‘ATSEGIN DUT’ ASKO, MAITASUN GUTXI'
Eskuetatik labaintzen zaigun garaian bizi gara, denbora likido bat
non ezer ez den irauteko. Ez dago ezer nahikoa handirik jarraitzen duenik
eta benetan beharrezkoa bihurtu. Guztia da iragankorra. Inongo kontakturik gabe
hasi edo amaitzen diren harremanen garaia da. Besteak bere argazki
edo esaldiengatik aztertzen ditugu. Elkarrekintza bizi bat ez da existitzen.
Isolamendu babesle bat esperimentatzen dugun momentu berean, erabateko herstura bizitzen dugu, gorputza ezinegon batean dago eta arima ito egiten da.
Zygmunt Bauman
Hainbeste “atsegin dut” dagoen garai honetan, maitasuna ez al da atsegin dut horiek lortzeko osagarri bat besterik? Sexuaz gehiago hitz egiten den honetan, maitasuna ez ote da tabu batean bilakatu?
Bigarren kafea eskatzen dugu igande goizean Instagram-era igotzeko eta zapata berriak estreinatu onei argazki artistikoak ateratzeko. Facebook-en harreman bat dugula jarri nahi dugu “atsegin dut” gehiago lortzeko. Harreman bat dugunaren ilusioa bizitzeko beharrezkoa den hori guztia nahi dugu harreman bat eduki gabe. Igandetan gosaltzera joateko norbait nahi dugu, astelehenetan kexatzeko ondoan lagun bat eduki, baita asteartean pizza jateko edota asteazkenetan egun onak opatzeko. Hala eta guztiz ere, harremanik nahi ez duen belaunaldia gara.
Tinder arakatzen dugu egiteko horiek guztiak betetzeko pertsona egoki baten bila. Etxera janaria eskatuko bagenu bezala saiatzen gara pertsona hori aurkitzen. Google-en erreportaje ezberdinak topatzen ditugu: Gustuko zaituela jakiteko bost modu edota Bera konkistatzeko zazpi manera bezalakoak; pertsona hori gure nahien arabera moldekatuko dugunaren itxaropenez, eskolan egiten genituen eskulan horietako bat bailitzan. Tinder-eko profila txukuntzen gure nortasuna eraikitzen baino denbora gehiago pasatzen dugu eta halere harreman bat nahi dugu.
Harreman baten fatxada nahi dugu, baina ez edukitzeak dakarren esfortzua; eskutik heldu nahi diogu norbaiti, elkarri begirada mantendu gabe; ligatu nahi dugu baina ez elkarrizketa sakonak eduki; promesak nahi ditugu baina ez benetako konpromisoa; urteurrenak ospatu nahi ditugu, baina horiek eskatzen duten eguneroko ahaleginik gabe. “Eta zoriontsu izan ziren” bat nahi dugu hemen eta orain saiakerarik egin gabe. Finean, harreman sakonak eduki nahi ditugu, baina serioegi joan gabe.
Norbait gure ondoan izan nahi dugu, baina ez dugu berak minik ematea nahi. Maitasunak nola beharko lukeen ideia saldu digute eta guk horixe desiratzen dugu, baina ez gaude prest maitasunak berekin dakarren sakrifizioa betetzeko, barru-barruan bai baitakigu maitasuna ez dela pelikula erromantikoek erakutsi nahi izan diguten bezalakoa, baina aldi berean sumatzen dugu hori baino askoz ere hobeagoa izan daitekeela.
MAITATZEAREN ARTEA
Erich Fromm filosofoak ere sumatu zuen hori eta horregatik igaro zuen bere bizitzaren zati handi bat maitasuna ikertzen. Ondoren, The Art of Loving (1957) liburuan maitasunaren inguruan egindako hausnarketak ederki islatzen ditu eta zer pentsatu ematen du. Fromm-ek gizakion behar sakonenetan ardaztutako maitasunaren teoria landu zuen. Gizakiak berekin duen maitatzeko behar hau angelu askotatik ulertu daitekeela ikusarazi zigun. Maitasunak eromen mingarri batera eraman gaitzake edota itzelezko plazerera.
Autoreak izenburuan ezagutarazten digu bere hausnarketarik interesgarriena: Maitasuna arte bat da. Hau da, ikaskuntza bat behar du, ardura bat, pazientzia eta ausardia asko. Ausardia ez bakarrik bikote harremanez arduratzerakoan, baita bikoteaz harago doazen bestelako maitasun motetan ere, guzti-guztiek laguntzen baitigute gure burua ezagutuz hazten.
