Mendeku Itxua: Indarrak batuz… aurrera

Mendeku Itxua: Indarrak batuz… aurrera https://www.gaztezulo.eus/albisteak/-mendeku-itxua-indarrak-batuz-aurrera/@@download/image/20096249480mend_1362572324.jpg
2009/07/03
elkarrizketa
 Mendeku Itxua: Indarrak batuz… aurrera
Euskal heavyaren ordezkari finenek lan berria dute kalean: "Indarrak batuz". Sekulako ekarpena da etxeko heavyarentzat. 

Bigarren diskoa argitaratu duzue berriki. Gustura emaitzarekin?
Oso gustura gaude. Gogorra izan da, baina emaitza ikusita merezi izan duela uste dugu.

Haritz Harreguyrekin aritu zarete. Nolakoa izan da elkarlana?

Laguna dugu, giro onean aritu gara eta hori diskoan nabari da, inplikazio handia izan baitu. Bere onena eskaini digu. Gainera, estudioa ere ez zen nolanahikoa: Amasako IZn hilabetez aritu gara eta aberasgarria izan da. Aupa Haritz!

Indarrak batuzek zein desberdintasun du aurreko diskoarekiko?

Helduagoa da. Abestiak melodikoagoak diren arren, indartsuak eta zuzenak izaten jarraitzen dute eta soinua ere hobea da. Diskoarekin batera, azkeneko bideoklipa eta hainbat bitxikeria dakartzan DVD bat ere kaleratu dugu.

Entzuleak zer topatuko du lan honetan?

Egurra! 12 kantu dira eta bakoitzak sentsazio ezberdinak eragin ditzake. Entzuleak abesti gogor eta azkarrak nahiz balada goxo eta sentikorrak aurkituko ditu.

Diskoa kalean dela, zein izango da hurrengo pausoa?

Helburu nagusia udan ahalik eta kontzertu gehien ematea da, gure musika eta indarra Euskal Herriko txoko guztietara eramateko gogoz baikaude. Diskoaren izenak dion moduan, gure indarrak Euskal Herriko jendearekin batu nahi genituzke. Goazen tokira goazela, ziur izan onena emango dugula. Gure zorri astinketa ez da nolanahikoa, ez horixe!

Heavy musika zein egoeratan dago Euskal Herrian?

Ez ditu garai bateko indarra eta arrakasta, baina badirudi suspertzen ari dela, garai bateko doinuei eusten dioten talde ugari ezagutzen ari gara. Eta hori pozgarria da guretzat.