Andrea Ghez, Fisikako Nobel saria irabazi duen laugarren emakumea

Andrea Ghez, Fisikako Nobel saria irabazi duen laugarren emakumea Zulo beltzen sekretuak argitzeko gako izan diren bi aurkikuntzen egileak sarituko ditu Suediako Zientzien Errege Akademiak, tartean historiako laugarren emakumea sarituz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/andrea-ghez-fisikako-nobel-saria-irabazi-duen-laugarren-emakumea/@@download/image/Ghez.jpg
2020/10/07
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Zulo beltzen sekretuak argitzeko gako izan diren bi aurkikuntzen egileak sarituko ditu Suediako Zientzien Errege Akademiak, tartean historiako laugarren emakumea sarituz.
Andrea Ghez, Fisikako Nobel saria irabazi duen laugarren emakumea

Lehena Marie Curie izan zen, 1903an; hurrena, Maria Goeppert-Mayer, 1963an; eta hirugarrena, Donna Strickland, 2018an. Andrea Ghez izango da Fisikako Nobel saria jasoko duen historiako laugarren emakumea, eta horietako bakar batek ere ez du saria osorik eskuratu, beti izan da gizonekin partekatua. Aldiz, 207 dira Fisikako Nobel Saria eskuratu duten gizonak, horietako 47 bakarka.

Alta, garrantzitsua da Ghez-ek lortutako garaipena; 55 urteko astronomo estatubatuarrak astronauta izan nahi zuen txikitan, eta amari esan ohi zion ilargira bidaiatuko zuen lehen emakumea izango zela. Bere ibilbide profesionala galaxiako ezaugarri ilun eta ezkutuenak argitzera zuzendu zuen, eta ikerketa horien emaitza da saritu diotena. Batetik, Roger Penrosek jasoko du sariaren erdia, erlatibitatearen teoria orokorrak zulo beltzen sorrera iragartzen duela erakusteagatik, eta bestetik, Ghezek Renhard Genzel lankideekin partekatu du Nobel Saria, gure galaxiako erdigunean aurkitutako zulo supermasiboaren aurkikuntzarengatik.

Nobel sarien eta emakumeen arteko urruntasuna hobeto ulertzeko, jakin Ghez izango dela Nobel bat lortzen duen 53. emakumea, eta zientzietako kategorian saritutako 18. emakumea. Baina, nor da Ghez eta zergatik da horren garrantzitsua bere aurkikuntza?

Elhuyarren Zientzia.eus atariak primeran azaltzen duenez, Albert Einsteinek zulo beltzak existitzen zirenik ere ez zekien arren, horiek dira erlatibitatearen teoria orokorraren ondorioetako bat. Hain zuzen, duela 50 urtetik uste izan dute fisikariek Esne Bidearen erdi-erdian zulo beltz bat zegoela, baina ez zuten horretarako azalpenik topatzen. 1990tik aurrera, ordea, teleskopio erraldoiek eta tresna aurreratuek aukera eman zuten Sagittarius A* hobeto aztertzeko. Genzelek eta Ghezek tresnak eta teknikak findu zituzten, epe luzeko azterketa sakonak egin ahal izateko. Genzelen taldeak NTT (New Technology Telescope) erabili zuen hasieran, eta gero VLT (Very Large Telescope), biak Txilen. Ghezenak, berriz, Keck behatokia erabili zuen (Hawaii). 30 urtez, gure galaxiaren zentroa behatu dute, eta biak ondorio berera iritsi dira: galaxiaren erdian dagoen zulo beltzak Eguzkiak baino 4 milioi masa handiagoa du, eta gure eguzki-sistemaren neurria duen eremu batean dago bilduta.Orain, Event Horizon Telescoperi esker (zulo beltz baten lehen irudia jaso zuenak), are hobeto ezagutuko dutelako itxaropena dute.