“Pandemia honek haurdun dauden emakumeen zaurgarritasun egoera areagotu egin du”

“Pandemia honek haurdun dauden emakumeen zaurgarritasun egoera areagotu egin du” Hainbat urtez langileen edo pentsiodunen eskubideen defentsan lan arloko abokatua izan ondoren, bere kontura lan egiten du Donostian duen bulegoan (Irati Aizpurua Alquezar, Donostia 1987). Gaur arratsaldeko 18:00tan zuzenean bere Instagram kontutik (@iratiaizal): “Haurdunaldia eta erditzea Covid-19 garaian: emakumeen eskubideak” gaia ardatz hartuta egoera honen gaineko ezinbesteko gako batzuetan sakonduko du. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/201cune-honetan-bertan-haurdun-dauden-emakumeek-buruan-izan-ditzaketen-galderei-erantzutea-da-gaurko-hitzaldiaren-helburua.201d/@@download/image/IMG_20200428_100446.jpg
2020/04/29

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Hainbat urtez langileen edo pentsiodunen eskubideen defentsan lan arloko abokatua izan ondoren, bere kontura lan egiten du Donostian duen bulegoan (Irati Aizpurua Alquezar, Donostia 1987). Gaur arratsaldeko 18:00tan zuzenean bere Instagram kontutik (@iratiaizal): “Haurdunaldia eta erditzea Covid-19 garaian: emakumeen eskubideak” gaia ardatz hartuta egoera honen gaineko ezinbesteko gako batzuetan sakonduko du.
“Pandemia honek haurdun dauden emakumeen zaurgarritasun egoera areagotu egin du”

Abokatua zara, Zuzenbidean lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean, eta jarduneko abokatua 2011tik. Ikasketak osatzeko, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko edo egoera ahulean dauden pertsonen inguruko ikastaroetan ere parte hartu duzu. Une honetan haurdun dauden emakumeak egoera zaurgarrian daudela esango zenuke?

Orokorrean, haurdunaldian zehar, erditze unean edo erdiondo garaian zaurgarritasun egoeran egon daiteke emakumea. Ardura handiko garaiak dira, zalantzarik gabe, pertsona berri bati bizia ematen zaiolako eta haren ongizatea emakumearen esku dagoelako hein handi batean. Erditze unean, batez ere, emakumea egoera bereziki zaurgarrian aurkitzen dela azpimarratu behar da eta, horrexegatik, osasun arreta egokia eta errespetuan oinarritutako tratua emateak berebiziko garrantzia du, erditze ondorengo depresioak, adibidez, ekiditeko.  Pandemia egoera honek zaurgarritasun egoera hori areagotu egin duela esango nuke nik eta, egoera hori zuzentzen saiatzeko, beharrezkoa da ebidentzia zientifikoan oinarritutako informazioa ematea birusak eurengan eta euren haurrarengan nola eragin dezakeen jakin dezaten.

"Emaginak eta ginekologoak datu kontraesankorrak esan dizkien egoera bat dut esku artean. Oraindik ez dakigu bi bertsioetatik zein den zuzena eta, beraz, ez dakigu erditze unean ospitalean zer aplikatuko den."

Genero-ikuspegia aplikatzea, kasuak hala eskatzen duenean, arlo juridikoaren erronka nagusietako bat dela esaten duzu zure webgunean. Zein da une honetan zuzenbidearen ikuspegitik erronkarik zailena?

Arauak nork, noiz eta zein testuingurutan sortu diren aztertu behar da, lehen pausu modura. Azterketa hori egiten dugunean, araudia batzuen egileen artean emakumerik ez zegoela ohar gaitezke edo emakumeen behar bereziei erantzuteko neurririk ez zegoela ikus dezakegu. Beste batzuetan, estereotipo sexistetan oinarritutako ikuspegitik idazten dira eta horrek eragin zuzen negatiboak dakartza emakumeentzat. Hau da, gizona parametro normal modura jarri da (klase ertaineko gizon zuria, normalean) eta parametro horren arabera egin dira arauak, gainerako pertsonen beharrei arreta berezirik eman gabe.
Genero-ikuspegia aplikatzeak zera esan nahi du: emakume eta gizonen arteko ezberdintasunak kontuan hartzea jarduera bat aurrera eraman nahi denean. Horren arabera, ez da nahikoa berdintasuna sustatzen duten araudiak idaztea edo diskriminazioaren kontra egiteko neurriak hartzea. Legedia bereziak egiteaz gain, gure egunerokotasunean aplikatzen ditugun gainerako arauek emakumeei modu ezberdin (kaltegarri) batean eragiten ote dieten ere aztertu behar dugu. Eta hori hala balitz, araua aldatzen ez den bitartean, interpretazio berritzaileak proposatzeko aukera ireki behar da, diskriminatzailea den emaitza horrekin bukatzeko.

