Jaietan edo parrandan entzuten dugun musika: 2006 vs. 2026

Jaietan edo parrandan entzuten dugun musika: 2006 vs. 2026 Hogei urtetan aldaketak izan dira gure kantuen zerrendetan, eta 2006an edota 2026an entzun izan diren kantuak zein diren aztertuko dugu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jaietan-edo-parrandan-entzuten-dugun-musika-2006-vs-2026/@@download/image/pexels-a-darmel-7715626.jpg
2026/06/26

Testua: Maitane Legarreta

Hogei urtetan aldaketak izan dira gure kantuen zerrendetan, eta 2006an edota 2026an entzun izan diren kantuak zein diren aztertuko dugu.
Jaietan edo parrandan entzuten dugun musika: 2006 vs. 2026

Hogei urteko tartean gauza asko aldatu dira gizartean, eta teknologiaren bilakaera nabarmena izan da. Horrekin batera, musika sorkuntza ere ugaritu da eta artista asko agertu dira euskal musikagintzaren panoraman. Hori dela eta, orain parrandara ateratzen garenean,  duela hogei urte entzuten ez ziren kantuak entzuten dira tabernetan, txosnetan eta DJen playlist-etan. Era berean, lehen entzuten ziren batzuek hor dairaute oraindik ere.

Zer aldatu den ikusi nahian, duela hogei urte jartzen zituzten zenbait kantu ekarri ditugu hona. Eta orain ipintzen dituzten beste zenbait ere aipatuko ditugu, alderaketa egin nahian. Prest?

2006ko kantuak
90eko hamarkadan eta 2000ko hasiera aldean arrakasta handia izan zuen triki-popak, eta talde askoren kantuak entzuten genituen parrandan. Horietako batzuk gaur egun ere jartzen dituzte. Nork ez du kantatu Alaitz eta Maiderren Txanpon baten truke edota Maixa ta Ixiarren Bexamela ta pastela. Orain berriz bueltan den Etzakit taldearen Zergatik ez? entzutea ere ohikoa izaten zen garai hartan. Gozategiren Nor-nori-nork eta Nirekin kantuak ere ezin falta.

Rock eta punk musika eta aldarri politikoak egiten zituzten makina bat talde ere izaten ziren playlist-ean. Honako hauek izaten ziren, besteak beste: Negu Gorriak, Barricada, Kortatu, La Polla Records, Eskorbuto, R.I.P., Cicatriz... Kortatu taldearen Sarri, Sarri abestia, esaterako, gure herrian gehien entzun dugunetako bat izango da ziur asko.

Latzen taldearen Laztana kantua edota Berri Txarrak taldearen Ikusi arte ere ez zen falta izaten gaueko ordu jakinetik aurrera. Gatibu taldearen Musturren sartunde abestia nazkatu arte jartzen zuten hainbat tokitan. Eta nola ahaztu mundu guztia onerako aztoratzen zuen Kuraia taldearen Egunsentian

 

Dantzarako gustagarria izaten zen Juan Luis Guerraren La Bilirrubina, Bilboko Kafe Antzokian behin baino gehiagotan jartzen zutena. Bob Dylanen Like a Rolling Stone ere izaten zen han, eta ohitura izan da gaualdia Benito Lertxundiren Zenbat gera abestiarekin amaitzea. 

 

Eta kantu zerrendako doinu mitikoen artean izaten ziren, adibidez, Ken Zazpi taldearen Ilargia eta Zea Maysen Elektrizitatea kantua. 2024an, kantuaren 25. urteurrenaren aitzakian, Euskal Herriko hainbat emakume musikarekin batera grabatu zuten abestia. 

 


2026ko abestiak
Gaur egunera etorrita, musika elektronikoak edo ukitu elektronikok dituenak ari dira ugaritzen. Malakiasen kantuak eta remixak izaten dira ezinbestekoak, esaterako Tabernako argiak edota garai bateko Lor taldearen Zure doinua-ren bertsioa. Aimarz ere ez da falta izaten, adibidez udaraurdinbat kantuarekin, edota EuskoPrincess-en Euskañol.

 

 

Merina Gris eta Hoferen hainbat kantu ere entzuten dira, eta Süneren Txitxarro, nola ez.

 

 

Mirua taldea ere hortxe egoten da, eta, noski, ezin ahaztu Chill Mafia. Haien kantu ezagunetako bat da haien bizilekuko posta kodea izenburu duen 31014. 

 

Eta bestelako musika generoetara jota, Kaparrak taldeak ere izaten du tartea. Esate baterako Bollikau edo Gaupasa kantuek. Bestalde, garai bateko abestiak ere entzuten dira, lehen aipatutako Alaitz eta Maider, Gozategi edota Hemendik At. 

 

Ingelesezko musikari dagokionez, berriagoak eta hamar bat urte lehenagokoak edo zaharragoak nahasten dira.  Lady Gaga, Pitbull eta David Ghettarekin batera, Kesharen TikTok, Cher abeslariaren Believe, edota Carly Rae Jepsen-en Call me maybe. Eta Rihanna ere ezin ahaztu, We found love kantu potentea tarteko.

 

Eta reggaetoia ere nagusi izaten da musika zerrendetan. Bad Bunny eta Bad Gyal izaten dira genero horretan errege-erreginak. 
Badirudi, beraz, dantzarako doinu biziak, gorputza mugitzera bultzatzen gaituztenak direla gogokoenak gaur egun. Zuri besterik bururatzen al zaizu?