Jon Basaguren (Izaki Gardenak): "Kanta bakoitzari eskatzen duena eman behar zaio"

Jon Basaguren (Izaki Gardenak): "Kanta bakoitzari eskatzen duena eman behar zaio" https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/11/16
elkarrizketa
Testua: Leire Palacios @AnnieSdelMono. Argazkiak: Dani Arrizabalaga
Jon Basaguren (Izaki Gardenak): "Kanta bakoitzari eskatzen duena eman behar zaio"
Euskaltegiko jarduna erabat alboratu ez duen arren, buru-belarri bueltaka dabil musikaren ardatzean Jon Basaguren (1984, Gasteiz). Alde batetik, gauero ekartzen dizkigu zirkuitu komertzialeko zein autoekoiztutako nobedadeak Euskadi Irratiko ‘Zidorrean’ saioan. Bestetik, Izaki Gardenak taldearekin ‘Aurri gara’ diskoa kaleratu berri du.




Zer esan nahi du ‘Aurri gara’ horrek?
Elhuyar hiztegiaren arabera espainolez ruina esan nahi du ‘aurri’ hitzak. Iaz, euskara klaseak ematen nituela, klasean landu genuen testu batean ‘Mesopotamiako aurriak’ azaldu zen. Aditz lokuzio bezala ere ikusi genuen: ‘aurri izan’. Marabilla bat zela pentsatu nuen!

Erortzear den eraikina da Izaki Gardenak?
Kar, kar, kar! Ez, ez! Hiztegian ere azaltzen zuen, eraikin bat egiterakoan oraindik hormak eginda ez daudenean eta hezurdura besterik eraikita ez dagoenean, horri ere deitu dakiokeela aurri. Egia esan, izena erabaki genuen garaia oso arraroa izan zen…

Beraz, momentu pertsonalarekin lotura dauka sorkuntza lanak.

Aurreko diskoan oso arrazionala izan zen dena, eta honetan, ordea, oso inpultsiboa. Hitza topatu eta horrela deitu behar zela sentitu nuen, oraindik kanten hitzak idatzi gabe nituen arren. Aurri gara ez da zentzu ezkorretik ulertu behar, gizakiak babesgabe egoteari lotuta baizik. Babesgabe egotea ospatu nahi du diskoak. Erraz eta azkar har dezakegu min, eta, era berean, min horretatik asko ikasi dezakegu.

Inpultsiboki hartu zenuen erabakia, eta taldekideek ez zuten kontrakorik adierazi.
Noski ezetz –ironiaz–. Nahiko garbi utzi genuen taldean nik hartuko nituela erabakiak. Taldekideak oso pozik daude kontu horiekin ez dutelako bururik hautsi behar! Beste talde batzuetan ibilitakoa naiz, eta Izaki Gardenak sortu genuenean, bada, sortu genuen nire kantak egiteko, eta horregatik nik hartzen ditut erabakiak.

Orduan ez duzu bakarkako proiektuaren beharrik, ezta?
Ez. Nahi ez nuena zen Jon Basaguren deitzea.

Uda partean izan zineten estudioan. Nolakoa izan da grabazio prozesua?
Kantak idatzi eta ordenagailuan maketatxoak egiten ditut. Horiek taldekideei bidaltzen dizkiet eta entseatzeko geratzen gara. Prozesu horren ondoren, estudioan sartu eta Víctor Sánchezekin grabatu dugu diskoa. Grabatzen hasi aurretik Sánchez bera entsegu batera etorri zen eta iradokizunak egin zizkigun, batez ere, soinu aldetik zer zaindu behar genuen adierazi zigun. Oro har, estudioko lana nahiko erraza izan da: giro ona eduki dugu, eta gauzak ateratzen joan dira. Ez dugu momentu itsusirik eduki. Ondoren, nahasketetan, agian gehiago nahastu gara.

Nahasketetan nahasteak ezinbestekoa dirudi!
Niri oso zaila egiten zait nahastea, kantei soinu jakin bat ematea edo gehiago entzun nahi den hori nabarmentzea.

Estudioan sartu zaretean egin nahi zenutena itxita zegoen edo sorkuntzarako tartea hartu duzue?
Gehiena itxita eraman genuen. Baina estudioan gitarra eta pedal desberdinekin aritzeko aukera daukazu, distortsioak probatzekoa… Horretarako denbora behar da, eta hartu dugu. Aurrekoan, adibidez, gitarra berdinarekin grabatu nuen disko osoa. Nik uste aldaketa horiek lana aberasten dutela. Musika entzutea atsegin dutenek antzeman ahalko dituzten soinu xehetasunak daude. Kanta bakoitzak soinu desberdinen bat izan zezan, soinu horien bila joan gara.

Aurreko lanekin alderatuta, zertan ezberdintzen da azkenengoa?
Aurri gara serioagoa da. Panikoa ematen dit horrela esateak, baina lagun batek horrela definitu du. Koherenteagoa ere bai; diskoak eramaten zaitu. Geruza asko ditu, horregatik gauza asko ditu entzuteko. Agian aurrekoak baino atentzio handiagoa behar du, edo atentzio handiagoa jarrita gehiago emango dizu.

Zenbat denbora eman duzue sorkuntza prozesuan?
Otsailean jakinarazi nien Elkarreko lagunei kanta batzuk nituela. Hala ere, orduan nituen kantetatik uste dut bakarra sartu dela diskoan.

