ALTSASUKO GURASOAK: “Guretzat oso gogorra da baina aiton-amonentzat jasanezina; beldur dira beren biloben azken oroitzapena kartzela barruan izango ote den”

ALTSASUKO GURASOAK: “Guretzat oso gogorra da baina aiton-amonentzat jasanezina; beldur dira beren biloben azken oroitzapena kartzela barruan izango ote den” Altsasuko Gurasoek bizi duten egoera bere objektiboarekin harrapatzen ibili da goizetik gauera Galder Izagirre argazkilaria. Baina argazkiak baino zehatzagoak eta argigarriagoak izan dira sufrimendu zentzugabe hau pairatzen ari diren gurasoen hitzak. Gure Etxea izeneko egoitzan elkartu gara Amaia Amilibia, Gotzon Urrizola, Edurne Goikoetxea eta Bel Pozuetarekin. Elkarrizketan zehar, barreak, isiluneak eta malkoak egon dira, emozio zurrunbilo etengabean. Beraiekin egun osoa igaro ostean esan dezakegu gogorra izan dela baina aldi berean polita eta batez ere oso aberasgarria. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/altsasuko-gurasoak/@@download/image/ALTSASU GURASOAK_galder izagirre_02.jpg
2018/11/26
elkarrizketa

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre
Argazkiak: Galder Izagirre @diapositivisme_studio

Altsasuko Gurasoek bizi duten egoera bere objektiboarekin harrapatzen ibili da goizetik gauera Galder Izagirre argazkilaria. Baina argazkiak baino zehatzagoak eta argigarriagoak izan dira sufrimendu zentzugabe hau pairatzen ari diren gurasoen hitzak. Gure Etxea izeneko egoitzan elkartu gara Amaia Amilibia, Gotzon Urrizola, Edurne Goikoetxea eta Bel Pozuetarekin. Elkarrizketan zehar, barreak, isiluneak eta malkoak egon dira, emozio zurrunbilo etengabean. Beraiekin egun osoa igaro ostean esan dezakegu gogorra izan dela baina aldi berean polita eta batez ere oso aberasgarria.
ALTSASUKO GURASOAK: “Guretzat oso gogorra da baina  aiton-amonentzat jasanezina; beldur dira beren biloben azken oroitzapena kartzela barruan izango ote den”

200. zenbaki berezi honen azala irakurleek aukeratu dute Interneten zabaldu genuen bozketa baten bitartez. Zergatik uste duzue izan zaretela aukeratuak?
Bel Pozueta. Azken hilabeteetan harrituta gaude gazteengandik jasotzen ari garen babesaz. Udan zehar jai ugari ospatu dira, Donostiako Piratena esaterako eta gure ikusgarritasuna handitu egin da nabarmen. Herriz-herri entzuten ari den Aurrera Altsasu abestiari esker ere asko konektatu dugu gazteriarekin.
Amaia Amibilia. Nik uste gazte batzuei gertatu zaien desgrazia bat izateak, bereziki ukitu egin diela. Beraiei gauza bera gertatuko balitzaie, beraien gurasoek guk egiten ari garen berbera egitea gustatuko litzaiekeela uste dut. Guraso bezala irudikatzen dugun babes hori izan liteke gakoa. Betiere babes hori irudi bat baino ez dela kontuan hartuta, instituzioen aldetik ez baitugu inolako babesik sentitu.
B. P. Ni adibidez, ikastetxez-ikastetxe joaten naiz eta gertatu izan zait, batez ere Nafarroan, klase batera sartu eta guztia ‘Altsasukoak Aske’ pankartaz josia ikustea edo ikasle asko gure seme-alaben aldeko kamisetak jantzita dituztela ikustea. Izugarria da.

Kamisetak eta ikurrak aipatzen dituzuela, orain aste batzuk, Ramon Agirre aktoreak Donostia Zinemaldian Zinemira saria jaso zuenean ‘Altsasukoak Aske’ kamiseta zeraman. Horrelako oihartzun mediatikoak garrantzitsuak dira?
B.P. Jakina. Bi urte igaro diren honetan, gure kasua jendearen bihotz eta buruan jarraitzea pozgarria da, indarrak ematen dizkigu. Jende askok uste zuen egin genuen manifestazioarekin mediatikoki goia joko genuela eta hortik aurrera pixkanaka gutaz ahaztuko zirela, baina ez da horrela izan, gure argiak pizturik jarraitzen du. Ramon Agirrek edo beste edozeinek izan dezakeen keinu bati esker, bidegabekeria hau salatzeko bidea irekita mantentzen laguntzen dute.
Edurne Goikoetxea. Ikusgaitasuna ezinbestekoa da. Izaten ari garen onespena, estatu espainiarreko “azken operazio handia” delako da, irekia geratzen zaien azkena. Kamisetak eta banderak bezalako ikurrak, jendearen borondatetik jaiotako zerbait dira eta kasu hau burrunbatzen jarraitzeko ezinbestekoak.


