Ager Isunza (Audience): "Ez gara espezialistak, animalia musikazaleak baizik!"

Ager Isunza (Audience): "Ez gara espezialistak, animalia musikazaleak baizik!" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ager-isunza-audience-ez-gara-espezialistak-animalia-musikazaleak-baizik/@@download/image/audience_01_1382625558.jpg
2013/11/04
elkarrizketa
Testua: Saioa Baleztena
Ager Isunza (Audience): "Ez gara espezialistak, animalia musikazaleak baizik!"
Kulturari eta giza kontzientziari dagokionez, Euskal Herriko herririk aberatsenetako bat da Gernika. Musika talde anitzen harrobia ere bada, eta guk beteranoengana jo dugu. 2001ean eman zuten lehen kontzertua eta geroztik, gelditu gabe ibili da Audience boskotea. John Agnellorekin New Jerseyen goxoki landu duten ‘Big Affair’ lan berriak hilabete honetan ikusiko du argia.


Nola joan da New Jerseyko esperientzia?

Oso berezia izan da. Lehen aldia da gure lana produktore baten aginduetara uzten duguna, eta taldearen ardura nagusia proiektuan zein inplikazio maila izango genuen erabakitzea izan da.

Zer aurkitu zenuten bertan?
Geldi egoten ez dakien pertsona "supermotibatu" horietako bat. Bere katxarroekin gora eta behera dabilen irakasle ero bat. Oso ondo jakin izan du gugandik tira egiten eta lan erritmoa oso bizia izan da. Harrigarria da lantaldean eta materialari dagokionez zenbat baliabide dauden ikustea.

Emaitzarekin, pozik?
Aldaketa somatuko du entzuleak. Ekoizpena gure esku dagoenean, soinu nahiko "bildua" jorratzeko joera dugu. Baina ez dugu Agnelloren ekarpena baldintzatu nahi izan eta, noski, berak beste ikuspegi batetik heldu dio lanari. Ohikoa baino zabalagoa da tratamendua. Handiagoa… ez dakit, 8. Grammy-aren bila joango da, ziurrenik! –irriz–.

2010eko ‘A Shake in Calm Water’ bildumatik hiru urte pasa dira eta tartean hamaika proiektutan parte hartu duzue...
Enkarguzko lan eta gonbite asko suertatu zaizkigu bidean. Txinaurriak diskoan parte hartu genuen, Bizkaiko Bertso Txapelketako sintonia osatu, Gernikako Lobak proiektuan aritu gara, Corcovadoren 24 orduko abestiaren atal bat osatu dugu, Euskara Jendea dokumentalaren sintonia egin eta orain, Imanol Urbietaren abestiekin egingo den diskoan ere parte hartzen ari gara. Esan ahala ni ere harritzen naiz zenbat enbajadatan sartu garen!

Amerikanuak proiektua ere tarte horretan gauzatu zenuten...
Aipamen berezia merezi du honek. Eragilea Berde Produkzioak izan zen arren, gure bihurtu genuen proiektua. Opari handia izan da guretzat! Hasieran ez ginen ohartu gure ibilbidean izango zuen eraginaz, baina behin lana irudiekin zuzenera eramatea erabaki genuenean, Audience eta Amerikanuak gauza bera bilakatu ziren. Teknikoki oso exijentea izan da zuzenekoa, eta gu ohituta ez gauden zirkuitu batetara moldatu behar izan dugu: bideo proiekzio sinkronizatua, argiztapena, instrumentuak… Baliagarri zaizkigunak oraingo zuzenekora ere ekarri ditugu!

Iaz, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenean, hura jasan zutenen ilobek abiatutako Lobak egitasmoan ere parte hartu zenuten.
Planteamendua guztiz irekia zen, antzerkia, olerkia, dantza, bideoak... denetarik. Guk Mikel Laboaren Gernika abestiaren bertsioa eta bideoa egitea erabaki genuen. Capsula taldeko Martin Guevararekin grabatu genuen Elai-Alai aretoan, bonbardaketa garaian herriko bunker nagusietako bat zen tokian. Bideoa, berriz, gaur egun zutik dirauen bunker bakarrean grabatu genuen.

Esperientzia ikusgarria izango zen, ezta?

Lobak-en ekitaldia goitik behera izan zen ikusgarria. Belaunaldiak pasa arren, bonbardaketak sortzen duen sentimenduaren isla.

Hozkailutik proiektu handiak ateratzen dituzue ezustean. Besterik al duzue eskuartean?
Big Affair bilduma dator berehala eta ondoren, Berde Produkzioak-ek 2014an kaleratuko duen bigarren film luzean ere parte hartuko dugu. Jai-Alai Blues zesta-puntaren historiari buruzko dokumentala da. Honek ez du etenik...