Elkarrekoei jakinarazi zeniela esan duzu. Nola erabaki duzue diskoa norekin atera?
Diskoz disko joaten gara. Aurrekoekin pozik geratu ginen Elkarren jasotako tratuarekin, eta bertako teknikari Víctor Sánchez ezagutzeko aukera izan genuen. Zuzenekoetan ere bera ibili da teknikari. Oso harreman ona dugu, eta berarekin grabatu nahi genuen. Elkar estudioetan lan egiten du, eta Elkarrek bere estudioetan grabatzea eskaintzen du. Guk ez daukagu dirurik…

Azken disko honetan taldekideak aldatu dira. Zertan eragin du horrek?
Eragina agian ez da horrenbestekoa izan, kantak nireak baitira. Ekarpenak dira aldatzen direnak. Adibidez, bateriari beldurra nion, base erritmikoari garrantzi handia ematen diodalako. Iker Fernández, ordura arteko bateria-jotzailea, New Yorkera joan zaigu; berak egin du diskoaren diseinua, hori da bertatik egin zezakeen bakarra. Bere ordez Arkaitz Ezkai sartu da, eta Virenque taldean kide dituen Eneko Leza baxu-jotzailea eta Eneko Zabalza gitarra-jotzailea ere bai. Eurek Virenque hirukoa osatzen dute, eta orain Izaki Gardenakekin ere jotzen dute. Ezkaik bateria jo du que te cagas!

Diskoa atera berri duten Virenqueko kideez gain, Libe ere Izaki Gardenak taldeko kidea da, eta berak ere bakarkako lehen diskoa ere atera du. Bi proiektutan paraleloki aritzeak eragiten al du?
Beno, Liberen eta nire kasua oso antzekoa da. Berak bere proiekturako kantak etxean konposatzen ditu eta gero ekarpenak jaso. Nik Izaki Gardenaken gauza bera egiten dut. Iaz kaleratu zuen Libek bere diskoa, Izaki Gardenakek aurten, eta datorren urtean auskalo.

Nola uztar daitezke proiektu ezberdinak?
Oso gaizki. Denbora ez daukagu sobera, eta musikaz aparte lanerako denbora ere atera behar dugu. Libek asko lagundu dit. Maketak grabatu aurretik, berak entzun zituen eta melodia askotan zein kantak egiteko orduan asko lagundu dit. Besteek entzun baino lehen Libek entzunak zituen, eta asko laguntzen diogu elkarri. Nik berari hitzetan eta berak niri melodietan.

Hitzak aipatu dituzula, kontzeptu ezkor eta baikor kontrajarriak erabiltzen dituzu: ‘Horma eta haizea’, ‘Itzalak zutik’... Gainera, kantatzeko modua ere bat dator, alegia, kantak lasai hasten dituzue eta bat-batean ahotsak eta melodiak eztanda egiten dute puntu baikorrean.
Bai, gustatzen zaigu dinamika hori lantzea. Musikari ematen diogu garrantzi handia eta hori da sortzen den lehena. Melodiak lortu behar dira. Beraz, hitzak sortzen ditudanean melodia jakin baterako sortzen ditut. Ez ditut hitzak musikatzen. Adibidez, diskoko lehen kanta Baleak da, eta izen hori jarri nion hitzak idatzi aurretik, gitarraren arregloak hala eskatzen zidalako; balea bat ikusten nuen! Bat-batean etorri zitzaidan, Ballenas muertas en San Sebastián El Columpio Asesinoren diskoa bezala...

Eurek erabili zuten metafora horretatik edan duzue?
Ahal izan dugun guztia lapurtu dugu! Kar, kar, kar!

Hara! Nondik lapurtu duzue?
Urte oso bat ibili naiz libreta alboan nuela, eta telefonoan ahots mezuak gordetzen. Urtebete esaldiak apuntatzen, telesailak ikusten, liburuak irakurtzen… Arreta ematen zidan edozein gauza... ttak! Kanta bakoitzari eskatzen duena eman behar zaio.

Zure influentziak oso anglosaxoiak dira, ezta?
Bai, zalantzarik gabe. Baina gauza bat da gustatzen zaizuna eta beste bat zuri ateratzen zaizuna. Adibidez, asko gustatzen zaizkit eta niretzat erreferenteak dira Mikel Laboa eta Ruper Ordorika, baina ez dut horra jotzen.

Furgonetan bai jotzen duzue lekutara! Nola koordinatzen duzue Izaki Gardenaken bira bat?
Oso zaila da! Hori da gehien erretzen duena. Oso zaila da kontzertu bat lotzea. Libe eta biok Gasteizen bizi gara, furgoneta ere Gasteizen dago, baina besteak Iruñean bizi dira... Gainera bakoitzak bere lana dauka, ez baikara musikatik bizi. Kontzertu bat ematea garaipen bat da. Eta entseguak lotzea ere zaila da; lokala Iruñean daukagu.

Nola moldatzen zarete entseguak egiteko?
Astean behin joaten hasi naiz, aste tartean. Eskerrak Euskadi Irratiko lana daukadan eta ordutegiak moldatu ditzakedan. Libe Iruñeara pare bat asteburutan etorriko da. Beti izan gara oso entsegu gutxiko taldea, kostata ateratzen baitugu denbora. Onartu behar izan dugu mila entsegurekin askoz hobeak izango ginatekeela baina ezinezkoa zaigula. Hala ere, talde honek beste zerbait dauka. Kantak ere horregatik dira diren modukoak. Gehiago entseatuko bagenu, hobetuko genituzke… edo kakaztu!