Estatu espainiarreko hainbat komunikabidek hasierako egunetan eman zuten ikuspegiak zein puntutaraino izan du eragina?
B.P. Mahai gainean jarri zuten terrorismoaren gaia mantentzeko, alegia 50, 62 eta 12 urtetako kartzela zigorrak mantentzeko, atzetik kontaketa bat egon behar zuen. Komunikabide batzuek egin zutena kontaketa hori asmatu eta mantentzea izan zen. Justifikazioa behar zuten, bestela ez baitzegoen ezer. Liskar batengatik bizi duguna ezin zen inondik inora sostengatu.
A. A. Dena dago oso puztuta, hain handituta. Hain da gehiegizkoa dena eta bortitza, errealitatearen mugak erabat gainditu dituela. Bat-batean eta egun batetik bestera, gure seme-alabak kendu zizkiguten, bahiketa bat jasan zuten, ondoren 50 urteko eskaera etorri zen, audientzia nazionaleko lapurreta eta abar. Gauza normal eta arrunta izatetik, ohiz kanpoko zerbait bihurtu den arte.
B.P. Bi urte pasa dira eta jende askok “a ze astakeria” esaten du, baina estatu espainiarrak guardia zibilen testigantzak bildu eta “begira zer egin zieten, gizajoak, ondorio latzak izan dituzte” bezalako adierazpenak soilik erakusten ditu. Ondorio latzak? Gertatu zaien larriena orkatila hautsi zutela da.

Zein izan da komunikabideetatik gehien mindu dizuen adierazpen edo albistea?
A. A. Gezurra orokorrean. “La brutal paliza”, “temieron por su vida” bezalako esaldiak ikaragarriak izan ziren. La Razón egunkariak portadan gure seme-alaben argazkiak argitaratu zituztenean eta artikuluaren barruan guardia zibilek “el pasillo de la muerte” jasan zutela irakurri nuenean. Nahiz eta gero epaiketan frogatu zen moduan, beraiek zioten “el pasillo de la muerte” hori lokalaren tamainagatik eta beste hainbat arrazoiengatik ezinezkoa zela. Guztiz frogatu zen ez zetorrela bat errealitatearekin baina...
B.P. Epaiketan gure helburua kontaketa faltsu hori desmuntatzea zen, terroristak bailiran bezala epaitu zituztelako. Niri bereziki mintzen ninduena guardia zibilen aldetik “a ze sufrimendua, zer nolako jipoia eman didaten...” bezalako adierazpenak irakurtzea zen. Tipoa gezurretan ari zela frogatu zen eta!

 

AMALIA AMILIBIA: "Dena dago oso puztuta, hain handituta. Hain da gehiegizkoa dena eta bortitza, errealitatearen mugak erabat gainditu dituela".


A.A. Filtrazioena ere oso mingarria izan da. Guk, lehen informazioa, El Mundo egunkariaren bitartez jaso genuen. Seme-alabak atxilotu eta lau egun lehenago auto judizial bat jaso genuen audientzia nazionaletik. Bertan kontakizun zehatz bat eta izenak azaltzen ziren. “Zer gertatzen ari da hemen?” esaten genuen gure artean. Handik lau egunetara, inongo abisurik jaso gabe atxilotu egin zituzten. 50 urteetako eskaera hori ere filtrazio baten bitartez iritsi zitzaigun, justiziaren bidetik enteratu beharrean prentsaren bidetik jaso genuen informazioa. Nire semeari gertatu zitzaion adibidez -Jon Ander Cob- , tabernan zerbitzatzen ari zen bitartean “Oye, en la radio acaban de decir 50 años” entzutea. Bera lanean harrapatu zuten, ni aldiz gidatzen. Horiek al dira moduak? Baina zer da hau? Horrela ezin da bizi!
E.G. Niri komunikabideek orokorrean mindu nautela esateaz gain, ikara pairarazi digutela nabarmendu nahiko nuke, sekulako beldurra. Egunkari bateko titularrean zerbait irakurtzen genuen bakoitzean, bagenekien handik ordu gutxira hori gertatuko zela. Gure seme-alaben inguruko albiste bat argitaratzen zuten bakoitzean, bagenekien epe motzean albiste beldurgarriren bat jasoko genuela.
B.P. Hala da bai, 2016ko urrian espainiar komunikabideetatik ematen zutena ikusten ari ginen bitartean, laster etortzear zegoena iragartzen hasi ginen. Espejo Público eta Ana Rosa saioetan, etengabe egunero egunero, sekulako astakeriak esaten zituzten bitartean, gu etxean zur eta lur zer gertatuko ote zen itxaroten. Polizia eta guardia zibilak gure etxe aurrean kale-jantzian ikusten genituen eta herria hainbat egunez erabat hartu zuten. Zetorkiguna ikus genezakeen.


