Markel Alberdi: "Inoiz ez dut berezko talenturik izan; lortutakoa lanaren fruitua da"

Markel Alberdi: "Inoiz ez dut berezko talenturik izan; lortutakoa lanaren fruitua da" https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/09/10
elkarrizketa
Testua: Aitor Abaroa @abaroa37. Argazkiak: Galder Izagirre
Markel Alberdi: "Inoiz ez dut berezko talenturik izan; lortutakoa lanaren fruitua da"
Umetan, jolas-orduan futboleko taldeak osatzerakoan azkena aukeratzen zuten
Markel Alberdi (1991, Eibar); txarra omen zen kirol guztietan. Igerilekuan ondo
moldatzen zen, ordea, eta gogor entrenatzeko hautua egin zuen. Egun, Espainiako errekorraren jabea da 100 metro estilo librean: 49,10 segundu. 


Ipuruako kiroldegiko atean dugu zain, irribarretsu. Oporretan atsedena hartzea zein ederra den hitz egin ostean, argazkiak ateratzeari ekin diogu. Kamera aurrean arraina uretan legez mugitzen da; bistan du modelo lanetan aritua dela.
Igerilekura argazkiak egitera sartzeko baimena aurrez eskatu du, baina bestela ere ez genuke arazo handirik izango; urte luzez bigarren etxea izan duen lekuan estimu handia diote. Kiroldegiko hainbat txokotan gurutzatu ditugun ezagunek esaldi bera errepikatu diote: "Zorionak Markel!". Denok ez dugu herrian 100 metro estilo libreko plusmarkista bat. Errekorrarekin oso pozik dago, baina baita bere lana aintzat hartu eta elkarrizketa egitera joan garelako ere. Pozik, eta oso eskertuta; ez dit inondik inora solasaldirako freskagarria eta tortila pintxoa ordaintzen ere utzi.

Nola hasi zinen igeriketan?
Edozein umek bezala, Ikastolan, hainbat kirol probatu nituen, baina taldeak egiterakoan azkena aukeratzen ninduten beti; txarra nintzen. Igerilekuan umetatik txurroekin-eta jolasten ibilia nintzen, gero pixkanaka ikastaroak egin eta entrenatzen hasteko unera iritsi nintzen, eta Eibarko Urbat igeriketa taldera batu nintzen. Hasieran, ez nuen inolako kirol helbururik, ondo pasatzea besterik ez.

Gaitasuna zenuela ikusita, entrenatzaileak kirola serioago hartzera animatuko zintuen, ezta?
Bai. Hiru egun entrenatzetik bost egun entrenatzera pasatzeko momentua iritsi zen, eta taldeko entrenatzaile Edu Lopez Retak pausoa ematera animatu ninduen. Gazte askok momentu horretan erabakitzen dute uztea. Aldiz, norberak ere ikusten duenean esfortzua fruituak ematen hasten dela, automotibazioa handitu egiten da, eta horrek entrenatzaileen bultzadarekin, jarraitzeko indarrak ematen dizkizu. Gogoan dut Gipuzkoako txapelketan aritzeko gutxieneko denbora lortzea izugarria izan zela niretzat.

Kirol gehienetan, maila batetik gora entrenatzen jarraitzeko, herritik atera behar izaten da.
Eibarren nire adineko jendearekin entrenatzen nuen, baina jendea uzten joan zen, eta azkenean bakarrik geratu nintzen. Igeriketa bakarkako kirola da gehienbat, baina erreleboak ere hor daude, eta taldeko lana ere hainbat txapelketatan kontutan hartzen da. Eibarren erreleboak egiteko aukera barik geratu nintzen urtean Bardulia taldea sortu zuten. Taldearen helburua Gipuzkoako talde txikietan zeuden igerilariei laguntzea zen; bakoitzak bere herrian entrenatzen zuen, baina talde bezala batera lehiatzen ginen. 14-15 urterekin Euskal Herriko igerilaririk onenetakoekin ikasten eta hobetzen jarraitzeko aukera eskaini zidaten. Zoritxarrez, Bardulia desagertu egin zen. Orduan, aurretik ere euren taldera batzeko eskaintza egin zidan Bidasoa XXI Igeriketa Taldera batu  nintzen; hiru urte daramatzat eurekin.

