Bikote batek lau urtera jakin du nor den haien ezkontza argazkietan agertzen den ezezaguna

Bikote batek lau urtera jakin du nor den haien ezkontza argazkietan agertzen den ezezaguna Haren arrastoaren bila ibili ostean, hura topatu eta harekin elkartzeko aukera izan dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bikote-batek-lau-urtera-jakin-du-nor-den-haien-ezkontza-argazkietan-agertzen-den-ezezaguna/@@download/image/ezkontza.png
2025/09/22

Testua: Maitane Legarreta
Argazkiak: The Guardian

Haren arrastoaren bila ibili ostean, hura topatu eta harekin elkartzeko aukera izan dute.
Bikote batek lau urtera jakin du nor den haien ezkontza argazkietan agertzen den ezezaguna

The Guardian egunkariak Eskoziako senar-emazte batzuek haien ezkontza argazkietan agertzen zen gizonezko ezezagunaren identitatea argitzeko bidean bizi izandako istorio bitxiaren berri eman du. 

Michelle Wylie eta John Wylie 2021ean ezkondu ziren Eskoziako Prestwick herriko Carlton hotelean. Egun hartako argazkiei begira, traje iluna soinean zuen ezezagun bat agertzen zela ohartu ziren. Deseroso zegoen itxura zuen argazkietan, eta ezkontzan izandako inork ez omen zuen ezagutzen. 

Jakin-mina piztu zitzaien, baina familiakoei, lagunei eta hoteleko langileei galdetu arren, ez zuten haren arrastorik atera.  Facebookera ere jo zuen Michellek, inork ezagutzen ote zuen galdezka, baina ez zuten erantzunik aurkitu. Misterioa behingoz argitu nahian, Eskoziako Dazza eduki-sortzaileari sarean zabaltzeko eskatu zion, jende gehiagorengana iritsi nahian. Hala, Andrew Hillhouse agertu zen, argazkietako gizon ezezaguna. 

Hillhousek Facebooken erdi-lotsatuta azaldu zuenez, egun hartan ere, ohikoa zuen moduan, justu antzean iritsi zen, ezkontzarako bost minutu faltan. Gaita-jotzailea eta beste gonbidatu batzuk ikusi zituen, eta haien atzetik sartu zen hotelean. Ezezagunez inguratuta zegoen, baina joan behar zuen ezkontzan andregaia besterik ezagutzen ez zuenez, ez zen larritu. Pasilloan beste andregai bat ikusi zuenean, ordea, okerreko lekuan zegoela jabetu zen. 

Zeremonia betean alde egin nahi ez zuenez, eserita geratu zen hogei minutuz, ahalik eta gutxien nabarmendu nahian.  Amaitutakoan, modu apalean ateratzen saiatu zen, baina ezkontzako gonbidatu guztiekin atera beharreko argazkian ipin zedin tematu omen zen argazkilaria. Argazkiaren atzealdean agertzen da Hillhouse, deseroso itxuraz.

Presaka irten, zenbait dei egin eta berez joan behar zuen tokira abiatu zen. "Ia-ia ezkongaiak bezainbesteko arreta" bereganatu omen zuen han, ia gau osoan jendeari gertatutakoa berriz kontatzen aritu baitzen.

Orain Michelle Wylie eta Andrew Hillhouse lagunak dira Facebooken, eta aurrez aurre ere ezagutu dute elkar. Wylieren esanetan, "ezin nion barre egiteari utzi. Ezin dugu sinetsi, ia lau urte geroago, nor den jakin dugunik".