Beherapenetan behar baino diru gehiago ez gastatzeko aholkuak

Beherapenetan behar baino diru gehiago ez gastatzeko aholkuak Beherapenetan burua galdu nahi ez baduzu, hobe da aurrez zenbait gauza kontuan izatea. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/beherapenetan-behar-baino-diru-gehiago-ez-gastatzeko-aholkuak/@@download/image/pexels-vladimirsrajber-16097558.jpg
2026/06/25

Testua: Maitane Legarreta

Beherapenetan burua galdu nahi ez baduzu, hobe da aurrez zenbait gauza kontuan izatea.
Beherapenetan behar baino diru gehiago ez gastatzeko aholkuak

Oharkabean uda iritsi da, eta ohikoa den moduan, dendetan beherapenen garaia izango da orain. Askorentzat behar duten produkturen bat, arropa edo oinetakoak, edo etxeko tresnaren bat merkeago erosteko aukera izango da. % 30eko edo % 50eko deskontuak izan ohi dira, eta egunek aurrera egin ahala, % 70ekoak ere izan daitezke.

Merkealdiak izan arren, kontsumitzaileen elkarteek modu kontziente eta arduratsuan jokatzeko aholkatzen dute, eta etxeko ekonomiak ahalbidetzen duena baino gastu handiagorik ez egiteko. Beharrezkoak ez ditugun gauzak erostearen kate zoroan ez sartzeko ahalegina egitea ere gomendatzen dute, hau da, kontsumitze hutsagatik ez kontsumitzea. 

Hori esanda, beherapenetan kontuan izateko aholku batzuk dituzue hemen: 

  • Zerrenda bat egin. Zer behar duzun pentsatu eta zerrenda egin, parean ikusitako edozer ez erosteko. 
  • Aurrekontua zehaztu. Komeni da gehienez zenbat gasta dezakezun erabakitzea. Hartara, erosketa neurtzen lagunduko dizu, muga ez gainditzeko.
  • Etiketa begiratu. Batzuetan "beherapenak" ez dira diruditen bezain handiak. Berezko prezioa eta oraingoa jarri beharko luke, iragarritako deskontua egin dutela ziurtatu ahal izateko.
  • Prezioak alderatu. Zerbait erosi behar duzula erabaki baduzu, hainbat saltokitan begiratu eta prezioak alderatu. 
  • Denbora hartu erabakia hartzeko: Produktu batek erakartzen bazaitu, eta ahal bada, itxaron pixka bat erosi aurretik. Horrek inpultsiboki erostea eragozten du
  • Esku-diruarekin ordaindu. Txartelarekin ordaintzean, sarritan ez gara gastatutakoaz jabetzen. Dirua eskutan dugunean, aldiz, zenbatu egiten dugu eta zenbat gastatzen ari garen konturatzen gara.
  • Ez jo erosketetara aisialdian. Batzuetan buelta bat eman eta dendetan begiratzeko plana egiten dugu, denbora-pasa gisa. Halakoetan, aurrez pentsatu gabeko gauzak erosten ditugu.
  • Kontuz akastun produktuekin. Akatsen bat duten edo zaharkituta dauden produktuak salgai-hondarrak dira, eta ez merkealdian dauden gauzak.
  • Erosketaren tiketa gorde. Tiketa beharko duzu erreklamazioren bat egiteko edo produktua itzultzeko. Ondo gorde beraz.