Zure ibilbidean mugarri garrantzitsuenetakoa Espainiako selekzioarekin 2013ko Bartzelonako Igeriketa Mundialetara joatea izan zen.
2012an, eta batez ere, 2013an, asko hobetu nuen. 100 metro estilo librean, adibidez, bi urte horietan bi segundotan jaitsi nuen nire marka, 51 segundo altu egitetik, 50,3 segundo egitera pasa nintzen; hori asko da. Hala ere, Espainiako igerilarien artean bigarren denborarik onena egin arren, ez nuen Mundialetara bakarka sailkatzeko gutxieneko denbora lortu. Baina hautatzaileek 4x100 metroetako erreleboan aritzeko laukotean sartu ninduten. Amets bat egia bihurtu nuen.

2014an, Berlingo Europako Txapelketan, 4x100 metro estilo libreko erreleboan, zure postuan, 59,25 segundo egin zenituen: Espainiako errekorra!
2013an Espainiako Kirol Kontseilu Gorenaren Errendimendu Altuko Zentrora joan nintzen, Blumera, eta hortxe eman nuen azken jauzia. Urte horretako Espainiako Txapelketan 59,70 segundo egin nituen, hau da, Espainiako errekorretik segundo erdira; oso urrun. Beraz, Europako Txapelketara gozatzeko asmoz joatekoa nintzen, beste helbururik barik. Baina Berlinera joan aurretik, ganoraz prestatu ez nituen pare bat txapelketatan, depilatu barik, deskantsatu barik, 59,90 segundoko denbora egin nuen. Hor konturatu nintzen Europakoa ondo prestatuz gero, errekorrera hurbildu behintzat egin nintekeela. Lehen froga izan zen 4x100 metro estilo librea, lehen postan igeri egin nuen, eta Espainiako errekorra hautsi nuen.

Garrantzitsua da lehen postan nork igeri egiten duen, errekorretarako kontutan hartzen den bakarra baita, ezta?
Bai, eta zorte handia izan zen ni aukeratu izana. Hasieran akojonatuta nengoen, lehenak erreleboa ondo bideratuta uzteko ardura duelako. Baina nire marka pertsonala hobetzeko aukera eskaini zidaten, eta, beraz, eskertuta ere banengoen. Beroketa saioan jada igartzen nuen oso forma onean nengoela; Bart Kizierowski nire egungo entrenatzaileari esaten nion topera nengoela.

Berotzen zaudela badakizu nola arituko zaren?
Bai, eta ez berotzen ari garenean soilik, aurretik, igerilekutik kanpo ere, besoak mugitzerakoan badakizu nola sentituko zaren. Eta behin uretara jauzi egin eta bi besakada ematen dituzunean, konfirmatzen diozu zeure buruari zer moduz zauden. Txapelketa hartan oso oso ondo nengoela sentitzen nuen, ordura arteko nire momenturik onenean. 4x100 metro estilo libreko erreleboetako Espainiako errekorra egin genuen, finalerako sailkatu ginen eta nik bakarkako Espainiako errekor berria ezarri nuen.

Gizonezkoetan indarrean zegoen errekorrik zaharrena zen, ezta?
Hamar urte zeramatzan inork gainditu barik, 2004tik. Nik, gazteagotan, telebistan ikusten nuenean errekorrak apurtzen zituztela liluratuta geratzen nintzen, eta nork esan behar zidan niri, urteak geroago, nik neuk apurtuko nuela bat. Distantzia horretan Espainiako historiako arinena naiz!

Uztailean Munduko Txapelketa lehiatu da Kazanen, Errusian. Hortara sailkatzeko apirilean egin zen Espainiako Udaberriko Open Txapelketa, Malagan, eta zoritxarrez, ez zinen sailkatu.
59,12 segundo eskatzen zuten Munduko Txapelketara sailkatzeko. Aurten oso ondo entrenatu dut, eta Espainiako Txapelketa hori baino lehen inoiz baino azkarrago nenbilen, oso-oso indartsu. Entrenatzaileak ere esaten zidan hegan egingo nuela, 59 segundotik jaitsiko nintzela, eta horren bila nindoan. Lehen egunean, 50 metro estilo librean nire markarik onena hiru hamarrekotan hobetu nuen; mundua jatera nindoan. Eta 100 metrokoan... ez dakit presioa edo zer izan zen, baina 59,68 segundo pasatxo egin nituen. Gaizki. Are gehiago, hurrengo egunean, 50 metro tximeletan nire markarik onena segundo erdi hobetu nuen! Topera nengoen, baina Munduko Txapelketara sailkatzeko lasterketan buruak kale egin zidan. Aukera bakarra duzunean, zeure buruari presio handia sartzen diozu. Gaizki igeri egin nuen.