Gaur egun komunikabideek diotena gertutik jarraitzen duzue ala nahiago duzue aldendu?
B.P. Oso gertutik bai, den-dena irensten dut nik.
A. A. Albistegietan ere eboluzio bat gertatu dela uste dut. Egia, bere pisua edo garrantzia hartzen doala uste dut eta hasieran esaten ziren astakeriak neurtu egiten direla. Hori pentsatu nahi dut behintzat.

Komunikabideetatik ez duzue babesik sentitu orduan?
B.P. Bai bai, jakina! Euskal komunikabideek asko lagundu eta babestu gaituzue.
A. A. Baita Espainiako batzuk ere.
B.P. Euskal Telebista, Grupo Noticias, Berria, Gara eta abar luze batengandik oso babestuak sentitu gara.
E.G. Komunikabide digitalek ere oso ongi tratatu gaituzte orokorrean, baina txikiagoak dira, alternatiboagoak eta ezin dira hain urrun iritsi.
B.P. Kataluniako TV3 katean ere oso ongi tratatu gaituzte hasieratik.
B.P. Diario.es, Público... badaude bai eta beharrezkoak zaituztegu gainera. Edurne eta biok sarritan egon gara Katalunian eta hiru aldiz FAQ izeneko saioan. Gure agerraldiek Katalunian izan duten eragina izugarria izan da, ikaragarria, hemen baino gehiago esango nuke!
E.G. Sinestezina izaten ari da bai, metroan, kalean, izkin guztietan gelditzen gaituzte. Hemen askok ezagutzen gaituzte baina hangoa harrigarria da, “La Bel y la Edurne” entzuten dugu kaletik –barrez–.
A. A. Egia da bestalde, Madrilera joan garen bakoitzean medio guztietarako egin ditugula adierazpenak, TVE, Antena 3, La Sexta eta abar. Eta sentsazioa dugu barruan dugun guztia kontatzeko aukera ematen digutela, eta beraiek hori grabatzen dutela, baina gero ez dute emititzen.
B.P. Emititu agian bai, baina lehenik eta ondoren txertatzen dituzten adierazpenak, irudiak, tenientearen amaren drama eta abarrek errealitatea erabat lausotzen dutela.
E.G. Orain hilabete batzuk, egoitza honetan bertan, Bel beheko solairuan zegoen Ana Rosaren programan sartzeko itxaroten eta ni aldiz Espejo Público saiorako. Zuzenekoa zenez, hitz egiteko aukera izan nuen, baina ondoren Internetera igo zuten edukia zeharo moztua eta manipulatua zegoen, ez nuen hitz bakar bat esaten. Ikusteko aukera baduzue konturatuko zarete. Niri ikusten zait, haserre aurpegiarekin eta Consuelo Ordoñezek “sacar a esa familia de Alsasua por favor” oihukatzen duen bitartean...
A. A. Madrilen manifestazioa egin genuenean han genituen gure zain aipaturiko komunikabideak. Guztiek grabatu zuten gure deklarazioa, baina ondoren pertsonalki jarraipena egin nuen eta bakar batek ere ez zuen irudirik igorri.

Eta zergatik uste duzue gertatzen dela?
A. A. Ezin dutelako egia esan. Gertatutakoa tabu bezala daukate. Hau hemendik urte batzuetara konpontzen denean –ez dakit noiz– orduan kontatuko dute dena, baina une honetan ezinezkoa da.


