Eneko Sagardoy: "Nire pertsonaia maitatzea ez da erraza izan"

Eneko Sagardoy: "Nire pertsonaia maitatzea ez da erraza izan" https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/08/31
elkarrizketa
Testua: Leire Palacios @AnnieSdelMono Argazkiak: Aritza Munarriz
Eneko Sagardoy: "Nire pertsonaia maitatzea ez da erraza izan"
Iratxe Mediavillaren zuzendaritzapean 'Argi' filma grabatu dute Elorrion. Pelikulako protagonisten artean dago Eneko Sagardoy (1994, Durango). Santanderren eta Euskal Herrian arte eszenikoak ikasi dituen aktoreak estalgabetu dizkigu Argiren sekretuak. 


Nola zaude 'Argi' filma egin ondoren?
Nekatuta baina oporretan. Aktore bezala aritzeaz gain, produkzioan eta zuzendaritzan laguntzen ibili naiz. Sentitzen dut gauza polita egin dugula, sinplea eta hurbilekoa.


Nola sortu zen 'Argi' filmean lan egiteko aukera?
Iratxe Mediavillak deitu ninduen abenduko egun batean. Ez genuen elkar ezagutzen, baina berehala konektatu genuen. Prozesua oso aldakorra izan da. Hasieran Galizatik zetorren homosexualaren pertsonaia gorpuztu behar nuen, baina azkenean Rafarena egin dut. Rafa, Errioxatik datorren Guardia Zibil gaztea da. Gidoiarekin, batez ere, aldaketa handiak gertatu dira. Azken bertsioa astebete lehenago jaso genuen. Prozesu zoro xamarra izan da, baina bizpahiru pertsona ibili dira lanean, beraz, ez da harritzekoa. Behin errodajea hasita, erraz joan da dena.


Zer kontatzen du pelikulak?
Pelikulak Argiren istorioa kontatzen digu. Argi Elorrion bizi den neska bat da; inkonformista, errebeldea eta askatasun grina handia duena. Ez da gustura bizi: aita alkoholikoa du, eskolan barre egiten diote eta Guardia Zibilak jazarri egiten du. Parisera joan nahi du eta ahalbeste ahalegin egingo ditu herritik irten eta hegaz egiten hasteko. Hori guztia 60, 70 eta 80eko hamarkaden markoan.


Nolakoa da Rafa?
Rafa herrira heldu berria den Guardia Zibil gaztea da. Jendea jazartzen du, kontrolazailea eta autoritarioa da. Hasiera-hasieratik Argirekin maitemintzen da eta urteak pasa ahala ez du bakean utziko. Bere helburua lortzera ohituta dagoen polizia da.


Nola gorpuzten da bi etapa desberdin bizi dituen pertsonaia bat?
20 eta 27 urte dituen Rafa ezagutu ditut. Ez da zaila izan. Nagusienak, lasaitasun handiagoa transmititu behar zuen, egoeraren kontrol handiagoa eta baita bortizkeria. Bibotea uzteak ere lagundu ninduen Rafa gaztearengandik aldentzen.


Zer erronka suposatu ditu Rafak zuretzat?
Gazteleraz antzeztu izan dut, baina lehenengo pertsonaia espainola izan da Rafarena. Ahoskerarekin eta entonazioarekin lan handia egin dut, arduratzen ninduen. Bestalde, nire pertsonaia maitatzea ez da erraza izan. Esan dituen hitz guztiak eta egindako guztiak justifikatu behar nituen nik aktore bezala, Rafa ezagutzeko eta ulertzeko. Jendea jazartzen duen Errioxako Guardia Zibila pixka bat urrun gelditzen zait. Baina pertsonaia guztiak defendatu behar ditugu, beti.


Nola sortu zen proiektua?
Elorrion urtero egiten da  24 ordu digitalean film laburren lehiaketa. Iaz aurkeztu ziren Iratxe Mediavilla eta beste zenbait profesional. Lehen saria eman zioten Il Marquesse film laburrarekin. Gero poteoa etorri zen eta "ze ondo pasatu dugun" eta "beste bat egingo dugu" eta "ardo bat atera" eta, gauzak zer diren, pelikula muntatzen ari dira orain.


Crowdfoundingaren bitartez lortu zenuten finantzaketa. Beste elkarrizketaren batetan entzun zaitugu esaten, modu hori ezer ez egitearen eta film handiak egitearen arteko zubia dela. Zerbait gehiago azaldu ahal diguzu ideia horren inguruan?

Zubietako bat da crowdfoundinga. Bitarteko bat. Lan egiteko modu puntual eta behin-behineko bat. Gustura aritu gara, talde lan handia egin dugu eta herria bera ere asko inplikatu da. Gainera, norbanakoek dirua jartzen dutela jakinda, badauka magia polit bat. Elkarbanatze sentsazioa. Dena den, lan musutruk egin dugu, eta horrela etengabe aritzeak lanbidearen prekarizaziora eramango gintuzke. Hala ere, gurea ez da ekoizpen profesionala izan. Taldekide gehienok profesionalak ginen arren, muntatu osteko bidaia ez dugu ohiko film batena bezala irudikatzen. Ahalbeste jendek ikustea eta gozatzea, hori da helburua. Zinea beti horrela egitea ez litzateke bideragarria izango. Gainera, instituzio publikoei dagokie zinema, antzerkia edo artea orohar sustatu eta finantzatzea. Artearen eta kulturaren izaera publikoa aldarrikatu behar dugu. Ez ‘dena dohainik’ zentzuan, baizik eta antzerkia, dantza, zinema eta abarrak, beharrizan bezala planteatzerako orduan. Artea ulertu beharko genuke pertsona moduan hazteko bide bezala, eta instituzio publikoek kultura hori sustatu eta sostengatu beharko lukete.

