Holz und Blech jaialdia: “Beste edozein jaialdi bezalakoa dela erakutsi nahi genuen, musika elektronikoa ez dagoela zertan zerbait txarrarekin lotu”

Holz und Blech jaialdia: “Beste edozein jaialdi bezalakoa dela erakutsi nahi genuen, musika elektronikoa ez dagoela zertan zerbait txarrarekin lotu” 2015ean hil zen Zuhaitz Urain 'Zizu'-ren omenez antolatzen dute Azkoitian Holz und Blech musika elektronikoaren jaialdia. Aurtengoa zazpigarren edizioa izango da eta lehen aldiz hiru eguneko iraupena izango du; apirilaren 28tik 30era, DJen saioak, binilo azoka, eta beste hainbat jarduera egingo dituzte. Vero Garnateo eta Julian Balenziaga antolakuntzako kideekin hitz egin dugu jaialdiaren jatorriaz, musika elektronikoaz eta aurtengo nobedadeez. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/201cbeste-edozein-jaialdi-bezalakoa-dela-erakutsi-nahi-genuen-musika-elektronikoa-ez-dagoela-zertan-zerbait-txarrarekin-lotu201d/@@download/image/image_6483441 (3).JPG
2023/04/19
elkarrizketa

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

2015ean hil zen Zuhaitz Urain 'Zizu'-ren omenez antolatzen dute Azkoitian Holz und Blech musika elektronikoaren jaialdia. Aurtengoa zazpigarren edizioa izango da eta lehen aldiz hiru eguneko iraupena izango du; apirilaren 28tik 30era, DJen saioak, binilo azoka, eta beste hainbat jarduera egingo dituzte. Vero Garnateo eta Julian Balenziaga antolakuntzako kideekin hitz egin dugu jaialdiaren jatorriaz, musika elektronikoaz eta aurtengo nobedadeez.
Holz und Blech jaialdia: “Beste edozein jaialdi bezalakoa dela erakutsi nahi genuen, musika elektronikoa ez dagoela zertan zerbait txarrarekin lotu”

Jaialdiaren izena bera, Holz und Blech, bitxia da Azkoitiakoa izateko. “Egurra eta txapa” esan nahi du, ezta?
Vero Garnateo: “Egurra eta txapa” gure lagun Zizuk asko esaten zuen esaldi bat zen. Oso jarrera baikorra zuen eta zerbait egin behar zenean beti aipatzen zuen: “Egurra e, txapa!”. Esaldi hori grabatuta geratu zen bere izaeran eta baita gure inguruan ere. Hil zenean esaldi hori bere oroitzapen gisa geratu zen.

Julian Balenziaga: Gure egunerokotasunean askotan esaten dugu “Egurra eta txapa”. Bagenekien esaldi motz eta indartsu horrek nonbait agertu behar zuela. Hainbat aukera aztertzen hasi ginen eta itzulpenak egiten. Nire koinatak alemana irakasten du, alemanera itzuli genuen eta gustatu egin zitzaigun. Indar handia zuen esaldi bat zela ikusi genuen, nahiz eta hasiera batean ahoskatzeko oso erraza izan ez.

Lagunaren omenez sortu zenuten elektronika jaialdia. Nola izan zen sortze prozesua?
V.G.:
Zuhaitz musika elektronikoaren oso zalea izan zen beti. Bera musika jartzen aritzen zen, kanpoan ibiltzen zen, Brasilen ere ibili zen. Bueltatzean taberna bat hartu zuen, Txalintxo, beste kide batekin, eta bere ametsa zen taberna hori musika elektronikoaren erreferente bihurtzea, eta aukera ematea hemengo gazteei.

J.B.: Eta lortu zuen gainera. Bolada batean garai bat markatu zuen. Astea joan eta astea etorri, ekitaldi politak antolatu zituzten. Garai hartako oso oroitzapen politak ditut.

V.G.: Zer hobe bera omentzeko bere lagunek eta bere inguruko jendeak berak zeukan ilusio horrekin jarraitzea baino…

J.B.: Azkenean omenaldi festa bat da. Momentu hunkigarriak ditu, bere familiarekin elkartzen gara, eta festako momentuak ere bai.

Elektronikak ez du izan, gainera, hainbesteko tokirik, beste zenbait generorekin alderatuta.
V.G.:
Bere garaian marjinatu samar zegoen, beti jende mota jakin bati lotuta, gaizki ikusia edo. Erakutsi nahi genuen beste edozein festa bezalakoa dela, musika elektronikoa ez dagoela zertan zerbait txarrarekin lotu, eta giro polita sortzeko beste musika mota bat dela.