Orain bi urte guztia hasi zenean, gaur egungo egoera honela imajinatzen zenuten?
B.P. Hau Euskal Herria da eta zoritxarrez ez da ezer berria. Gu bezala guraso asko egon dira borrokatzen eta bakarrik sentitu dira. Guk zortea dugu eta oso babestuak sentitzen gara. Gogorra da, latza eta gaizki pasatzen ari gara bai, baina oso babestuak gaude. Gaur adibidez Urnietan lanean nengoela, orientatzailea hurbildu da nigana –ez nuen ezertaz ezagutzen– eta sekulako besarkada eman dit. Ezezagunen babesa oso handia da.
E.G. Plataformaren atzean egunero lanean dabilen jende mordoaz gain, hainbeste irismen lortzearen arrazoia jendearen babesa da.
B. P. Nik babes honek ematen duen indarra 80 eta 84 urte dituzten nire gurasoengan ikusten dut bereziki. Nire aita hasieratik atera zen kalera, salatzera, oihu egitera, baina nire ama beti prudentziaz, isilik ea besteek zer esango duten. Gaur egun aldiz sekulako harrotasunez ateratzen da kalera.

Nola daramate aiton-amonek?
B. P. Uf, beraientzat oso oso gogorra izaten ari da. Guretzat jakina dela gogorra baina beraientzat jasanezina, ezin duzu imajinatu ere egin.
A. A. Min hori gehiago sentitzen dute. Zaharragoak izanik, beldur dira beren biloben azken oroitzapena kartzela barruan izango ote den, oso gogorra da. Injustiziarena ere ez dute ulertzen “gizarte demokratiko bat” leloa erakusten digute unibertsitatean, baina ondoren errealitateak zaplazteko bat bestearen atzetik ematen digu.

 

BEL POZUETA: "Gu bezala guraso asko egon dira borrokatzen eta bakarrik sentitu dira. Guk zortea dugu eta oso babestuak sentitzen gara".

 

Zaplazteko bakoitzaren ondoren zerk ematen dizue indarra?
B. P. Adibide batekin azalduko dizut. Fiskalitatearena eta sententziarena irratian entzun nuen egunean sekulako amorrua piztu zitzaidan barnean, baina ez gauzak hausteko amorru mota hori, baizik kalera irten eta berriro garrasi egitekoa! Hortik ateratzen dut indarra nik.

Gogoan duzue espetxera lehen aldiz joan zineten egun hura?
B. P. Uf... bai jakina, negar pila egin genuen. Familia osoa joan ginen Soto del Real kartzelara... –segundo batzuetako isilunea– oso gogorra izan zen...
–negarrez– oso gogorra izan zen, negar eta negar egon ginen geratu gabe
–isilunea–.

Nolakoa da zuen seme-alaben egunerokoa bertan?
A. A. Beraien gainetik noiz edo noraino bezalako erabakiak hartuko dituen norbait dago beti eta hori oso frustragarria da.

 

AMAIA AMALIBIA: "'gizarte demokratiko bat' leloa erakusten digute unibertsitatean, baina ondoren errealitateak zaplazteko bat bestearen atzetik ematen digu".

 

Bisita bakoitzean, nork uste duzue egiten duela esfortzu gehiago jarrera positiboa izan eta bestea animatzen saiatzeko; zuen seme alabak zuekin ala alderantziz?
–Guztiak pentsakor eta barrez–.
A. A. Bi aldeetatik egiten den zerbait dela uste dut. Askotan beraiek egiten dute ahalegina, baina esfortzu hori guk egiten dugun egunak ere izaten dira.
B. P. Bai ados. Egia da antzeztu nahi duten egun horietan, aurpegian irribarrea izan arren, begietan antzematen diegula ez daudela ongi eta atzean sekulako tristura dutela. Sentsazioa berbera izaten da: ondo egon garela, gustura baina ez guztiz. Kartzelatik irteten garenean gure artean ebaluazio moduko bat egiten dugu –barrez–: “Nola ikusi duzu?” “Zer esan dizu?”
A. A. Gogorrena agurrak izaten dira zalantzarik gabe. 40 minutuko lokutorioa edo ordu eta erdiko vis a vis-a amaitzean, oso momentu gogorra izaten da. Gu joan egiten gara, baina beraiek zulo hartan gelditzen dira.

Zer da zuen seme alabek gehien errepikatzen dizuetena?
B.P. Nik Adurri “pazientzia eta pazientzia” errepikatzen diot askotan. Tira, baita berak niri ere –barrez–, baina Adur oso erreta dago gaixoa, oso gaizki pasatzen ari da.

 

BEL POZUETA: "aurpegian irribarrea izan arren, begietan antzematen diegula ez daudela ongi eta atzean sekulako tristura dutela".

