Joseba Irazoki: «Euskal musikan klase ertaina galtzen ari dela erranen nuke»

Joseba Irazoki: «Euskal musikan klase ertaina galtzen ari dela erranen nuke» https://www.gaztezulo.eus/albisteak/joseba-irazoki-euskal-musikan-klase-ertaina-galtzen-ari-dela-erranen-nuke/@@download/image/irazoki_mg_1673_1418119277.jpg
2014/12/10
elkarrizketa
Testua: Saioa Baleztena @SaioB
Joseba Irazoki: «Euskal musikan klase ertaina galtzen ari dela erranen nuke»
Bederatzi urte zituenean hasi zen Joseba Irazoki (Bera, 1974) gitarra klasikoa jotzen, eta hamasei bete zituenean erosi zuen lehen gitarra elektrikoa. Erizaintza
ikasketak hasi zituen arren aurki konturatu zen musikak izan behar zuela bere ogibidea, eta orduz geroztik ez da gelditu.


Udaberrian elkartu zituen Irazokik, Felix Buff (Willis Drummond), Iban Urizar (Andrakan), Igor Telletxea (Xabier Montoia, Eñaut Elorrieta...), Jaime Nieto (We Are Standard) eta Ager Insunza (Audience), eskuartean zuen Joseba eta lagunak bildumari forma ematen hasteko. Apiriletik irailera bitarte egin zituzten grabazioak eta nahasketak. Orain, Nacho Vegasen biran murgilduta eta Duncan Dhurena amaitzear duenean, argitaratu berri duen diskoaren aurkezpen bira prestatzen ari da.

Ttikitatik izan duzu musikarekin harreman berezia, baina nola hasi zinen?
Bederatzi urte nituenean hasi nintzen gitarra klasikoa ikasten, baina hamasei urterekin, lehendabiziko gitarra elektrikoa erosi nuenean hasi nintzen musikaz gozatzen. Berako gazte gehiagorekin batera hasi nintzen Batizek, Tapia eta Leturia eta Fitoren gitarristak herrian ematen zituen klaseetara joaten, eta ZUP izeneko lehendabiziko taldea sortu genuen gero.

Erizaintza ikastea erabaki zenuen gero.

Ganora gehiegirik gabe hasi nintzen erizaintza ikasten, baina gurasoei erran nien nik musikaria izan nahi nuela, eta ikasketak bertan behera utziko nituela. Londresera joan nintzen orduan musika ikastera.

Handik itzulitakoan Maixa eta Ixiarrekin hasi zinen, gitarra klaseak ematen zenituen bitartean.
Maixa eta Ixiarrekin udan jotzen genuen gehien bat, eta neguan aprobetxatzen nuen klaseak emateko. Zazpi urtez aritu nintzen horrela. Hasieran etxetik, eta gero musika eskolan. 

Irakasle lana kontzertuena bezainbertze maite zenuen?

Ez dut irakasle senik, eta ez dut nire burua horretan ikusten. Arrazoi ekonomikoak tarteko hasi nintzen, eta egia da hasieran nahiko gustura ibili nintzela, baina erreta bukatu nuen.

Gitarra klaseak emateari utzi eta zuzenekoen aldeko apostua egin zenuen orduan. Talde guztien artean zein izan da bereziena?

Xabier Montoiaren garaia bereziki garrantzitsua izan zen. Londrestik itzuli nintzenean gauza klasikoak jotzen nituen, eta zaraten mundua eta gitarra bertze modu batera jotzeko bideak ezagutu nituen Montoiari esker.

Aurrerago, Athom Rumbarekin jotzeko aukera izan zenuen.

Bai, 2009 amaieran. Ordura arte folk eta pop doinuak jorratzen nituen gehienbat, eta Atom Rhumba izen handiko taldea zenez, bira handiak egiteko ateak zabaldu zizkidan. Musikalki, bertzalde, 36 urte nituenez, ez nekien musika kañeroa egiteko gai izango nintzen, eta halako talde batean sartuta ikusi nuen indarra mantentzen nuela... Kar, kar, kar.

Iruditzen zait Athom Rumbaren indarra hartu zuela orduan bakarkako proiektuak ere. Zertan da taldea orain?
Nahiko geldirik dagoen arren kanta berriak prestatzen ari gara. Udaz geroztik ez gara elkartu, bakoitza mila gauzatan dabilelako; martxa hartzea zaila da. Hala ere, udaberrian demo bat egin genuen, eta kanta berriak argitaratzeko helburua dugu.
Musikari guttik ez bezala, estilo aniztasunetik bidaiatzen ausartzen zara.
Zenbaitetan nik ere zalantzak izan ditut, estilo gehiegi jorratzen ditudalako. Baina, denborarekin konturatu naiz hori dela nire izaera, eta horregatik, aurrerantzean ere berdin jarraituko dut.

