Lara Izagirre: "New Yorken bi urte eta erdian ikasitako guztia zalantzan jarri zidaten Kuban"

Lara Izagirre: "New Yorken bi urte eta erdian ikasitako guztia zalantzan jarri zidaten Kuban" https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/03/11
elkarrizketa
Testua: Aitor Abaroa @abaroa37. Argazkiak: Galder Izagirre
Lara Izagirre: "New Yorken bi urte eta erdian ikasitako guztia zalantzan jarri zidaten Kuban"
New Yorken eta Kuban zinema ikasketak egin ostean, etxera bueltatu eta Gariza
Produkzioak ekoiztetxea sortu zuen Lara Izagirrek (Zornotza, 1985). Hainbat film labur egin ditu, eta egunotan ‘Un otoño sin Berlín’ lehen film luzea amaitzen ari da.


Gariza Produkzioak ekoiztetxearen zentro neuralgikoa Larrabetzuko Legina auzoan dagoen arren, ‘Un otoño sin Berlín’ filma montatzen Madril aldean dabil Lara Izagirre. Hala, medikuarekin hitzordua duela-eta etxera hurbildu den batean harrapatu dugu. 

EHUn ikus-entzunezkoetan lizentziatu ostean New Yorkera joan zinen, baina argi izan gabe zinema ikasi nahi zenuela, ezta?
Leioan ikasten ari nintzela irratia, telebista eta zinema hirurak nituen gustuko, eta ez nekien nondik joko nuen. Karrerako hirugarren urtean Erromara joan nintzen Erasmus beka bati esker, eta hango unibertsitatean Robert Altmani, David Lynchi edo film bakar bati buruzko ikasgaiak genituen; zinemaz asko ikasi nuen eta ikusi nuen bereziki gustatzen zitzaidala. Etxera bueltan, laugarren maila egin bitartean, gidoigintzako ikastaro bat egin nuen, eta Arkaitz Basterrarekin film bat Zornotzan. Behin karrera amaituta, Erroman ezagututako lagun bat bisitatzera joan nintzen Miamira, handik New Yorkera igo eta zinema eskola ikustera joan nintzen. Zoragarria iruditu zitzaidan, eta etxera bueltan, familian komentatu nuen eskola hartan ikasi nahi nuela.

AEBetan ikusi ahal izan zenuen zer den benetako zinema industria bat.
Bai, New Yorkeko eskolan izan nituen irakasle gehienak bertako industrian lan egindakoak ziren, akzio filmetan asko, eta bakoitzak berak bizitakotik irakasten zigun. Gero lanean hasi nintzen, eta, adibidez, Disneyren film erraldoi batean lan egin nuen, Nicholas Cage protagonista zuen The Sorcerer’s Apprentice filmean. Proiektu horretan 400 edo 500 pertsonak egingo zuten lan, 35mm-ko bost kamerarekin errodatu zen, eta ni bigarren unitatean nengoen. Nik ez nuen gidoia irakurri ere egin, eta han lanean zegoen inori ez zitzaion filma interesatzen, esango nuke, Jon Turteltaub zuzendariari berari ere ezetz. Zinea egiteko modu hura ez zen nik egin nahi nuena.

Film txikietan lan egiteko aukera ere izan zenuen baina.
Pare bat film txikitan lan egin nuen, ekoizpen eta kamera departamentuetan, eta gero ekoiztetxe txiki batean hasi nintzen, eta horixe gustatu zitzaidan. Jean-Stéphane Sauviare zuzendari frantziarraren Johnny Mad Dog filmean lan egin nuen, Afrikan soldadu izatera derrigortzen dituzten umeen inguruko film oso ona zen. Horrelako ekoiztetxeak oso kreatiboak dira eta gidoia ondo lantzen dute. Bi urte eta erdi egin nituen ikasten eta lanean New Yorken, eta gehienbat telefonoa erantzun eta fotokopiak egiteaz arduratzen nintzen arren, diru-laguntzak aurkitzea, aktoreen kastinak egitea eta bestelako lanak nolakoak ziren ere bizi izan nuen.