 

Nolako definituko zenituzkete aurrez aurreko edo ‘vis a vis’ hauek?
B.P. Familia batek izan dezakeen esperientziarik hoberena.
A. A. Bai, oso momentu polita izaten da. Okerrena giltzapean egotearen sentsazioa da.
B. P. Bai, sentsazio hori oso txarra izaten da, minutuak pasa ahala ahazten duzun zerbait izaten den arren.
A. A. Lehenengo aurrez-aurrekoa oso gogorra egin zitzaidan, giltzapeturik geundela sentitzea latza da. Baina gero egia da, normalizatu egin genuela, ohitu egin ginen eta elkarrizketaz, ukitzeaz, asko disfrutatzen dugula. Tokiari dagokionez, gela bat da, komun batekin, mahaitxo txiki bat eta lauzpabost aulki.
B. P. Normalean kafesnea ateratzen dute, alkoholik gabeko garagardoa, patatak, gailetak eta abar.
Gotzon Urrizola: Modulutik ere gauzak ekar ditzakete nahi izanez gero. Batzuetan denetatik egoten da, besteetan ezertxo ere ez. Garrantzitsuena elkarren arteko presentziaz gozatzea da. Lokutorioetan elkartzen garenean aldiz, kristal bat erdian dugula, distantziaren kontua zaila izaten da. Hor aurrean izan baina bera ezin ukitu, hitz egin eta ikusi bai baino gertutasun hori sentitu ez. Aurrez aurrekoetan hori behintzat puskatu egiten da eta sentimenduek ez dute hormarik.
B. P. Nire gurasoak adibidez, aurrez-aurrekoetara joaten dira baina lokutoriora ez. Zailegia iruditzen zaie.


Zenbat denbora egoten zarete beraiekin?
B. P. Orain lehen baino laburragoak izaten dira bisitak, ordu eta erdikoak gutxi gora behera, Aranjuezen aldiz hiru ordu inguru egoten ginen.
A. A. A bai? Gu ez, kartzelaren arabera izango da...
B. P. Egoera normal batean, egunerokoan, ez zenituzke seme alabak hiru orduz harrapatuko ezta erotuta ere! –guztiak barre algaraka– Espetxeko bisitetan, sekula hitz egin ez ditugun gaiez aritzen gara eta ikaragarri sakondu eta hausnartzen dugu. Zentzu honetan behintzat, oso esperientzia aberasgarria izaten ari da; bikoteari buruz, maitasunari buruz... gai guztiak ukitu ditugu!
A. A. Mugikorren etenaldirik gabe egotea ere polita izaten da.

Zuen egunerokoan zer da gogorrena?
B. P. Denboraren kudeaketa. Gure buruaren ia %100, jaikitzen garenetik ohera sartzen garen arte, gai honekin beteta dago.
G. U. Kasu honek gure bizitza erabat irentsi du!
B. P. Ni gaur korrika egiten nengoen bitartean, orain dela bi urteko gure bizitzan geldialdi egoeran utzi nituen gauza horiek berriro egingo ote ditudan pentsatzen egon naiz. Berreskuratuko al dugu inoiz gure bizitza? Argi dago jada ez dela inoiz berdina izango, baina ziur modurik egongo dela garai hartako gauzak berreskuratzeko.
A. A. Bai eta beharrezkoa da ahalegin hori egitea bestela gaixotu egingo gara. Gu eta baita gure seme-alabak ere. Lehen egin diguzun galdera, ea nork disimulatzen zuen bestearen aurrean, Jon Anderrek askotan esaten dit ez diola denborarik ematen nahi duen guztia egiteko. Egun horretan poz-pozik irteten gara “eskerrak” pentsatzen dugu. “Oso gaizki pasatzen nago, hau infernu bat da, atera zulo honetatik..” esango baligu egoera jasanezina izango litzateke guztiontzat.
B. P. Adurrek gaur arratsaldean justu kontrakoa esan dit. Egun guztiak berdinak direla, oso luze egiten ari zaiola, “hau zulo bat da, ez dago modurik ezer egiteko” eta abar. Ez dute ez kirolik egiten, ez irakurtzen, ezin dute ezer egin. Adur erabat gaindituta dago. “Partxisa eta telebista da hemen dagoen guztia” esaten dit askotan, ezin du gehiago.

Orain dauden kartzelak orduan, distantziaz gertuago, baina barruko egoera aurrekoarekin alderatuz okertu egin dela esango zenukete?
B. P. Bai, hemen (Iruñean) Aranjuezen baino okerrago daude. Kartzela barruan ez dago ezer, erabat mugatua daude. Pertsonal eta jarduera falta ikaragarria dago, eta hori nahiko berria dela, baina erabat itxita dago izkina guztietatik eta pertsonen edukiontzi bat dirudi.
A. A. Zaballakoan (Gasteiz) aldiz aukera gehiago daude, zimena, irakurketa eta abar.
G. U. Bai, hor gainera animatuagok ikusten ditugu.
A. A. Barruan daudela jakitea oso gogorra da guretzat, baina hor daudela kirola egiteko aukera badute edo ekintzarik, burua argi izateko ahalmena azken finean, ezinbestekoa iruditzen zaigu. Gurasoek ere gauza berbera egin beharko genuke, noizean behin burua zerbaitekin despistatu.