“Une honetan bertan haurdun dauden emakumeek buruan izan ditzaketen galderei erantzutea da gaurko Instagrameko hitzaldiaren helburua.”

Zuzenbidearen alorrean genero-ikuspegia kontuan hartu nahi bada, hiru mailatan landu behar dela uste dut: batetik, eremu legegilean, hark sortzen baititu arauak; bigarrenik, abokatu eta legelarien eremuan, araua delako euren lan erreminta eta, azkenik, botere judizialean diharduten epaileen aldetik, horiek araua aplikatu eta interpretatu egiten dutelako.
Laburbilduz, zuzenbidearen erronkarik nagusiena emakume eta gizonen ezberdintasunak kontuan hartzen ez dituzten araudiak aldatu eta moldatzea da, baita ezberdintasun horiengatik emakumea kaltetu egiten duten legedia oro berrikustea ere. Adibide oso argia etxeko langileena dugu. Kolektibo erabat feminizatua da eta Gizarte Segurantzako Sisteman erregimen berezi bat sortu zen haientzat espreski. Hau da, ez dituzte langile arrunt batek dituen eskubideak: desenplegu edo paroa kobratzeko eskubiderik ez dute eta enplegatzaileak ez du lan kontratuarekin amaitzeko kausa edo arrazoirik adierazi behar. Etxeko lanak edo familia baten beharrei erantzuteko eginkizunak (garbiketa, zaintza, janaria erosi, etab.) lan arrunt eta ordaindu modura ikusteko oztopoak ditugu gizarte honetan eta, horregatik, erregimen berezi bat sortu zen. 

"Kontatzen digutenaren arabera, haurdunaldiaren jarraipenean aldaketa batzuk egin dira baita erditze ondoren ospitaleko egonaldian ere."

Gaur apirilak 29, arratsaldeko 18:00tan zuzenean arituko zara zure Instagramen “Haurdunaldia eta erditzea Covid-19 garaian: emakumeen eskubideak” ardatz hartuta. Zergatik zehazki gai hau? Zerk bultzatu zaitu?

Zuzenbide ikasketak egin nituenetik argi izan dut abokatu moduan jardutea eraldaketa sozialerako lanbidea izango zela niretzat. Hau da, askotan ez da beharrezkoa arauak aldatzea diskriminazio egoerei aurre egiteko edo ahulagoak diren kolektiboei bultzada bat emateko, nahikoa da arauaren beste interpretazio bat egitea. Eta, batez ere, beharrezkoa da jendeak bere eskubideak zein diren ezagutzea. Izan ere, askotan, eskubide urraketak ematen dira norbanakoak ez dakielako zein eskubide dituen eta zer eska dezakeen. Ildo horretatik, oso garrantzitsua iruditzen zait dibulgazio lana egitea.

Pandemia hau hasi zenean, emakumeengan eragin handiagoa eta zakarragoa izango zuela ikusi nuen. Hala adierazi zuten gainera, berehala, Nazio Batuen Erakundetik eta beste hainbat elkarteetatik ere. Konkretuki, haurdun dauden emakumeen egoera aztertzen hasi nintzen eta informazio falta zegoela sumatu nuen. Emagin talde batekin harremanetan jarri nintzen ea egoera nola ikusten zuten jakin nahian eta haiek esan zidaten asko eta askok hitzaldiren bat egitea eskertuko luketela. Ezin dugu ahaztu indarkeria obstetrikoa errealitate bat dela gure artean eta nire helburu nagusia indarkeria hori prebenitzea da, kalte fisiko edo psikologikoak ekiditea, eta horretarako gure eskubideak zein diren ezagutzea ezinbestekoa da.