Entzuten dituzun artista guztien artean, Marc Riboti estimu berezia diozu. Zer du berak zu hainbertze harrapatzeko?
Aurkikuntza itzela izan zen, ertzetara bidaiatuz jotzen ditu rocka eta bluesa, modu berezian. Betiko bluesmanen eta gitarristen klixeetatik ihes egiten du, eta horregatik, musikari berezia iruditu izan zait beti. Berak lortu zuen urtetan gitarrari aitortu ohi zitzaizkion ezaugarri eta ohiturei buelta ematea, eta horrek anitz erakartzen dit.

‘Joseba eta lagunak’ diskoa kaleratu berri duzu orain. Entzun ez duenak zer aurkituko du bertan?
Talde soinua, kantak nik egin ditudan arren. Kanten konposizioa talde formaturako sortu nuen, bertsoak eta errepikapenak zituzten kantak baztertu ditut, riff eta melodia bana zuten kantuak sortuta. Kanta luze eta atmosferikoek osatzen dute bilduma.

Betidanik, zure ahotsarekin zalantzak izan dituzu, baina oraindik gertatzen zaizu?
Johannes Buff ekoizlearekin lan handia egin dut beldur horiek kentzeko, eta nahiko gustura gelditu naiz. Hala ere, gitarra baino guttiago landu dut ahotsa beti, eta hori nabaritzen da. 

Letrei dagokionez, herriko lagunek idazten dizkizute normalean. Azken honetan ere, horrela izan da?
Bai, Beñardo Goietxe, Dani Irazoki eta Mikel Tabernak idatzi dituzte. Berako euskalkia erabiltzen dute, eta niretzat hagitz erosoa da. Berezitasun gisa, Pello Lizarralde idazleak ere parte hartu du oraingoan, eta plazera izan da niretzat sortu duen poema musikatzea.

Zein da euren letrak zure musikarekin uztartzeko erabiltzen duzun lan dinamika?
Orain arte, eurek idatzitako hitzak nire musikan sartu izan ditut, baina oraingoan denetarik egin dut. Beñardo eta Danieli nik sortutako musika pasa nien eta eurek idatzi dituzte, horren gainean, hitzak. Mikelek eta Pellok, aldiz, alderantziz.

Euskal Herrian azken urteetan sortu diren eta gustuko dituzun taldeetako musikariak aukeratu dituzu bidelagun. Emaitzarekin pozik zaude?
Hainbat taldetako sei musikarirekin lan egitea ez da erraza, denen agendak bateratzea zaila izaten baita. Hala ere, emaitzak merezi izan du, eta orain arte argitaratu diren kritika guztiak onak direnez, hagitz kontent nago!

Nolakoa izan zen grabazio prozesua?
Kantak prest nituen eta apirilean grabatu genituen oinarriak, ekainean gitarrak eta bibolinak, uztailean haizeak eta ahotsak, eta abuztuan eta irailean egin genituen nahasketak.

Urtarrilean hasiko zarete diskoa aurkezten, Zein izango da bira?
Asmoa diskoan parte hartu dugun musikari guztiak biran biltzea da, eta horretarako bira laburra egingo dugu, formatu berezian. Diskoaren funtsa mantendu nahi dugu kontzertuetan.

Amaitzen joateko, zein iritzi duzu euskal musikaren zirkuituaren inguruan?

Euskal musikan, klase ertaina galtzen ari dela erranen nuke. Alde batetik, ostatuetako eta gaztetxeetako kontzertuak indarturik daude, eta horri esker bizirik diraute hainbat eta hainbat artistak. Jaialdi handiek ere krisiari aurre egin diete, baina horietan jotzeko izen handiko taldeek bakarrik dute aukera. Azkenik, erdi mailan zeuden taldeentza, aretoetan, 200 edo 300 lagunentzat egiten ziren kontzertuak desagertu ziren aspaldi, eta afera, horiek berreskuratzeak beharko luke izan.

Aurrera begira, zein proiektu dituzu eskuartean?

Nacho Vegasen biran murgilduta nago, eta Duncan Dhurena bukatzear dago orain. Neguan, Athom Rumbaren diskoa prestatzea espero dut, eta urtarriletik aurera Joseba eta lagunak diskoaren aurkezpen birarekin hasiko gara.