1,5 gradutako langa gainditu dugu, baina oraindik ez gaude galduta

1,5 gradutako langa gainditu dugu, baina oraindik ez gaude galduta 2023ko uztaila sekula erregistratutako hilabeterik beroena izan zen. Eta orain zerbait eskandalagarriagoa dakigu: Europako Espazio Agentziak iragarri duenaren arabera uztaileko muturreko beroak munduko batez besteko tenperatura 1,5 gradu igo zuen. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/1-5-gradutako-langa-gainditu-dugu-baina-oraindik-ez-gaude-galdua/@@download/image/collage-concepto-cambio-climatico.jpg
2023/09/25
2023ko uztaila sekula erregistratutako hilabeterik beroena izan zen. Eta orain zerbait eskandalagarriagoa dakigu: Europako Espazio Agentziak iragarri duenaren arabera uztaileko muturreko beroak munduko batez besteko tenperatura 1,5 gradu igo zuen.
1,5 gradutako langa gainditu dugu, baina oraindik ez gaude galduta

Orduan 2015eko Pariseko akordioko helburua ez da eskuratu? Kito? Bukatu da partida? Galdu egin dugu? 

Klima aldaketaren inguruko gauza guztiak bezala, ez da horren sinplea. Muga hilabete batez gainditu da, baina horren ostean, bataz bestekoa berriz ere jaitsi egin da. 2023ko uztaila ez da hori gertatzen den lehen momentua izan, lehena izatearen ohorea 2016ko otsailari dagokio, bi egunez gainditu baitzen orduan 1,5 gradutako muga. 

2015. urtean, bazirudien klima aldaketaren borrokan zedarri bat ezarri zela. Hamarkada batez eztabaida sutsuak eduki ondoren 195 herrialdek Parisko Akordioa sinatu zuten helburu jakin batekin: berotze globala 1,5 gradutik behera mantentzea klima aldaketaren eragin kaltegarrienak ekiditeko. Baina zergatik da horren garrantzitsua 1,5 graduko muga? 

Adituen arabera, atalase honek arrisku gorena ordezkatzen du. Pariseko Akordioak zehazten duenaren arabera, klima aldaketaren ondorio arriskutsuenak ekiditeko tenperatura globalak 2 graduren oso azpitik mantendu behar dira. Horrela sortu zen 1,5 graduko muga. 

Zer da klima aldaketaren maila arriskutsua? Funtsean, berotzearen kalteak horrenbeste orokortzen dira edo horren larriak dira mehatxu horrek ekonomiak, ekosistemak eta nekazaritza atzera bueltarik gabeko arriskuan jartzen dituela. Gainera, berotze maila honek egokitzeko ditugun gaitasunen mugak gaindituko lituzke. 

Orduan, beranduegi da klima aldaketaren aurrean ekintzak burutzeko? Amore eman behar genuke? Oraindik ez. 

Egia da 1,5 gradutako muga 2023ko uztailean gainditu zela. Baina klima hilabete bateko tenperaturak baino zerbait gehiago da. Berotze globala izan ala ez, batez besteko mundu mailako tenperaturak urtero igo eta jaisten dira, modu naturalean aldatzen baitira klimak urtez urte. Azken urteak askoz ere epelagoak izan dira, baina baita esperotakoak baino askoz ere hotzagoak ere. 

Urte honetan, berotze prozesua esanguratsuki azkartu da. Estimazioen arabera, ordea, oraindik ez da muga gainditu. Kalkuluek diotenez 2030eko hamarkada hasieran gaindituko da, benetan, 1,5 gradutako atalasea. 

Datuen arabera, beraz, oraindik ez dugu Pariseko helburua hautsi, baina uztaileko errekorra behatuz, muga gainditzetik arriskutsuki hurbil gaude. Planeta geroz eta gehiago berotu ahala, uztaila bezalako hilabete gehiago biziko ditugu eta 1,5 gradutako mugara hurbiltzen joango gara. 

Baina, orduan, 1,5 gradutatik behera mantentzea lortu dezakegu? Murrizketa oso oldarkorrak beharko genituzke aukeraren bat izateko. Bestela, litekeena da hamarkada baten buruan Pariseko akordioan zehaztu zen helburua ez betetzea. Jarri gaitezen okerrenean. Hori gertatzen bada, egiten den ekintza oro alferrikakoa izango da? 

Ez noski, 1,5 gradutara batez besteko tenperatura igotzea txarra da, baina okerragoa litzateke 1,6 gradu edo 2 gradura igotzea, ezta? 3 gradu pentsaezina lizateke. Beraz, gehitzen den edo jaisten den, zenbaki oro garrantzitsua da. 1,5eko muga gainditzen badugu, zenbaki horretatik hurbilen geratzen saiatu behar dugu behintzat. 

Baina ez da dena txarra izango. 1,5 graduko muga gaindituko bagenu ere, joerari buelta emateko aukera edukiko genuke igorpenei amaiera jarriz eta berotegi efektua eragiten duten gehiegizko gasak xurgatuz. Beraz, guztia ez dago galduta, baina ea ez dugun muturreko egoerara iritsi behar iratzartzeko.