Nola hartzen du kirolariak helburua lortzeko hainbeste lan egin ostean kale egitea?
Banekien ez zela nire entrenatzailearen akatsa izan, ezta nire prestakuntza fisikoarena ere; aurretiko lana inoiz baino hobeto egin genuen. Beraz, ez zen espero bezala atera eta listo.

Uztailean, aldiz, Bartzelonan egindako Espainiako Udako Open Txapelketan, 4x100 metro erreleboetan zure marka eta Espainiako errekorra berriz hobetu zenituen: 59,18 segundo.
Berlinen egindako denbora, 49,25 segundo, bizitzan behin bakarrik egin nuen; gainontzean 49,50 eta 49,60 segundo pasako denborak nituen eginda. Ondorioz, nire buruari esaten nion agian nire denbora 49,50 segundo zela, Berlinen dena ondo atera zela eta zortea izan nuela. Burua jaten ari nintzen. Espainiako Txapelketa ahalik eta ondoen egin eta oporrak hartu nahi nituen, agortuta nengoen. Gainera, igerilekuaren baldintzak txarrak ziren. Adibidez, bi motako tranpolinak daude, urarekiko paraleloan daudenak eta beherantza daudenak, bada bigarrenarekin teorian jauzian bakarrik jada 3-4 dezima hobetzen dira. 4x100 metro estilo librean lehen posta egin nuen, eta plaka ukitu nuenean taldekideek errekorra zela esan zidaten. Jendeak esaten zidan igerileku hartako baldintzetan 49,18 egin banuen, baldintza egokietan 48 segundora jaitsi nintekeela.

Eta banakakoan, 49,28 segundo egin zenituen. Zalantzak uxatuta zenituen?
Bai, aurrez izandako dudak desagertarazi nituen. Lehen, bigarren edo bosgarren geratzea berdin zitzaidan, eta arriskatu egin nuen. Madrilen nirekin entrenatzen duen Kizierowski Czerniak poloniarra nuen alboko kalean. Europako azpitxapelduna eta munduko hirugarrena izan da, eta ni baino maila bat gorago dago zalantzarik barik. Bada, lehen 50 metroetan segundo erdi atera nion, 80. metroan gorputz erdi nintzen aurretik... sekulako egiten ari nintzen! Baina halakoxea da igeriketa: azken 10-15 metroetan gorputzak gehiago ezin zuela esan zidan. Czerniakek aurreratu eta bigarrena izan nintzen, 49,28 segundoko denborarekin. Argi daukat, ordea, 85. metrora arte 48 segundotan nintzela.

Kanpotik ikusita, 50 eta 100 metroko probak esprinta dira, jauzi egin eta topera igeri egitea. Aldiz, diozu, estrategia dagoela eta hamar metrotan gauzak alda daitezkeela?
50 metroetan estrategia dago, are gehiago 100 metroetan. Jauzi egin eta eroa bezala topera bazoaz, gogo gehiegirekin hasten bazara, ez duzu ura behar bezala hartzen, besakada ez duzu teknikoki ondo egiten, eta, ondorioz, polikiago zoaz. Hasieran, ahalegindu behar zara ahalik eta besakadarik gutxien eta potentziarik handienarekin ematen, eta frogak aurrera egin ahala, frekuentzia igotzen joan behar zara, indarrak behera egiten baitu. Hasieran frekuentzia altuan bazoaz, ez duzu indarra aprobetxatuko eta ez zara amaierara ondo helduko.

Beraz, teknikak berebiziko garrantzia du.
1.500 metroko lasterketetan agian ez, baina abiadurako igeriketan teknika hil ala bizikoa da. Eta teknika hori pentsatu barik atera behar zaizu, automatizatuta izan behar duzu; besoa nola sartu pentsatzen hasten bazara gorputza gogortu egiten zaizu, eta ondorioak nabarmenak dira. Adibidez, gorputza uretan zentimetro bat gorago edo beherago eraman, egindako denboran asko igartzen da.

