Pornografia; kaltegarria ote?

Pornografia; kaltegarria ote? https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/04/13
erreportajea
Testua: Ander Lertxundi. Arremanitzeko Kolaboratzailea @Arremanitz
Pornografia; kaltegarria ote?
Boladaka, pornografiaren eta bere ondorio negatiboen inguruko eztabaida
pizten da. Baina pornografiak 'porno' izateagatik, hau da, soilik elkartze
erotikoak erakusteagatik, izan dezake ondorio kaltegarririk?

Pornografia inoiz baino eskuragarriago daukagu gaur egun. Gehienok, denok ez esateagatik, Internetera sarbidea dugu, eta sarean milioika argazki eta bideo pornografiko aurki daitezke, ordainpekoak zein doakoak. Gainera, kalitatezko kamera ere eskura ditugunez, sakelako telefonoetan, adibidez, eduki sortzaile ere erraz bihur gaitezke.

Esan ohi da pornografiak harreman eredu irrealak erakusten dituela. Gehienetan fikziozko irudiak erakusten dituen heinean, egia dela esan daiteke. Baina gauza bera ez al da bestelako eduki batzuekin gertatzen? James Bond-en filmetan ikusten dugunak zenbat du egiatik?

Ziurrenik, horixe da pornografiak duen arazorik garrantzitsuena: ikusleak gogoan ez izatea ikusten ari den hori fikzioa dela. Bestelako filmak ikusten ditugunean, ikuslearen eta filmaren artean idatzi gabeko kontratu bat sinatzen dugu: pantailan ikusten duguna sinesten dugu, fikzioa dela jakin arren. Baina behin filma amaituta, jakitun gara ikusitakoa ez dela errealitatea. Elkartze erotikoei dagokienez, ikusle askok praktika errealekin nahasten dituzte film pornografikoetako irudiak; are gehiago, errealitatearekin alderatzeko orduan erreferentzia bakarra norbere esperientzia pribatua denez, zaila da benetakoa zer izan daitekeen eta zer ez ezberdintzea. Fikzioa dela argiki antzemateko ideia ona izan daiteke toma faltsuak (bai, badaude) ikustea.

Pornografiari egiten zaion kritika nagusietakoa zera da, hamaika sexu praktika posible diren arren, ia beti sarketa erakustea. Hori horrela izan daiteke, oro har, gure gizarteak elkartze erotikoak sarketarekin lotzen dituelako. Hala ere, pornoak bestelako berezitasun erotikoak ikustarazteko eta zilegiztatzeko gaitasuna du.
Film pornoei gizonek gizonentzat egindakoak eta zakarrak direla ere leporatzen zaie. Zentzu horretan, filmik gehienak horrelakoak diren arren, azkenaldian ugaritzen ari dira ezaugarri xamurragoak dituzten filmak eta emakumeek emakumeentzat egindakoak.

Hezitzaile txarra
Sexu heziketarako aproposa ez izatea ere leporatzen zaio pornoari, eta guztiz ados gaude. Aldiz, kutsu negatibo horri aurre egiteko pornoa debekatzea ezin dugu irtenbide egokitzat hartu. Fantasiak antzezten dituen fikzioa da, beraz, ez dago hezkuntzarako pentsatua eta ez da hezitzaile ona, baina sexu hezkuntzan dagoen hutsune hori egokiago beteko duen zerbait sortzeak emaitza hobeak ekarriko lituzke debekuak baino. Are gehiago, horrela, pornografiak behar duen lekua hartuko luke ikusleen ulermenean, fantasiaren txokoa, hain zuzen ere.
Badirudi, beraz, pornografiak izan dezakeen alde negatibo potentziala lotuago dagoela erreferentzia urritasunarekin lantzen dituen edukiekin baino. Pornografia kaltegarria izan daiteke guk sinesgarritasuna ematen badiogu, balizko erreferente bihurtzen badugu. Aldiz, fikzioa dela kontutan hartu, fantasiaren mundurako utzi, eta gure zein besteen aniztasun erotikoa onartu eta aintzat hartuz gero, gozatzeko tresna izan daiteke.

Gogoratu:
1. Pornografia, oro har, fikzioa da.
2. Gainerako filmeetan bezala, editatuta dago.
3. Protagonistak antzezleak dira, hau da, ekintza irrealak gorpuzten dituzte.
4. Ez da errealitatearen adierazgarri, fantasia baizik.
5. Hainbat pornografia mota dago, zenbait aurkitzeko zailak diren arren.
6. Pornografia gure edo besteen fantasiaz gozatzeko eginda dago, ez sexu heziketarako.

Hitzetatik ekintzetara


Kaixomaitia.com
Harpidetza bidezko euskaraz harremantzeko webgunea da. Bilatzen duzunaren arabera hiru harpidetza aukera dituzu: soila, osoa eta berezia. Izena eman ondoren, bilatzen duzun harremanaren deskribapena idatzi eta kontua prest duzu interesatzen zaizkizun erabiltzaileak ezagutzen hasteko.

Kik Messenger
Txat aplikazioa da. Hemeretzi milioi erabiltzaile ditu eta iOS, Android, Windows Phone, OVI eta Blackberry sistema-eragileak dituzten gailuetan erabili daiteke. Hasteko sortu zure profila posta elektronikoaren bitartez, eta aukeratu pasahitza, telefono zenbakirik sartu gabe. Agendan duzun kontakturen bat interesatzen bazaizu, zerrenda konpartitu eta Kik Messenger erabiltzen dituzten kontaktuekin hitz egiten hasi zaitezke.