Hasiera batean, guztiok gara ezezagun bestearentzako, izan familia, lagun, bikote edo hirukote. Zoriak hala nahirik familia jakin batean jaiotzen gara eta pertsona jakin batzuk ezagutzen ditugu. Harreman erromantikoen kasuan bi edo ezezagun gehiagok elkar banatzen dituzten hesiak aldi berean jaistea erabakitzen badute bizitzaren momentu kitzikagarrienetako bat bizitzeko aukera izango dute. Halere, maitemintze hau ez da oraindik maitasuna. Maitemintzea ez baita zaila, maiteminduta jarraitzea ordea, konplikatuagoa da. Pertsona horiek ongi ezagutzera iristen direnean, hasierako emozioa desagertzen da eta intimitateak bere mirarizko izaera galtzen du. Horrela, harremaneko kide bakoitza hasierako barne-bakardadera bueltatzen da eta hain zuzen, hasierako egoera hori da ongi ulertutako maitasunak gainditu behar duena.
Ez dago ezer horrenbeste itxaropen eta ilusioekin hasten dena eta aldi berean horren hauskorra dena maitemina bezala. Beharbada, gure bizitzako beste egoeraren batean horrelako zerbait gertatu eta porrot egingo bagenu, gure akatsetatik ikasten saiatuko ginateke edota saiatzeari utziko genioke. Haatik, gizakiak maitatzeko eta maitatua sentitzeko beharra du. Landareentzat ureztatzea bezala da, maitasunik gabe, berandu baino lehen maskalduko ginateke.
Maitemintzea ekidinezina da beraz, eta aipatu dugunez, arte bat denez, beste edozein diziplina bezala ikasi egin behar da eta ikaskuntza horretan badira bi zati oso ezberdinduak, baina aldi berean banandu ezinak direnak: teoria eta praktika.
MAITASUNAREN TEORIA
Maitasunaren teoria giza existentziaren teoriarekin batera hasten da. Gizakia arrazoiz ornitua dago, bere buruarekiko eta besteekiko kontzientzia du, bere iraganaz eta etorkizuneko aukerez ohartzen da. Horregatik badaki bere bizitza laburra dela, bakarrik dagoela eta naturako eta gizarteko indarren aurrean ahula dela. Egi ekidinezin bezain beldurgarriei aurre egiteko bakardade hori mozorrotu egiten du indibiduoak eta horregatik bizitza igarotzeko beste indar baten beharra sentitu ohi du. Zenbat lagun ezagutzen ditugu bakarrik ez egoteagatik harreman toxiko batean daudenak?
Maitasunak bakardade hori hausten du eta batzuetan kalte egiten digun harreman batean egotea jokabide irrazional eta oldarkorra dela badirudi ere, beharrezkoa dugu beste pertsona hori, bere bitartez, gure burua ezagutuz, errealitatea ikusi ahal izateko. Alta, ondoan dugun pertsona horrek ongi egiten badigu ere, beharrezkoa da momentu oro harreman hori aztertzea. Maitasuna, jarduera etengabekoa da, ez da nahikoa maitasun bat aurkitzearekin, ondoren zaindu beharra dago.
MAITASUN ERROMANTIKOA
Maitasun erromantikoa maitearekin erabat fusionatzeko desira da, fisikoki batzeaz gain emozionalki ere batzeko nahia. Fromm-en ustez hau da existitzen den maitasunik engainagarriena, maitemintzearekin erraz nahasten da, baita maitasunarekin ere, baina askotan ez da ez bata ez bestea. Sinpleki, giza isolamendua harreman sexual fisikoarekin gainditzen saiatzea da. Zenbat kasu ezagutzen ditugu bere bikotearekin harreman malkartsua dutenak baina ohean ederki moldatzen direnak? Desira sexualak ez du maitemintzearekin lotua egon behar, agresiboagoa izan daiteke eta bakardadeak, beldurrak, hersturak edota gorrotoak estimulatu dezake.
