Labe barruan egosteko prozesuan dauden proiektuak dastatzeko prest?

Labe barruan egosteko prozesuan dauden proiektuak dastatzeko prest? Nogen, Agur Etxebeste eta Mateoren ama badatoz! https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2018/08/24

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Nogen, Agur Etxebeste eta Mateoren ama badatoz!

NOGEN

SUKALDARIAK: Jokin Guilisagasti (bateria), Ane Negeruela (ahotsa), Markel Idigoras (ukelele eta ahotsa), Olatz Cuevas (baxua) eta Alex Irazusta (gitarra). Horrez gain, lagun askoren parte hartzea izango dute eta oraindik azaldu ezin dituzten kolaborazio bereziak.

EGOSTE DENBORA: Pare bat hilabete beharko dute egosketa-puntua lortzeko beraz, 2018ko urria-azaroa bitarte aterako dute diskoa labetik.

OSAGAIAK:

- Hiru abestiz osaturiko EP.

- Of Monsters and Men talde islandiarraren ukituak.   

- Letren sakontasuna.

- Freskotasuna eta ilusio eskukada bana.

ERREZETA: Egun kaxkar bat alaitzeko talde ezin hobea duzu Nogen. Euskarazko eta ingelesezko doinuak nahastuz, eta ukelele, gitarra, baxu, bateria eta ahotsekin jokatuz, folk pop talde honek Nora abestiarekin lortu zuen arrakasta errepikatu nahi du, baina kasu honetan disko oso baten babesean. 

 

 

 

AGUR ETXEBESTE

SUKALDARIAK: Ramon Agirre, Elena Irureta, Paco Sagarzazu, Iban Garate, Iñake Irastorza eta Patxi Gonzalez izan ziren, besteak beste, lehenengo lanaren protagonistak, eta oraingoa ere, oro har, lantalde berdina aritzea da zuzendarien asmoa. Sukaldari
nagusiak, aldiz, Telmo Esnal eta Asier Altuna izango dira.

EGOSTE DENBORA: 2017an ICAA Espainiako Zinema eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak film luzeen proiektuen gaineko ekoizpenerako diru-laguntza jaso zutenetik, gidoian buru-belarri aritu dira eta dena ondo bidean, 2019an pantailaratuko dutela aurreratu du.

OSAGAIAK:

- Aurrekoan bezala, Bergaran izango da grabaketa eta famili-etxea izango du ardatz.

- Grabaketarako familiaren etxe hori eraiki egin beharko dute.

- Nolako bizimodua darama duela hamahiru urte pantaila handian milaka ikuslek ezagutu zuten Etxebeste familia xelebreak? 

ERREZETA: Kasu honetan beste saltsa batean sartuta ikusiko ditugu Etxebestetarrak, beti ere aurreko zatiaren umore beltza ardatz
hartuta. Egoera ezberdin bat bizitzen, denbora nola pasatu den bai pertsonaiengan, bai soziologikoki izango da zati berri honen mamia.

 

 

MATEOREN AMA

SUKALDARIAK: Aitor Arregik eta Jose Mari Goenaga izango dira sukaldari nagusiak. Aktore lanetan aldiz, Mariasun Pagoaga, Itziar Aizpuru, Iñigo Aranburu eta Aitziber Garmendia besteak beste. Eta arlo teknikoa aldiz, konfiantzazko talde batek osatu du; Handia filmean ibilitako talde berdinak.

EGOSTE DENBORA: Taldearen hurrengo lana izango den La trinchera infinita filmean murgildu aurretik, film labur hau otsaileko asteburu bakar batean errodatu dute. Ekainerako bukatuko dutela aurreikusi dute.

OSAGAIAK:

- Fantasiaz beteriko drama familiarra.

- Zineman sarritan landu dute Alzheimer-aren gaia El hijo de la novia (2001) ala Away From Her (2006) filmetan adibidez, baina kasu honetan Euskal Herrira ekarritako istorio bat izango du ardatz.

ERREZETA: Istorioa Iban Zalduaren izen bereko eleberrian oinarrituta badago ere, hasieratik argi utzi dute ez dutela errealitate eta subjektibitatearen arteko bereizketarik egingo. Gizon baten egunerokoaren kontakizuna egingo du filmak. Alzheimerrak jota dagoen ama bisitatzera joaten da gizona, egunero-egunero, emakumea hartzen duen egoitzara. Amak, ordea, ezingo du semea ezagutu.