Galtza motzak bulegoan, gizonentzat debeku

Galtza motzak bulegoan, gizonentzat debeku Oraindik ere, enpresa askotan gizonek ezin dute galtza motzetan lan egin; zergatik? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/galtza-motzak-bulegoan-gizonentzat-debeku/@@download/image/_101277730_calorok.jpg
2019/07/04
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Oraindik ere, enpresa askotan gizonek ezin dute galtza motzetan lan egin; zergatik?
Galtza motzak bulegoan, gizonentzat debeku

Uniforme zehatza behar duten lanbideak alde batera utziz, gaur egun oraindik asko dira gizonei galtza motzetan lan egitea debekatzen dieten enpresak. Arrazoia? Seriotasun falta iradokitzea. Hain zuzen, galtza motzak informalegiak dira askorentzat. Baina, ez al da etiketen zorroztasuna alde batera uzteko garaia?

Emakumeen kasuan, gonen derrigorrezko erabilera ia sektore guztietan utzi dute bertan behera, uniforme zehatza duten hainbat sektoreetan salbu, hala nola, hegaldietako azafatak eta antzeko lanbideak. Dena den, 2011. urtean Auzitegi Gorenak adierazi zuen emakume erizainei ezin zitzaiela gona, mediak eta kofia eramatera behartu. Hala, gizon erizainek erabilitako pijama bera janzteko eskubidea bereganatu zuten.

Hain zuzen, Galizian taxista batek gona jantzi zuen, beren enpresaren janzkera kodearen aurka protesta egiteko. Enpresak ezin izan zion isunik jarri, gonak baimenduta zeudelako. Hain zuzen, taxistek bereziki sufritzen dute udan galtza luzeekin lan egiteko derrigortasuna, beroagatik.

Beroa ez da galtza motzak erabili nahi izatearen arrazoi bakarra; askoren ustetan, trajea eta gorbatarekin lan egitea elitista da, eta giroari kalte egiten dio. Geroz eta gehiago dira lanean naturaltasuna aldarrikatzen dutenak, eta hain zuzen, zurruntasun horrekin apurtu dute enpresa gazteetako jabeek, hala nola, Steve Jobs edo Mark Zuckerberg. Gauzak horrela, hainbat bulegotan casual friday edota ostiral informalak egiten dira, norbera nahi bezala jantzi dadin. 

Argi dagoena da garaiak aldatzeko unea iritsi dela, eta noski, modak aukera berri bat aurkitu du; hala, iragarkietan geroz eta sarriago ikusi ditzakegu gizonak galtza motzetan, eta aldi berean lanerako itxurarekin. Erosotasuna eta profesionaltasuna bateragarriak dira!