Lau hankako aiton-amonen azken aukera

Lau hankako aiton-amonen azken aukera Ez dezagun ahaztu, animaliak gara. Hori ahaztean azaldu ohi dira gizakiaren alderik basati eta zitalenak. Balio beza atal honek gure animalia izaera goraipatu eta beharrean dauden beste animalien berri emateko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lau-hankako-aiton-amonen-azken-aukera/@@download/image/2895e91b-b400-47e1-88aa-d5eb56b6c1b5.jpeg
2019/06/03
elkarrizketa

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Ez dezagun ahaztu, animaliak gara. Hori ahaztean azaldu ohi dira gizakiaren alderik basati eta zitalenak. Balio beza atal honek gure animalia izaera goraipatu eta beharrean dauden beste animalien berri emateko.
Lau hankako aiton-amonen azken aukera

Uda gertu dugu, eta gehienontzat oporraldi eta zoriontasun garaia izan ohi den bitartean, badira amesgaitzo gogorrena jasateko zorian daudenak; abandunatutako txakurrak. Dakizuenez, urtero garai hauetan nabarmen igotzen da abandonatutako animali kopurua, oporretan etxe maskotarekin zer egin ez dakiten horiek betirako uzten dituztenean. Egoera hori, zoritxarrez, ezin hobeto ezagutzen dute Gipuzkoako Animaliak eta Landareak Babesteko Elkartean. Urtaro gogorrena datorkie orain, Gabonetako oporraldiekin batera abandono gehien ematen diren garaia baita. 

Abandonatutako animali guztiek jasaten dute trauma eta tristura, baina bereziki gogorra da egoera lau hankako aiton-amonentzat; senior txakurrek guztietan aukera gutxien dituzte adoptatuak izateko, gehienetan, jendeak nahiago dituelako txakur gazteak edota txakurkumeak. Horrela, beren bizitzako azken urteak kaiolatan egiten dituzte gehienek. Ez da giro txakur zaharrentzat, kontuan hartuta askorentzat lagun perfektuak direla, lasaiak, ikasiak eta bereziki leialak direlako.

Hain zuzen, Garazi Muguruzak bolondres moduan egiten du lan Gipuzkoako animaliak eta Landareak Babesteko Elkartean, eta lanketa berezia egin du txakur seniorrekin. Jendearen kontzientzia eta interesa pizteaz gain, arreta berezia jarri du aiton-amonengan, eta kasu larrienak adoptatu ditu:


Garazi Muguruza Dai lagun berriarekin.

Noiz hasi zinen bolondres lanetan eta zergatik?

Betidanik gustatu zaizkit animaliak, bereziki txakurrak, baina adopzioaren munduan 2013an hasi nintzen. Protektorako web gunea eta Facebooka kontrolatzen eta bere animaliak ezagutzen hasi nintzen. Hor, konturatu nintzen animali abandonatu pila zegoela etxe bila eta laguntzen hasi nintzen sare sozialetan partekatzen.

Igeldoko protektorarekin elkarlanean aritu zara eta bertatik adoptatu dituzu zure txakurrak, gehienak, kasu larrienak. Nolako lana egiten dute bertan? Nolakoak dira zuk adoptatu dituzun animaliak?

Protektorako lan printzipala abandonatutako animaliak zaintzea eta babestea da, familia on batek adoptatzeko. Nire esperientzia pertsonala adoptatu ditudan animaliekin zoragarria izan da. Egia da, familiak pazientzia eta denbora behar dutela animalia adaptatzeko. Baina lortzean, ikaragarria da aldaketa.

Zeintzuk dira abandonoen arrazoi nagusiak? Zenbat abandono daude urtean? Igeldon, zenbat animali daude zain?

Gehienak, aitzakiak dira; etxez aldatzea eta animaliarik sartzen ez uztea, jabea hiltzea eta familiak animalia ez onartzea, tamainaz oso handia egitea, lanaren ondorioz denbora falta izatea, alergia izatea, apeta edota opari bat izatea... Urtez urte abandonatutako animalien zenbakia jaitsi egin da, baina oraindik lana dago egiteko. Protektoran gutxi gora behera 100 txakur daude adoptatzeko eta 80 bat katu. Abandonatutako txakur gehienak ehizakoak, pitbulak edo artzai txakurrak dira eta katu gehienak kalean aurkitutakoak. 

Erakundeen laguntzarik izaten al duzue?

Ni bolodres soila naiz, baina badakit aldundiaren eta elkarteko kideen laguntza ekonomikoa daukatela. Beste elkarteek berriz, ez.

Zein da adopzioen zain dauden animalien egoera?

Egoera ugari daude, baina animalia gehienak erabat etsita daude, kaiolatik ateratzeko desiratzen. Batzuei, beldurrak jaten die, beste batzuk bere buruari min egiten diote eta gehienak antsietate arazoak dituzte. 

Zein izan da aurre egin behar izan diozun egoerarik zailena?

