurtzarora eta lehen nerabezarora eramaten gaitu, bere familia-bizitzarekin. Hortik aurrera, atal bakoitzak gure protagonistaren bizitzako etapa bat kontatzen du, noizbehinka gure pertsonaien orainaldira jauzi eginez. Estruktura hori erabiliz eta Valeria Vegas-ek idatzitako ¡Digo! Ni puta ni santa liburuan oinarrituz, mirari txiki eta batez ere sinesgarri bat osatu dute, izan ere, horrelako ekoizpen baten balioa honen sinesgarritasuna izaten baita.

Zalantzarik gabe, zer lortu den ikusteko atzera begiratzen duen abentura bat da, baina etorkizunari ere erreparatzen dio borrokan jarraitzeko. Borroka, maitasuna eta amestu ahal izateko eskubidea protagonista dituen kontakizuna. Frankismo osteko Espainia atzerakoi, homofobo eta ultrakatolikoaren erretratu leiala ere margotzen du, estandar jakin baten barruan sartzen ez ziren edota egokitzen ez zen oro gaizki tratatzen eta umiliatzen zituena.

Veneno bezalako ekoizpenak existitzea beharrezkoa iruditzen zait. Pertsonaia gustatu ala ez, ikusi egin beharko zenukeen telesaila da. Cristina Ortiz beste adibide bat besterik ez baita, trans pertsonek bizitzan zehar jasan behar duten lagin bat erakusten duena, ikuspuntu fisiko zein emozionaletik. Javi-ek espainiar telebistako panoraman iraultza txiki bat lortu dute. Hori hala da.

 

9- ‘The Outsider’

HBO

Ezin zuen falta hainbeste maite dudan beldur eta misterio dosi apur bat. 2020. urtean estreinatu den telesail honek ileak puntan jartzeko gaitasuna erakutsi baitu lehen segundotik.  Izen bereko Stephen King idazlearen eleberriaren moldaketa, 10 ataletan zehar, kasu aztoragarri eta sinestezin bat izango du ardatz. Esango nuke Stephen King-ek ez duela zorte gehiegirik izan pantaila txikiaren eremuan, zineman maisulanak bilakatu diren filmak egin diren arren, telesailen arloan moldaketa nahiko inozoak topatu baitaitezke.  Hanka sartzeko beldurrik gabe esango dut beraz, The Outsider telebistarako King-en inoizko eleberri-moldaketarik onena dela.

Kasu aztoragarria aipatu dut, eta zergatia galdetzen ariko zarete. Ralph Anderson detektibeak (Ben Mendelsohn) eta Holly Gibney-k (Cynthia Erivo), Frankie Peterson izeneko umearen hilketa basatia ikertzen hasiko dira. Lehen atalean, hilketa horren erantzulea nor den oso nabaria den arren, minutuak igaro ahala froga esplikaezinak eta ulergaitzak sartuko dira jokoan, Stepehen King-en munduan hain ezagunak egin diren naturaz gaindiko elementuak tartekatuz. Betiko thriller klasikoaren zantzuak dituen arren, True Detective telesailaren atmosferaz baliatzen da, nordic noir forma duen genero poliziakoaren eremuan murgilduz, beldurraren inguruko erradiografia paregabea eraikitzeko. Eskandinaviatik jaio den kontakizuna dirudi, baina It filma ekuazioren barruan sartuz. Bortitza, iluna, itogarria eta boteretsua.

 

8- ‘Normal People’

Rakuten TV

Sally Rooneyren eleberriaren moldaketa, The New York Times egunkariaren arabera millenial-en garaiko idazle handi bezala definitu dutena. 2008ko finantza krisiaren ondorengo Irlandako herrixka batean girotua, Marianne (Daisy Edgar-Jones) eta Connell (Paul Mescal) dira kontakizun erromantiko-dramatiko honen protagonista nagusiak. Coming-of-age generoa ardatz hartuz, sentikortasun handiz zuzenduriko 30 minutuko 12 atal topatuko dituzu. Hasieratik emozionalki sartzea lortzen baduzu, Marianne eta Connellen arteko maitasun istorio korapilatsuaren parte sentituko zara.

