SINADURAK.TV: SORTZAILEEN AHOTSA ZABALTZEN

SINADURAK.TV: SORTZAILEEN AHOTSA ZABALTZEN Gurea, erraldoien lana egiten duten komunikabide txikiz osaturiko lurraldea da. Orotariko informazioa landu eta hamaika toki zein gai ordezkatzen dituzten itsasargi baliotsuak dira, baliabide eskas eta ilusio handiz aurrera egiten dutenak. Atal honetan BIDEOGRAFIK ekoiztetxeak sortutako Sinadurak.tv proiektua ezagutzera emango dugu eta horren harira beraiekin hitz egiteko aukera izan dugu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sinadurak-tv-sortzaileen-ahotsa-zabaltzen/@@download/image/hasiberriak.jpg
2019/05/14

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Gurea, erraldoien lana egiten duten komunikabide txikiz osaturiko lurraldea da. Orotariko informazioa landu eta hamaika toki zein gai ordezkatzen dituzten itsasargi baliotsuak dira, baliabide eskas eta ilusio handiz aurrera egiten dutenak. Atal honetan BIDEOGRAFIK ekoiztetxeak sortutako Sinadurak.tv proiektua ezagutzera emango dugu eta horren harira beraiekin hitz egiteko aukera izan dugu.
SINADURAK.TV: SORTZAILEEN AHOTSA ZABALTZEN

Azaldu zer den Sinadurak.tv ezagutzen ez duenari.
BIDEOGRAFIK ekoiztetxeak bultzatu eta gauzatutako plataforma bat da Sinadurak. Kulturarentzat bozgorailu audiobisuala izan nahi du eta bertan kulturaren arloan mugitzen diren pertsona guztiek dute lekua. Bertan ezagutu daitezke kulturako esparru ezberdinetan gauza zinez interesgarriak egiten dituzten sortzaileak.

Nondik sortu zen ideia?
Nagusiki kulturala zen plataforma bat sortzeko beharretik sortu zen ideia, gure gizartearen zati bati erantzuna emateko helburuarekin. Hainbeste pertsona daude gauza benetan interesgarriak egin eta esaten dituena, baina aldiz, ez dutena inongo oihartzunik... Eskakizun horri erantzuna ematen saiatu ginen BIDEOGRAFIK ekoiztetxetik. Ondoren, noski, irudiaren kontua dago. Ekoizle enpresa bat garenez, irudiaren profesionalak gara eta hau da gure lan tresna. Gainera, Sinadurak ikerketa laborategi bat bezala ikusten genuen gure ideia eta proiektuentzat.

Zer baldintza bete behar dituzte zuen elkarrizketatuek?
Bere jarduera profesional edo amateurrak osagarri kultural bat edukitzea eta guri zabaltzeko interesgarria iruditzea. Horixe besterik ez. Ondoren, euskaraz baldin bada askoz ere hobeto, baina ez da ezinbesteko baldintza bat.

Zergatik aukeratu duzue ikus-entzunezko formatua?
Ikus-entzunezko ekoizle taldea gara eta hau da ezagutzen dugun adierazteko modua. Horrez gain, ezaugarri jakin hauek betetzen zituen produkturik ez genuen ezagutzen merkatuan eta beraz, guk geuk sortzea erabaki genuen.

Nolakoa izan da bai elkarrizketatuen eta baita publikoaren erantzuna?
Oro har, oso oso ona. Elkarrizketatuen aldetik erabateko erraztasunak eman dizkigute. Guztiok nahi dugu gure lana ikusaraztea proiektu bati ordu asko ematen dizkiogunean, norbaitek hori ezagutzea nahi dugu eta gainera, ezagutza horrekin guztiok ateratzen gara irabazten. Sortzailearentzat jarraitzeko motibazioa izatea espero dugu eta proiektua ezagutzen ez dutenentzat sortzaile berriak ezagutzeko aukera bat da, beraz, espero dugu publikoari proiektua gustatzea.

Euskal kulturan harribitxi asko daudela ezkutuan esango zenukete?
Ezin duzue imajinatu ere egin! Hainbeste daude lan izugarria egiten dutenak kulturaren alde, diziplina artistiko ezberdinak potentziatuz... gehienak pertsona anonimoak dira, pasioa, esfortzua eta gogoak soberan dituztenak eta horiek denak kulturari eskaintzen dizkiotenak. BIDEOGRAFIKen helburuetako bat balore hauek beste ezeren gainetik publikoari helaraztea da, beraz, oso harro eta oso gustura gaude pertsona hauei ahotsa eta tarte hau eskaini ahal diegulako. Haatik, kultura zabaltzeko aukera emateaz gain, Sinadurak proiektuak aukera eman digu ezagutzen ez genituen pertsona interesgarriak ezagutzeko. Hain zuzen, pertsona horiek ondoren ideia ugari eman dizkigute beste ideia eta proiektu batzuk garatzeko.

Nola ikusten duzue proiektuaren etorkizuna?
Etorkizunaz baino orainaldiaz hitz egiten dugu eta momentuz gogoak soberan ditugu eta baita ideiak ere, badaude proiektuak eta indarra dagoen bitartean jarraituko dugu. Denbora luzerako Sinadurak bermatuta dago.

Proiektu berririk bai esku-artean?
Beti ditugu proiektu eta ideia ugari, mota guztietakoak gainera! Dokumental ugari burutzeko ideiak ditugu buruan orain, baina oraindik ez dira gauzatu eta beraz ezin dugu ezer esan. Hortxe utziko dugu beraz, adi egon!

Atal guztiak ikusgai euren web gunean: http://www.sinadurak.tv/ eta baita proiektuaren Facebook eta Instagram kontuetan ere. Oso errez eta gustura ikusten dira beraz, sakatu play botoia eta gozatu kulturaz!