Zer ikasi duzue bi urte hauetan zehar?
B. P. Ahaldundu gara, nabarmen.
G. U. Bai, guztiz ados.
E. G. Sekulako trebetasuna bereganatu dugu defendatu behar dugun hori indar guztiz defendatzeko. Elkartasunaren gaia ere harrigarria izaren ari da. Leku guztietatik iristen zaizkigu solidaritate mezuak eta gu laguntzeko babesa. Bel eta ni izan gara agian gehien bidaiatu dugunak gure kasua salatuz eta ez nintzateke gai izango zenbat etxeetan lo egin dugun esateko. Jendeak beraien ateak ireki dizkigute trukean ezer eskatu gabe. Katalunia, Burgos, Valentzia, Palentzia, Vallecas eta abar luze bat. Elkartasunaren printzipioak maila gorenenean dituen pertsona mordoa ezagutzen ari gara eta espero ez genuen txokoetatik gainera. Katalunian agian errazagoa edo ulergarriagoa da publikoki guri babesa eskaintzea, baina, Madril, Zaragoza edota Valladolid bezalako tokietan ez. Kontuan izan leku hauetan gutxiengoak direla eta esfortzua handiagoa dela.
G. U. Elkartasuna dagoela betidanik jakin izan dugun zerbait da, baina kasu honetan oso gertuko elkartasuna eta berezia izaten ari da, benetakoa.

Asko bidaiatzen duzuela aipatu du Goikoetxeak. Guzti hau nola finantzatzen duzue?
B. P. Kamisetena sekulako arrakasta izaten ari da. Horrez gain, afariak, kontzertuak eta abar. Dirua lortzeko ekintza desberdinak antolatzen ditugu. Berlinen adibidez ekitaldi berezi bat egingo da, baita Edinburgon ere. Jendeak lagundu nahi badu, onena, Altsasu Gurasoak izeneko sare sozialen bitartez idaztea da.
G.U. Gu gurasoak gara, bilerak egiten ditugu eta bidaiatzen dugu, baina inguruan Altsasukoak Aske plataforma dago. Laguntzeko prest egun osoan lanean ari den jendea; antolaketan, dirua nondik lortu pentsatzen, zer egin eta nola. Gure inguruan sortu den guztia ikaragarria da!
E. G. Pertsona pribilegiatuak gara zentzu horretan. Ez da bakarrik ekonomikoki lortzen ari direna, baita hilabetero zerbait desberdina sortzearen gaitasuna. Sekulako lana egiten dute!
B. P. Manifestazioak antolatzen dituzten taldeak egoten diren arren, Iruñeko manifestazio jendetsu hura adibidez, beraiek bakarrik antolatu zuten guztia.