Zenbat pertsonek osatzen duzue lantaldea?

Taldea hogeita hamar bat lagunek osatu dugu, ekipo tekniko eta artistikoa aintzat hartuta. Taldearen zati handi bat Euskal Herriko Zine Eskola-tik etorri da. Ikasleek praktikak egiteko aukera izan da eta irakasleen lana zuzenean ikusteko aukera. Oso talde gaztea izan da. Ni harrituta gelditu naiz eskolakoek duten maila eta profesionaltasunarekin.

Gidoian aldaketak egon omen dira. Nola josi izan dituzue hitz berriak?
Film guztietan egoten dira hamaika bertsio. Aldaketa handiak egon dira, baina, Argin. Tramak goitik behera aldatu ziren, pertsonaiak... Testu aldaketak kudeatzea aktorearen lana da. Egia da, batzuetan, sortutako mapa edo ibilbidea apurtzen dela. Baina hitz egitea da kontua. Kasu honetan, gidoiean lanean ibili direnak set-ean bertan zeuden eta erraza izan da eztabaidatzea eta akordioetara heltzea.

Zenbat hizkuntza erabiltzen dira filmean?
Filma euskaraz eta gazteleraz egin da. Gidoilariek errespetatu nahi izan dute garai hartako egoera linguistikoa. Euskarazko zatiak, elorrioko euskalkian dira.

Zein da Elorriok filmean daukan garrantzia?
Lokalizazio guztiak Elorrion kokatuta daude eta pertsonaia nagusiak elorriarrak dira. Herriko zenbait eraikin erreferente agertzen dira. Inguruko mendiak, zelaiak eta euskara bera ere bertakoa izateak, ematen dio herriaren ikus-entzunezko ondare kutsu bat filmari. Elorrio herri zoragarria da.

Noiz eta non estreinatuko da filma?
Otsailean estreinatuko da Elorrioko Arriola Antzokian.

Elorrion estreinatu ondoren, zein da filmak egingo duen ibilbidea?
Ez dakigu zein izango den ibilbidea. Lehenago esan bezala, helburua ez da herrietako eta hirietako zinema aretoetara joatea. Oso zaila izateaz gainera, ez da horretarako egin. Hurbileko jendeak ikus dezala lehenengo eta gero ahalbeste antzoki edo kultur-etxetan eskaini dadila. Hori ederra litzateke.

Zeintzuk dira zure etorkizunerako proiektuak?
Pelikula baten estreinaldia daukat laster: The Night Watchman, Miguel Ángel Jiménezen azkena. Urrian Zergatik, Jamil? antzezlana estreinatuko dugu Tartean Teatroarekin. Patxo Telleriak idatzi eta Jokin Oregirekin batera zuzendu du, Mikel Martinez eta biok oholtzan. Martxoan gaztelaniaz ere estreinatuko dugu Arriaga Antzokian. Beste hiru konpainiarekin ditudan antzezlanak (Amodioaren ziega, Arren ganbara eta emeen sotoa eta Arkimedesen printzipioa) ere errematatuko ditugu, azken emanaldiekin. Zuzendari bezala ere antzerki proiektu batean sartu naiz, udazkenean gauzatuko duguna.

Gustatuko litzaidake lana pozik egitea. Proiektu eta pertsona interesgarriekin bideak egitea. Teatroan, zinean edo telebistan. Izugarri gustatuko litzaidake hemen aukerak irtetea. Ingurura begira, ikusten ditut Loreak, Amama, Arrastoak edo Gau arabiarra. Ba, hemen lan egin nahi dut. Gero ikusten dut Mommy edo Holy Motors edo DV8 dantza-antzerki taldea eta horietan ere lan egitea gustatuko litzaidake.

Madrilera joatea gustatuko litzaizuke? Aktoreentzat beharrezkoa al da Madrilera joatea?

Argi daukat kanpora joan nahi dudala, baina ikastera. Aktorearen ofizioa gehiago ezagutzera eta aztertzera. Ez dakit Madrilera, Ingalaterrara edo Frantziara. Batek daki. Oraingoz hemen geldituko naiz. Mondragon Unibertsitatean ere banabil, ahal dudan heinean; ikus-entzunezko komunikazioko gradua bukatzeko urte bat falta zait. Hori bukatu nahi dut. Eta gero, lanak edo neure buruak neure buruari uzten dion momentuan joan egingo naiz. Nahi dudalako. Agentea, kastingak... hori guztiori dago Madrilen eta tentatzen nau. Baina ez dut uste beharrezkoa denik Madrilera joatea. Beharrezkoa da egunero ikasteko gogoa ez galtzea. Bestela asko sufrituko nuke lan honetan. Eta aspertu, pilo bat.