Bi protagonisten arteko kimika gutxi ez eta, ekoizpenaren gainerako alorrak ere azken zirrikituraino zainduak daude. Pertsonaien arteko igurtzi bakoitza, begirada bakoitza, topaketa bakoitza, behar bezala desfokuratutako lehen planoek indartzen dute adibidez. Ederra bezain frustragarria den kontakizun hau ikusleari helarazteko, zinema komertzialaren eta independenteren arteko oreka perfektua ere lortu dute. Zalantzarik gabe 2020ak eman duen harribitxietako bat.

7- ‘Mrs. America’

HBO

Phyllis Schlafly Estatu Batuetako gizonen eta emakumeen arteko lan, dibortzio eta jabetza arloko eskubide berdintasuna sustatzen zuen proiektuaren aurka azaldu zen politikari ultrakontserbadorea izan zen. Feminismoaren aurkako arerio amorratua, neurri batean emakumeen eskubideak geldiarazi zituena, horrekin guztiarekin gozatzen zuen bitartean. Ekoizpen paregabe hau, hein handi batean Cate Blanchett aktoreak maisuki gorpuztu duen Schlafly-ren paperari esker,  urteko telesail onenen zerrendara igoaraztea lortu du.  Oso telesail politikoa iruditu zait, botere-borroken eta borroka dialektikoen gainean eraikia dagoelako, eta historia aldatzeko gai diren iritzi-korronte bihurtzen diren narratibak nola idazten diren erakusten duelako. Nabarmentzekoa, protagonistek jaurtitzen dituzten mezuetatik harago, moral autoritarioaren gaitzespen hori ikusleari formaren bidez iristen zaiola da. Phyllisen eszenak gehienak, estetika eta ikuspegi zapaltzailea erabiliz, era kartesiar eta oso “akademikoan” errodatuak daude, bera beti planoaren erdian dagoelarik. Aldiz, eremu feministako eszenak kamera lurrunkorrago eta askeago batekin harrapatzen dira. Zuzendaritza lan paregabea eta gidoi biribila.

6- ‘Når støvet har lagt sig’

Filmin

Eskandinaviako telebistan %42ko share ikusgarria lortu duen telesail hau ere ezinbestekoen zerrenda sartu beharko zenuke. Fenomeno horren zergatia guztiz ulertzen dut, urteko telesail nordiko onena iruditu zaidalako. Gurutzatzen diren istorioen egituraz baliatuz Kopenhage hiriko jatetxe batean gertatzen den atentatu terrorista basati baten gaineko kontakizun gordina da.

Eraso hori gertatu eta hamar egun lehenago kokatzen da tramaren erpin bat, baina baita gertatzen den unean eta noski, ondoren ere. Interesgarriena, guztia ikuspegi soziologiko baten betaurrekoetatik begiratzeko aukera eskaintzen digula da, jakin gabe elkarrekin konektatuta daudela -edota egongo direla- eta beren bizitzaren inflexio-puntu gorenean nola erreakzionatzen duten jakin gabe.  Pertsonaia sorta desberdin horiei esker, -Justizia ministroa, etxerik gabeko ama, jatetxeko jabea, zerbitzarietako bat eta bederatzi urteko alaba, iturgin bat, jatorri palestinarreko ile-apaintzaile bat, abeslari suediar bat eta mugikortasun arazo larriak dituen erretiratu bat dira- telesailak, milimetroraino aztertzen baitu daniar mikrokosmos hori. Hain bete-betean sartzen gara pertsonaien errutina horretan, narrazioa hain da zehatza eta sendoa, une batzuetan ahaztu egiten zaigula pantailaren aurrean gaudela.