Sentsazioa duzue mundu guztia zuen alde mugitzen ari dela, baina egoera hau konpontzeko benetan mugitu behar duenak ez duela ezer egiten?
A. A. Horrela da bai, eta sufrimendua areagotzen ari da. Ze justizia mota da, konpondu beharrean sufrimendua areagotzen duena? Gure kezka handiena honi irtenbidea bilatzea da. Konponbide erraza zuen gauza bat sekulako puxika batean bilakatu da. Egoera jasanezina da, niri denbora pasa hala geroz eta gogorragoa egiten ari zait egia esan.
B. P. Niri ere gertatzen zait bai, pazientzia gutxiago dudala sumatzen dut, errazago haserretzen naizela.
G. U. Mugan gaude, elkartasun osoa dugu inguruan, baina gure motxilan bi urteko zama daramagu.
B. P. Jendeak bi urte hauetan asko zahartu garela esaten digu. Orain urte beteko argazkiak ikusita nabari den zerbait da.
A. A. Ikasi ez dakit, baina zahartu egin gara bai –barrez–.
A. A. Zailena babesa eman behar dutenengatik babesik ez jasotzea da. Egiari kasu egitea da egin behar duten bakarra. Justizia arrazoi politiko batengatik erabiltzen ari dira.
E. G. Hemen gauza batez oso kontziente izan behar dugu: Covite, guardia zibilen elkartea eta PP aurrez aurre jartzen diren bakoitzean, estatu espainiarraren zutabeen aurrean jartzen ari garela. Askotan esan dute epaiketa irabazi dezakegula, baina sententzia galdu. Muntaiak eta lotsagabekeria erabiliz soilik dakite egiten guztia. Dena den orain gizartearen eremu zabalago batek begiak ireki dituela dirudi. Betidanik egin izan dituzte era honetako muntaia politiko eta polizialak, baina lehen sektore konkretu baten barruan soilik geratzen zen. Hiru urteko kartzela prebentiboen kasuak bilatzen hasi eta ehunka topatuko dituzu. Estatuaren lehen muntaia ez garenez, ea behintzat azkenekoak garen.
B. P. Katalunian gertatzen ari dena ikusita, estatu espainiarrak justizia eta boterea nola erabiltzen duen alegia, gure kasuaren berdin berdina dela argi dago. Ez dago inongo justifikaziorik, baina beraiek esaten dutena da eta kito! Estrasburgon “egin behar duzuna ez duzu egiten” esanez azaldu dira. Estatu espainiarrak badaki, baina bost axola!
A. A. Gauza batek argi geratu behar du, guk ez genuen nahi gure seme-alabak heroiak izatea, baina ezta martirrak ere! Eta begira zein egoeratan gauden, mina etengabe areagotzen ari da.

 

GOTZON URRIZOLA: "Espetxeko bisitetan, sekula hitz egin ez ditugun gaiez aritzen gara eta ikaragarri sakondu eta hausnartzen dugu"

 

Azken adierazpena egiteko aukera duzue...
B. P. Gazte jendea animatu dadila, ez dadila isilik geratu mesedez, injustizia bat tartean dagoenean guztiak elkarturik lortzen baitira gauzak!
G. U. Eskerrik asko jasotzen ari garen besarkada, babes eta animo horiengatik.
E. G. Egoera honi buelta emateko denon indarra egin behar dugula, bestela ez da posible izango, munduko indar guztia behar dugu!
A. A. Ikaragarri gustatuko litzaiguke zuen azalean gure seme-alabak aterako balira eta ez gu. Gainera hainbeste elkartasun izatearen kontuarekin festaz-festa ibiltzea tokatzen zaigu –barrez– gu parrandan eta beraiek kartzelan.
B. P. eta G. U.: Bai baina ez da aukeraturiko zerbait!
A. A. Horrelako ekintzetan gaudenean askotan pentsatu izan dugu “zer gustura egongo liratekeen beraiek hor.”
B. P. Ah! Eta eskerrik asko GAZTEZULOko irakurleei gurekin akordatzeagatik jakina!

ALTSASUKO AUZIAREN KRONOLOGIA

2016

- 0-15 Goizaldean Guardia Zibilen, haien bikoteen eta gazteen arteko liskarra gertatu zen.
- 10-17 Atxilotutako bi gazteek Mari Paz Benito epailearen aurrean deklaratu zuten.
- 10-18 Covitek Espainiako Auzitegi Nazionalean salaketa jarri zuen.
- 10-26 Adur Ramirez de Alda, Julen Goikoetxea, Oihan Arnanz eta Jon Ander Cob beren borondatez Nafarroako Entzutegi Probintzialera joan ziren Benito epailearen aurrean deklaratzera. Epailea bertan ez zegoenez, dokumentu bat sinatu zuten haien asmoak adieraziz.
- 10-27 Guardia Zibilaren txostenaren arabera ez dago terrorismo zantzurik.
- 10-28 Aratz Urrizolak eta Edurne Martinezek beren burua Nafarroako Entzutegi Probintzialean aurkeztu zuten Benito epailearen aurrean deklaratzeko. Dokumentu bat sinatu zuten haien asmoak adieraziz.
- 11-10 El Mundo egunkariak Altsasuko autoa argitara eman zuen. Bertan, hamabi herritar –bi adin txikiko tartean– euren izen-abizenez identifikatu zituzten eta ez euren NAN zenbakiaz. Hainbat gazte filtrazio horren bidez konturatu ziren inputatuta zeudela.
- 11-14 Hamar gazte altsasuar atxilotu zituzten Espainiako Auzitegi Nazionalaren agindurik gabe.
-11-16 Altsasuko Udalak azaroaren 26rako manifestazioa deitu zuen.
- Madrilen deklaratu ondoren beste gazte bat kartzelara. Zazpi guztira. FIES erregimena ezarri zieten.
- 11-26 20.000 bat pertsona elkartu ziren manifestazioan.
- 12-20 Kartzelatutako gazteetatik lau (Aratz Urrizola, Jon Ander Cob, Iñaki Abad eta Julen Goikoetxea) aske utzi zituzten. Adur Ramirez de Aldak, Oihan Arnanzek eta Jokin Unamunok preso jarraitzen dute.

