(ORAINDIK ERE) GIZATASUNARI ATE-JOKA

(ORAINDIK ERE) GIZATASUNARI ATE-JOKA Urtebete luze joan da Europak bere ateak itxi zituenetik. Turkiarekin sinatutako akordioak azken hau konprometitu zuen bere kostaldetik Greziara iristea lortzen duten migratzaile guztiak bueltan hartzera, baita gerra errefuxiatuak ere. martxoan hasitako erreportajeari segida emanez, hona hemen kios irla greziarrean jasotako testigantza gehiago. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/oraindik-ere-gizatasunari-ate-joka/@@download/image/ERREFUXIATUAK_APIRI_Nasseldin_Bonazra_2.jpg
2017/04/21
erreportajea

Testua eta argazkiak: Igobe Mariezkurrena

Urtebete luze joan da Europak bere ateak itxi zituenetik. Turkiarekin sinatutako akordioak azken hau konprometitu zuen bere kostaldetik Greziara iristea lortzen duten migratzaile guztiak bueltan hartzera, baita gerra errefuxiatuak ere. martxoan hasitako erreportajeari segida emanez, hona hemen kios irla greziarrean jasotako testigantza gehiago.
(ORAINDIK ERE)  GIZATASUNARI  ATE-JOKA

NASSELDIN BONAZRA Khenchela (Aljeria), 21 urte.

“Gazteontzat etorkizuna iluna da Aljerian, eta Europan dut ipinia itxaropena. Iristea lortu duten lagunek ondo hitz egin didate hangoaz”.

Turista bisa faltsuarekin Istanbulera hegaldi bat erosita hasi zuen Nasseldinek bidea. “Badakit onik ateratzeko bezainbesteko probabilitatea dudala betirako desagertzeko, baina ez dut galtzeko ezer”. Turkian lur hartu ostean, klandestinoki segitu du. “Çesme herriko trafikatzaileei 450 euro ordainduta lortu nuen Egeo itsasoa gurutzatuko zuen ontzi pneumatiko batera igotzea, baina polizia turkiarrak bistaratu gintuenean uretara salto egin beste irtenbiderik ez genuen izan, eta ordu eta 45 minutuz igeri egin ostean, hiru lagun heldu ginen Kios irla greziar honetara; gauez, hotzak akabatzen...”. Gero beste bost egun eman zituzten mendi aldean, basoren batean ezkutatuta, harik eta telefono bat eskuratu eta irlan zeuden beste aljeriar batzuekin kontaktatzea lortu zuten arte. “Egun haietan janaria ekartzen zigun bertako emakume bati esker biziraun genuen”. Errefuxiatu kanpaleku kanpoan muntatu dute euren gunea: “Hor barruan afganiar xii mordoa dago, gu suniak gara. Beti dabiltza liskar bila, nahiago dugu hemen gure kasa eta lasai egon. Gainera, argi dugu bide legaletik eta Acnur-en bitartez ez dugula lortuko hemendik irtetea, gu ez garelako gerra errefuxiatuak”. Irlako polizia agenteren bat 400 eurorekin erosi eta Atenasera doan ferryan sartzea da Nasseldiren plana. “Kontinentean beste horrenbeste egin beharko dut kamioi edo tren-bagoiren batean ezkutatzen utz nazaten. Eta espero dut noizbait Frantziara heltzea...”.

Polizia turkiarrak ontzia eten zuenean igerian ihes egiteko gai izan ziren Nasseldin eta lagunak. Baina zoritxarrekoagoa izaten da beste askoren patua. “Turkiako kostaldera bueltan eramaten dituzten gizon-emakume eta nerabeak zigor ankerrenen biktima izaten dira”, Esther Medina urgentzia-sendagile tuterarraren testigantza beldurgarria da. Hilabeteak daramatza Salvamento Marítimo Humanitario (SMH) elkartearen baitan Kios irlara iristen diren errefuxiatuei lehen laguntza edo sorospena ematen; sobera ikusi eta entzundakoa da. “Helduek nekez aitortzen digute ezer, are gutxiago emakumeek, desohorea litzateke; beraz, batez ere umeen kontakizunen bitartez dakigu zer egiten dieten han. Polizia turkiarrak sekulako jipoiak ematen dizkie gizonei, emakume asko bortxatu egiten dituzte eta mutikoak gorputza zigarro-erreduraz beteta ikusi ditut nire begiekin. Itsasoa berriro gurutzatzen saia ez daitezen disuasio-estrategia da”.