Urte batzuk pasatu dira jaialdiarekin hasi zinetetik. Zer bilakaera izan du?
J.B.:
Hau zazpigarren edizioa izango da. Zuhaitz 2015ean hil zen eta lehen omenaldi festa hurrengo urtean egin zen, 2016an. Hasieran taberna batean hasi zen, gero zabaltzen joan zen, bolada makalagoak ere izan dira. Azkenengo urtean nolabait formalizatu egin dugu, elkarte bat osatu dugu, geuk ere inplikazioa handitu egin dugu, seriotasuna eman diogu, eta lehengo urtekoak ikusgarritasuna eman zion festari. Hor gaude buru-belarri.

V.G.: Lagunarteko zerbait bezala hasi zen, lehen festak bere inguruko jendearekin izaten ziren, inguruko DJ-ekin harreman handia zuen eta beraien parte-hartzea izaten zen. Bere ametsa zen lagunartean aritzea beti, giro onean eta festa giro polit batean, baina hari gustatuko zitzaiona zen zabaltzea eta oihartzuna izatea hemen inguruan.

J.B: Bera saltseroa zen eta badakigu egiten ditugun gauza hauek guztiak gustuko izango lituzkeela.

Hiru eguneko jaialdia antolatu duzue. Horrek lan-karga eta buruhauste handiagoak izango ditu.
V.G.: Elkarte bat osatu dugu eta hamar lagun gaude momentu honetan. Bakoitzak bere lana du eta asko inplikatu gara, baina festa hau ez dugu geuk bakarrik antolatzen. Agian pisurik handiena guk hartzen dugu, baina ezinezkoa izango litzateke bere familiarik gabe, bere lagunik gabe, urtero kamisetak erosten dituen jenderik gabe, grafitiak egiten dituena, kantuak egiten dituena, kartelak egiten dituen jendea… Azkenean komunitatean sortutako festa bat da. Azkoitiko udaletxearen laguntzarik gabe ezingo genuke egin, tabernarien laguntzarik gabe ere ez… Orduan, elkarteak oinarria jartzen du, baina proiektu komunitario bat da; denak parte hartzea nahi dugu eta bakoitzak bere alea jartzea.

J.B.: Herria asko inplikatzen da egun horietan eta urtean zehar ere denbora osoan laguntzeko prest izaten dira. Hala sentitzen dugu: bat prest egoten da horma-irudia egiteko, bestea kartelak egiteko, bestea abesti bat ateratzeko… Jendeak ekarpena egiten du gure elkartetik kanpo ere.

V.G.: Hori ikusita, hasieran egun bat zena, zabaltzen hasi zen. Udaletxeak ere parte hartzen duenez, ekitaldi kultural bihurtu dugu, eta hortaz ez da Djak musika jartzea bakarrik, baizik eta hitzaldiak, umeentzako ikastaroak, azoka… antolatu ditugu. Herriarentzako ekitaldi kulturala bihurtu da, musika elektronikoak daukan ospe txar hori kentzeko eta herrira zabaltzeko, denek ikusi eta gozatzeko.

Oraindik ere badu estigma hori musika elektronikoak?
J.B.:
Geroz eta gutxiago esango nuke. Gu ahalegintzen gara ikusgarritasuna ematen, jendeak bere aldaera ezberdinak ezagutu eta konturatzeko ez daukala konnotazio negatibo hori izan beharrik, beti irudikatu izan zen diskoteka, zulo-ilun, droga eta buelta horretan, baizik eta hortik haratago ere badagoela.

V.G.: Bai, eta uste dut herrian ari dela hori zabaltzen. Aurtengo edizioko helburu handienetako bat da familiak gerturatzea azokara, gazteak etortzea… Azkenean beste edozein musika genero bezalakoa da. Musikaz gain, bestelako jarduerak ere badaude. Lan bat dago, ez da zarata jarri eta aurrera.

Gero eta gehiago entzuten da musika elektronikoa eta euskal musikan gero eta talde gehiagok dituzte ukitu elektronikoak.
V.G.: Bai, eta egia da aurten egon garela hori pentsatzen. Orain euskal talde askok base elektronikoak erabiltzen dituzte, rapean, trapean, eta buruan daukagu horra pixka bat zabaltzea.

Jendearen aldetik zer moduzko harrera izan duzue?
J.B.: Oso ona. Egia esan gozamena da hori.

V.G.: Hasieran bere gertuko jendearen festa bat zen, baina pixkanaka-pixkanaka jendea animatzen ari da. Inguruko jendeak ere esan izan dit: “Baina nik ez nuen Zuhaitz ezagutzen…”. Baina jaialdi hau, bera omentzeko izateaz gain, denok gozatzeko festa bat da. Onena da jendeak garbi duela festaren helburua zein den, asko errespetatzen dute, eta etortzera animatzen dira.

