Googlek eta Facebookek albisteak erabiltzeagatik ordaindu beharko dute

Googlek eta Facebookek albisteak erabiltzeagatik ordaindu beharko dute Australian gertatuko da, eta beharbada laster Europan; Googlek eta Facebookek alde egitearekin mehatxatu dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/googlek-eta-facebookek-albisteak-erabiltzeagatik-ordaindu-beharko-dute/@@download/image/google-fb-paid-news.jpg
2021/02/10
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Australian gertatuko da, eta beharbada laster Europan; Googlek eta Facebookek alde egitearekin mehatxatu dute.
Googlek eta Facebookek albisteak erabiltzeagatik ordaindu beharko dute

Australiak lege berria jarri nahi du martxan; onartzen badute, hemendik aurrera Googlek eta Facebookek komunikabideei ordaindu beharko diete beren albisteak erabiltzeagatik. Australiako proposamenak eragina izan du nazioartean, eta Europako Parlamentuak antzeko legea indarrean jartzeko proposamena aztertzea erabaki du; Google eta Facebook ez daude neurriarekin pozik, eta Australiatik zein halako neurriak hartzen dituen edozein herrialdetatik ospa egitearekin mehatxatu dute.

Australiako agintariei mehatxua ez zaie serioa iruditu, batez ere, Europak neurri berak hartzeko asmoak dituenean; hala, Rex Patrick senatariak adierazi du ezingo dutela "mundu guztitik ospa egin". Dena den, oraindik asko dira lege honen inguruan zalantzak dituzten parlamentari europarrak. 

Eta nola funtzionatuko luke lege berri honek? Dirudienez, egile eskubideak bermatuko dituzten lizentzia akordioak egin beharko dira; hala, Googlek eta Facebookek azalpenak eman beharko dituzte hainbat albisteri lehentasuna ematen dietenean, beste batzuk ezkutuan mantenduz. 

Dena den, Googlek dagoeneko egin ditu hainbat akordio Europako komunikabideekin; Frantzian adibidez, APIG komunikabide taldearekin akordioa itxi du Googlek, eta beren albisteak erabiltzeagatik ordaintzen die. Talde horretan 300 komunikabide daude egun.