 

 

MOHAMMED SADEQI Baglan (Afganistan), 28 eta 51 urte.

“Gure etxea atzean utzi genuen egunean, atea ixten ari ginen momentu berean gure bila sartzen ari ziren atzeko sarreratik, gure lepoak moztera. Europan ez gaituzue nahi, baina nola eska diezagukezue Afganistanera itzultzea?”

Biak Mohammed, biak Sadeqi eta biak polizia agenteak. Komandantea osaba, arrunta edo xehea iloba. “Gure etxea atzean utzi genuen egunean, atea ixten ari ginen momentu berean gure bila sartzen ari ziren atzeko sarreratik, gure lepoak moztera. Europan ez gaituzue nahi, baina nola eska diezagukezue Afganistanera itzultzea?”, dio gazteenak ezintasunez. Polizia agenteak ez ezik, Sadeqitarrak xiiak dira eta, horrenbestez, talibanek Baglan kontrolpean hartu bezain pronto ulertu zuten ihesaldiaren edo burua moztearen artean aukeratu beharko zutela. “Osaba, emaztea eta bi-seme alabak hartuta etorri naiz, zazpi hilabete behar izan ditugu Iran eta Turkian barrena Greziako irla honetaraino heltzeko, nagusiki oinez. Eta orain, hemen garela, ez al dago aukerarik guretzat?!”
2014ko apirilaren 5ean presidentetza-hauteskundeak egin zituztenetik, mundu mailako hedabide nagusiek ahanzturan lurperatu dute Afganistan, bozketa haiek demokraziaren eta bakearen berme izan zirelakoan, Mendebaldeko kontzientziek lasai arnas har zezaketelakoan, gerra amaitu omen zen, itxi kapitulua. Datuek oso bestelako errealitatea marrazten dute, ordea. Nazio Batuen Erakundeak (NBE) darabilen informazioaren arabera, talibanek azkar egin dute aurrera herrialdeko hainbat puntutan eta lurraldearen heren bat beraiena da dagoeneko. Gai Humanitarioetarako NBEren bulegoak esku artean dituen zifrek diotenez, indarkeriak gora egin du nabarmen eta 2016an 515.800 barne-desplazamendu eragin zituen, 2014ko datuak bikoiztuz. Azken bost urteotan, 1,3 milioi afganiarrek utzi dute euren etxea izugarrikeriatik ihesi.

 

HALIMA ETA MOHAMMED Alepo (Siria), 27 urte. Kios (Grezia), 3 hilabete.

“Guri egokitu zaiguna baino bizitza hobea merezi dute gure txikiek, benetan esango didazue Europan ezin diezuela etorkizun duinagorik eskaini?”

Mohammed urtarrilaren 10ean etorri zen mundura zesareaz, Kios irlako ospitale batean. “Errefuxiatu-kanpalekuetako lehenengo umea aurten!”, adierazi zuen Vial kanpalekua zaintzen duten militarretako batek irribarrez. Komentarioak zinismo zapore nazkagarria du. “Nire senarraren bigarren emaztea naiz, eta Mohammed gure bigarren haurra da. Beste hiru seme-alaba ere baditugu aurreko emakumearenak. Aire-bonbardaketa batean hil zuten. Senarrak bere gorpua eta haren amarena topatu zituen etxean, hautsak eta odolak estalita. Umeek ere ikusi zuten”. Bizitza berri bat hastearekin amesten dute: lanpostu bat, etxe bat, eta hezkuntza. “Guri egokitu zaiguna baino bizitza hobea merezi dute gure txikiek, benetan esango didazue Europan ezin diezuela etorkizun duinagorik eskaini?”

 

NURA, MAMMDOOH ETA SEME-ALABAK Menbej (Siria).

“2012ko azaroaren 20an bala batek nire senarraren garezurra zeharkatu zuen. Belarri atzealdetik sartu eta kopeta gainetik atera zitzaion. Ez zuten hil, baina betirako kondenatu gaituzte”.