J.B.: Lehen esan bezala, jendearen inpikazioarik gabe ezinezkoa izango litzateke, baina etortzen diren artisten enpatia ere bilatzen dugu beti. Ez da artista etorri, Madriletik esaterako, musika jarri eta joan. Beti saiatzen gara festaren parte sentiarazten eta nolabait egun horrekin konektatzen.

Bertako eta kanpoko musikariak uztartu ohi dituzue, batzuk ezagunagoak besteak ez hainbeste…
V.G.: Garbi daukagu lehenik Zizuren ingurukoek egon behar dutela. Berak lagun asko zituen mundu horretan eta lehen plaza beti beraientzat da. Egia da, nahi eta nahi ez, jendea erakartzeko, kanpoko beste DJ batzuk ere ekartzen ditugula, izen gehiago dutenak. Saiatzen gara kanpoko horiek, bera ezagutzen ez zutenak, gure familian sartzen. Jende askok konektatu du ideia horrekin.

Zeren arabera aukeratzen dituzue kanpoko horiek?
J.B.: Zortez gure elkartean badago musika jartzen aritzen den jendea; eszenan dabiltza eta batak bestea ezagutzen du, eta beraiei erakargarriak iruditzen zaizkienak proposatzen dituzte.

V.G.: Bai, urteetako lanaren ondorioz Euskal Herri mailan kontaktu batzuk egin dira, kanpoan beste kontaktu batzuk dituztenak, eta hari horretatik tiraka aritzen gara.

Zer nabarmenduko zenukete aurtengo jaialditik?
J.B.: Aurtengoa hiru egunekoa izango da -ostirala, larunbata eta igandea- eta horrek logistika handia ekarri digu. Gauza askotan pentsatu behar izan dugu. 45 artista etorriko dira eta guretzat ere erronka handia da. Festako momentu gorena omenaldi momentu hori izaten da, eta arratsaldean Matadeixeko momentu hori.

V.G.: Udaletxearekin lanean hasi ginenetik, ekitaldi kultural kutsua eman nahi izan diogu. Ostiralean hitzaldi bat izango dugu, eta DJ ikastaroa gazteentzat. Larunbatean unerik politena omenaldia izaten da, bere bi lagunek txalaparta jotzen dute, bere familia etortzen da… momentu intimoa izaten da, hunkigarria. Gero bazkaltzera joango gara eta ondoren DJak egongo dira goizeko seiak arte. Igandean binilo azoka izango da eta, azoka dagoen bitartean, emakumeak arituko dira musika jartzen plaza berrian. Lortu dugu jaialdira etorriko diren 45 DJ horien artean zazpi emakume izatea. Oraindik ere eszena maskulinoa da eta urtero-urtero lan pixka bat egiten ari gara: aurreko urtean bi izan baziren, bada hurrengoan hiru. Pixkanaka-pixkanaka hori ere zabaldu nahian.

J.B.: Bai, emakumeei ikusgarritasuna ematen saiatuko gara edizio honetan.

Jaialdia doan izaten da, ezta?
J.B.:
Dena debalde. Beti saiatu izan gara eta lortu egiten dugu.

V.G.: Diru irabazi asmorik gabeko elkartea gara, ez dugu ezer ateratzen hortik, osasuna galdu agian, kar-kar-kar. Udaletxeak emandako dirulaguntza daukagu, kamisetak saltzen ditugu, eta tabernek ere ahal dutena jartzen dute. Ordaintzen den bakarra bazkaria izaten da, gainerako dena libre. Nahi duena etor daiteke eta artista denak entzuteko aukera izango du.

Zerbait gaineratu nahi al duzue?
J.B:
Eskerrak eman laguntzagatik. Animoz eta ilusioz egindakoa politagoa da eta errazago irteten da. Gu bide horretatik goaz.

V.G: Lan handia da, baina ederra izango da, eta garbi daukagu egun horiek pasatakoan izango dugun sentsazio ona. Helburua argi daukagu eta badakigu zergatik egiten dugun. Eskerrak eman nahi dizkiogu hau posible egiten duen jendeari.

EGITARAUA


Ostirala, apirilak 28
17:30-19:00. Gazteentzako DJ ikastaroa elkargunean.
20:00-21:00. Argia DJ eta ekoizle madrildarraren hitzaldia.

Larunbata, apirilak 29
12:00-14:00. Omenaldia Plaza Berrin.
14:00-17:00. Bazkaria Lajan.
17:30-23:30. DJ emanaldia Matadeixen. 
00:00-06:00. DJ emanaldiak eta Live emanaldiak herriko tabernetan.


Igandea, apirilak 30
12:00-19:00. Binilo azoka Plaza Berrin.
15:00-21:00. DJ emanaldiak Plaza Berrin.
19:00-23:00. DJ emanaldiak eta Live emanaldiak Goiko Losan.
22:00-06:00. DJ emanaldiak herriko tabernetan.