2000-2010, kantaz kanta

2000-2010, kantaz kanta https://www.gaztezulo.eus/albisteak/20002010-kantaz-kanta/@@download/image/20111066482eusk_1361232073.jpg
2011/10/07
erreportajea
2000-2010, kantaz kanta
Ez dira agian kanturik onenak, ezta gure gustukoenak ere. Gure belarrietara azken hamarraldian iritsi diren doinu adierazgarri batzuk baino ez.

GAZTEZULO.COM webgunean Eztabaida Gunea atal berria abiatu dugula baliatuta, galdera hau botatzea otu zaigu: Azken hamarkadan (2000-2010) egin diren euskarazko kantuetatik zein duzu gustukoen? Zuen memoria apur bat eragiteko asmoz, azken hamar urteetako kantu esanguratsu batzuek josi duten irudia ondu dugu.

Hamarkada ireki zuen 2000 urte gatazkatsu hartan, Betagarrik Freaky Festa lana plazaratu zuen egun desagertuta dagoen Esan Ozenki zigiluaren eskutik. Bandaren laugarren disko horretan Jabe izan arte kanta aldarrikatzaile eta festa zalea zegoen. Egun Gasteizko zortzikotearen kantu ezagunenetariko bilakatu da, ezbairik gabe.

Urte hartan, baina, beste hiru disko aipagarri ere ezagutu genituen: Fermin Muguruzaren FM 99.00 Dub Manifest, Dut-en Askatu Korapiloa eta Mikel Urdangarinen Espilue. Muguruzaren diskotik Dub Manifest itsatsi zen gure tinpanoetan; Bidasoaldeko rock hirukotearen azken disko ikusgarri hartatik Unean Uneko kantuaren baxu basatiak ahaztezinak dira, eta bizkaitar kantautorearen Non geratzen den denbora doinuak une lasai asko girotu zituen.
Handik urtebetera, Duteko Joseba Ponce taldekidea tarteko, Kuraia rock talde oldarkorraren lehen lana iritsi zen. Laukoteak Euskal Herriko makina bat areto, gaztetxe eta taberna zulo kiskali zituen, besteak beste, Egunsentian kantua jotzen zuenean.

Kashbad koadrilan abestu ondoren, Sorkunek bakarkako bidea hasi zuen 2002 urtean Onna diskoarekin. Lan horretako Lurra abesti iradokitzaile eta indartsuak zale bat baino gehiago harrapatu zuen. Urte berean, Gernikako Gatibuk Zoramena grabazioa kaleratu zuen eta Musturrek Sartunde kanta irratietan, txosnetan, eta plazetan arrakastatsu hedatu zen. Aldi berean, Xabier Montoia musikari eta idazlearen bakarkako azken lana entzun genuen: Ni ez naiz Xabier Montoia. Kutsu elektronikodun Omenka kanta nabarmendu zen.

Ken Zazpi ezagunek, berriz, 2003an grabatu zuten euren ibilbide luzean idatzi duten kanturik ospetsuena: Ilargia pop pieza, Bidean diskoan jasoa. Talde bizkaitarraren salmentek gora egin zuten aparraren antzera eta, zortzi urte geroago, arrakasta horrek bere horretan dirau. Ruper Ordorika zaleek, halaber, euren idoloaren kanturik preziatuenetarikoa entzun zuten: Kantuok jartzen ditut grabazioan jasotzen den Zaindu maite duzun hori, hain zuzen ere.

Zaila da, bestalde, azken urteetan euskal rockak eman duen talde entzutetsuenaren kantu bat aukeratzea. Berri Txarrak hirukoteaz ari gara. Nafarren ibilbidean jauzi kualitatibo azpimaragarria izan zen Jaio.Musika.Hil diskoa aukeratu dugu, eta guri lana apur bat erraztearren, diskoari izena ematen dion doinua gogoraraziko dugu. Ados, zuek beste dozena bat aukeratuko zenituzkete…

Gor diskoetxeak Lekunberrikoen lan hura kaleratu zuen urte berean, 2005ean, Metak zigiluak Azkoitiko Anari kantautorearen Zebra diskoa plazaratu zuen. Egun bere ohiko banda denarekin grabatu zuen lehena da eta bere bilduman, berriz, laugarrena. Diskoa zabaltzen duen Aingura Hegodunakek bihotza urratu zigun.

Iruñeko Kerobia pop-rock taldeak, aldiz, Rose Escargot lana ekarri zuen 2006an. Nafarrek hainbat zale erdietsi zuten kutsu epikodun kantu melodikoei esker. Britainia Handiko pop taldeen arrastoari segika, Esnatu naiz doinua sartu zuten aipaturiko bigarren disko horretan. Rafa Rueda songwriterrak, halaber, Saredun eskua kaleratu zuen. Pi.L.T. metal-rock laukotean jorratzen zuen jarioa baztertu, eta folk-rock esparruan murgildu zen mungiarra. Desagertuarena azpimarratu daiteke.

Hiru urteko saltoa egin eta Ibarrangelu eta Elantxobe aldetik The Uski"s boskotearen surf doinu kresaltsuak entzuten hasi ziren. Katuek Bezala diskoan jasotzen den izenburu bereko kantaren rock-and-roll erritmoek parrandarako grina pizten dute.

Dagoeneko iritsi gara 2010 urtera. Orain arte ez da Tolosako Deabruak Teilatuetan hardcore talde melodikoaren aipamenik egin. Izan ere, euren azken lana 1998 urtekoa da, Deabruak guarda! Dena dela, 2007an laukoteak 1973 lana argitaratu zuen. Ezaguna da talde honetan Ubeda anaiek jotzen dutela, eta bikiak, era berean, Bide Ertzean bandan aritzen direla, dotore gainera. Dagoeneko zortzi lan argitaratu ditu bigarren talde honek, azkena: Don Inorrez. Honetatik, Zurekin dantzatu nahi nuke doinua borobila da. Melodikoa oso, baina danbor hots sendoekin josia, eta soka konponketekin apaindua.

Trikiak, halaber, bere tokia merezi du zerrenda honetan. Hortaz, nola ahaztu Xabi Solanok zuzenduriko Esne Beltza. Trikia oinarri izan arren, estilo fusioa jorratzen dute. Horren erakusle, Noa diskoko Eskuekin: runba, trikia, hip hop, elektronika, eta abar.

Amaitzeko, azken boladan bereziki jo duen kanta nabarmendu beharrean gaude: Zea Maysen Era disko berriko Negua joan da ta. Emozioz beteriko kantu horren klipa izugarri zabaldu da gurean, batez ere gor-mutuen hizkuntza erabilita bideoko neskatoak igortzen duen intentsitateagatik, kantua are gehiago borobilduz.

Hauxe da euskarazko musikagintzak azken hamarraldian eman duenaren lagin bat. Orain zuen txanda da. Proposatu, eman botoa!