Badatoz Euskarabildua jardunaldiak

Badatoz Euskarabildua jardunaldiak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/badatoz-euskarabildua-jardunaldiak/@@download/image/euskarabildua_1478601827.jpg
2016/11/08
berria
Badatoz Euskarabildua jardunaldiak

Azaroaren 10ean izango da Euskarabildua Jardunaldiaren 5. edizioa Donostiako San Telmo Museoan. Aurtengo jardunaldiaren izenburua "Komunikazio emozionala: tresna eta jokabide komunikatiboak gizartea mugiarazten" izango da.

Informazioaz inguratuak bizi garen aro honetan, gero eta garrantzia handiagoa dauka mezuaren aukeraketak, emateko moduak, kanalak… Baina informazio anabasa horretan boterearen hegemonia aldatu da, jada ez dira hedabide handiak esklusiboki agenda markatzen dutenak edo filtro lana egiten dutenak.

Testuinguru horretan hedabide handien komunikazioaz haratago, gizarte mugimendu alternatiboen mezuak inoiz baino ozenago eta indartsuago hedatzen dira, emozioetara iritsiz, masa mugimendu handiak eraginez...

Gai honen inguruan aritzeko, bertako hizlariez gain, atzerrikoak ere izango dira euren esperientziak azaltzeko. Bertako hizlarien artean izango dira Argia aldizkariko kideak (Iraitz Agirre eta Lander Arbelaitz), Mugimendu Feministako Kattalin Miner, Errigora egitasmoko Peru Aranburu eta Aitziber Gurutzeaga Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteko eta elkarte horretatik bultzatutako Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako ekimeneko kidea.

Euskarabildua jardunaldien bidez, komunikazio eraginkor horren gakoak zeintzuk diren aztertzen saiatuko dira, kanpoko eta bertako esperientziak lehen eskutik ezagutuz eta elkarren artean, beti bezala, ezagutza partekatuz.

-Informazio gehiago
: Euskarabildua webgunean.