Oporrak hartzearen beldurra: Millennial-en gaixotasun kronikoa

Oporrak hartzearen beldurra: Millennial-en gaixotasun kronikoa Alper belaunaldi batez hitz egiten duten arren estereotipoek, estatistikek aurkakoa diote: asko oporrak hartzearen beldur dira. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/oporrak-hartzearen-beldurra-millennial-en-gaixotasun-kronikoa/@@download/image/9329-stages-of-burnout-1296x728-header.jpg
2019/07/19

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Alper belaunaldi batez hitz egiten duten arren estereotipoek, estatistikek aurkakoa diote: asko oporrak hartzearen beldur dira.
Oporrak hartzearen beldurra: Millennial-en gaixotasun kronikoa

Millennial-ak ekintzaileak, sortzaileak eta buruaskiak direla esaten da, baina baita alper eta zalantzatiak ere. Orokortze hauek ordea, ez dira guztiz egiak, edo behintzat askoz ere konplexuagoak dira. Lanera joatea, belaunaldi honetako askorentzat aukera baino behar ekidinezina da.

Adecco enpresak argitaratu duen txosten baten arabera, krisi ekonomikotik igarotako hamar urte hauetan geroz eta ohikoagoa bihurtzen ari da opor gutxiago hartzea. Millennial-en %25ak aitortzen du urduri sentitzen direla nagusiei egun libreak eskatzen dizkietenean. Euren sentimenduak erruduntasunaren, beldurraren eta lotsaren artean mugitzen dira.

Beldur honen jatorria millenial belaunaldiaren nartzisismoan egon daiteke, ezinbestekoa dela uste izate horretan. Txosten honetako datuen arabera %57rentzat beharrezkoa da bere nagusi eta lankideak kontziente izatea lanarekiko duen konpromiso eta esfortzuaz. Horregatik, belaunaldi honetakoek batez beste hiru opor egun gutxiago hartzen dituzte urtean.

Millennial-ek nahiago dituzte urtean zehar banatutako deskantsu motzagoak: batez beste oporretarako eskatzen den egun kopurua 1-5 egun izan ohi da. Horrez gain, gazteen %46ak dio ez duela egun librerik hartzen lanean, beraiek diotenez lanpetuegi daudelako.

Oporretatik harago lanera huts egitearen beldurra zabalduta dago millennial-en artean. Hain justu, gazteen %44ak jateko pausak egitean gehiegi luzatzearen ere beldur dira. OMEk burnout gaixotasunen zerrendan sartu duen urte honetan estatistikek arrazoia ematen diote: oporrez ez gozatzeak ondorioak izan ditzake. Adibidez, jakin da sei urtetik behin soilik oporrak dituzten emakumeek bihotz gaixotasunak edukitzeko arrisku handiagoak dituztela edo bihotz geldialdi bat pairatzekoa, urtean behin edo bitan oporretara joaten diren emakumeekin alderatuz.

Oporrak berreskuratzen
Ez dira ordea oporrak hartzeagatik gaizki sentitzen, oporrak hartzeak izan ditzakeen ondorioen beldur dira. Egun bizi dugun prekarietateak ere laguntzen du beldur hori handitzen, askok uste baitute lana galduko dutela oporrak hartzen badituzte.

Horregatik, oporrak hartzerakoan ere nolabait justifikatzeko joera dago: “Bi astetarako noa bestela nire bikotea haserretu egingo da”, “umeek hondartzara joan nahi dute eta...” Oporretara joateko justifikazioak kanpotik datozenean ez dugu benetan nahi duguna adierazten, besteek nahi dutena soilik. Horrela, izan ditzaketen ondorioen ardura ez da beraiengan erortzen da. Langileak uste du irudi ona ematen duela horrek nagusien aurrean, oporrak ez baitituzte nahi dituztelako hartzen, behartzen dituztelako baizik.

Jokabide honek ordea kostu psikologiko bat du. Lana ez galtzeagatik oporretara ez joateak estres eta antsietate mailak igotzen ditu eta horrek aldi berean, lan errendimendua murrizten du. Gainera, lanarekiko horrenbesteko konpromisoak burnout sindromea sorrarazi dezake, hau da, lanagatik sortzen den estres kronikoa, eta aldi berean sindrome horren ondorio gisa autoestimu arazoak sor daitezke.

Guztiok dugu eskubidea egun libreetarako, lana bezain beharrezkoak baitira oporrak osasun psikologikoa zaindu nahi badugu bederen. Oporrak hartzearen lotsa sentitzen duzunetakoa bazara jakin lotsa hori benetan zure eskubide bat dela.