Jendeak izango du aukera zuzenean galderarik egiteko?

Informazioa hedatzea lehen helburu modura jartzen dut, entzuten ariko diren guztiei baliagarria izango zaizkien datuak ematea. Beraz, galderak egiteko aukera hori zabalik utziko dut, beti ere eskubideen azalpen horrekin zerikusia badute eta interes orokorrekoa baldin badira. Ikusle kopurua ere kontuan izan beharko da momentuan bertan galdera-erantzunak kudeatzerako orduan, azken finean denbora mugatua dugulako eta nire azalpenak jarraiak eta ulerkorrak izatea gustatuko litzaidakeelako. Gainera, kontuan izan behar da egoera konkretu batzuk analisi sakonagoa eska dezaketela erantzun juridiko egokia eman ahal izateko.

"Ezin dugu ahaztu indarkeria obstetrikoa errealitate bat dela gure artean eta nire helburu nagusia indarkeria hori prebenitzea da, kalte fisiko edo psikologikoak ekiditea, eta horretarako gure eskubideak zein diren ezagutzea ezinbestekoa da. 

 

Itsaso Lekuona izeneko Twitterreko erabiltzaile batek txio batean honakoa salatu zuen. Zein da zure iritzia? Ados zaude?

Haurdunaldiaren jarraipena nola egiten ari diren haurdunen eskutik jakin ahal izan dut, haiekin zuzenean hitz eginda. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan ez da protokolo orokorrik argitaratu edo publiko egin. Twitterreko erabiltzaile honek dioena bat dator haurdunek eta ingurukoek kontatzen digutenarekin.
Gertatzen ari den guztiarekin kontu bat nabarmenduko nuke: aldez aurretik zeuden Gida edo Protokoloak aldatu egin baldin badira pandemiaren eraginez, horien arrazoiak eman eta adieraztea komeni litzateke. Ez da onargarria anbulatoriora iritsi eta ateko zaindariaren eskutik jakitea bikotea ezin dela ekografia ikustera sartu, adibidez. Hori horrela egiteko beharra baldin badago osasun arrazoiak direla eta (denok ulertu dugu, gainera), aldez aurretik jakinarazi beharko litzateke eta bide alternatiboak proposatu eta prest izan (telefono bidez bideodeia eginez, adibidez).

Zergatik erabaki duzu Instagram bidez honen gaineko solasaldia zabaltzea?

Galdera ona da, kontuan izanda aplikazio hauek gure datu pribatuetara duten sarrera larritzeko gai bat dela eta ni ez naizela aurretik Instagram-en erabiltzaile (beste sare sozialetan banagoen arren), solasaldi hau egiteko ideia luzatu zidaten arte. Esandako emagin taldearen bidez jakin nuen Instagram-en Zuzeneko edo Live horiek egiten ari zirela arlo ezberdinetako profesionalak eta, hitzaldi bat ikusi nuenean, etxean giltzapetuta gauden garai honetan jendearengana heltzeko bide egokia zela iruditu zitzaidan.

Hala ere, norberaren datuen pribatutasuna zaindu eta arduratsu jokatzeko eskaria luzatzeko aprobetxatuko dut.

Ez da onargarria anbulatoriora iritsi eta ateko zaindariaren eskutik jakitea bikotea ezin dela ekografia ikustera sartu, adibidez. Hori horrela egiteko beharra baldin badago osasun arrazoiak direla eta (denok ulertu dugu, gainera), aldez aurretik jakinarazi beharko litzateke eta bide alternatiboak proposatu eta prest izan (telefono bidez bideodeia eginez, adibidez).

Zertaz arituko zara zehazki zuzenekoan?

Une honetan bertan haurdun dauden emakumeek buruan izan ditzaketen galderei erantzutea da helburua. Batetik, osasun sistemaren erabiltzaile eta paziente moduan zein eskubide dituzten modu ulerterraz batean adierazi nahiko nuke. Bestetik, ebidentzia zientifikoan oinarrituta, koronabirus berri honek haurdun dauden emakumeengan eragin berezirik ote duen adierazi nahiko nuke eta zein gomendio eman diren erditze unerako edo edoskitzea egin nahi bada.