Madrilen zaudenetik, Blume teknifikazio zentroan, entrenatzaileen ekarpenak ere asko lagunduko zizun, ezta?
Bai, horretan igarri dut jauzi handia. Aurrez izan ditudan entrenatzaileak oso onak dira, baina teorian oinarritzen dira. Bart Kizierowski, aldiz, Olinpiar Jokoetan finalista izandakoa da estilo librean, eta horrek egin diezadakeen ekarpena izugarria da; goitik behera aldatu dit teknika, eta urte bakarrean hobetu dudana ez dut aurreko urte guztietan hobetu. Adibidez, irudipena nuen eskuarekin ez nuela ur askorik hartzen, eta hobetzeko zer egin nezakeen galdetu nionean esan zidan nire kasuan arazoa ez zegoela eskuan, mokorrean baizik. Nola sentitzen naizen esaten diodan bakoitzean berak sentsazio horiek bizi izana gogoratzen du, eta badakigu zer doan ondo edo zer txarto.

Goi mailan aritzeko beka bat duzu. Nolako bizitza daramazu?
Beka hori ez da dirutan ordaintzen. Hau da, ni Blume zentroan bizi naiz eta otorduak, medikua, fisioterapeutak, entrenatzailea zein instalazioak doan ditut. Egia esan, ez dugu beste ezer behar; kirola egiteko izan dezakegun bekarik onena da, baldintzarik onenak dira. Bestalde, baditut beste bekak batzuk, BAT Basque Team eta Kirolgirenak, eta horiek bai ematen didate dirua. Madrilen aste guztia entrenatzen pasatzen dut, ez dut biziorik, juergarik ezin dut egin... Asteburuan kanpoan afaltzen eta aitarekin erdibana erosi dudan kotxeko gasolinan gastatzen dudana da egiten dudan ia gastu guztia. Beraz, beka horiekin doan bizi naizela esan daiteke. Beste kirol batzuekin alderatuta, futbola kasu, ez du zerikusirik, baina ni pozik nago, ez dut gehiagorik behar.

Bekez gain, bestelako babesletzak ere badituzu. Nolakoak dira?
Materiala ematen didate. Wime-k kaleko arropa, Odeclas-ek entrenatzeko bainujantziak eta Vadox-ek konpetiziokoak. Azken horietako bakoitzak, adibidez,  200 euro balio ditu, eta txapelketa garrantzitsu bakoitzerako bat ematen didate. Ez didate dirutan ordaintzen, baina material hori guztia erosi behar ez izateak dirutxo bat aurreztea ahalbidetzen dit. Marka horiek niregan erakusten duten konfidantza oso eskertzekoa da.

Ikasketekin jarraitzen duzu; Ingeniaritza Mekanikoa ikasten ari zara. Nola daramazu?
Donostian hasi nituen ikasketak, eta lehen hiru urteak bertan atera nituen. Madrilera joan nintzenean bospasei ikasgai geratzen zitzaizkidan, eta irakasleekin hitz egin, nire kontura ikasi eta azterketak egiten joan naiz. Ikasgai bakarra geratzen zait. Batzuek ikasketak uzten dituzte, baina nik argi nuen igeriketaren aldeko apustua eta ikasketak uztartu nitzakeela; aurten ez bada geroago izango da, baina karrera amaituko dut.

Antzekoak diren hainbat kiroletan, atletismoan adibidez, dopaje kasu asko azaleratu dira azken urteetan. Igeriketan kasuak egon dira, baina badirudi askoz ezohikoagoa dela.
Dopajea kontrolen aurretik doa. Nik uste dut kirolariak dopatzen direla, baina kontrolak berandu heltzen dira. Igerilari batek denbora oso gutxian bere errendimendua asko hobetzen badu, nik ez dut esango dopatu denik, ez naiz inor bere lana zalantzan jartzeko, baina igerilariak ere dopatzen direla uste dut. Kasuak egon dira, eta batzuk ezkutatu ere egin dituzte... gauza zikin asko dago. Hala ere, nik ezin dut pentsatu orduak eta orduak entrenatzen ibili eta gero dopatuta dagoen jendearen aurka ari naizela konpetitzen, motibaziorako ez da ona. Bakoitzak egin dezala nahi duena, edo uzten diotena; nik nirea egin behar dut. Hori bai, niri inoiz ez dit inork dopatzeko esan, are gehiago, BAT Basque Team-eko arduradunek argi uzten digute nahi duguna egiteko, salbuespen batekin: dopatzea.

Zenbat kontrol froga pasatzen dituzu zuk?
Nik hiruhilabeteko bakoitzaren hasieran adierazi behar diet dopajearen kontrako arduradunei non egingo dudan egunero lo, eta edozein egunetan agertu daitezke. Adibidez, lo nagoela gelara deitzen didate esateko teknikariak etorri direla eta nortasun agiriarekin jaisteko kontrola pasatzera. Urtean bost bat egiten dizkidate niri. Goi mailan dabiltzanei gehiago.