Etxera bueltatu aurretik, baina, Kubara joan zinen.
Kubako zinema eskolan sei asteko ikastaroa egin nuen, eta New Yorken bi urte eta erdian ikasitako guztia zalantzan jarri zidaten! Elkarlanean eta dirurik gabe filmak egin daitezkeela irakatsi zidaten; halaxe egiten dituzte, eta film onak dira. Ibilbide osoaren amaieran argi geratu zaidana da ez dagoela zinea egiteko metodo bakar bat, bakoitzak berak nahi duen modua asmatzen duela baizik.

Etxera bueltan, Gariza Produkzioak sortu eta ‘Kea’, ‘Sormenaren bide ezkutuak’ eta ‘Next Stop: Greenland’ film laburrak egin zenituen, beste batzuen artean. Esango nuke gizarteak, oro har, uste duela film laburrak ikasteko direla eta zuzendari baten azken helburua luzea egitea dela. Zer uste duzu?
Ez dakit zer erantzun. Labur on bat egitea oso zaila da, baina jendeak ez ditu baloratzen. Badaude film laburrak ikasteko egiten direnak, eta horiei nabari zaie horretarako direla. Baina labur profesionalak ere hor daude, Euskal Herrian zein mundu zabalean lan bikainak egiten dira, eta pena da ez ditugula ikusten. Film luzeak istorio luzeagoa kontatzeko balio du, besterik ez, ez dut uste laburrak ondo egiten ikasi ostean egingo duzunik luze on bat. Unibertso paraleloak dira. Eleberria ala ipuna? Ipuinek gutxiago balio dute? Ipuinak idatziz ikasten da eleberriak idazten? Ez dut uste.

Gurean oso zaila da laburrak ikustea, jaialdietan ez bada.
Hala da, eta hori zinemagilearentzako oso gogorra da, oso lan ona egin arren, hortik bizitzea ezinezkoa zaiolako. Egongo dira zinemagileak laburrak egitetik bizi nahiko luketenak, baina ziurrenik beste mota batzuetako lanak ere egin behar izaten dituzte. Frustrantea izan daiteke. Eta jaialdiak ere beste mundu bat dira; labur oso ona izan dezakezu, baina jaialdi gehienen parametroetan sartzen ez bada, badirudi ez dela lan ona. Erlatibizatzen jakin behar da, baina egia da bidean lan on asko galtzen ari garela.

Esango nuke, ikusleok, oro har, film bat gustuko edo ez izatetik haratago, ez dugula filmen maila edo kalitatea neurtzeko baliabide edo tresnarik.
Nik ere nire kabuz ikasi dut filmak baloratzen. Beste leku batzuetan tradizioa dute eta ikasten dute, baina guri ez digute irakasten. Arazoa hezkuntzan dago, eskolatik unibertsitatera arte. Gure unibertsitateetan ikus-entzunezkoen ikasketak oso gaizki antolatuta daude; ikus-entzunezkoak ikastera doanak ez du kazetaria izan nahi! Hainbeste gauza polit ikas daitezke, komunikatzeko hainbeste modu daude; antzerkia, musika... eta karrera amaitutakoan ez duzu horietako ezer landu. Eta Euskal Herrian ikasgai horiek ondo emango lituzketen profesionalak baditugu. Alderdi artistikoa gehiago landu beharko litzateke.

Eta guztiok film beretsuak ikusten ditugu.
Txikitatik irakasten ez badigute, bizitzak erakutsiko digu; noski, orduan sistemak nahi duen eredu bakarra gailenduko da. Irudi horiek bakarrik asimilatzen ikasten dugu, eta uste dugu errealitatea hori baino ez dela; iragarki, telebista saio, kartel eta Hollywoodeko filmeen bitartez jasotzen dugun errealitatea da ikusten dugun bakarra, eta bestelako filmeak ez dira existitzen. Egoera horretan, bakoitzak dituen joera eta beharrak asetzeko sistematik kanpo dauden bideak aurkitu behar ditu.

Zinema ez al da errazegi kritikatzen?
Dena dago lotuta. Ez baldin badakizu film baten atzean zein lan dagoen, ez baduzu film askorik ikusi eta iritzi propioa izateko gaitasunik ez baduzu, modu naturalean ateratzen da filmak super guay edo mierda bat direla esatea. Aldiz, iritzi kritikoa landu duzunean oso zaila da film bat kaka bat dela esatea, jakinda atzean zenbat jenderen lana dagoen. Filmean ikusitakoak zure bizitzarekin zerikusirik ez duelako edo zuri barre egitea gustatu eta negarra eragin dizulako jende horren guztiaren lana gutxiestea ez da zilegi.