Gainera, gaur eta orain zer egin dezaketen adieraztea da helburua, modu praktikoan. Adibidez, erditze plana nola egin edo tratuarekin kexaren bat baldin badute zein pausu eman ditzaketen.    

"Gure inguruan, emagin eta ginekologoarekin zita presentzialak ezabatu egin dira eta telefono bidezkoak jarri dira haien ordez. Baina, hori horrela egin bada, esplikatu egin beharko litzateke ea ondorio kaltegarririk gerta litekeen ala koronabirusaren aurretik egiten ziren zita presentzialak ez ote ziren horren beharrezkoak kasu guztietan"

Jo al dute zuregana konfinamendu garaian haurdun dauden bikoterik?

Ba, honi erantzuteko, estrukturazko arazo bat dagoela esan behar da. Normalean, haurdunaldian dauden emakumeek, edo haien ingurukoek, beldurra izaten dute desadostasuna adierazteko osasun zerbitzuan esan zaien zeozeren aurrean eta euren kezkak ez dituzte azaleratzen (are gutxiago artatuko zaituzten profesionalei). Horrela, ziurgabetasun egoeran egon ohi dira emakume edo bikoteak, baina inori ezer esan gabe, isilik. Edo normaltzat hartzen dute jasotako tratua. Egoera hori irauli egin behar da.  

Kasu zehatz batean, emaginak eta ginekologoak datu kontraesankorrak esan dizkien egoera bat dut esku artean. Oraindik ez dakigu bi bertsioetatik zein den zuzena eta, beraz, ez dakigu erditze unean ospitalean zer aplikatuko den.

Badago ere beste kontu bat, haurdun dauden emakumeak ibiltzera atera daitezkeen edo ez. Ez da hizpide, nahiz eta nik juridikoki defendatzen dudan paseatzera atera daitezkeela (nire blogean idatzi berri dut honi buruz), euren osasuna eta euren barrenean daramaten haurtxoarena bermatu nahi badugu gizarte moduan.

 

Haurdunaldiaren jarraipena eten egin da edota koronabirusaren garaiaren aurretik egiten zen jarraipen mota berbera egiten diete?

Kontatzen digutenaren arabera, haurdunaldiaren jarraipenean aldaketa batzuk egin dira baita erditze ondoren ospitaleko egonaldian ere. Osasun arrazoiengatik justifikazioa izan dezakete, ziurrenik. Baina, zoritxarrez, Munduko Osasun Erakundearen gomendioen kontrako praktikak ere eman dira. Adibidez, emakumeak bakar-bakarrik erditzera behartu dituzte.

Gure inguruan, emagin eta ginekologoarekin zita presentzialak ezabatu egin dira eta telefono bidezkoak jarri dira haien ordez. Baina, hori horrela egin bada, esplikatu egin beharko litzateke ea ondorio kaltegarririk gerta litekeen ala koronabirusaren aurretik egiten ziren zita presentzialak ez ote ziren horren beharrezkoak kasu guztietan. Bestetik, ekografietara emakumea bakar-bakarrik joan behar da, bikoterik gabe. Erditzea prestatzeko saioak , berriz, modu ezberdinean kudeatu dira, normalean telefonoz eta emailez, bateon bat bideokonferentzia bidez zela esan didan arren.  Erditze ondorengo unean ere alta azkarragoak ematen dira.

Beste edozer gehitu nahi izanez gero…

Osasun sistemaren erabiltzailea moduan informazioa jaso behar du pertsona orok eta, hala egiten ez bada, informazioa eskatzera animatzen dut jendea. Galdera edo kezkarik badu inork buruan biraka, ahoska dezala eta dagokion osasun arloko profesionalari galde diezaiola. Erantzunarekin gustura ez badago edo tratu txarra jasan duela uste badu, beste profesional asko gaude egoera horiek aztertu eta bidea zuzentzen ahalegintzeko.