Sheinek ume itxurako panpin sexualak saltzeari utzi dio
Polemika handia sortu da Frantzian Sheinen webgunean ume itxurako panpin sexualen salmenta dela eta. Erreakzioak ikusita eta Frantziako Fiskaltzaren ikerketa tarteko, Sheinek panpin horiek saltzea debekatuko duela jakinarazi du.
Txinako enpresa ezagunak "ume itxurako panpinen salmentarekin zerikusia duten saltzaileei zigor zorrotzak" jarri dizkietela adierazi du, eta plataformaren barruko kontrola handitzeko neurriak hartuko dituela iragarri du. Gainera, ikerketan lagunduko dutela eta, hala eskatuz gero, panpinen saltzaileen eta erosleen izenak emango dituela ziurtatu dute.
Shein ez ezik, Aliexpress, Temu eta Wish ere ikertzen ari dira. AliExpresek emandako informazioaren arabera, halako iragarkiak erretiratu egin dituzte webgunetik eta plataformaren politika betetzen ez dutenak zigortu egingo dituela nabarmendu du. Temuk, berriz, enpresaren aurkako akusazioak adingabeek bere plataforman zenbait produktu eskuratzearekin lotuta zeudela azaldu du.

Sheinek lehen denda fisikoa zabaldu behar zuen Parisko erdiguneko BHV saltoki handietan, baina Roland Lescure ministroak marka herrialde osoan debekatzeko mehatxua egin zuen, kontsumitzaileen erakundeak panpin horien salmentaren berri izandakoan.
Parafilia arriskutsua izan daitekeenean
Parafilia atipikotzat jotzen diren objektu, egoera edo subjektuetara zuzendutako erakarpen edo kitzikapen sexual iraunkorra izaten da. Parafilia guztiak ez dira patologikoak. Nahasmendutzat hartzen da honako kasu hauetan: ezinegon handia edo erruduntasun iraunkorra sortzen duenean, bulkada kontrolatu ezin duenean kaltea jaso arren, onartu ez duten pertsonei eragiten dienean (adingabeei edo ezezagunei adibidez), beste batzuentzat kaltea edo arriskua dakarrenean, edo eguneroko bizitzan edo harremanetan modu larrian eragiten duenean.
Jostailuen salerosketa ez da kaltegarria berez, baina kezkagarria izan daiteke kasu batzuetan. Panpin sexualen erosleen inguruko ikerketen arabera, perfila anitza da, baina 45 urte inguruko gizonak izaten dira nabarmentzen direnak. Gehienak ezkongabeak, dibortziatuak edo alargunak izan ohi dira, heziketa maila ertaina edo altua dutenak.

Batzuek jakin-minagatik erosten dituzte, edota fantasiak arriskurik eta epairik gabe esploratzeko. Badira bakarrik sentitzen direnak, autoestimu baxua dutenak eta konpaina eta intimitatea nahi dutenak ere. Batzuek neska-lagun modura ere erabiltzen dute, beharbada antsietate soziala dutenek eta jendearekin harremanak izatea kostatzen zaion jendeak. Badira autonomiarik gabeko gorputzaren menderakuntzan gozatzen dutenak ere.
Kontua da ume itxura duten panpin sexualak erabiltzea arriskutsua izan daitekeela, abusu baten fantasia irudikatzen delako, eta horrek ume gorputzaren eta plazeraren arteko lotura indartu dezakeelako. Pedofiliarako joera dutenengan bulkadak kontrolatzeko zailtasunak edo delituak gauzatzeko joera ere areagotu omen ditzake. Kontrako funtzioa ere bete dezakeela dio, ordea, Erresuma Batuko ikerketa batek, adin txikikoenganako erakarpena sentitzen dutenentzat sexua izateko modu segurua izan daitekeela. Kontuan izateko eta ondo aztertu beharreko gaia dela beg-bistakoa da behintzat.