26 urte besterik ez ditu Nurak; lau seme-alaba, eta bosgarrena bidean. Keinu bakoitzean igortzen duen bizitasuna harrigarria da. Tiro hark eskuin hemiplegia larria (gorputzaren eskuin erdialdeari erasaten dion paralisia) eragin zion Mammdoohri, eta harrezkeroztik Nura da familia honen motorra, halabeharrak egin du indartsu. “Al-Asaden Gobernuaren eta oposiziogile ezberdinen arteko liskar armatuak hasi zirenean Mammdooh kamioilari zebilen, petrolioa garraiatzen zuen Alepo eta Raqqa hirien artean. Egun hartan, senarra eta beste bost kamioi ari ziren ibilbidea osatzen, eta Raqqatik 40 kilometrora, ezustean, tiroketa baten erdian ikusi zuten euren burua, Daeshen miliziak zonaldea kontrolpean hartu nahian zebiltzan eta. Ihes egiten saiatu zenean tirokatu zuten”. Sinesgaitza dirudien arren, balaren ibilbideak ez zion lesio hilgarririk eragin, eta lagun baten bitartekaritzari esker lortu zuen Turkiara joatea, bertan ebakuntza egin ziezaioten. “45 egun eman zituen han, bi ebakuntza, bala atera eta zauria ondo garbitu eta josteko”. Artean, oposizio moderatua zen nagusi Menbej-en, familia honen herrian. “Horrela –Nurak senarraren eskuin besoa jaso eta erortzen uzten du paralisia ikusarazi nahian– ezin zuen kamioiarekin jarraitu ezta margotzen segitu ere –Beiruten pintore ibilitakoa ere baitzen–, beraz, tabakoa saltzen hastea erabaki genuen”. Urtebetera Daeshek bere egin zuen Menbej. “Orduan, gure jardunaren berri izan zutenean, Mammdooh atzeman eta euren kontrolpeko kartzela batean giltzapetu zuten; mehatxatzeko, jotzeko... Guztira hamabi aldiz harrapatu eta askatu zuten, astebete eta hilabete bitarteko atxilotzeak izan ziren, torturapekoak; gero beti uzten zioten etxera itzultzen. Tabakoa saltzen dutenei zer gertatzen zaien konta zezan nahi zuten. Ikara zabaltzeko baliagarriagoa zitzaien Mammdoohren testigantza bere heriotza baino”. Daeshek Menbej guztiz itxi aurretik lortu zuten kotxez Aen al-Beda herrian zuten bigarren etxera aldatzea. “Hau ere kontrolpean zuten, baina arinkiago”. Hilabetez bonba azpian biziraun zutela dio Nurak. “Lehen su-etena probestu genuen handik ateratzeko”. Turkiako zirujauen salbokonduktoak muga seguru eta autobusez gurutzatzeko balio izan zien Mammdooh eta seme zaharrari. “Ni eta hiru alabak, ordea, trafikatzaileen bitartekaritzaz iritsi gara honaino, oinez. Turkiako kostaldean elkartu ginen berriro seiok, eta 7.000 dolar ordainduta gurutzatu genuen itsasoa”.

Nuraren antzera, Europarainoko bidea bakarrik (edota umeekin) egiten duten neska gazteentzat abentura bereziki traumatikoa izaten da, ihesaldiaren berezko arriskuei indarkeria sexista gehitzen zaielako. Esther Medina SMH-ko medikuak badaki: “Greziako kostaldera iritsi eta lehen azterketa medikoa egiten diegunean konturatzen gara neska gehien-gehienak etortzen direla partxe antisorgailua jarrita. Ia ezinezkoa da emakume musulmanek bortxaketen biktima izan direla onartzea, eta horregatik ez dugu datu kontrastaturik, baina partxeena indizio ukaezina da: aste edo hilabetetako bidaldirako hormona antisorgailuak kontsumitzen dituzte bortxaketa-arriskua oso barneratua dutelako, kasik onartua”. Zaurgarrienak Sahara azpiko neska gazteak direla dio: “Benetan ikaragarria da Afrika beltzetik zenbat iristen diren haurdun. Bestalde, kanpaleku hauetan, nork bere zirrikituak bilatzen ditu aurrera ateratzeko. Batzuek wifi konexioa saltzen diete albokoei, beste batzuk bizargin bilakatzen dira, droga trafikatzaileak ere badaude noski... eta neska askok prostituziora jotzen dute, Sahara azpiko neskek”. Edozein gizarteren miseria ilunenak erreproduzitzen dira kanpaleku hauetan.

 

Aurreko erreportajea: Gizatasunari ate-joka

Kios irlan bizitakoak bi erreportajetan bildu ditu Igone Mariezkurrenak. Irakurri berri duzuna bigarren zatia da; lehena irakurri nahi baduzu, egin klik beheko titularrean.

 

GIZATASUNARI ATE-JOKA