Maitasuna beste zerbait da ordea, beti erraza ez den arren. Ausardia eskatzen du, ekintza, konpromisoa eta baita ardura ere. Maitatzen jakin gabe maitatzeak, maite dugun horri min ematen dio. Askotan prozesua pasibotasunetik behatzen dugu. Maitemintzea bat-bateko sentimendu horren albo-ondorioa da askorentzat, paralizatuak gelditzen direlarik, aukera bakarra sentimendu horri segitzea dela sentituz, eta besteak berdin erantzungo duenaren itxaropenez itxaroten dute, euren sormena eta energia ezabatuz. Inteligentziaz maitatzean ordea, jakinaren gainean egindako ekintza da, eskatzen duena, baina aldi berean ematen duen asmoa da. Maitasun honen alderdirik garrantzitsuena boluntarioa dela da; maitasuna kontrolik gabeko sentimendua balitz ez litzateke benetako maitasunik egongo. Besterik gabe eramaten uzten bagara, modu pasiboan, besteak esan edo egingo duenaren baitan, frustrazioa izango da ondorio. Maitatzea horrelakoetan lan nekeza da, baina modu aktiboan maitatu ez gero pertsona bezala hazten lagunduko digun sentimendua izango da.
MAITASUNAREN PRAKTIKA
Maitasuna bizitzarekiko eta hazkuntza pertsonalarekiko kezka aktiboa da. Haatik, gutako gehienok ez dakigu maitatzen. Hobeak izatera bultzatzen gaituen motorra behar luke maitasunak, baina horretarako gure nortasuna landu behar dugu, egunero pertsonalki apur bat bada ere haziz, gure buruarekiko maitasuna landuz lehendabizi eta beharbada, ondoren, maitatu ahal izango ditugu besteak. Maitasuna jarduera bat baita, ez ondorio pasibo bat. Maitasunean mugimendu ugari dago, nahia eta hartu-emana. Proiektu batean elkarren ondoan lan egitea da, egunerokotasunaren sortzaile izendatzea geure buruak.
Saltzen zaigun maitasuna ordea, azalekoa da oso: “maite ditut maite nautelako”. Guztiok behar dugu maitasuna noski, baina norbait hori emateko prest dagoenenean, bestea bera denagatik maitatzen al dugu ala bestearen beharra dugulako?
Azaleko maitasun hau da nagusi egungo gizartean. Gehiengoa behar bat betetzeko erlazionatzen da, zerbaiten falta duelako, ez altruismoagatik eta are gutxiago maitatu nahi duelako; besterik gabe besteek norbera maitatzea nahi dutelako, trukean deus eman gabe. Horrela ezin da ordea elkar zaindu, elkar ulertu, ezin zaio gure buruaren ardura besteari egotzi, gu baikara gure zorionaren arduradun bakarrak.
Halere, maitasuna ez da nahita nahiez pertsona jakin batekin dugun harreman horretara mugatzen. Maitasuna jarrera bat da, gure nortasunaren joera, eta berak erabakiko du zein motatako harremana edukiko dugun besteekin. Maitasuna erromantizismotik at, gure lagun, guraso ,seme-alaba edota animaliekin dugun harremana ere izan daiteke, norberaren esku dago hori.
Egun sustatzen dena ordea, erabili eta botatzeko kontsumo maitasuna da. Inoiz forma hartzen ez duen maitasuna da, beti birziklatzen dabilena. Erraza da arropa kendu eta erlazio sexualak edukitzea eta horrek ez du deus txarrik, noski. Jendeak denbora guztian egiten du eta ederto dago. Baina zure arima norbaiti erakustea, zure barnean sartzen uztea, zure pentsamenduetan, beldurretan, etorkizunean, itxaropenetan, ametsetan... hori da benetan biluzik egotea.
Horren ordez, eskuak gurutzatzen ditugu gizartearen arauak gure lagunekin eztabaidatuz, baina benetan ez du inork ezagutzen barruraino sartuta gauden jokoa. Arazoa ez baita gure belaunaldiak ez dituela harremanak nahi, baizik eta, egunaren bukaeran gure buruari onartu nahi ez badiogu ere maitasuna eman eta sentitu nahi dugula; berdin du bikote harreman batean, polimaitasunean edota laguntasun sakon baten bidez. Gure aberastasun bakarra besteekiko sentsibilitatea da, besteekin ditugun harremanen bitartez baikara garen hori. Hori argi dugun momentuan hasiko gara maitasuna benetan zer den ulertzen eta ez dugu like-en beharrik izango.