Instrumentu eta erritmo aniztasunarekin jokatzeak ezaugarritzen zaituzte. Hasieratik egin zenuten apostua al da?
Oso ausartak gara eta taldearen izaeran ageri da hasieratik. Rocka lan-eremu zabal gisa ulertzen dugu eta gauzak muturreraino eramatea gustatzen zaigu, eta izaera honek teknikoki gure mugak zeharkatzera garamatza. Argi dugu ez garela espezialistak, animalia musikazaleak baizik. Berriki Trinidad eta Tobagoko steel-pan instrumentua erosi dugu proiektu txiki baterako. XIX. mende bukaeran esklaboei musika debekatzen zietenean asmatu zuten, metalezko kupelak erabiliz, eta oraindik nola erabiltzen den ez dakigun arren, laster ikasiko dugu!

Euskaldun eta amerikarren arteko dikotomia bizirik dago zuen musikan. Euskaraz eta ingelesez egiten dituzue hitzak, zergatik?
Rocka Ameriketatik datorren adierazpen bat dela ez dugu ahaztu behar. Historiako lehendabiziko fenomeno kultural globala, Gaizkak esan ohi duen bezala. Sarri galdetzen digute ingelesez egiteari buruz. Nik ez dut gogoratzen hausnartutako erabakia izan zen edo berez irtendakoa. Dena den, hizkuntza bietan aritzeak badu zerikusia taldekideon izaerarekin, rocka eta orokorrean musika ulertzeko dugun moduarekin. Apustu estetikoarekin eta taldearen nortasunarekin, finean.

Musika talde guttik bezainbertze zaintzen duzue zuen lana. Zein duzue lan dinamika?
Astean hirutan elkartzen gara eta entseguez haratago erabaki asko hartu behar izaten ditugunez, bilerak ere egiten ditugu. Azken emaitzetan bostok egiten duguna ikusten da batik bat, baina, bada "Audience handia" deitzen dioguna, gure inguruko jendearekin batera osatzen dugun hori. Jon, Txortx eta Igor teknikariak, irudian Rober Quintana, argazki eta bideoetan Zigor, Berde eta hainbat gehiago, kontzertuen kudeaketan Serrano, Bide Huts zigilua, koordinazioan Egoitz… Horiei guztiei eta beste batzuei esker zaindu dezakegu hainbeste gure lana!

Anaia ere taldean duzu. Zeinek kutsatu zuen zein?
Nik Gaizka zalantza barik. Gure lagun Kuti da horren lekuko eta noizean behin gogorarazten digu. Hamabost bat urte genituela, Gaizka surfean aritzen zen eta apustu bat egin genuen: ea nork irabaziko zuen lehen soldata, berak olatuetan edo nik gitarrarekin. Oraindik ez batagatik eta ez besteagatik ez dugu sosik ikusi, baina funtsean irabazi dudala uste dut, ezta? Mikel eta Andoni Busturiako Gangarrak taldean aritzen ziren eta fitxatu genituen. Hannot, ikastolako lagun oso musikazalea, berehala batu zitzaigun proiektura.

Itzuli gaitezen publikatzear duzuen hirugarren lanera. Formatu desberdinekin jokatu duzue, nola suertatu zitzaizuen ideia?
Komertzialki inongo loturarik ez dugunez, Mistress Games bildumarekin formatu jolasa egitea oztopatu digunik ez da egon. Ideia oso sinplea da: EP osoa entzun ahal izateko CD-a, biniloa eta deskarga erabili behar dira, guztira zazpi abesti. Euskarri bakoitzaren bitarteko esperientzia ezberdina dela nabaria da, beraz, bakoitzari bere balorea ematea izan da jomuga. Zalea proiektuaren parte egin nahi izan dugu eta guk uste baino interes handiagoa jaso dugu aurrerapen EP-arekin!

Honen jarraipenak, ‘Big Affair’ LP-ak, azaroan ikusiko du argia.
Formatu klasikoagoa du honek: 11 abesti, binilo eta CD-an eskuragarri. Bidea Mistress Games diskotik Big Affair diskora doa, hau da, andereño-jolasetatik kontu handietara, bietan konplizitate puntua mantenduz. Horrela bizi izan dugu guk proiektua eta hala ulertu beharko luke entzuleak.

Zuzenekoak ere badatoz, eta eszenatokiaren beheko aldetik ikusten dugunaren arabera, ongi pasatzen duzue zuek goiko aldean...
Ondo, txarto, lasai, urduri, haserre… denetarik gertatzen da eszenatokian! Zuzenekoari garrantzi handia ematen diogu guk. Jotzen dugun momentuan bakarrik bizi da musika. Lehenago ez baitago eta ondoren desagertu egiten da. Aukera bakarra dago barruan duguna ateratzeko!

Kartel interesgarrietan izan zarete, zein da hemendik aurrera zuen erronka?
Erronkak asko dira eta bidean beti sortzen dira aukera berriak. Guk erabaki sendoa dugu: gure eskaintza ahalik eta zainduena izatea. Etorriko den guztiarekin ere ildo berean jarraitzeko asmoa dugu.