Bolondres bezala, protektorara ailegatzerakoan eta argazki eta bideoak egiten hasten naizenean, kasu desbedinak ikusi ditut; animaliak ilerik gabe eta azala gorrituta, "perro cadena" esaten dieten txakurrak, animali familia osoak abandonatua... 

 

"Oso tristea da babeslekura ailegatzea eta animali guztiak kaioletako burdinetara itsatsita ikustea, negarrez, handik ateratzeko irrikaz. Bihotza bitan zatitzen zaizu".

 

Zer egin behar du adoptatzeko interesa duen norbaitek?

Egin dezakeen gauzarik onena protektorara igotzea eta animaliak aurrez aurre ikustea da. Oso tristea da babeslekura ailegatzea eta animali guztiak kaioletako burdinetara itsatsita ikustea, negarrez, handik ateratzeko irrikaz. Bihotza bitan zatitzen zaizu.

Nola aukeratu bakoitzarentzat animalia egokiena?

Gogoa eta denbora baldin badaukazu edozein animalia ona da adoptatzeko eta bere bizitza aldatzeko. Logikoena, bikote gazte batek animali gazteak adoptatzea eta bikote heldu batek animali heldu-seniorrak adoptatzea. Azkenean, animali hauek denbora, pazientzia eta maitasuna behar dute, besterik ez.

Zure kasuan, bereziki txakur helduei azken aukera eman izan diezu; zer gauza positibo kontatu ditzakezu txakur seniorrak adoptatzeaz?

Nire ustez, txakur seniorrak adoptatzea munduko gauzarik politena da. Heziketa dute, maitagarriak dira eta zoritxarrez ikusezinak bihurtzen dira. Nire bizitzan, lau txakur adoptatu ditut eta beste asko harrera etxean eduki ditut eta gehienak txakur seniorrak ziren. Urtarrilan, Lagun nire 17 urteko arratoi txakurra, hil egin zen. 12 urte zituela adoptatu nuen protektoran eta bizitzan egin dudan gauzarik hoberena izan da dudarik gabe. Hilabete berean, beste txakur bati aukera berdina ematea erabaki nuen. Eta nola aukeratu nuen? Oso erraza izan zen, protektoran denbora gehien eman zuen txakurra nahi nuen; Dai izan zen aukeratua. 2016tik zebilen kaiolan, norbaitek azken aukera emateko zain. Bost urtekin sartu zen bertan, eta nik zortzirekin atera dut. Oso txakur azkarra da eta Lau hilabetetan aldaketa ikaragarria egin du. Lehen esan dudan bezala, munduko esperientziarik atseginena da eta edonorri gomendatzen diot.

 

"Txakur seniorrak adoptatzea munduko gauzarik politena da. Heziketa dute, maitagarriak dira eta zoritxarrez ikusezinak bihurtzen dira".

 

Zein erronka dituzue etorkizunari begira?

Erronka nagusia jendea kontzientziatzea da eta animali abandonatuen bizitza aldatzea da. 

Zein da ezagutzen duzun kasu larriena?

Larrienak kaioletan denbora gehien ematen duten animaliak dira, baita seniorrak edo bueltatzen dituzten animaliak. Sare sozialetan egunero partekatzen ditut eta urtero erronka berria zabaltzen dut sarean; ea denbora gehien ematen dutenek adoptatuak izatea lortzen duten urtea amaitu aurretik. Adibidez, Dai aurtengo erronkaren barruan zegoen, baita Turco, Venaki, Drako eta Ponderosa; zorionez, denak adoptatuak daude. Baina oraindik beste txakur asko gelditzen dira familia on baten zain; Irina, Baldomero, Olson edo Kala adibidez. Denak txakur PPP (baimen berezia behar dute) helduak dira eta 2016tik itxaroten daude. Oso penagarria da... bizitza pasatzen zaie kaiolan zain... eta askok ez dute lortzen. 

 

Kaixo! Denbora gehiegi daramagu kaiolan... hemendik ateratzen lagunduko?

 

Gipuzkoak Animaliak eta Landareak Babesteko Elkartean gaude, eta kasu larrienen aurtean aurkitzen gara, zoritxarrez. Ezagutu nahi gaituzu? Gu zurekin egoteko irrikitan gaude!!

  • Irina, Baldomero eta Olson: 2016tik gaude zure zain!
  • Kala: 2012an adoptatu ninduten, baina zoritxarrez, iaz (2018an) bueltan ekarri ninduten.
  • Lou, Luna, Kibel, Teddy, Sora: 2017tik zure zain gauden aiton-amona maitagarriak gara!  
  • Lola eta Flo bikotea: Amona bikote paregabea gara, elkar maite dugu; gu ezagutzeko prest?

Gutako gehienok 3-6 urte ditugu, baina 10 urtekoak ere bagaude; adoptatzeko aukera ez baduzu, harrera etxea izateko ere aukera baduzu! 

KONTAKTUA:
Emaila: spapg2@yahoo.es
Telefonoa: 943 37 66 50 (10.00-14.30)
http://www.protectoradegipuzkoa.com