Interespezie familien garaia

Interespezie familien garaia Herrialde garatuetan, gehiago dira etxeko animaliak 15 urtetik beherakoak baino, eta jabe gehienentzat, maskotek haurren garrantzi bera dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/interespezie-familien-garaia/@@download/image/Millennials_celebrating_pet_dog_birthday_vgajic_Getty_Images_large.jpg
2019/06/11
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Herrialde garatuetan, gehiago dira etxeko animaliak 15 urtetik beherakoak baino, eta jabe gehienentzat, maskotek haurren garrantzi bera dute.
Interespezie familien garaia

Etxeko animaliak konpainia egitetik familiako kide izatera pasa dira, eta egun, hierarkia berean bizi dira gizakiak eta maskotak. Hala, interespezie familien garaian bizi gara; jabe gehienentzat, beren maskotek haur batek duen garrantzi bera dute, eta haiekin eraikitzen diren harreman afektiboak gizakiekin sortzen direnak bezain konplexuak dira. 

Gauzak horrela, herrialde garatuetan etxeko animali kopurua izugarri igo da, eta dagoeneko 15 urtetik beherako haurrak baino gehiago dira. Beste modu batean esanda, seme-alabak ordezkatzen hasi dira, eta familietako zuhaitz genealogikoen parte izaten hasi dira. Arrazoi nagusia bakardadea da; egun, jendea gehiago bizi da, baina baita bakardade handiagoan ere. Horri aurre egiteko modurik eraginkorrena, etxeko animaliak dira. 

Hain zuzen, etxeko animaliek izugarri lasaitzen dute bakardadea, antsietatea eta estresa. Maitasuna eta zoriontasuna transmititzen dute, eta hala, jabe eta animalien artean harreman afektibo indartsuak eraikitzen dira. Dena den, azken aldian animaliak gehiegi humanizatzeko joerak arriskuan jartzen du maskoten osasuna. Animaliei haur txikien moduan tratatzeak ez die onik egiten, baina oso modan dagoen joera da, eta sare sozialek biziki elikatu dute. Ezin da ahaztu ez direla gizakiak, eta beharrezkoak dituztela hainabt muga, beren osasun psikologikoa bermatzeko.

Dena den, etengabe hazten doa maskota kopurua, eta beraz, hiriak ere eraldatzen hasi dira; geroz eta taberna, jatetxe edota saltoki gehiagok baimentzen dituzte txakurrak, parke gehiago ireki dituzte animaliek ariketa fisikoa egin dezaten, eta Europako hainbat hiritan animalientzako harategi bereziak ireki dituzte, Berlinen kasu. Geroz eta haur gutxiago jaiotzen diren bitartean, maskotek luxuzko bizitokiak bereganatu dituzte.