2017

- 02-02 Manifestuaren aurkezpena Iruñean. 130 pertsona ezagunen sinadurarekin hasi ziren.
- Nafarroako Lurralde Auzitegiak defentsaren helegitea aztertzen hasi zen.
- 02-24 100 egun preso, salaketa kontzentrazioan 2.000 pertsona Iruñean.
- 03-23 www.altsasugurasoak.com web orrian manifestua sinatzeko aukera martxan jarri zuten.
- 04-05 Hiru presoen askatasun helegitea atzera bota zuen Espainiako Entzutegi Nazionalak.
- 05-03 Manifestuak 18.000 sinaduren babesa zuen.
- 05-29 Abokatuen eskaera onartu eta Gorenak Auzitegi Nazionalari auziaren prozedura eteteko eskatu zion.
- 06-01 Gorenak auzia Auzitegi Nazionalean epaitu behar zela erabaki zuen.
- 06-03 Gorenaren epaia salatu zuten 3.000 pertsonek manifestazioan.  Soto del Real espetxera hirugarren martxa egin zen.
- 06-06 Adur bakartze modulura eraman zuten, martxakoak agurtzeagatik. Salaketa kontzentrazioak egin ziren herrian barna.
- 06-09 Gazteak espetxe desberdinetan dispertsatu zituzten: Oihan Navalcarnerora (433 km-ra), Adur Arajuezera (460 km-ra) eta Jokin Extremerara (13an) (465 km-ra).
- 06-29 Gurasoen ordezkaritza eta abokatuetako bat Europako Parlamentuko taldeekin bildu ziren Bruselan. 51 eurodiputatuk adierazpena sinatu zuten. Adurren senideek auto istripua izan zuten espetxetik bueltan.
- 07-04 Fiskaltzak egin zezakeen zigor eskaerarik handiena egin zuen: 375 urte guztientzat.
- 07-05 Herritarrez babestuta, gurasoek prentsaurrekoa eman zuten eta zigor eskaera “neurrigabeak” zirela salatu zuten.
- 09-07 Aurrera Altsasu kantua eta bideoklipa aurkeztu zituzten. 
- 11-19 Adurri jarritako bakartze zigorra ez zela zuzena izan jakin zen.
- 11-26 Urte bete preso egin zutela salatu zuten 5.000 pertsonek manifestazioan.
- 12-05 Epaileek Adurren eta Jokinen behin behineko askatasuna ukatu zuten.


2018

- 02-22 Altsasuko auzia Amnesty Internationalen urteko txostenean jaso zen.
- 03-29 Hiru gaztek 500 egun preso egin zituzten.
- 04-14 Justizia eskatuz manifestazioa egin zuten 50.000 pertsonek Iruñean.
- 04-16 Altsasu auziaren epaiketa hasi zen.
- 06-01 Bi eta 13 urte bitarteko kartzela zigorra ezarri zieten Altsasukoei, terrorismoa egotzi ez arren.
- 06-05 Aske zeuden gainerako gazteak atxilotu eta kartzelatu egin zituzten epaia irmoa izan baino lehen “ihes egin” ahal zutelako. Ainara Urkijo 2 urteko kartzela zigorra jaso zuena izan zen atxilotu ez zuten bakarra.
- 10-14 Adur, Jokin eta Oihanek 700 egun eman dituzte preso. Iñaki, Aratz, Jonan eta Julen 131 egun. Hori salatzeko, elkarteratzea eta bideo emanaldia egin dituzte.

*Hainbat datu Guaixe Fundaziotik hartuak dira.

IDAZTEKO HELBIDEAK

- ADUR RAMÍREZ DE ALDA POZUETA
- IÑAKI ABAD OLEA
Centro Penitenciario Pamplona
C / Colina Santa Lucia s/n
31.012
Iruñea (Nafarroa)

- Jokin Unamuno Goikoetxea
- Oihan Arnanz Ciordia
- Julen Goicoechea Larraza
- Jon Ander Cob Amilibia
- Aratz Urrizola Ortigosa
Centro Penitenciario Araba
Portillo S. Miguel 1
Carretera N-1, Km 340
01230
Nanclares de la Oca (Araba)

*OSO GARRANTZITSUA: Igorlea beti adierazi!