Asko gustatu zait fikzioaren asmoa ez dela inongo momentutan interesaren morboa atentatuan zentratzea. Guztiz kontrakoa. Helburua da zu eta ni izan gintezkeen pertsonaia horiei nola eragiten dien erakustea. Nola hobetu edo okertu gaitzakeen. Elkartu edo zatitu. Gaitzestea edo askatzea. Benetakoa, gertukoa eta gordina, eta baita oso gizatiarra ere. Horrekin guztiarekin, telesail nordiko askok era paregabean egiten duten moduan, Danimarkako gizartearen erradiografia txiki bat ikusteko oso baliagarria iruditu zait.

 

5- ‘Antidisturbios’

Movistar +

Urteko telesail espainiar onena eta azken urteetan egin den nabarmenena. Ohar garrantzitsua: Utzi aurreiritziak alde batera, honakoa ez baita istiluen kontrako polizien irudia zuritzeko sorturiko telesail trakets bat. Ekoizpen paregabe honetan guztiz kontrakoa topatuko duzu. Adrenalina hutsa da. Akzioa eta thriller poliziakoa uztartzen dituen eta pertsonaietan guztiz zentratzen den lehen mailako ikuskizun paregabea. Trataera bisuala indartsua eta ikusgarria izateaz gain, pertsonaien garapena inongo momentutan ahaztu gabe nabigatzen du irauten dituen sei atal bikainetan zehar. Sorogoyen zinegileak El Reino film bikainaren lorratza jarraitu du hain indartsuak ziren estetika eta narratiba txertatuz.

 

4-  ‘Devs’

HBO

Zeinen zaila den hainbeste zirrara eta sentsazio transmititu dizkidan telesail baten mamia hitzen bidez transmititzea. Buru-hausgarri existentzial zoragarria iruditu zait, Alex Garland ironiaz gainezka dagoen gidoilari burutsua dela frogatu duen lan zirraragarria. Zientzia fikzioz mozorrotua dagoen lan zorrotza eta txundigarria.

Lily eta Sergei bikotea dira, San Frantzisko hiriko kanpoaldean kokatua dagoen enpresa teknologikoan egiten duten lan, Amaya izenekoa. Enpresa misteriotsu horren barruan, Devs izeneko azpi-proiektu bat garatzen ari den talde bat dago,  eta Sergei bertan erreklutatzen dute. Egun batean bera ez da etxera itzuliko, eta Lilyk, enpresak bere desagerpenaren inguruan ematen dion bertsio ofizialaren atzean beste zerbait ilunagoa dagoela uste du. Amayako fatxadaren atzean zer ezkutatzen den eta bere proiektu klandestinoen benetako helburua zein den ikertzen hasiko da, ondorio beldurgarri eta latzekin topo egiten duen arte.

Desafiatzailea, intimoa, dotorea eta bisualki hipnotikoa da. Urteko zientzia-fikziozko piezarik dotore eta pertsonalenetako bat izateaz gain, premisaz harago, telesaila abangoardiako teknologia ingurune batean girotutako konspirazio thriller bezala planteatua dago. Hainbat kontzeptuetan sakontzen du gainera, hala nola,  determinismoa, hautapen askea, ingeniaritza kuantikoa, zer egiten gaituen gizaki eta adimen artifizialaren mugetan besteak beste. Galdera ugariz eta oso erantzun gutxiz betetako thriller teknologikoa.

 

3-‘I May Destroy You’

HBO

Ziurrenik oraindik entzun ez duzun arren apuntatu ongi bi izen hauek: ‘I May Destroy You’ telesaila eta bere sortzaile eta protagonista nagusia den Michaela Coel. Aktoreak berak jasan zuen sexu-eraso batean oinarrituta, ia gogoratzen ez duen baina gertatu zaion bortxaketa baten biktima izateak uzten duen traumari buruzko kontakizun paregabea iruditu zait. Tinder belaunaldiko sexu-adostasunari eta harremanen merkantilizazioari buruzko erradiografia aparta. Bera, trauma bat baino askoz gehiago dela frogatu nahi duen kontakizun desberdina eta iraultzailea.

