Donostia 2016 teknologikoa

Donostia 2016 teknologikoa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/donostia-2016-teknologikoa/@@download/image/sarezulo8_1452169629.jpg
2016/01/14
erreportajea
Donostia 2016 teknologikoa
Teknologia zaleek Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuan izango duten txokoa da Hirikia kaia. EHU-ko Informatika Fakultatearekin elkarlanean, parte hartzeko tresnak eta espazioak herritarren eskura jarrita, ahalduntzea eta irisgarritasun digitala sustatu nahi dituzte. Horretarako, hainbat ekimen sartu dituzte programazioan, adibidez, ondoko hauek:


Hirikilabs   
Teknologia eta kultura digitalari buruzko hiri-laborategia da Hirikilabs. Bertan, teknologia sozial eta kolaboratiboak lantzen dira, mundu digitalarekin eta arlo sozialekin lotuta. Adibidez, 3D inprimagailuak, laser-mozketarako makinak eta beste hainbat tresna erabiltzen ikasi daiteke, ‘Do it yourself’ edo ‘Zuk zeuk egin’ filosofiapean. 2013an jarri zuten martxan, eta ordutik hona hainbat proiektu garatu dituzte, tartean, hezkuntza eragileentzako sortutako robotak.

Hirikilabs ekimenaren baitan dago Hirikilabs-plaza, herritar guztiei zabalduta dagoen gunea. Hala, laborategian garatu daitekeen proiekturen bat daukan edonork berea aurkezte dezake deialdi irekira, eta onartzen diren proiektuetan ere edonork parte har dezake. Aitzakiarik ez beraz Tabakalerara hurbildu eta parte hartzeko!

Donostiapedia
Wikipediak urtarrilaren 15ean egingo ditu hamabost urte, eta Donostiak ere bat egingo du urteurren horrekin Wikipedia-hiri bihurtuta. GAZTEZULOn kontatu genuen bezala, iazko Olatu Talka jaialdian Amarapedia izeneko egitasmoa burutu zuten Amara auzoan, eta 2016an zehar proiektu hori hiri osora zabaduko dute. Hala, Donostiari buruzko ezagutza Sarean bilduko dute, euskaraz noski, baina baita ahalik eta hizkuntzarik gehienetan ere; erronka ez da txikia.

Hiriari buruzko informazioa gehitu, zabaldu eta modu errazean eskuragarri jartzeaz aparte, euskarazko Wikipedia ere indartu nahi dute. Hori guztia aurrera eramateko, hiritarren parte hartzea ezinbestekoa da, horiek baitira hiria bizirik mantentzen dutenak. Eta, era berean, euskal wikilarien zein Sarean trasteatzea gustuko duten guztien laguntza ere beharrezkoa izango da.   

Ping   
Telekomunikazio-sareak sortu eta hedatzea du helburu. Horretarako, ezaguna den Guifi.net sare libre eta neutralaren proiektuarekin bat egin eta Donostialdean hedatzea lortu nahi da. Sare herritar irekiak bultzatzea da helburua, berdinen arteko konexioak eratuz. Kide bakoitzak bere sarea elkarbanatuko du beste kideekin.

Donostiatik hedatuko den sare hori aprobetxatuz, fitxategiak elkarbanatzeko hainbat zerbitzari ere jarri nahi dira martxan.

Interprest
Aldibereko interpretazio sistema eramangarri eta librea da. Proiektuaren nondik norakoak azaltzeko again onena adibide bat jartzea da. Demangun hiztun ingelesa duen ekitaldi batean zaudela. Smartphone-arekin aretoak eskaintzen duen wifira konekatu, aplikazioa instalatu, kaskoak jarri eta aretoan dagoen itzultzailea entzungo duzu. Gainera, telefonoko pantailan ekitaldian erabiltzen ari diren aurkezpena (Power Point dokumentua adibidez) ikusteko aukera izango duzu.

Hauek dira, Hirikia kaiak eskainiko dituen proiektuetako batzuk, baina badira interesgarriak diren beste hainbat ere. Horiei buruzko informazio gehiago eskuratzeko, kaiko lagunak prestatzen ari diren web orrialdera jo dezakezu: dss2016.eu/eu/dss2016eu/kaiak/hirikia