Agian, jendeak jakingo balu film baten atzean zenbat lan dagoen, gauzak ezberdinak lirateke.
Film bat egitea sekulako taldelana da. Gu orain amaitzen ari gara Un otoño sin Berlín, eta badakizu zer izan den filma egitearen gauzarik politena? Zornotzan errodatzea, herrikideek bertatik bertara ikusi dutelako film bat nola egiten den; jende asko hurbildu zait esatera orain beste modu batera ikusten dutela zinema. Jendeak uste du alfonbra gorria eta ingurukoak direla zinema, eta guztiz kontrakoa da.

Errodaje batean egon denak badaki ohikoa baino lan ordu gehiago egiten direla.
Zineman lanean gabiltzanok bestelako lanpostuetan baino ordu gehiago lan egiten dugu, baina asko gustatzen zaigu egiten dugun lana, eta hori ez da oso ohikoa, adibidez, ez da lantegietan lan egiten duten askoren kasua. Zineman lan egiten dugunontzako oso garrantzitsua da egiten duguna, familiarengandik bizpahiru hilabetez banatu eta egunean hamabi orduz lan egiteko prest gaude. Zornotzan, orain, jendea horren kontziente da. Bestetik, jendeari pribilegio bat iruditzen zaio filmean parte hartu izana, oso zoriontsu egin ditu. Herriko 500 bat lagunek hartu dute parte extra bezala, eta gehiago ere aurkeztu ziren. Kaletik jendeak geratzen nau eta galdetu noiz estreinatuko dugun. Zure lanak jendea zoriontsu egiten duenean... ez da lan txarra.

Nolako lantaldea izan duzue ‘Un otoño sin Berlín’ filmean?
Film txikia da, eta hala ere, soilik errodajean 50 bat lagun aritu gara lanean. Postprodukzioan lau lagun gabiltza, eta kolorea, soinua eta bestelakoak lantzera oraindik beste hamar bat lagun gehituko dira.

Hitz egin dezagun filmari buruz. Bi urte kanpoan egon ostean etxera bueltatzen den neskaren istorioa kontatzen du...
Hasieran, disimulatzeko, lau urte zirela jarri nuen... kar, kar, kar. Gidoia idaztea oso prozesu berezia da, eta koadro bat pintatzeak edota plater bat sukaldatzeak bezala, idazteak zertarako balio duen erakutsi dit: komunikatzeko. Filmean ez dago ia ekintza bakar bat ere nik bizitakorik, eta gidoia idatzi nuenean uste nuen bi pertsonaren arteko istorioa kontatzen ari nintzela. Kontua da, aktoreek pertsonaia lantzeko asko galdetu didatela, eta elkarrizketa horietan konturatu nintzen filmak zerikusi handia duela nirekin edo nik mundua ikusteko dudan moduarekin.

Idatzi ostean harritu zaitu orduan gidoiak?
Bai, eta polita izan da. Errodatu aurreko astean, azken entseguetan, eszena batean bloketatu egin ginen, eta asko beldurtu nintzen, gidoi hori zergatik idatzi nuen konturatu bainintzen. Hiru hilabetez entseatzen aritu ostean, momentu horretan bakarrik izan nintzen gai aktoreei protagonistek zer esan nahi zuten azaltzeko. Eszena hori filmeko amaierakoa zen, errodatu ere amaieran egin genuen, eta Irene Escolar protagonistari esan nion uste nuela idatzita genuena ez zela filmak behar zuena. Amaiera berriz idatzi eta errodatu genuen, eta orain argi daukat prozesuaren bukaeran agertutako amaiera hori dela filmak behar zuena. Filmaren prozesuak ni azken urteetan nola aldatu naizen erakutsi dit, eta hori polita da. Baina ez da film autobiografikoa!

Suposatzen dut Zinemaldian estreinatu nahiko zenukeela.
Bai, horretarako lanean ari gara. Uda hasieran ikusiko du aukeraketa batzordeak; gustatzen bazaie ondo, eta bestela, aurrera egingo dugu. Baina beno, ni Zinemaldira ikusle modura joan naiz, bertan lan egin dut, film laburra ere aurkeztu nuen... iruditzen zait Euskal Herrian egindako mota honetako film batentzat lekutxoren bat izango dutela.