Nabarmentzekoa lehenik, hasieratik erakusten duen ausardia ikaragarria. Askok polemikotzat edo asaldatzailetzat jo dute dagoeneko, ziurrenik gizarte gisa erabat prestatuta ez daudelako gai horiei buruz hitz egiteko. Harrigarria iruditu zait beharrezkoak diren gai ugari nola jorratu dituen, gizonen zein emakumeen aurkako sexu-indarkeria islatzen duten azpitramak txertatuz; trauma-osteko sindromearen normalizazioa, gehiago entzuteko beharra duen belaunaldi baten gizarte-isla leiala, arrazismoa, transfobia, homofobia, suizidioa,  depresioa, baina figura arrakastatsuen bidez azalduz, bakardadea, eta noski, gero eta polarizatuagoa den mundu batean geure lekua edota izena sortzearen nahiak sortzen duen antsietatea.

Telesail hau sexu-hezkuntzako klaseetan jarri beharko litzatekeela iruditzen zait. Deserosoa eta gogorra izan arren, beharrezkoa da bertan planteatzen zaizkigun gaiei heltzea eta gogoeta sakonak egitea. Bizitzaz diharduelako azken finean, baina bizi dugun errealitate berriaren betaurrekoetatik, sare sozialez eta sexuaz.

 

2- 'Gangs of London’

Rakuten TV & Starzplay

 

Ahoko-babeslea eta ubelduren aurkako krema alboan dituzula ikusi beharko duzun akziozko thriller frenetikoa, zorabiagarria, gordina eta oso basatia. Peaky Blinders gustuko baduzu, baina erritmoa eta indarkeria hamarkoiztuz, Guy Ritchie-ren Lock & Stock edota Snatch-en zalea bazara baina umore dosia ekuaziotik ezabatuz edota mafia giroan kokaturiko filmak atsegin badituzu, hau da ikusi behar duzun hurrengo telesaila. Mafiak, gezurrak, kaleko bandak eta indarkeria oso basatia dira Londres hirian girotutako telesail honen osagarri nagusiak. Gareth Evans zinegileak  hain berezkoa duen estilo hori gaur egungo Londresera eraman du, gidoi bikain, erritmo ikaragarri eta soilik berak bakarrik planifikatzen dakizkien indarkeriaz eta zartadaz josiriko borroka koreografiatu-txundigarriak.

 

1-‘Better Call Saul’

Movistar-Netflix

Telesail hau 2015. urtean estreinatu zen arren,  aurten 5.denboraldia eman dutelako sartu dut zerrenda honen gorenenean, oso telesail gutxik jokatzen baitute Better Call Saul-en liga berean. Breaking Bad maisulanaren spin off-a oraindik ikusi ez baduzu ez dakit zertan ari zaren, Saul Goodman abokatu xelebrea oinarri duen harribitxia galtzen ari baitzara. Telesail originalari erreferentziaz eta loturaz josia, drama eta umore beltzaren nahasketa perfektua osatzea lortu du Vince Gilliigan sortzaileak, beti ere gidoi bikain baten babespean. Ekoizpen honen bikaintasun maila ia lotsagabekoa iruditzen zait, bere gidoitik hasi eta metafora bisualetara pasaz, argazki zuzendaritza zaindutik jarraituz, beti pazientzian eta zehaztasunean oinarritutako muntaia ia perfektu horretara iritsi arte. Aipamen berezia noski, pertsonaiei oro har, eta protagonistari bereziki, Bob Odenkirk-ek Walter White-en mailara igoarazi duen pertsonaia eraikitzea lortuko duela uste baitut. Ezin ahaztu jakina, atalez atal pisua eta indarra irabazten joan den Kim Wexler. Azken urteetako emakumezko pertsonaien artean, garapen interesgarri eta mamitsuenetarikoa eskaintzen ari dena: Better Call Kim.

Ez nuke esango derrigorrezkoa denik, baina bai garrantzitsua, lehenago Breaking Bad ikusi izana, telesail honen atzealde eta zentzu guztia hobeto ulertzeko, pertsonaiekiko enpatia maila altuagoa izateko eta oro har askoz ere gehiago gozatu ahal izateko.

Letra larriz idatzitako maisulana.