1.000 milioi dolarreko inbertsioa unibertso paralelo bat sortzeko

1.000 milioi dolarreko inbertsioa unibertso paralelo bat sortzeko Epic Games-ek egungo internetaren murruak eraitsi nahi ditu eta edonor bertan bizi litekeen unibertso paralelo bat sortu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/1-000-milioi-dolarreko-inbertsioa-egiten-duten-unibertso-paralelo-bat-sortzeko/@@download/image/invierten-1-000-millones-de-dolares-en-crear-un-universo-paralelo.jpg
2021/04/22

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Epic Games-ek egungo internetaren murruak eraitsi nahi ditu eta edonor bertan bizi litekeen unibertso paralelo bat sortu.
1.000 milioi dolarreko inbertsioa unibertso paralelo bat sortzeko

Sony buru duen inbertsore talde batek 1.000 milioi dolar inbertitu ditu mundu fisikoaren paralelo existituko den unibertso birtual bat sortzeko. Bertan mundu errealean bezala bizi ahal izatea da helburua. Ideiak bideo-joko bat dirudi, zientzia fikzioa, baina interneten hurrengo eboluzioa bilakatu liteke. 

Unibertso paralelo hau sortuko duen erakundea Epic Games izango da, Fornite bideo-jokoaren sortzaileak. Unreal Engine motor grafikoa ere sortu du enpresa honek eta egungo bideo-joko gehienen bihotza da, baita The Mandalorian bezalako telesailen ekoizpenen gakoa ere. 

Epic Games erakundearen sortzailetako bat den Tim Sweeney-ren ametsa izan da betidanik unibertso paraleloa. Marck Zuckerberg bezalako batzuk ere sortu nahi dute, horregatik ari da Facebook milioiak inbertitzen errealitate birtualean. Zuckerberg-ek ez bezala ordea, Sweeney-k ez du kontrol monolistiko bat nahi, baizik eta mundu ireki bat, zeinak internet bera ere ordezkatuko lukeen.

Unibertso paraleloaren ideia zientzia fikziozko liburu eta pelikula askoren funtsa izan da 1992an Neal Stephenson-ek bere Snow Crash liburuan txertatu zuenetik. Bertan mundu birtual bat irudikatu zuen idazleak, non gizakiek bertan euren artean elkarrekintzak eduki zitzaketen. 

Ideia eboluzionatzen joan zen eta Matrix pelikula izan zen ideia honen irudikapen distopikoenetako bat. Bideo-jokoetan ere badira mundu birtualak, World of Warcraft kasu. Joko hauek euren arau propioekin funtzionatzen dute, ekonomia propioak izateraino. Ekonomia hauek mundu errrealean balore bat izatera eta guzti iritsi dira. Mundu horiek hain dira errealak, bertan jokatzen dutenek lagunak dituzte, abenturak eta dirua irabazten dute. 

Sweeney-ren irudikapena ordea harago doa. Elkar konektatuak dauden mundu infinituak irudikatzen ditu, pertsona bakoitzeko mundu bat, mundu errealarekin batera existitzen direnak. 

Unibertso paralelo honetan beste munduetara nahi adina eta nahi denean bidaiatu ahalko da. Jolastu eta abenturak bizitzetik harago, mundu errealean milaka kilometrotara dauden pertsonekin ere harremanak eduki ahalko dira eta lan eginez dirua irabazi, errealitate fisikoan bezala. 

Honela, bertan erakundeak ere existituko dira. Adibidez, BMW erakundeak, kontxe birtualak sortu ditzake eta bere mundu birtualeko bezeroei saldu. Alta, pertsona batek bere kotxe propioa ere sortu ahalko du. 

Hau etorkizuneko ekonomiaren funtsezko oinarria izango da eta urte gutxian milioika dolar sortu ditzake. Honela, hamarkada gutxitan ekonomia fisikoa baino garrantzitsuagoa bilakatu liteke. Baina hau horrela izan dadin Sweeney-k dio unibertso paraleloak irekia izan behar duela, inork kontrolatu gabe. 

Ez gaude urruti

Sweeny-k baieztatzen du ez gaudela mundu horretatik urruti. Mundu hau sortzeko behar dugun teknologia guztia badugu oraintxe bertan. Bere ustez, behar den bakarra adituak teknologia hauetan lanean jartzea da eta horretan ari direla dirudi.