Ixiar Rozas: "Gazte asko kontserbadore samarrak dira"

Ixiar Rozas: "Gazte asko kontserbadore samarrak dira" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ixiar-rozas-quotgazte-asko-kontserbadore-samarrak-diraquot/@@download/image/7p16-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Ander Usabiaga
Ixiar Rozas: "Gazte asko kontserbadore samarrak dira"
Ixiar Rozas 29 urteko lasartearra idazlea da. Ipuinak eta poemak idatzi ditu, hainbat sari irabazi ditu, tartean Donostia Hiria saria, eta bere lehen eleberria kalean da: "Edo zu edo ni". Horrez gain, gidoilari lanetan dabil: Espainiako A3ko "Compañeros"-en eta ETBko "Benta Berri"-n eta "Ander eta konpainia"-n aritu da. Gaur egun, "Teilatupean" saioaren gidoigilea da. 

"Edo zu edo ni" eleberrian 60 urteko andrea jarri duzu protagonista. 29 urteko neska batek nola ikusten du aurreko belaunaldietako emakumeen egoera?
Eleberriko protagonista konturatu da urteotan gaztaroko askatasunei uko egin diela eta horrexegatik, askatasun horiek berreskuratzea erabaki du. Emakume ausarta da, ziur asko, 60 urte dituen arren, egungo gazte asko baino ausartagoa eta gazteagoa. Izan ere, nire ustez, oraingo gazte asko kontserbadore samarrak dira. Egia da emakumeek gaur egun aukera gehiago dituztela, gizartean aurrerapausoak eman direla... Nik neuk ez dut diskriminaziorik jasan nire azalean emakumea izateagatik. Hori bai, badakit oraindik ere asko dagoela egiteko. Dena den, esan bezala, ez dut uste ausarta izate  kontu hori adinarekin lotuta dagoenik.
Zergatik diozu egungo gazte asko kontserbadoreak direla? Hori al dakusazu inguruan?
Denetarik dago, noski, baina gazte batzuk gure aiton-amonek edo gurasoek egiten zutena egiten ari dira: ezkondu egiten dira, bizitzan helburu berak dituzte... Ez diote inguruari erreparatzen eta eguneroko bizitzaz gain, ez dute inongo kezkarik, ez dute "zergatik" galdetzen. Eta horrek kezkatu egiten nau. Ez naiz inor kritikatzen ari, kontua da nik ez dudala hori niretzat nahi.
Gazteei zuzendutako telesaioetako gidoigilea izan zara. Era honetako saioek arrakasta handia dute; ETBn bertan "Hasiberriak" urratsak ematen hasia da. Telesailok ondo islatzen al dute gazteen errealitatea?
Ez, oso murriztaileak dira, A3-ko "Compañeros", esaterako, oso kontserbadorea zen. Telesail hauetan zenbait gai islatzea bereziki zaila da, ez dira batere ausartak. Honelako saioak egiterakoan, aintzat hartu behar da telebistak zer nahi duen, ekoiztetxeak zer nahi duen... Bestalde, telebistek mota guztietako ikusleak lortu nahi dituzte. Ez dute nahi gazteei buruzko telesail bat ikusi ondoren, 80 urteko amona bere biloba, txirriak erretzen dituelako, drogazalea dela pentsatzen hastea. Haien helburua 80 urteko amona ere, telebista ikusi ondoren, ohera pozik joatea da.
Oro har, zer iruditzen zaizu telebista eskaintza?
Telebistetan dauden baliabideekin telesaio interesgarri gutxi egiten dela uste dut. Salbuespenak salbuespen, gaur egun egiten diren saioen artean, ez dut ezer gogokorik. ETBn ere bestelako gauzak egiteko aukera galtzen ari da. Baliabide gutxiagorekin gainerako telebistek egiten dutena egiten ari da. Beste mota bateko saioak egin daitezke. Esaterako, kulturari eta gazteei eskainitako saioak falta dira. Nire ustez, ETBko ikuslegoa, gainerako telebistetakoekin alderatuta, ezberdina da. Beraz, ez dut uste ETBk ikusleen gogoa asetzen duenik.
Telebista gidoigilea eta idazlea zara. Askotan bi mundu horiek kontrajarriak direla dirudi. Topikoa da, baina gazteek telebista asko ikusi eta gutxi irakurtzen dutela esan ohi da...
Egia da kontrajarriak direla, telebista asko ikusiz gero, gehienetan ez baitago irakurtzeko astirik. Dena den, nik ez dut telebista telebista izateagatik kritikatzen; egungo ereduaren aurka nago. Baliteke egungo gazte gehienek gutxi irakurtzea. Hala ere, onartu behar da askorentzat irakurtzea aspergarria izatea, irakurtzeak telebista ikusteak baino ahalegin handiagoa eskatzen duelako eta irudia beti errazagoa delako.
Erotismoz zipriztindutako ipuin bat edo beste idatzi duzu. Film porno bat euskarara bikoiztu eta merkaturatu dute. Zer iruditzen zaizu?
Ondo, hori ere beharrezkoa da. Ez dut filma ikusi, baina galdera da ia hizkuntza aldetik, naturaltasunez egiten duten, askotan bikoiztutako filmak arrotzak egiten baitzaizkigu euskaldunoi. Dena den, zergatik ez dute euskaraz egin? Egia esan, ez zaizkit bikoiztutako filmak gustatzen, nahiago ditut jatorrizko bertsioak.
Filma ikusteko asmorik al duzu?
Agian, bai. Ona bada, beharbada ikusiko dut, film porno onak ere badira eta.

Neska ipurterrea


Ixiar Rozasek patxadatsua dirudi, baina ez daki geldirik egoten. Bartzelonan bizi izan da: "oso gustukoa dut hiri hura", dio. Gaur egun, etxebizitza bila dabil Donostian, alferrik orain arte. Ez da harritzekoa prezioak ikusita! Hala ere, etorkizunean non biziko den ez dakiela dio. Kazetaritza ikasketak Iruñean egin zituen. Bai, Nafarroako Unibertsitatean, Opusen! "Oso gustura egon nintzen Iruñean, bertako jendearekin... Unibertsitatean? Harrigarriena izan zen irakasle batek aingeruak bazeudela esan zuenean... Hala ere, nahi duzunarekin geratzen zara eta gainerakoari entzungor egiten diozu. Esperientzia ona izan zen, besteak beste, Opus nora irits daitekeen jakiteko". Dantza egitea ikaragarri gustatzen zaio, "ez dakit parrandan ateratzen dantza egin gabe", eta etxean bertan dantza saiotxoak egiten ditu. "Drum and bass, dub musika edota trip-hop gustatzen zaizkit", dio Ixiarrek. Eta jakina, bidaiak ere atsegin ditu, "batez ere bidaian bizikletaz joatea".