Zinemaldiak izan behar luke horretarako ere, bertako ekoizpenei bultzada emateko.
Bai, hemengoa babesteko balio behar du, baina ez dut uste hemen egindako guztia programatu behar denik Zinemaldian, hemengoa delako soilik. Mundu osoan ospe handiko zinemaldia da, eta hori zaindu behar da. Baina badut esperantza gure lanak lekua izango duela.

Publikoari dagokionez, esaten da publikoak beti uste duela kanpokoa etxekoa baino hobea dela.
Hemengo artista batzuek esan izan didate hori, behin kanpoan saritua eta errekonozitua izan ostean hartzen zaituztela hemen ere kontutan. Ez dakit. Next Stop: Greenland Errusian, Italian edota Frantzian saritua izan zen, eta hemen, Bilbon estreinatu genuen, eta eskerrak, baina ez du batere oihartzunik izan. Pena da, baina beno, lan bakoitza nolakoa den ahalik eta objektibotasunik handienarekin epaitu behar duzu. Hori bai, Un otoño sin Berlín ez da publiko zabalarentzako film bat, nahiko ukitu independentea du.

Estetikoki ere ohituta gauden horretatik aldentzen da.
Apur bat bai. Ideia bat nuen buruan, Gaizka Burgeaud argazki zuzendariari proposatu nion, eta egoki ikusi zuen, baita ideia hori lantzeko hainbat proposamen egin ere. Berezia izango da. Orain montatzen ikusitakoan pelikula polita iruditzen zait, polita hitzaren zentzurik normalenean; ez da film ikusgarria, naturala eta polita da. Eta gertakariak ere ez dira potenteak, baina bizitzako gauza txikien edertasuna dute. Agian erotu samar nago eta gauza horiek nik bakarrik ikusten ditut...

Gaztelaniaz errodatu duzue, baina euskaraz errodatzeko aukera ere mahai gainean egon zen.
Gidoia gaztelaniaz idatzi nuen, eta gero euskarara itzuli. Baina ezagutzen ditudan aktore euskaldunen artean protagonistak zein izan zitezkeen pentsatzen aritu nintzen, eta ez nuen argi ikusten. Orduan Espainiako aktoreetara jotzea erabaki nuen, Irene Escolar eta Tamar Novas aurkitu nituen, eta gaztelaniaz egitea erabaki. Pena ematen dit euskaraz egin ez izanak, baina orain argi ikusten dut: euskaraz egin nahi izanez gero, hobe da lehenengo aktoreengan pentsatu, eta pertsonaiak eurentzako idatzi. Jendeak esango du ez dela horrela, hemen ere badirela aktore bikainak, eta arrazoi izango dute, baina nik proiektu honetarako aktore horiek behar nituen. Hala ere, ea hurrengoa euskaraz egiten dudan. Beno, lehenengo, ea hurrengoa egiten dudan!

Bigarrena egiteko lehenengoa derrigorrezkoa da, eta hori laster aurkeztuko diguzu.
Hara, lehen esan dizut ez nuela argi, baina gogoratu dut lehen aldiz filmak egin nahi nituela esan nuen eguna: Sofia Coppolaren Lost in Translation (2003) filma ikustetik ateratakoan izan zen. Orduan esandakoa egia bihurtzear dago. Esan ohi da zerbait benetan nahi duzunean lor dezakezula; lan asko egin behar da, gauza asko utzi behar dituzu alde batera, baina bai, ametsak egia bihur daiteke.

Lararen kuttunak


FILME BAT: Fish Tank (Andrea Arnold, 2009).
ZUZENDARI BAT: Chantal Akerman.
AKTORE BAT: Lauren Bacall.
GENERO BAT: Drama edo komedia, egunaren arabera.
LIBURU BAT: José Saramagoren edozein.
MUSIKA TALDE BAT: Bon Iver.
LEKU BAT: Zornotza.
KOLOREA: Berdea.
MIRESTEN DITUT... aitite eta amama.
AMETS BAT: Emakume eta gizonen arteko berdintasuna.
ZORIONTSU ZARA... ia beti.