Eta dopaje teknologikoa? 2008an Speedok atera zuen LZR Racer bainujantziarekin Pekingo Olinpiar Jokoetan munduko errekorrak aise gainditu ziren.
Oso injustua izan zen. Poliuretanozko plakak zituen LZRak, eta ostean Jaked etxeak guztia poliuretanozkoa zen bainojantzia ere atera zuen. Nik biak probatu nituen. Adibidez, Espainiako Junior txapelketan bainujantzi normalarekin seigarren egin nuen, eta 450 euro ordaindu nituen Jaked-arekin, hurrengo txapelketan, bigarren. Teknikaren bidez lortzen du igerilariak urazalean mantentzea, eta bainujantziak lan hori kentzen badio, teknikarik izan ez arren indar gehien duena izango da arinena. Nik ezagutu dut jendea junior mailan bainujantzi horiekin Espainiako selekziora eraman dutena, eta debekatu zituztenean lehiaketetatik desagertu zirenak.

2010eko urtarrilaren 1ean debekatu zituen FINAk, baina ordura arte lortutako errekorrek indarrean jarraitzen dute.
Errekor horiek lortu zirenean legez lortu ziren, beraz, ezin dira atzera bota. Baina abantaila hori kenduta, nola gainditu errekor horiek? Gainera ez da soilik material kontua, bainujantzi haiek gorputz osokoak baitziren, eta orain derrigorrez telazkoak izatetik aparte, mutilen kasuan, adibidez, gerritik belaunerainokoak baino ezin daitezke izan. Diferentzia itzela da. Nik nahiago dut abantaila hori barik lehiatzen bagara. Gainera, errekor haietako batzuk ohiko bainujantziekin gerora ere gainditu dira.

Kuriosoa iruditzen zait igeriketa Olinpiar Jokoetan, atletismoarekin batera, kirolik jarraituena izatea, eta, aldiz, Jokoak amaitutakoan, Euskal Herrian behintzat, komunikabideetatik desagertzea.
Olinpiar Jokoetatik aparte, ez gara inon agertzen. Nire ama kontu horrek asko haserretzen du; Cuatro telebista katera idatzi izan du kirol albistegiekin egiten dutena lotsagarria dela salatzeko. ETBk ere, adibidez, Zu Kirolari saiorako egin zidan erreportaje bat, baina ohiko programazioan zein albistegietan ez dute inoiz igeriketarik ateratzen. Telebista da txarrena. Irratietan, adibidez, Euskadi Irratia edota Onda Vascatik deitzen didate nohizbehinka, eta, egunkarietan, Diario Vascon ere atera izan naute. Baina horietan ere Munduko Txapelketa batera zoazenean agertzen zara; igeriketan Euskadiko txapelduna nor den inork ez daki. Eibar futbol taldea Bigarren B Mailan zegoenean ere behin eta berriz agertzen zen komunikabideetan, eta ni Munduko Txapelketara joan behar naiz? Nire amak dioen legez, nola da posible ETBko kirol labistegian, esaldi bakarrean bada ere, ez aipatu izana Espainiako errekorra lortu nuela?

Komunikabideetan ziur agertuko zarela 2016ko Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetara bazoaz.

Nire buruari erakutsi diot Rion egoteko gai naizela. Nire markarik onena, baldintza txarretan, 49,18 segundokoa da, eta Riorako gutxieneko denbora 48,90 segundo pasatxoan egongo da. Lortuz gero, niretzako bereziki izango da lorpen handia, izan ere, inoiz ez dut berezko talenturik izan; lortutakoa lanaren fruitua da.



Markelen kuttunak


Musika talde bat: Gatibu.
Liburu bat: The Monk Who Sold His Ferrari (Robin Sharma, 1997).
Film bat: Inception (Christopher Nolan, 2010).
Igerilari bat: Alexander Popov.
Igerileku bat: 2014ko Berlingo Europako Txapelketakoa (Velodrom eraikinean
jarri zuten txapelketa egiteko).
Froga bat: 100 metro estilo librea.
Kolorea: Urdina.
Miresten duzu... norbere helburuak betetzeko benetan lan egiten duena.
Zoriontsu zara... gertukoekin barre egiteko aukera dudanean.
Amets bat: 2016ko Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan lehiatzea.